Euskal identitatea: «izan» ala «eraiki»? (GARA. 2010-05-29. BERRIA. 2010-06-06)

By • May 29th, 2010 • Category: Atal Berezia

Euskal identitatea: «izan» ala «eraiki»?

GARA 2010 Maiatzak 29. BERRIA 2010 Ekainak 6.

Andoni Olariaga eta Jon Jimenez Filosofian lizentziadunak eta http://basque.criticalstew.org-eko kideak

Identitatearen aferaren inguruan bi pentsalariren iritzi oso interesgarriak irakurri ahal izan ditugu azken aste hauetan. Batetik, «Argia»-k maiatzaren 2an «Lagun armatua» (Txalaparta, 2009) idatzi berri duen Raul Zelik alemaniar idazleari eginiko elkarrizketa bat; bestetik, lau egun geroago Joxe Manuel Odriozolak «Berria»-n kaleratutako iritzi artikulua, aipaturiko elkarrizketan esaten ziren hainbat gauzari erantzunez («Tradiziorako eskubidea»). Bai Zelikek bai Odriozolak esandakoak aztertzea merezi du.

Betiko galdera tontoarekin hasteko: euskalduna izan, bada, edo eraiki egiten du bere identitatea? Hau da, Zelikek dioen bezala, «ez gara, geure burua egiten dugu» edo, Odriozolak dioen bezala, «identitateak `eraiki’ ez ezik, `existitu’ ere egiten dira»? Bi galdera dira beharrezkoak orain: batak bestea ukatzen al du? Edo aitzitik, maila desberdinetan al daude?

Identitatea eraiki egiten dela, printzipioz, bi idazleek onesten dute. Odriozolaren aburuz, ordea, identitatea eraikitzeko aurretik zerbait egon behar du atzean. Hau da, «euskalduntasun modernorik ez dago euskalduntasunaren tradiziorik ez baldin badago». Beraz, aurretik zerbait izan beharra dago identitate modernoa eraikitzeko. Eta gehitzen du, gure arbasoek sortu zuten euskal izaerari zor diogula euskal identitate moderno bat sortzeko beta. Eta, beraz, bere ustez, «identitatea ez da sortzen ezerezetik». Odriozolak dio ez daukagula etorkizunerako eskubiderik tradiziorako eskubiderik eduki ezean. Ikuspegi politiko batetik, orduan, euskalduna tradiziotik datorren eskubide historiko batzuen mende bizi da, Gernikako Estatutuan eta Foru Hobekuntzan argi azaltzen den bezala. Afera beste hau baita orain: tradizioa nork interpretatzen duen araberakoa.

Eta hori boterea duenak egin dezake soilik eta, de facto, hala egiten du, gu eskubide historikoekin kateatuz nazio zatikatu eta menpeko bezala. Ondorioz, ikuspegi politiko batetik, tradizioaren eskubidearen aldarriak gure alde egiten du, gure kontra egin dezakeen bezala.

Zeliken bigarren ideiaren arabera, diskurtso identitario bat erreakzionario bihurtzen da existitzen den identitate bat babestu behar dela esatean, «horren baitan ez daudenak baztertzen dituelako». Adibide bat jarriz: batzuen euskalduntasun aldarriak nafarrak alde batera uzten ditu (euskalduna hiru probintzietakoa dela onartzen baitu); beste batzuenak homosexualak baztertzen ditu eta abar. Ibarretxek euskalduntasuna ontasun eta bakezalearekin berdintzen duenean, beste guztiak (Gerra Zibilean EAJko milizianoak izandakoak ere bai) «alimañak» bihurtzen dira -edo besteren baten hitzetan, «bitxoak»- eta kanpoan geratzen dira. Izan ere, gaur egun, pentsalari postkolonialen gerra (adibidez) testuinguru horretan kokatuko litzateke, menpeko identitateek ahotsa hartzean artikulatzen duten identitateak baztertzaileak diren edo ez aztertzen duen eremuan.

Kontua sinplifikatuz: tradizio aipagarririk izan edo ez, historia loriatsurik izan edo ez, zer axola dio? Hau da, «euskaldunek sekula Nafarroako erregerik, eta forurik, eta demokraziarik, eta Gernikako arbolarik, eta karlismorik izan ez balute, zer? Eta Nafarroako Erresuma eta foruak eta demokrazia eta beste hainbat gauza izan balute ere, zer? Orain eta hemen bizi gara. Ez goaz iraganera. Etorkizunera goaz» (Joxe Azurmendi: «Gizaberearen bakeak eta gerrak». Elkar, 1975). Hau da, gaur egungo euskalduna, tradiziora edo historiara lotzen badugu, historiaren metafisika batean (batzuek egiten dutena, euskal sozialismoaren hastapenak karlismoan daudela interpretatuz eta beste hainbat absurdo) kateatu dugu. Iraganeko porrotetatik, galeretatik eta garaipen txikietatik at behar dugu gure burua. Handik urrunduz eraiki etorkizuna. Balioa kentzen al dio gure identitateari eraikia izateak, eta etengabe eraikitzen eta eraldatzen egoteak?

