452ºf aldizkariko #03 alea eta #04 deialdia

By • Aug 2nd, 2010 • Category: Maitasuna Proiektoa

Hirugarren alea argitaratu berri dugu Literatura konparatuari buruzko 452ºF aldizkarian (www.452f.com). Cultural Studiesetan oinarritutako monografikoa aurkezten dugu bertan, eta horrekin batera, baita datorren alerako deialdia ireki ere. Bertan, aldizkariko editorialaren atal bat eta deialdi berria jarri dizuet. Artikuluak oraingoz, hizkuntza originaletan badaude ere, itzulpenak abuztuan zehar argitaratuko ditugu.

Animatu, sartu, irakurri eta parte hartu!

Editoriala #03

Benetan atsegin dugu 452ºF aldizkariko hirugarren ale hau aurkeztea. Oraingoan, Alba del Pozo eta Atenea Isabel Gonzálezek koordinatutako monografikoak ikasketa kulturalen eta literatura konparatuaren arteko erlazioaren ikerketan sakontzen du. Bi diziplinon ezaugarri nagusietako bat propio egiten duten ekintza alorra etengabe zalantzan jartzea izan da. Erlazio hau, gure ustez, bi ikerketa eremuek (beste alderdi batzuez gain) zera zalantzan jartzean datza: testuaren ideia, literariotasun kategoria eta kultura kontzeptua.

Guzti horrek, literatur analisiaren ikerketa alorra modu esanguratsuan zabaldu duten gogoeta jakin batzuetara eraman gaitu. Era berean, ikasketa kulturalak literatur teoriaren tresnak erabili ditu mota guztietako testuak irakurtzeko –sarri “literatura” marka ere jasotzen ez dutenak–. Aipatutakoak eragindako berrelikadura horren ondorioak aztertu ditu monografiko honek.

Jarraitu irakurtzen hemen

Deialdia #04

Memoria eta identitate kolektiboa literatura konparatuan

Azken urteotan, memoria kezka iturri nagusi bilakatu da mundu osoko gizarteetako kulturetan eta politiketan. Gizarte, historia, politika, kultura, teknologia nahiz merkatuari lotutako arrazoi ezberdinek eragin dute <<memoriaren boom>> hori. <<Memoriaren industria>> bat garatu da, eta produktu kultural horiek diskurtso identitarioak sortzen eta indartzen dituzte.

Alde batetik, diktadura, gerra, hilketa eta genozidio ezberdinen memoria aldarrikatuta, iragan traumatikoa ahanzturatik gordetzeko borondatea dago. Demokratizazio diskurtsiboaren aldeko jarrera bat ere nagusitu da (lekukotasunezko literaturaren gorakadak erakusten du), eta demokratizazio hori irabazleek letra larriz idatzitako historia apurtzeko gai da. Askotan nabarmentzen da, gainera, iraganera begiratu behar dela oraina ulertu ahal izateko eta belaunaldi berriei kontzientzia harrarazteko, pasatako izugarrikeriak errepika ez daitezen. Horrela, metodologia historiografiko berriek ikuspuntu ezberdinak hartu dituzte, orain arte diskurtsoak osatzean baztertuta egon diren ikuspuntuak, hain zuzen ere.
Hala ere, oroimena eraikitako diskurtso bat da eta iraganari buruzko diskurtsoak oraineko interesen eta sinesmenen arabera filtratzen dira; beraz, beharrezkoa da historiografia berri hori kritikoki aztertzea, <<memoria gehiegikeria>> posibleak agerian uzteko. Hainbat egile, politikari, kazetari eta giza eskubideen aldeko ekintzailek salatu izan dituzte gehiegikeria horiek (Todorov-i zor diogu <<memoria gehiegikeria>> terminoa, izen bereko lanari esker).

