Desira desordenatuak: Liburu aurrerapena

By • Jun 11th, 2010 • Category: Liburu Kritikak

Queer Euzkadi edo Manifestu Marianoa – Joseba Gabilondo

BERRIA-Igandea 2010-ko ekainaren 13an

Badirudi berandu gatozela, eta are beranduegi ere heldu garela, euskal literaturak bere aura politiko-akatzailea galdu duen honetan (no harry no herry no more, oh poor Aresti), ezkerrak berak ere Euskadi sarien injustiziari negar egitea baino proposamen iraultzaileagorik azaltzen ez dakien garaiotan. Berandu gatozela lirudike, emakumeek (lesbianak barne) beren manifestu kolektiboa ere atera baitute (Gutiziak, 2000) eta jada emakumeei Euskadi saria ere «oparitu» baitiete (gutxiengoek inoiz ezer merezi ez baitute/gu eta emandakoa opari sinboliko-politiko bezala eskaintzen baita). Euskaldunen artean espainiarrok behintzat (hala nola massachusestarrek, ba al da euskal hegoafrikarrik?) ezkontzeko eskubidea dugun honetan (eta besteek laster edo berandu burgesiaren instituzio hain dudagarri honetan sartzeko aukera izango dutela segur gauden honetan) zer du homosexualitateak esateko eta kontribuitzeko? Nortasun biopolitikoen (klasea, generoa, sexualitatea, arraza…) borroka itxuraz aspergarri eta predezible honetan azkenaurreko izatea tokatu  al zaigu, etorkinak hurrengo gutxiengo modako bihurtu aurretik, nortasun sozial berrien teleologia ekidinezin, beharrezko eta susmagarri honetan? HIESa bezala, modatik pasata baina oraindik ere arazo ekidinezin tematia garela esatera al gatoz? Beraz berandu eta oso epe laburrerako etorri al gara, kulturaren eta gizartearen normaltasunaren putzu memorio-gabean berriro beste norbanako normal guztiekin murgildu aurretik? Distira labur eta indargabeko izar izatea tokatu al zaigu azken batean? Debekuaren sasoian taberna gayek zuten arrisku eta ez-legezkotasun hori galdu bezain pronto, tabernetara joatea utzi diogun jende itxuraz normal eta aspergarrien gainbehera aldarrikatzera al gatoz? Egungo jario hiztun baina aspergarria debekuaren sasoiko isiltasun arriskutsu baina zoragarria baino hobea ez dela aldarrikatzea baizik ez al zaigu geratzen?

Edo begira diezaiogun gure epokari beste aldetik, oraindik ere geratzen zaigun alde erreibinkatzailetik. Idazlan mariano bati ere (mari-txu, mari-matxo) Euskadi saria noiz emango dioten protestatzera al gatoz  –zeren Itxaro Bordari ez zioten saria eman bere joera marianoengatik– nolabait Eusko Jaurlaritzak ere bere neoliberalismoan idazle jatortzat onar gaitzan eta Sabinok berak agian hilkutxatik azken besarkada bat eman diezagun, erretrospektiboki bada ere –gero gobernu nafarra, frantsesa eta diasporikoak EJren etsenpluari segituko zaizkion esperantzaz, jakina–. Sabinoren seme-alabatzat onar gaitzaten esperantzatan etorri al gara beraz? Alegia gutxiengoen onartze jokoan erori behar al dugu, gu amabirjina santuaren jarraitzaile akzidental baina fededun garen maritxu, mari-matxo eta maruja guztiok? Are, desdenbora honetan, EHGAMek jada urte ugari dituelarik, La Muerte de Mikel (1984) eta El Diputado (1978, Eloy de la Iglesia donostiarrarena) aspaldi ikusi ditugun honetan, kultura gay-queer ez-literarioaren atzetik al gatoz, berandu, HIESA bera arazo kontrolatu bihurtu denean eta berataz ia ezer idatzi ez dugunean, euskaldunik txintxoenak bezala, orain artean beren desira publikoki azaltzera ausartu ez diren idazle euskaldun txintxo-fededunen antzera? Geu al gara Aitor-Sabinoren errepublikako azken euskaldun zintzoak, oraindik ere onarpena lortu ez dugun eta nahi dugun azken euskaldun oraindik ez erabat euskaldunduak?

