Izan zirelako gara, eta garelako izango dira?

By • Jun 2nd, 2010 • Category: Asteko Gaia

Historiaren gaineko gogoeta izan nahiko luke honek. Hasteko nolabaiteko definizio bat ematearren onar dezagun historia datu objektibo batzuen interpretazio subjektiboa dugula. Horrela definituta erraz uler dezakegu “Historia irabazleek idazten dute” esapidea. Aurrekoa onartzen badugu, gurean zertan gara? Eman dezagun libre izan nahi dugula. Horrela bada ezin esan oraindik ezer irabazi dugunik, beraz “gure” historia idazteko ahalmenik ere ez dugu. Ikusi bestela Hego Euskal Herriko eta Iparraldeko historia klaseetan ikas dezakeguna, hau da, herri bakarrean gutxienez bi historia (gehiago ez badira…). Hala ere euskal kurrikuluma (eta hor historia) osatzeko beharra sentitzen dugu. Zergatik dugu behar hori? Historiak zein balio hartzen du behar horretan? Badirudi, oraindik, Historia kausa-efektu kate fatalista bat bezala ulertzen dugula (Hegeliarrak ote gara?). Historiaren ikuspegi metafisikoa dei diezaiokegu horri. Horrela ulertuta, ordea, ez ote gara gurpil-zoro batetan jausten? Libre bagara jada ez genuke Historiaren beharrik, gainera ondoren idatzia litzateke; libre ez bagara Historia besteek idatziko digute eta Historia horretatik ezin gure askatasuna eratorri. Hala ere tematuta gabiltza gure historiatxoari begira, garaipenak gutxi izanik, porrotak ospatzen memoria edo ez galtzeko. Noski, Historiaren ikuspegi determinista hori inork gutxik babestuko du dagoeneko. Hala ere, nahi baten justifikazio gisa Historia jarri ote daitekeen pentsatzen hasi beharko genuke. Giza talde bateko Rh faktorea ikuspegi zientifiko batetik aztertzeko interesgarria bada ere proiektu politiko baten justifikazioa izan daiteke? eta Historia? eta hala ez balitz zein funtzio beteko luke?

(Hernani, 1975). Filosofian Lizentziatua. Zinemazalea ere banaiz, nahiz eta sarri barrurakoan baino aldarte ilunagoarekin atera ohi naizen zinema aretotik. Freud-en "Egonezina kulturan" (Gaiak, 2009) liburuaren itzulpenak dituen gabezien erruduna ere ni naiz.
Email this author | All posts by

13 Responses »

  1. Azurmendi, Joxe. Euskaldunak eta espainolak. Elkar. Donostia. 1992.

    [Historiaren problemak. 559 – 563 orriak]