Bereziki interesgarria eta konplexua iruditzen zaigu iraganaren etengabeko berridazketaren eta identitate kolektiboen sorkuntzaren arteko harremana; izan ere, Halbwachs-ek azaltzen duen bezala, memoria kolektiboak batu egiten ditu iragana eta oraina eta norbanakoa eta taldea. Ildo berean, orainaldiko ikuspuntu subjektibotik oroimena berreraikitzeko hainbat egilek erabili dituzten estrategia diskurtsiboak interesatzen zaizkigu, loturak ikus baititzakegu narratzeko moduen eta borondate ideologiko ezberdinen artean.

Jarraitu irakurtzen hemen

Deialdi baldintzak #04

2010eko uztailaren 31n, 452ºF Literaturaren teoria eta literatura konparatua aldizkariaren laugarren alerako artikuluak jasotzeko deialdia zabalduko da. Deialdi irekia da gutxienez lizentziatura mailako ikasketak dituen edonorentzat.

Artikuluak jasotzeko eta argitaratzeko oinarriak, hemen behean azaldutakoak, “Arbitraje sistema”, “Estilo Liburua” eta “Lege Oharrak” ataletan zehaztutakoaren araberakoak dira. Guztiak aldizkariaren webgunean ikus daitezke, “Prozedurak” atalean.

  • Artikuluak bidaltzeko epea 2010eko irailaren 30ean amaituko da; baztertu egingo dira beranduago jasotakoak.
  • Laugarren argitalpenerako aurreikusitako artikulu kopurua 12 eta 16 artekoa da. Testuen %40 doktore ez diren ikerleenak izango dira, eta erredakzio kontseiluko kideen artikuluak ez dira %20 baino gehiago izango.
  • Gaiaren arabera sailkatuko dira artikuluak aldizkariaren atal batean edo bestean (monografikoan edo miszelanean).
  • Monografikoa osatzeko artikulu kopurua 6tik 8ra artekoa izango da. Laugarren alean, aztergai izango dugu memoriaren eta identitate kolektiboaren arteko harremana literatura konparatuan. Honako ikerketa ildoak proposatzen ditugu:
  1. Kultura ekoizpenaren, memoriari buruzko diskurtsoen eta identitate kolektiboen sorkuntzaren arteko harremana.
  2. Lekukotasunezko literaturari buruzko azterketak: Memoria indibidualaren eta kolektiboaren arteko harremana.
  3. Identitatearen izaera aldakorra: oroimenaren ikuspuntu aldaketak testuinguru historiko sozialaren arabera.
  4. Estrategia narratiboen eta oroimenaren zama ideologikoaren arteko harremana.
  5. Memoriaren inguruko kultura ekoizpenaren instrumentalizazio politikoaren azterketa.
  6. Memoriari buruzko diskurtsoak gainditzeko estrategiak.
  7. Memoriari buruzko diskurtsoak mugaz gaindiko diskurtso politiko gisa. Diskurtso ezberdinek leku ezberdinetan duten eraginaren azterketa, produktu kulturaren bidez

Aldizkariak gaiari buruzko ikerketen bibliografia osatuko du, webgunean, Monografikoa atalean azaldutako ikuspuntutik.

  • Gainontzeko artikuluek miszelanea atala osatuko dute. Literaturaren teoriaren eta literatura konparatuaren mugen barruan, gaia eta ikuspuntua librea dira.
  • Artikuluak redaccion@452f.com helbidera bidali behar dira. Mezu elektronikoaren gaian argi utzi beharko da zein ataletara igortzen den testua (“monografikoa” edo “miszelanea”), egilearen izena eta artikuluaren izenburu laburra.

Bartzelonan, 2010eko uztailaren 31n
452ºF aldizkariko lan taldea

(Galdakao, 1984) Euskal filologian lizentziatua. Literatura konparatuan masterra Universitat Autònoma de Barcelonan. Filosofia Garaikidean masterra bukatzen ari da orain, 452ºf aldizkariko zuzendari eta erredakzio kontseiluko kide lanetan dihardu, eta Literatura eta identitate kontuak jorratzen ditu.
Email this author | All posts by

Leave a Reply