Dena den, Odriozolaren artikuluan, politika eta antropologia nahasten ari den susmoa dugu. Ikuspegi antropologiko batetik, zer da lehenago, arrautza edo oiloa? Alegia, euskalduntasunaren esentzia hor nonbait -ez dakigu non- beti eta eternalki dago eta bertatik edaten dugu? Edo noizbait eraiki eta aldatuz eta berreraikiz joan da? Kontua da, praktikoki, ekintzan, «izan ginelako izango gara» ez dirudi lema egokia denik. «Hamaika izan ziren eta orain ez dira. Lema hori enpirikoki ukatua dago. Izango gara, baldin eta izan nahi badugu eta lortzen badugu tokatu zaizkigun baldintzetan izatea (suizidioaren aukera ere hor baitago). Gurean, esaterako, egungo egoera politikoari buelta ematea, nazio ez garela diotenei aurre egiteko kapaz baldin bagara, alegia» (Iñaki Soto. «Argia», 2008ko Iraila).

Beraz, ez tradizioan ez inon, euskaldunak ez du justifikaziorik bilatu behar. Aspaldiko poema batekin bukatuz: «Baina libre izan nahi dugu, zer kulpa daukat nik. Eta txeke zuri faltsu baten antzean Gernikako arbola bat asmatu diguten arren, libre nahia bekatu balitz bezala, aitzakiaren bat beharko bagenu bezala, guk, guztiz xinple, libre izan nahi dugu. Nahi dugu, besterik ez. Hauxe baita gure engainu azkenekoa: libre izan nahia justifikatu behar dugula pentsarazi digute» (Joxe Azurmendi: «Manifestu atzeratua», 1971).

Eztabaida jarraitzeko:

Joxe Azurmendiren Manifestu Atzeratua poema.
Jabier Erizek Karmelgo aldizkarian: Nazionalismoak, esentzialismoak eta beste.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

10 Responses »

  1. Horixe da. Espainol nazionalistari ez zaio konturik eskatzen, aldiz nazio euskaldun bat lortu nahi dutenei bai. Beraz, kasu honetan, administrazio nazionalista gailentzen da, gehiago hego Euskal Herrian bere burua ez nazionalistatzat izanda.
    Hala den, gai bat edo galdera edo zehaztu ezin dudan hitz batzuk botatzea gustatuko litzaidake.
    Beti pentsatu izan dut, lehenik euskalduna euskara duena dela. Baina ezin ukatu izan dut euskaldun edo baskoi horrek bere lurrarekiko zuen eta duen lotura. Aldiz, azkenaldian, nire historia ezagutza maila sistrina igotzekotan, baskoi edo eskaldun pertsonaren iberiar penintsula eta akitaniako lurretako existentziari buruz informatu nahian ibili naiz. Gauza harrigarri bat topatu dut (nire iturriak ez dira guztiz fidagarriak), euskalduna Katalunia alderarte heldu zela, Eta hone hemen sinplifikazioa, baskoitik euskaldunera, ze, kanpotiarrentzat baskoi egiten zuena baskoiarentzat euskaldun egiten zuen: euskara. Gauzak horrela, batzuk tradizio deitzen durtenari nik, ‘region’ hitzatik soberan harat dagoena azpimarratuko nuke, Europako nazio ‘tradizionalenak’ izan nahiko luketen hori: euskara.

  2. EUSKAL IDENTITATEA: “ERAIKITZEN” DELAKO “DA”

    “Argiak” maiatzaren 2an Raul Zeliki egindako elkarrizketari, honi Joxe Manuel Odriozolak maiatzaren 15eko “Berrian” zuzenduriko iritzi artikuluari zein “Garan” maiatzaren 29an Andoni Olariagak eta Jon Jimenezek aurreko biek esandakoei buruz idatzitako azterketari ekarpena egitea da nire asmoa.