    “Pixkana – pixkana bagoaz aurrera. Bagabiltza, behintzat. Edo badabil denbora. Eta batek, eguneroko bere zereginen artean, problema gehiegi aurkitzen du.
    Problemak, ideologietan: gure usteak, itxaropenek, jomuga eta xedeek, zenbat balio ote dute? Gizona ez ote da abere gaixo bat? Ez ote ditugu kontuak ateratzen – ametsak egiten – gizona abere dela kontuan hartu gabe?
    Problemak, historian: nondik ote gatozen. Nora iraun duen herri kaxkar onek, erromatar, franko, goto, arabeen inperio bazterretan. Zergatik ez den euskal Estatu iraunkorrik sortu. Zergatik lotu zitzaizkion Araba, Bizkaia, Gipuzkoa Gaztelako Koroari. Nolako loturak ziren… Batez ere: nondik nora sortu diren, joan den ia berrehun urte honetako istiluak eta zer diren istiluok funtsean. Guretzat lekurik ba al dagoen mundu modernoan.
    Euskal historiari gagozkiola, egia esateko, lehenengo problema eta okerrena, da, ez dugula ezagutzen. Propio hartaraxe jarri ez den egungo euskaldun (eskolatu) batek, neuregandik hasita, hobeto ezagutzen du Europako beste edozein herritako historia, bere herrikoa baino. Non ikasirik ez dugu asko izan, batik bat. Azterketa historiko gehienak tesiren bat atxekiegirik zetozen, polemika gogorretan. Gero, historiazaleak berak elkarren kontra zebiltzan. Eta, gainera, orainarekin enplegaturik dabilenak, oraina eta orain artekoa irauli nahita dabilenak, historia paseari ez dio kontserbazale batek adina begiratzen. Etorkizunean ikusten ditu bere arazoak. Ez iraganaldian.
    Hori da kontua: Euskal Herriak ez du iraganaldi hobea behar. Etorkizuna behar du hobea.
    Historia asko, ordea, iraganaldi hobe bat emateko bakarrik egin zaigu. Historia “abertzalea” batez ere.
    Halere, historiaren inportantzia ez du inork ukatuko. Alderantziz. Edozeinek ikus dezake, historiaz diharduten liburuak geroz eta gehiago agertzen direla. “Teoria hutsaren” bolada bat egon da, nolabait esateko. Ideiak soil – soil predikatzen ziren, larru gorritan. Orain, aldiz, azterketa historikoaren boladan gaude oso – osorik. Egon ere, merkaduria horren eskari handia dago. Konferentzia asko ematen da – halaxe eskatzen delako –, liburu asko idazten, are eztabaida gehiago sortzen, karlistadez, Foruez, euskal demokrazia omen zenaz, jauntxoez, eta abar. Nortasuna galdu zuen (kendu zitzaion) herriak bere iragana bilatzen du.
    Frankismotik postfrankismora pasoa ezagutarazten du horrek. Lehen filosofiak eta teoriak zen dena. Orain dena historia da. Lehen marxismoa eta nazio arazoa, eta hola. Orain, historiako liburuak bata bestearen ondoren: Zabala, Ugalde, Ortzi, Beltza, Otazu, Fz. de Pinedo, Solozabal, Fusi, Fz. Albaladejo, Idoia Estornes, eta abar. Ez dakit zenbat. Ireki ezazu Zeruko Argia, eta bete – betea dator: Foruak, Estatutua, konferentziak han, konferentziak hemen, historia gora, historia behera. Hegohaize, ifarraize: pentsagiroaren kanbioa.
    Ez dut horretan luzatu nahi, baina ez nuke utzi nahi aipatu gabe ere: uhin berri hau, ideologiaren – eta borroka ideologikoaren – espresabide berri hau, erdaraz dator! Euskarazko literatura genuen, orain arte, euskal problematikari lotuena. Euskal literatura pobrearen ia bentaja bakarra horixe zen. Erdara hasi da nagusitzen berriro… Gainera, guk nahi dugun Euskal Herria, ez da ezein historiarekin demostratzen denik, behar duguna baino. Etorkizuneko Euskal Herri bat, hain zuzen historiaren kontra.
    Konferentzia eta azterketa eta liburu horiek ere ideologiaren batekin egiten dira, noski. Eta historia mailan, edo historia jantzitan, lehengo ideologia borrokan segitzen dugu, noski baino noskiago. Historia ez zaigu historiagatik axola. Interes politikoak garamatza historiara. Oraina bilatzen dugu historian, eta, horrela, historian oraina berregin – atzeraka egin – nahi genuke. Iraganaldian fabrikatu nahi dugu etorkizuna.
    Oraingo istilu eeta gorabeherak esplikatzeko, beti karlistadetara jotzen dugu. Lehenago ere bazen haatik hamaika komeria. Lehenagokorik, ordea, aipatu ohi dugun ia dena, hauxe da: Aita Larramendi, Azkoitiko Zalduntxoak, Llorente eta konpainia…
    Denok dakiguna eta beti aipatzen dugun gauza bat hau da: XVIII. mendean bazen jadanik zerbait euskaldunen eta gaztelarren artean. Hor dira Larramendiren polemikak Euskal Herriaren defentsan. Ordurako auzi bizitan zebiltzan, handik aurrera behin eta berriro aurkituko ditugun hari muturrak eta korapiloak:

    - Euskara zein hizkuntza zahar eta paregabe den, ala ezain kaskala, batere balio ez duena
    - Foruen paregabetasuna eta gizarte bizitzaren atarramen bikaina Euskal Herrian, ala Foruon oinarririk eza eta balio eskasa
    - euskaldunen odol garbitasuna eta berenezko noblezia, privilegio y gracia de los Reyes izan barik, ala euskaldunon edonolako prebeikeria eta nortasunik eza, herri gisa, eta abar.