(…) Baina ez, ez gatoz/nator berandu; lehenengo idazle gaya ez zen euskalduna eta, nahiko balute ere, euskaldun guztiak ez dira lesbianak. Zerbait izatekotan, denok gara mariano, Arantzazuko basilikak gu guztion epizentro libidinala izaten segitzen baitu (jakina homosexualok jatorrak izango gara guztiok, dudarik gabe, baina inperialistak ere bagara comme il faut, zeren hau idazten duena gipuzkoarra baita… beraz Estibalitzekoa eta Leirekoa ere aipatu behar edota Begoñakoa edota beste edozein eliza-ermitakoa… marianismoa glokala izan baita avant la lettre. Ez da kasualitatea, gure lehen idazlan queerra, gu guztion sorrera historikoa markatzen duena, Atxagaren alegoria nazionalari aurreratu zitzaiona, Itxaro Bordaren Basilika (1984) jeniala badugu. Ora pro nobis! Hor, badugu jada euskal kanon marianoa eta bere ama agurgarria! Itxaro, we love you!

Beno eta orduan zer? Izan gaitezen kanpak eta marianoak eta esan dezagun fede berria ekartzera gatozela Euzkadira (zeren Euskal Herri kanpa z-taz idazten baita, Euzkadi mon amour); hori bai fede berdadero eta bakarra! Neo-liberalismoak eta globalizazioak Euskal Herrian sortu duen asperdurazko giroan lurrikara bat sortzera gatozela esan dezagun, Euskal Herriaren libidoaren independentzia lortzera gatozela aldarrika dezagun. Izan ere independentzia lurraldearekin has badaiteke ere, desirarekin ere martxan jar daiteke, libidoak ere bere lekua baitu edozein iraultzatan. Desiraren errepublikaren independentzia eskatzen dugu. Bestela galdetu XX. mendean egin diren iraultza guztiei, gehienetan sexualitate burges hemeretzitiar aspergarria iraultzailetzat pasatzen saiatu baitzaizkigu «hombre nuevo» bezalako ideologiekin (Kuban oraindik bizirik segitzen duena agure zahar bati esker). Ez da ideia berria; gure artean askok oraindik «euskal gizon berria»-n sinesten zuten/genuen momentu batean, Iñaki Mendigurenen eleberriko gazte ederrak zera dio maitale (pedofilo)ari: «Ez nago gizarte hau aldatzeko borrokatzearen aurka baina ez ditut egitura sozial eta politiko berriak bakarrik nahi, gero, adibidez, jendeak ezin badu nahi bezala elkar maitatu gaitzesia izan gabe».

Alegia, ez dugu Euskal Herri independiente-burujabe oso sozialista oso iraultzaile edota oso jeltzale baina era berean oso burges heteronormatibo aspergarria nahi, ezta? Hemen iraultza bat baino gehiago daude, eta bata besteari makurtu beharra burgeskeria neoliberala baino ez da. Hau da manifestu honen lehen fedezko artikulu marianoa. Hitz dotoreagotan esateko, berau da postnazionalismoaren funtsa eta jite kritikoa: nazionalismoak iraungo duela onartu (Habermas bezalako neoliberal idealisten aurka) baina nazioak eremu politiko bakar edota nagusiena izan behar duela kuestionatu, nazioaren eta biopolitikaren artean tarte politiko berri bat, postnazioa, zabalduz. Emakumeekin batera, nazioa eremu politiko bakartzat kuestionatzen hasi garenok geu garenez, mariano-marikitok, geu ginateke lehenengo subjektu postnazionalak Euskal Herrian.

(Urretxu, 1963). Michigan State University-n irakaslea da. Argitaratu dituen liburuen artean, besteak beste "Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006)" eta "Apokalipsia guztioi erakutsia" (2009, Erein), Erein argitaletxeko saria jasotakoa azpimarra daitezke.
Email this author | All posts by

4 Responses »

  1. http://www.80egunean.com/index_cas.php

  2. http://paperekoa.berria.info/plaza/2010-07-18/034/007/gay_lesb_irakurketak.htm

    2010-07-18

    Gay-lesb irakurketak

    Beñat Sarasola

    * Poltsiko-liburu aberatsa

    “Utriusque Vasconiae argitaletxearen Kritika Literarioa saileko azkeneko alea da Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz liburu kolektiboa. Ibon Egañak apailatutako lan honetan, (euskal) literatura queer ikuspegitik aztertzea da helburua. Horretarako, testu arras diferenteak biltzen dira, euskal autoreek nahiz atzerriko teoriko famatuek idatzitakoak, azken hauek, jakina, euskarara ekarriak.