    Elkarrizketa eta iritzi artikulu hauetan planteatzen zaigun eztabaidaren mamia naziotasuna edo identitate nazionala nola gauzatzen den aztertzea da. Bi aukera planteatzen dira: lehenengoak identitate nazionala modu esentzialistan ulertzen du, denbora eta espaziotik at. Bigarren ikuskerak aldiz, horrelako esentzia metafisikorik ez dagoela esango luke, identitate nazionala eraiki egiten dela alegia. Dilema hau beste era batera planteatzea ere posible da. Nazioa kontzeptuari buruz teorizatzean bi ikuskera aipatzen dira, objektiboa bata eta subjektiboa bestea. Lehenengoak naziotasuna elementu objektiboen (hizkuntza, kultura…) arabera gauzatzen dela dio, bigarrenak aldiz naziotasuna elementu subjektiboek (nazioko kide izateko borondateak edo bertako sentitzeak) ematen dutela dio. Bereizketa hau maila teorikoan aritzeko oso erabilgarria da, baina bi aukeretakoren batek azaltzen al digu euskal identitatea nola gauzatzen den?.

    Abertzaletasunaren (euskal nazionalismoaren) hastapenetan pertsona bat euskaldun (euskal nazioko kide) egiten zuen oinarrizko elementua arraza (faktore objektiboa) zen. Ez gara horregatik lotsatu behar garaiko nazionalismo askoren bereizgarria baitzen hau. 1936.eko guda Euskal Herrira iritsi zenerako faktore subjektiboak (borondatea) kontutan hartzen hasiak ziren. Baina gerra ondorengo urteak garapenik gabeko basamortu izan ziren Euskal Herriarentzat alor guztietan, baita maila ideologikoan ere. Pasa den mendeko 60. hamarkadara itxaron beharko da abertzaletasun berriaren sorrera ikusteko. Berrikuntza honen meritua ETA eta bere inguruan sortu zen mugimendu politiko, sozial eta kulturalarena da.

    Ikuskera berriak ez du faktore objektiboen existentzia ukatzen, baina hauek ez ditu modu esentzialistan ulertzen, hau egiteak faktore objektiboak, betierekoak eta aldaketarik gabekoak direla esan nahiko bailuke. Jendarteak aldatuz doazen heinean faktore hauek ere aldatuz lihoazke. Faktore objektiboak eraldatuz doaz jendartearen, eta ondorioz norbanakoen, borondate eta sentimenduarekin dialektika etengabean dabiltzalako. Beraz, Euskal naziotasunak faktore objektibo hauek kontutan hartzen ditu, baina faktore subjektiboaren galbahetik pasata; horregatik dira faktore hauek dinamikoak, ez esentzialistak.. Horrela naziotasuna ez dute esentziek ematen, ez halako edo holakoa litzatekeen “euskalduntasun” metafisiko batek; naziotasuna borondateak ematen du, faktore objektiboekin dialektikan dabilen borondateak. Naziotasuna gauzatzeko ikuskera honek euskal naziora ateak irekitzen dizkio bertako partaide sentitu eta horretarako borondatea duenari. Aldaketak aldaketa, gaur egunera arte dirauen ikuskera dugu 60. hamarkadan sortutako hau.

    Horrela Zelikek “Diskurtso identitario bat, existitzen den identitate bat babestu behar dela dioena, erreakzionario bihurtzen da, horrelakoak ez direnak baztertzen dituelako” dioenean, funtsean identitate nazionalari dinamikotasuna ukatzen ari zaio eta esentzialista dela baieztatzen ari da. Nire ustez nazionalismo guztiek babestu nahi dituzte naziotasunaren oinarritzat dituzten bereizgarriak (finean nazionalismoa hori egiteko proposamen politikoa da). Baina gakoa, bereizgarri horiek iraganean bezala berdin-berdin kontserbatzea nahi duen proiektu nazionalista batetik (esentzialista) eta bestetik bereizgarri horiek momentuko jendarteak ulertzen dituen eta gura dituen moduan etorkizunera proiektatzen (dinamikoa, dialektikoa) dituen proiektuaren arteko bereizketa egitean dago. Zelikek, nire ustez, nazionalismo guztiak zaku berdinean sartzen ditu, esentzialistan alegia. Bere herrialdeko historiaren eraginez behar bada.

    Odriozolak berriz, “Identitateak eraiki ez ezik, existitu ere egiten dira” esaten duenean, identitate nazionala eraikuntzatik bereizi egiten du, dinamikotasuna ukatuz; ondorioz, identitatea esentzialista bihurtzen da, gure kasuan denbora eta historiatik at legokeen “euskalduntasun” bat.