    Baina Aita Larramendi, Azkoitiko Zalduntxoak eta zirenak zirelako besteak, prozesu luze baten buruan agertu dira.
    Prozesu horren hasieran euskaldunen beren zabarkeria izugarria dago. Prozesu horren buruan bi alderdi daukagu gaur arte: batek esaten du, Euskal Herriak ez duela piku ustel bat balio. Besteak esaten du, Euskal Herria bezalakorrik ez dagoela munduan… Jakina, gauzak ez dira horren sinple botatzen. Tontoena ere bere tontakeriak disimulatzeko adina listo izaten da gaur. Eta eztabaida horiek nola politikoak izaten diren, gainera, gauzak politikoago esan ohi dira. Batek behinolako euskal demokrazia goretsiko du; besteak hura beheretsiko. Batek karlisten abertzaletasuna demostratu nahiko; besteak haien klerikalismo eta atzerakoikeria. Batek Arana Goiriren merezimenduak; besteak haren arrazismoa, eta abar.
    Biek arrazoi dutela, esango al dugu? Eta zer? Zer aterako dugu hortik? Euskaldunek sekula Nafarroako Erregerik, eta Forurik, eta demokraziarik, eta Gernikako Arbolarik, eta karlismorik, izan ez balute ere: zer? Eta euskaldunek Nafarroako Erresuma eta Foruak eta demokrazia eta beste loria handi asko izan badute ere: zer? Orain eta hemen bizi gara. Ez goaz iraganaldira. Etorkizunera goaz.
    Jokabideok zer interes errepresentatzen dituzten, inporta digu.
    Batek Euskal Herriaren historia bat egingo digu, edertasunaez eta loriaz beterik. Zer esan nahi digu?
    Besteak ez du Euskal Herriaren historian miseriak besterik aurkitzen. Zer esan nahi digu?
    Euskal Herrian gauzak ez direla behar bezala ibili, nekerik gabe onar genezake. Bestela ez ginateke gauden bezala egongo. Beraz, euskal historiako gizandiak eta orrialde argiak bakarrik aipatzen dizkigutenei, orrialde ilunak non dauden, galdetu beharko diegu. Sozialista batek ez du pentsatu ohi, lehenago gauzak hobeto zebiltzanik. Eta hobeto bazebiltzan ere, gutxi preokupatzen du horrek. Beraz, orrialde ilunak bakarrik idazten dizkigutenei, ba, ez diola inportan, esango diegu. Guk horregatixe nahi dugula etorkizun argiago eta Euskal Herri hobe bat.
    Gaurko errealitatea hauxe da: zaila dela euskaldun izatea. Euskaldun izan nahi izatea. Eta ez gutxi garelako, laguntasun gutxi dugulako, eta abar, bakarrik. Euskaldun izatea enpeinatzeko motibaziorik finkatzea da zailena. Euskaldun izateak merezi duela, erakutsi egin behar da Euskal Herrian. Ia beste inon egin beharrik ez dagoena. Inork ez digu eragozpenik jarriko, espainol gisa edo frantses gisa esistitzeko. Baina beren etxeari Espainia eta Frantzia izenak eman dizkieten horiei, euskaldun izatea ezer ez izatea iruditzen zaie nonbait. Eta, azkenean, pentsamolde hori gure buruotan ere sartzea iritsi dute.
    Espainol gisa edo frantses gisa harrotzen bazara, euskaldun izanik, inork ez dizu ezer esango. Aitzitik, euskaldunek Espainia eta Frantzia zenbat ederttu eta ohoratu dituzten, esaten baduzu, izpiritu zabal eta unibertsaleko gizona deklaratuko zaituzte. Kondizioari beti Espainia eta Frantzia deritzo. Gu ez gara geuretzat.
    Baina euskaldunak zein euskaldun diren, edi izan dire, edo izan behar luketen, esan orduko, segituan botako dizute aurpegira, izpiritu estu eta kaldarra zarela, artobero, etxezulo, xuhur, auzokoi, bistamotz eta beste zernahi dotorezia. Burgesa zara, gainera, eta proletalgoaren batasunaren etsai (Espainiaren batasunaren etsaia alegia).
    Euskaldun izatea, soil – soil euskaldun izatea alegia, ez izatea hobe den gauzaren bat da bene – benetan. Alegia, merezi du Espainiaren edo Frantziaren ohorerako euskaldun izatea. Baina ez, euskaldunaren ohorerako euskaldun izatea. Euskaldun ona, espainol edo frantsesaren akzidente eta osagarri huts dena, da. Euskaldun izatea, euskaldun izatearekin aski dela, hori ez da kabitzen, Pariseko eta Madrileko jauntxoek izpiritu zabal eta unibertsal deklaratu duten horretan. Hori ez da orain bakarrik horrela. Historiak jarri du horrela. Eta euskaldunek berek dute falta, ez Euskal Herriak. Historiak ekarri gaitu gauden puntura.”