    Egañak berak hitzaurrean aipatzen duenez, euskal literaturan queer kritikaz egindako orain arteko lanak biltzen saiatu da, eta hala, esparru honi buruzko lehenengo liburua izateaz batera, aukera ona da edozein interesaturentzat liburu bakarrean idazki hauek guztiak edukitzeko. Bost ataletan multzokatzen dira artikuluak, eta atentzioa ematen duen lehengo gauza gay eta lesbianen inguruko testuen nagusitasun nabarmena da. Generoaren eta sexualitatearen gainerako aukerak azkeneko atalean -Generoaren (des)eraikuntzak- hausnartzen dira ia soilik. Hitzaurrean bertan aitortzen da gabezia hau, baina nago azpitituluko queer horrek nahasmenera eraman dezakeela irakurlea. Zentzu horretan, nahiko argigarria da Monique Wittig, Beatriz Preciado eta Kattalin Minerren hainbat kritika ene ustean egoki eta zorrotzek aurretik egindako irakurketa bat baino gehiago eztabaidatzen dutela. Adibidez, ikusi besterik ez dago irakurketotan ez dela bisexualitatearentzat edo sexu aukera anbiguo eta aldakorrentzako espaziorik.

    Kontuak kontu, autoreoi gai hauek behingoz -tamalez, beranduegi- euskal literaturara ekartzeko ahalegina aitortu behar zaie; beste merituen artean, euskal literatura prisma berri batetik irakurtzeko aukera ematen digutelako. Ildo honetan, ikerketa bide honen emaitza aipagarrienetako bat da Itxaro Bordaren literaturaren (bir)baloratzea. Borda da euskal literaturan generoaren inguruko gorabeherak literaturan zabal eta, seguruenik, egokien islatu dituena. Joseba Gabilondok aurretik idatzi izan du honen inguruan, eta Desira desordenatuak-en topa ditzakegu bere poesia klabe horretan irakurtzen duen artikulua -Ibai Atutxa- eta Amaia Ezpeldoi protagonista duen tetralogia aztertzen duen testua -Iratxe Retolaza-, Bordak berak idatzitakoaz -Gaiaren minean- aparte.

    Liburuan, esan bezala, denetarik dago. Angel Erroren gay poesiaren antologiatik, genero eta performance-ari buruzko Preciadoren testu teorikoraino, Gabilondoren manifestu marianoa tartean. Ez da hau testu guztiak banan-banan zerrendatu -aurkibidea begiratzea besterik ez du interesatuak- eta aztertzeko lekua, baina Gabilondorenaz pare bat ohar egin nahiko nuke, berea baita liburuko testu kitzikagarrienetako bat. Kanp eta kitxaz baliatzen den literatura mariano sasikoa aldarrikatzen da manifestuan, eta berau aurkezten euskal literaturako ohiko (antza denez) testu hotz, aspergarri, serio eta masokisten alternatiba gisa. Ondo legoke, hala, Gabilondoren azkeneko fikziozko lana -Apokalipsia guztioi esplikatua- artikulu honen begiradapean irakurtzea. Gehiegizkoa eta friboloa iruditu dakioke inori testua, baina tonu hori idazkiaren beraren izaerarekin -manifestu bat da- eta autoreak goratzen duen kanp kulturarekin justifika daiteke. Niri gehiago kirrinka eragiten didana Gabilondo oraindik atxikia dagoen diskurtso posmoderno hori da. Inpresioa dut azken hamarkada honetan erakutsi diren gauzetako bat izan dela marko teoriko horren herdoildura. Gabilondok, baina, horretan jarraitzen du, ezkerraren amaiera iradokiz eta best sellerrak goretsiz, enegarrenez (eta asperduraz).”

    Poltsiko-liburu aberatsa

    Bixente Serrano Izko

    “Ez da ohikoa bizirik ditugun euskal ipuingileek antologia bat argitaratzea, are gutxiago narrazioek liburuetan ezagutu bazuten lehen argia. Eta are gutxiago, idazlea bere sasoi bete-betean dagoenean sormen lanean. Ipuin osoak-en, antologia honetako batean, umore morbosoz dioen bezala, halako amaiera-itxura eman dezake bildumak, heriotzaren hurbilpenarena alegia. Baina Iban Zalduak, gure ipuingile onen eta oparoenetako batek, ongi ere ongi baimen diezaioke bere buruari inpresio horren arriskuan sartzea. Nago sormen ibilbide luzea agintzen digulakoan txantxa antzeko horren bidez.