    Identitate nazionala eraikuntzak gauzatzen du, jendarte konkretu batetan bizi diren subjektuek elementu objektibo-dinamiko jakin batzuekin elkar eragitean sortzen duten eraikina baita hau. Beraz, identitate nazionala “da “ “eraiki” egiten dugulako, ez dago aurretiazko identitate nazionalik, identitatea hezur-haragizko subjektuek eraikitzen baitute. Ez dago beste aukerarik.

    Bukatzeko, Odriozolak “Ez daukagu etorkizunerako eskubiderik tradiziorako eskubiderik ezean” dionean, bi eratara uler liteke hau. Lehenengoa, euskal identitatea eraikitzeko erabiltzen ditugun elementuak (hizkuntza, kultura..) etorkizunera proiektatzeko eskubidea dugula. Kasu honetan ados nengoke. Bigarrena, historia dela eskubide iturria (hau pentsatzen duenik bada Euskal Herrian). Honekin aldiz ez nuke bat egingo. Gauza bat da gu nazio zapaldua garenez historia ere lapurtu egin digutela eta historia hori guk idatziz berreskuratu egin behar dugula. Bestea aldiz, historia hori berreskuratzeak eskubideak emango dizkigula pentsatzea. Guk, gure etorkizuna antolatzeko eskubidea dugu bai ala bai, eskubidea guk eta orain ematen diogu geure buruari. Historiak ez gaitu salbatuko.

  3. 1) Josebaitorren intuiziotik tiraka. Bai, euskarak egiten gaitu eta euskara da, hizkuntza da, ez-esentzial egiten gaituena hain zuzen. Euskara dinamikoa da eta hainbat esparruren batasun bat ematen da bere baitan: historia, poesia, nahiak, mitoak, kantak… eta euskara gramatika bat da, baina ez dago geldi, aldatzen doa, baina batez ere hizkera da, guk hitz egiten dugun bakoitzean egiten duguna, eta, ondorioz, ez-esentziala da eta ez-izatea da. Euskaran ematen da gure historia, etab. euskaran ematen gara gu, herri bezala eta gu indibiduo bezala.

    2) Unai Apaolazari erantzuten: gure erantzuna zure bidetik zetorren, baina zuk hobe formulatu duzulakoan gaude. Aldez aurretik, bi maila bereiziko genituzke: antropologikoa eta hor zuk esaten duzun faktore objektiboak egongo lirateke gure borondate subjektiboaren galbahetik pasatuta; eta bestetik, politikoa legoke, batik bat etorkizunean inzidituko zuena, eta historiatik at ez, edo historiarik gabe ez dena izango, baina historiatik ez dena biziko (hau da anti-esentzialismoa). Historiak erakusten digu politikoki galdu eta irabazi dugula, beraz etorkizunera historia inferitzea galdu eta irabazteko aukera berdinak zabaltzen dizkigu.

    Historia berreskuratzea ez du inork ukatuko, bere erabilpena da arriskutsua dena. Mitologia eta kondairak herri guzien beharrak dira. Historia (eta historia interpretazioa da, metafisika bat ere) ere beharrezkoa da, baina ez handik etorkizunera ezer inferitzeko.

  4. Fredi Paiaren artikulua Berrian. Errieta ote?

    “2010-06-04. Larrepetit. BERRIA.

    Fredi Paia

    Historizismoa

    Garai batean nire C15 zaharrean, Fredinetan, ibiltzen nintzen Uribe Kostatik Durangaldera, Bilboko Txurdinaga eta San Adrianetik igarota, neska-mutikoei bertsotan irakasten. Txirrita nor izan zen esaten baino gehiago, irakasleei adarra jotzeko tresna berri bat izan zezaten ahalegintzen nintzen. Eta irakasle dioenak, bizitzako edozein egoera dio. Baina hori gaitzagoa da umeei azaltzen. Patuak erabakitzen du eta zein ikasturtetan, guztiak baitira, tokatzen zaigun bizitzako ikasgai bakoitza.

    Herri txiki bateko eskolan izan zen. Goiza hiriko umeei mugikorrak amatatzeko eskatzen igaro ostean, plazera zen arratsaldez kilker kaiolatu eta igelak konfiskatzea. Beti ere, klase amaieran, bertso bidez berreskuratzeko aringarriarekin. Entzun nizkien alerik onenetarikoen sortzailea zen baldintza.