  2. http://basque.criticalstew.org/?p=81

  3. Eztabaidarako gai interesgarria: niri Ernest Renan-en aipu bat etorri zait burura goiko parrafoa irakurrita:

    “Ahaztura eta, esango nuke, baita akats historikoa ere, nazio baten sorreran faktore funtsezkoak dira, eta horregatik ikerketa historikoen aurrerakuntza, sarritan, nazionalitatearentzat arriskutsua gertatu ohi da (…) Nazioaren muina, beraz, gizabanako guztiek elkarrekiko gauza asko izatean datza, eta baita guztiek gauza asko ahaztu izanean ere”.

    E. Renan: “Zer da nazioa?”. Limes, 2004. 102-103 orr.

    Ahaztu dugulako ote gara?

  4. To be or not to be eta historia bai, historia ez, hona hemen Lapikoan identitatearen gaiari buruzko (h)istori(o)aren teleologia laburra:

    2010-05-02:
    Raul Zelik nobelagileari Gorka Bereziartua kazetariak elkarrizketa bat egiten dio, Argia astekarian agertzen dena.
    http://www.argia.com/argia-astekaria/2228/raul-zelik/osoa

    2010-05-16:
    Joxe Manuel Odriozola euskara irakasle eta idazleak (zuzenki Zeliken konstrukzionismoaren kontra) “Tradiziorako eskubidea” argitaratzen du Berria egunkarian.
    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-05-16/004/005/tradiziorako_eskubidea.htm

    2010-05-29:
    Andoni Olariaga ta Jon Jimenez filosofo eta Lapiko Kritikoa kolektibokoek, Odriozola vs. Zelik eztabaidaren harira, “Euskal identitatea: ‘izan’ ala ‘eraiki’?” argitaratzen dute, Gara egunkarian eta Lapikoan.
    http://www.gara.net/paperezkoa/20100529/201923/eu/Euskal-identitatea-izan-ala-eraiki
    http://basque.criticalstew.org/?p=2030

    2010-06-03:
    Unai Apaolaza filosofoak “Euskal identitatea ‘eraikitzen’ delako ‘da’” erantzuna idazten du Lapikoko ‘Responses’ sailan.
    http://basque.criticalstew.org/?p=2030

    2010-06-06 – Igande Identitarioa
    1: Andoni Olariaga ta Jon Jimenez-en “Euskal identitatea: ‘izan’ ala ‘eraiki’?” berragertzen da Berria egunkarian.
    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-06-06/004/006/euskal_identitatea_izan_ala_eraiki.htm

    2: Unai Apaolazaren “Euskal identitatea: «eraikitzen» delako «da»” agertzen da Gara egunkarian.
    http://www.gara.net/paperezkoa/20100606/203304/eu/Euskal-identitatea-eraikitzen-delako-da

    3: “Identidad “made in Spain”” editoriala agertzen da Deia egunkarian. http://deia.com/2010/06/06/opinion/editorial/identidad-made-in-spain
    Anonimoa da, normala den moduan. Hala ere, nahi nuke jakin zein den Deiako editore iganderoa. Editoriala bera, dena dela, oso interes gutxikoa da, intelektualki, baina ondorengo esaldia interesatzen zait:

    “a lo largo de todo un año, el tándem PSE-PP ha ido deconstruyendo todo un universo simbólico que ha formado parte de la identidad de la mayoría política y social del país y, bajo la bandera de conveniencia de la supuesta “neutralidad”, ha ido incorporando símbolos que representan su propia identidad con la que ir creando un nuevo marco de referencia”

    Tumatxa: kritika post-estrukturalista eta post-marxista hibridoa Deia-n! Why not? Bakarrik ke:

    3(a): deconstruyendo” (italikaz) hitz post-estrukturalista super-guay Derridatarra erabili beharrean, “destruyendo” edo “desmantelando” edo “deshaciendo” edo “desmontando”… hobe, ez? Bestela Pachi 0.2- en gobernu (post)-KOLONIARRAri, azken 30 urteetan hedatu den tresna kritiko nagusi batekin aritzeko gaitasuna eskaintzen dio gure editore anonimoak, eta horri “listo pasau, tonto perdido” esaten zaio espainolez (igual Andonik barkatu egin beharko nau edukazio zein manera kontuetan-eta ez ditudalako bere aholkuak jarraitzen – nork esan du zaharra = zuhurra?).