    Hogeita hamabortz ipuinek osatzen dute antologia, gehi berria den atzeko azalekoa, gehi liburu amaierako dodekalogoa, egilearen poetikaren gida-edo. Idazleak berak egin du galbahe lana, batere fidagarri ez dena, hortaz, haren ipuin onenak direla sinesteko. Erran nahi baita, daudenak daudela, bertze asko ere sar zezakeela antologiaren mailari kalte egin gabe. Baliagarria da bilduma Iban Zalduaren ipuingintza luzean murgilaldi bat egiteko -lehena, dastatze gisa, aurretik ezagutzen ez dutenek; bertze bat, freskagarria, jada ezagutzen dugunok-. Poltsiko-liburu formatuan atera izana egokia izan daiteke udako aisialdiei begira.

    Oso efikaza da Zalduaren idazkera. Erretorikan, edergailu bitxietan, digresioetan sartu gabe, estilo «substantiboa» garatzen du, bere dodekalogoko bigarren manatuan agintzen duen bezala. Ematen du, orobat, narrazio bakoitzean, hasieran dagoela eta ez amaieran abiapuntua. Hau da, oso tranpa tipikoa da, batik bat eskarmentu gabeko baina anbizio handiko ipuingileengan, aldez aurretik pentsaturiko amaiera bati egokitzea hasiera, tranpa arriskutsua -idazle batzuek maisuki gainditzen dutena, zer erranik ez-, narrazioaren garapena gehiegi eta artifizialki hertsi dezakeelako eta amaiera biribila izan nahi zuena halako bitxikeria edo ikasbide merke bihurtu. Urrun dago horretatik Zalduaren sen eta eskarmentua. Eguneroko edozein egoera, susmoa, inpresioa, pertsonala edo bertze batengan ikusita, har dezake abiapuntu eta hasiera gisa, zuzen eramaten du irakurlea hortik asmaturiko garapenean barna -garapen errealista edo fantasiazkoa, denetarik duelako Zalduak, baina betiere ageriko itxura edo ohiko inpresioetatik haratagoko alde batera eramaten gaitu-, eta gero, irakurleak berak sorpresa berezirik gabe susmatu izan dezakeen amaiera ireki batean ikusten du bere burua. Sorpresa garapenean dago, ez amaieran; amaiera, halako jolas ireki bat da irakurlearekin, «hor konpon» erranen balio bezala. Bere dodekalogoko zazpigarren manatuari jarraitzen dio kontu honetan.

    Lehen pertsonan hitz egiten digute gehienetan narratzaile guztiek -kasu batzuetan ahots anitz sartzeari muzin egin gabe-, eta ezin erran nortasun desberdinetako protagonistak ditugula, psikologiaren aldetik. Gehien-gehienak egilearen alter ego ditugu, inpresio autobiografikoa emateraino ere -horrela berez ez izan arren-, are gehiago ipuin autobiografiko batzuk daudenez. Eszeptizismozko, umore ironiazko -sarkastikozkoak ere bai- begiradek erakusten dizkigute geure eta egilearen bizipenen inguruko gogoetak edo inpresioak. Heraklitoren denboraren ibaiak ureztatzen du eszeptizismo hori, zein itsasora edo zingira garamatzan ez dakigula; horren ironiaren gailurra, dioskunean zer eta etorkizuna ez, iragana dela alda dezakegun kontu bakarra: historialari baten sarkasmo biziro kitzikagarria.

    Eta orainean? Idaztea da, antza, gaurkoa adorez bizitzeko indarra ematen diona. Eman biezaio luzaroan!”

    ‘DESIRA DESORDENATUAK. QUEER IRAKURKETAK (EUSKAL) LITERATURAZ’

    Egileak: Asko.Koordinatzailea: Ibon Egaña.Argitaletxea: Utriusque Vasconiae.

  3. […] armairu” euskal gay-lesbiar-trans poesia irakurtaldia izango dugu. Duela hile batzuk kaleratutako “Desira desordenatuak” liburuaren arira bildu dira hainbat euskal idazle eta olerkari, eta irakurtaldi hau prestatu dute, […]

  4. […] Jainkoa bilakatzen da azken helburu; alde bestera, ganorarik gabe ordenatutako maitasunak edo maitasun desordenatuak  munduko gauzetan galtzen dira. Zentzu honetan, Agustinen argudio nagusia da gure zoriona ezin […]

Leave a Reply