    Beti elkarri agirika zebiltzan mutiko bi elkarren ondoan jesarrita zeudela ikusi nuen. Gatazkak konpontzeko sekula ulertu ez dudan metodo ohikoa ikastetxe askotan. Bata txikia eta berritsua zen, bestea handia bezain motela. Errez igarri nion txikiari begia ubeldurik zuela. Ikasgelan gai sozial nagusia izango zen, umeek eskoletan berba aske egiteko dituzten minutu eskas horietan. Beraz, bertso eskola arrakastatsua izan zedin, gaia jorratu beharra zegoen. Ondorioz, tren elektrikoaren gaineko Txirritaren bertsoak ahaztu, eta orbanaren gainean itaundu nion ikasleari. Erreprimitutako berba guztiak, sintaxidun sentimenduak, ordenarik gabe isuri ziren ikasgelan.

    Baina bere ondoko morroskoaren ahots ozenak estali zuen txikiaren hitz jarioa: Hori goizean izan da! Determinatu zuen.

    Ordutik iragana aipatzean, garena azaltzen duen hori, gertakariak baino garrantzitsuagoak diren tendentziak ulertzeko ezinbesteko informazioaz gabiltzanean, mutiko bi ikusten ditut. Bata bere ubelduaren mina ahotik askatu guran. Eta bestea gertakariari, denboraren aitzakiapean, garrantzia kentzen.

    Okerrena da euskaldunak, bere iraganaz hain gutxi dakien hizkuntza horretako gizakiak entzuten ditudanean ez gaitezen historizismoan eror esaten. Orduan, ikasteko gogorik ez duen ume txiki etsitu bat ikusten dut eta.”

  5. kaixo, olariaga, behialako zure proposamenaren haritik, beste batzuk bizkor bilakarazi dute ekimen indibiduala kolektibo: tolosaldeko noentiendotarrak, agian eredutzat hartu beharko genituzkeenak

    http://sustatu.com/1275567134?utm_source=newsletter&utm_medium=email

  6. Bikaina da! Bete betean definitzen du gehiengo baten posizioa. Ironia fina

  7. Inork komentatzen ez duela ikusita komentariotxo bat egingo dut Fredi Paiaren artikuluaren inguruan. “bere iraganaz hain gutxi dakien hizkuntza horretako gizakiak entzuten ditudanean ez gaitezen historizismoan eror esaten. Orduan, ikasteko gogorik ez duen ume txiki etsitu bat ikusten dut eta“. Agian erratuta egongo naiz (eta hala bada, ondoren esandako guztia jan beharko dut), baina nik uste zuzenean doala gure artikuluaren kontra. Problema da, nik uste, gaizki ulertu zaigula. Gero, moduak daude ere kritika bat egiteko, umea, nagia, eta abar deitu gabe. Dena den, intentzio txar gabe eginda dagoela ziur naiz.

    Aklarazioa: ez dugu esan memoria ahaztu behar dugunik, eta historia gutxiago. Soilik, ez dugula historian JUSTIFIKAZIORIK bilatu behar, EZ dugulako justifikaziorik BEHAR. Ez dugula oraina eta etorkizuna iraganera LOTU behar. Esaten denean, ia ze axola duen Nafarroako estatua izan dugun edo ez, esan dugun testuinguruan ulertu behar da, hau da, Estatua izan edo ez horrek ez duela baldintzatu behar (ez onera, ezta txarrera) gaur egun guk Estatua izateko borondateari.

  8. Nire ustez, benetan uste soilak, Fredi Paiaren artikulua memoria historikoa kontuan hartu nai ez dutenei zuzendurikoa da, status quo-az balidatzen diren horiei zuzendua, hain zuzen. Ikasi nai ez duten ume horiek lirateke sujeto hauek nire ustez, ez baldin baidute inori arrazoirik erakutsi behar ze, beraiek justifikatuko luketen bezala, “arrazoi batengatik” gaude gauden tokian.

  9. Arrazoia izango duzu, bai. Horrela begiratuta, bere zentzua dauka. Nik nire interpretazioa egin nuen. Fredik esango du hala den edo ez. Eta hala bada, ba hitzak jatera, ez dago problemarik. Mea culpa.

  10. (Aklarazioa Fredi Paiaren artikuluaren harira)
    Josebaitorrek Fredi Paiaren artikuluari buruz zioena bete betean asmatu du. Aspalditik egina zeukan artikulua dela esan dit Fredik, eta beraz, ez zeukala zerikusirik Maiatzean egin diren artikulu desberdinekin (Zelik, Odriozola, gurea, eta abar).
    Beraz, gaizki ulertua izan da (nire partetik). Beste gabe. Gaizki esandakoak barkatu eta ondo esandakoak kontuan hartu.

Leave a Reply