    3(b) “neutraltasuna” dela-ta kritika (POST)-marxistan ere piskatxo bat enpapatuta dagoela jakinerazten badigu, ideologiaren kritika eta guzti txo!, arazoa baina, zera da: testua organizatzen duen txip mental guzia “nacionalista vs no-nacionalista” binomioan dago ardaztuta; etsaiak inposatu duen oposizio binarioan, hain zuzen ere, gero, are eta gehiago, ezker nacionalista alternatiboko guapoek, garbi eta ez-kontaminatuek, “abertzale / ez-abertzale” opositoarekin euskarara itzuli dutena (euskaraz, iupi!!!).

    Eta dena, “pluralisme oblige”, gero abertzale izateko modu asko dagoela esateko. Baina EZ eta EZ! Euskal herrian, nacionalista izateko modu bakar BAT dago: ‘by default’ edo ‘por defecto’ esaten dena, izan ere, beste aukerarik ez dagoelako. Eta gero abertzale izateko ere, beste modu bakar BAT dago, alegia independentziaren posiblea sozialismoaren inposiblearekin artikulatzen den motakoa. Beste gainontzeko ‘abertzale’ izateko motak nacionalistak dira, politikoki desafortunatua dena; eta ‘socialista’ izateko dagoen beste modua koloniar-inperiala da, zeinak, zalantzarik ez, belarrira min egiten duen baina, sorry, ganorazko kritika teoriko-politiko engaiatua nekez egin daiteke literati estetaren posizio kultureta distantziaduna hartuz.

    Gaur astelehena: biharamona. Identitatea eta historiaren arteko harremanari buruz esan behar nuena ahaztu egin zait. Beraz banaiz!

  5. Ez kausarik, ez helbururik. Ala bai? Imanolek identitatearen inguruan Lapikoan eman den eztabaidaren (h)istori(o)a azaldu digu dotore. Eskertzekoa bere horretan. Gauza batek arduratu nau ordea: “(h)istori(o)aren teleologia” aipatu du. Zer pentsatua eman beharko liguke horrek. Lapikoaren ezaugarri bat “esan gabe doana” azaleratzea bada, geure buruari ere begiratu beharko diogu. Historiaren gaia proposatu dut nahi baten justifikazio gisa erabiltzeko egokia ote den aztertua izateko. Are gehiago, nahia justifikatu behar izatera zerk eramaten gaituen pentsatzeko. Historiaren metafisika bat baztertu nahi izan dut “izan den” horretatik “izango dena” eratortzen duen katea apurtzearren. Aitortzen dut, iraganari (kausari) begira egindako gogoeta partziala nirea. Imanolek teleologia (helburua) aipatzean, ordea, argi gorriak piztu zaizkit. Gaia proposatzeko orduan (esan gabe doan) nire izkutuko nahi batek eragin ote du? Pertsona ezberdinen iritziak jasotzeak mamu “teleologikoa” uxatuko al du…
    Bestalde, azterketa argigarria plazaratu du inposatzen diguten (barneratzen dugun) terminologia “neutro” guzti horren inguruan.

  6. Izan zirelako gara? Duda barik. Baina izatea ez da inoiz “hutsa”, kontua da zer / nor izan ziren, zein kondiziotan eta bar. Eta horrek guztiak zer ondorio izan duen gure izatean. Eztabaida ontologikoa ederra, eta botereak konstrukzionismoa zelan erabiltzen duen aztertzeko abagune ona.
    Ez naiz sartuko ur sakonetan, baina interesgarria iruditzen zait Poloniaz Maurizio Ferrarisek dioena (“testualismo ahula” deritzon jarrera defendatu nahi du adibide honetan; erreferentzia gazteleraz: ¿Dónde estas? Ontología del teléfono movil? marbot edic.):

    Consideriamo la Polonia di oggi, con Varsavia piuttosto spostata a oriente,
    per via delle acquisizioni territoriali postbelliche avvenute in gran parte a spese
    della Germania. Ma se guardiamo la Polonia del 1941, sotto il controllo tedesco,
    troveremo Varsavia all’estremo occidente, quasi sul confine. Consideriamo
    poi la Polonia degli anni Venti, molto estesa territorialmente giacché i
    due vicini, la Germania e l’Unione Sovietica, avevano avuto qualche problema
    (una guerra persa e la rivoluzione russa). Varsavia è al centro di un territorio
    molto vasto, ed è un po’ spostata verso occidente. Se guardiamo invece la Polonia
    dell’età napoleonica, Varsavia è al confine orientale. Può essere interessante
    notare che invece, nel 1772, Varsavia era al confine settentrionale. A
    questo punto non ci si stupisce più di nulla, nemmeno del fatto che, nel 1300,
    non riusciamo a determinare la posizione di Varsavia in Polonia, semplicemente
    perché c’è la Polonia (che peraltro abbiamo visto ruotare vorticosamente
    intorno a Varsavia), ma non c’è Varsavia. È poco ma sicuro: l’identità
    della Polonia non viene dalle sue molecole, bensì da trattati, da registrazioni
    scritte, da accordi, che hanno tutti l’interessante proprietà di recare delle firme
    a piè di pagina.

    ikusi hemen: http://www2.units.it/~etica/2007_2/FERRARIS.pdf

    Gutxi asko, (euskal herria) erregistratu zutelako gara… eta erregistratzen dugulako izango dira…
    Beraz, gurera aplikaturik, “euskal izatearen erregistroari buruzko diskurtso-praktikaren” historia luzea aztertu beharko genuke.

  7. “Izan zirelako gara? Duda barik. Baina izatea ez da inoiz “hutsa”, kontua da zer / nor izan ziren, zein kondiziotan eta bar. Eta horrek guztiak zer ondorio izan duen gure izatean. Eztabaida ontologikoa ederra” (Edu Apodaka)

    Nik hau eztabaida ontologikoa baino antropologikoa dela esango nuke. Edo biologikoa, genetikoa (badakit zureak honekin ez duela zerikusirik), izan daiteke. Baina ez politikoa.

    Noski, aurrekoak erregistratu zutelako gara, baina zein mailatan? Biologiko – antropologikoan (baita psikologikoan ere nahi bada). Problema da, ez bakarrik euskaldunak, eta kantabroak, eta adan eta eva ere, eta espainolak, ijitoak, izan zirelako gara. Haiekin ere nahastu gara, eta haien kulturarekin, geneekin, eta abar.

    Ontologikoki zer garen esateko iraganera begiratzea esentzialismoa da. Ontologikoki euskalduna zer da ba? Nik uste galderak ez duela zentzurik. Metafisika zahar baten arrastoak iruditzen zaizkit. Mailak bereiztu behar genituzkeela uste dut, jakiteko zehazki zertaz ari garen “gara” diogunean, eta abar.

  8. Ados Olariagarekin. “Mailak bereiztu behar genituzkeela uste dut, jakiteko zehazki zertaz ari garen “gara” diogunean, eta abar” Hemen dago gakoa. Uste dut askotan nahiz eta hitz berdinak erabili gauza diferenteetaz ari garela. Nola uler liteke “gara” hori?
    - alde biologikotik: Gure aitonamonak erreproduzitu zirelako gaude hemen, noski.
    - kulturaletik: Kultura transmititu egiten da, baina kontuz aldatuz doa etengabe.
    -Historikotik: Guk historiari orainalditik begiratzen diogu, gure tasun eta keria guziekin, beraz historiari begiratzen diogunean hori egiten dugu begiratu. Orainalditik gehiago daukala lehenalditik baino esan nahi dut.
    -Eta azkenik “gara” horrek identitate nazionalari egiten badio erreferentzia: Gara orain bertan horrelakoak sentitzen garelako eta izan nahi dugulako. identitate nazionalak ez du lehenaldiaren beharrik.
    Beraz “gara” hori zer zentzutan erabiltzen den argitzeko Olariagaren proposamena oso egokia iruditzen zait eztabaida abersateko.

  9. [Liburu landua ta interesgarria atara dozu, Edu, zorionak. Arretaz ari naiz irakurtzen. Botereari buruzko hainbat ikuspegi interesgarriak plazaratzen dituzu, gero komunikazioaren inguruko eskema ere zinez dira interesgarriak (kontuan hartzekoak) iruditzen zaizkit. Lan txukuna. Aldi berean, "Euskal Herria ardatz"(ueu, 2007) liburua irakurtzen ari naiz, baita, interesgarriak ere han plazaratzen dituzu(e)n hausnarketak. Han Joxe Manuelen testuak ere aurkitzen dira, zertan ari den hitzegiten jakiteko, baina bai...irakurtzen jarraituko dut.]geroarte ta animatzen zaitut lapikoko eztabaidetan parte hartzera sarritan pixkat ere aurkitzen naizelako. Dena den oso pozik nabil, offside, hori da nire posizioa, alegia ez-lekua.

  10. Nik ontologia diodanean ez dut ontologia zaharraren zentzua esan nahi: ontologia asko baitago. Ontologia zaharra (zinezkoa??) berez diren iza(te/n)ei buruzko diskurtsoa omen da. Baina, ontologia zentzu antropologiko edo (nire ikuspegitik hurbilago) soziopsikologiko batetik, “berezkoak diren gauzei buruzko diskurtso soziala” da, eta diskurtso asko ditugu… Hortaz, ontologia da gakoa: “euskal herria” berez al da? edo guk egina/sortua/imajinatua…? Holako sinesmenei “ontologia sozialak” deritze John Searlek (eta harekin ados egon ala ez, erreferentziala da eztabaida honetan).
    Bi modutako erantzunak izan dira (gutxi asko): errealistak eta nominalistak (gaurko nominalismoaren izena “konstrukzionismoa” delarik). Lehenengoan, EH berezkoa denez (zer ordea?), jendearen gogo, nahi eta interes edo berariazko asmoetatik at bizi da eta jakina, Egiazkoa da. Bigarrenaren haritik, EH jendearen asmoetan bizi da…. Baina badira bi ikuspegi horiek uztartzen saiatu direnak; esan bezala, egia eta ontologia, asmoa eta epistemologia uztartuz (testu pare bat dut idatzita honetaz guztiaz, luzeegiak hemen botatzeko, barkatu).
    Nire ustez, hortan dugu bidea. Gertaera eta errealitate sozialak nola sortzen diren ulertu behar dugu eta jendearen berariazko gogoak hortan duen papera. Bestela noraezean ari gara.
    “Izan zirelako, gara” eta holakoetan, gurpil zoro bat baino ez dugu: nor gara gu? nola definitu gu garena?? Gu definitu gaituzte geure burua definitu baino lehenago, nork ordea? (ez dut uste genek definiturik garenik, ezta jainkoak, ezta “lege soziokultural transhistorikoek”)
    Eta, bestaldetik, bihar egiaztatuko balitz EH eta euskal identitatea atzo goizean zoro batzuek asmatutako gezur bat dela (eta halako egiaztapena egina dugu askoren iritziz), gure horretan sinesteari utziko genioke??
    Nire iritzia argitze aldera: guk (oraingo fededunok) ez dugu EH asmatu. EH berez sortu zen, gertaera sozial askoren gisa. Berezko bizitza izan zuen, hizkuntzari lotua. Baina kolapso batera heldu zen modernizazioaren (nazionalizazioaren) oldarraren eraginez. Kolapso horren aurrean, nolabait berezkoa zen horren hondarretatik, berariaz sorturiko diskurtso batek eman zion forma berria EH modernoari. Gaurko bizi-baldintzetan, euskaldunak (eta EHk) “euskal izateari” ekin behar dio. Izateko, borondate handia eta diskurtso esplizituak behar ditugu: ideologia.
    Jendearengan da EH. Jendearen sinesmenetan. Baina ez ditugu gure sinesmenak ezta sinesteko moduak ere libreki hautatzen, jendartera sortuak gara. Prozesu horiek ulertu barik, ezin ulertu zer/nor garen.

  11. Eztabaida jarraitzeko ezin interesgarriagoa:

    http://www.unibertsitatea.net/blogak/kintana/euskal-herri-imajinarioaz-gehiago

    Hemen zati bat:

    Euskal identitatea eta kultura, ez da “hor”, “berez”, “betidanik” dagoen gauza bat. Ezta antzina argi zegoen zerbait (Nafarroa independentearen garaian, edo historiaurrean, edo beste noizbait) eta orain “berreskuratu” behar duguna ere. Lurraldetasun ideia eraikiz joan den bezala beste horrenbeste gertatzen da hainbat konturekin: XX. mendean zehar bihurtu direla euskal identitate elementu kanonikoak, edozeinek “euskal” gauza gisa identifikatzen dituenak:

    * Ikurrina (Sabino Aranak 1894an Bizkairako sortua)
    * “Euskal” pertsona izenak (batzuk osoki asmatuak, beste batzuk inork oroitzen ez zituen testu zaharretatik atereak)
    * Euskara batua (ofizialki 1968an sortua)
    * “Euskal” kantak (Ez dok amairu moduko mugimenduek 1960-1970etan sortuak edo ezagun bihurtuak)
    * Txalaparta (Gipuzkoako herri jakin batzuetan baino ezagutzen ez zena)
    * Olentzero (Gipuzkoa-Nafarroa arteko zonalde batekoa)
    * “Euskal” pastela (jatorriz Lapurdi aldekoa)
    * …

    Horiek guztiak eta gehiago egungo euskal nortasun politiko, kultural edota folklorikoarekin lotzen ditugu. Baina ez da beti hala izan. Historia hurbilean sortuz, asmatuz, aldatuz, eraikiz, hedatuz, joan dira, batzutan eztabaida eta gatazka artean. Hori da Euskal Herri imajinarioa. Eta historialari gisa on litzateke imajinario hori aztertzea, deseraikitzea, ulertzea.

    Hemen beste Link interesgarri batzuk:

    Gaur Fredi Paiak BERRIAn: http://paperekoa.berria.info/iritzia/2010-06-18/006/010/klabe_nafarra.htm

    http://www.argia.com/argia-astekaria/2195/nafarroa-1512-2012/osoa

    http://www.pensamientocritico.org/jualarr0405.htm

    http://www.nabarralde.com/es/egunekoa/1510-naftalina-usainak-eta-bestelakoak

  12. “Nahiko ohikoa bihurtu da Nabarraldeko liburuen aurkezpenetan zein aitzinsolasetan, liburua kaleratutakoan etor litezkeen kritikei aurrea hartzea. Normalean, balizko kritiko horiek bi multzotan metatu dituzte Nabarraldekoek. Alde batetik, badira espainiar eta frantziar estatuen zerbitzuan daudenak; soldata gure zapaltzaileengandik kobratzen dutenez gero, ez da harritzekoa estatu inbasore horiek defendatzea, gezurrak baliatuta ere. Bertze aldetik, badira asmo onekoak direnak, baina (jasotako heziketaren ondorioz edo) espainiar eta frantziar estatuek saldu dizkiguten gezurrak inkontzienteki errepikatzen dituztenak. Labur erranda, Nabarralderen aurkarien eremua gaixtoen eta ergelen artean banatzen da. Edo traidoreak edo inuxenteak. Ikus daitekeenez, nahiko banaketa itsusia da, klase gutxikoa. Baina ez da soilik dotoretasun kontua. Kontua da, banaketa horren bitartez, Nabarraldeko tesien inguruko balizko eztabaida eremu intelektualetik atera eta eremu moral batera eramaten dela (eta eremu horretan, jakina, Ongi Absolutua Nabarraldek ordezkatzen du).”

    Euskal herri imajinario baten alde. Elkar. 76-77 orriak.

  13. Identitate nazionalaren eraikuntza eta historia lotzen dituen beste pasarte bat:

    “Gure ustez, bada, nazio ezaugarri objektiboak (naziorik egoteko aurretiazko bat) ez dago bere hortan, estatiko, isolaturik, kontsideratzerik, dauden artean oso-osorik eta beti identiko daudenak eta noizbait ezaugarri bat bakarra suntsitzen bada nazioa ere suntsiarazten dutela; baizik eta erreferentzia sistema dinamiko, aldakor batetan ikusi behar dira, zirkunstantzia historikoei erreferentziaz, komunitate nazionalaren une historiko bakoitzeko kontzientziari erreferentziaz batez ere, kontzientzia historikoari berari erreferentziaz ez azkenik. Komunitate batek dauzkan naziotasun ezaugarri objektiboak eta haren kontzientzia nazional historikoa (nazioa biok osatzen bait dute), elkarrekiko dialektika etengabean ari dira historian.”

    Azurmendi, Joxe; Arana Goiri-ren pentsamendu politikoa, Donostian, Hordago, 1979 (88.orr)

Leave a Reply