Tautologiak (eta IV): Legea da jainkoa

By • May 21st, 2010 • Category: Uncategorized

Mitchael Bathkin-ek ihauterietan antzematen zituen gehiegikeria aginte-gainazpiratzaileak bezala, oinarri-oinarrian, George Bataillek proposatzen zuen gehiegikeria transgresiboaren eredua pre-modernoa da. Izan ere, Bathkin bezala, Bataille ere legea eta lege horren beraren aurkako transgresioaren dialektikan dago harrapatuta, berdin-berdin; hau da: Bataille lege debekatzaileak desira transgresiboa sortzen duelako eritzian dago harrapatuta; baina ikusbide honek ondorio makur ahultzaile batera bultzatzen gaitu: debekuen bortxaketa burutu eta gozatu ahal izateko baten batek debekuak ezarri behar ditu, halabeharez. Hitz batez, ateoak jainkoaren beharra duen heinean jainkoan ez sinesteko, edo no-nacionalistak nazioaren beharra duen modu berean, legearen transgreditzailea legearen menpe dago hasisera-hasieratik.

Tautology, Richard Paul, lambda print, 2008, courtesy:MOOT, © the artist

Noski, modernitateko tradizio politiko-filosofiko klasikotik legearekin apurtzea bainoago legearen onarmena eskatzen zaigu: guk geuk gure borondatez legearen  baimena ematea, izan ere, legearen sorrerari, nolakotasunari edo zilegitasunari buruzko galderak egin gabe. . Immanuel Kant-ek, adibidez, Moralaren Metafisika idazlanean ondorengo hau adierazi zuen:

Miatzea alferra da! Jendeak ez luke inolako jardunbidezko asmoarekin miatu behar menpe (edo subjektatuta) dagoen aginpide gorengoaren sorburuari buruz (…). Gobernu-mekanismoen dokumentazio historikoari buruz miatzea guztiz alferra da; hau da: ezinezko da gizarte zibila noiz hasi zen jakitea (…) Erruduna da miatze lan honetan aritzea orain dagoen konstituzioa indarrez aldatzeko asmoarekin.

Blaise Pascal-ek, berriz, hau dio Gogoetak ospetsuetan:

Onartua delako zergati soilean da ohitura zuzentasunaren osoa. Hori da aginpidearen oinarri mistikoa. Bere hasierako lehen printzipiora berreraman nahi duen edonor deuseztu egiten du. Ez dago ezer okerdunik okerrak zuzendu nahi dituzten legeak bainoago. Zuzenak direlako obeditzen dituenak ustezko zuzentasuna obeditzen ari da, ez legearen esentzia, zeina guztiz barne-edukitzen den berez: legea da eta kitto… Legegile zuhurrenek horregatik esaten zuten gizakiak beraien onerako engainatu behar direla sarritan, baita beste politikari zentzudun hark zioena ere: askatasuna ekarriko dion egiaz galdetzen duenean, gauza ona da iruzurtua izan dadin. Usurpazioaren egia ez da agerterazi behar; hasiera batean arrazoirik gabe etorri zen eta bidezko da bilakatu. Egiazko eta betidaniko delako oneritzia segurtatu behar dugu, eta bere hasiera ezkutatu egin behar da, laister bere amaiera ikusi ez badugu nahi.

Beste hitz batzuetan: dokumenturik ez baldin badago ere, legearen hasiera derrigorrez bortzatzailea izan zela ondo jakinaren gainean daude Kant eta Pascal. Baita legearen hasierako ezartzea bera biolentziaren erabilerakin gauzatu zela eta bilentziaz mantentzen dela ere. Baina hala eta  guztiz, esaten zaiguna garbia eta sinplea da:  Ez gaitezen iraganeko denbora lainotsuetaz ari eta onar dezagun gaur egun dagoena; zeinak,  noski, Congo-ko bazterren batean kanibalen bila galdezka zebilen antropologo belgikar harako hark jaso zuen erantzuna baitakar gogora; kanibalak? hemen ez dago kanibalik, azkenak atzo jan genituen!

Dena dela, eta laburtuz: maila batean, behintzat, trangresioa legearen hasieran dago. Oinari-oinarrian. Modernitateari itxura ematen dion legearen hasiera bateko ezartzea bera oinarri-oinarriko biolentziaren erabilerakin gauzatzen da; eta gero, behin ezarrita, modernitateko aipatu  tradizio politiko-filosofiko klasikoa eredu, legearen onarmena eskatzen zaigu.

Horiek kontu txinatarrak dira pentsatzen dutenentzat, hala ere, badago beste maila bat, hain errotikoa, legearen iraganeko edo garai iluntsuetako jatorria eta funtzionamendua alde batera utzita, gaur egungo gizartea(k) aztertzera inbitatzen duena. Izan ere, gehiegikeria transgresiboaren zentzu lege-apurtzaile guzia nola galtzen den erakusteko bide egokiena mendebaleko gizarte garaikidetean sortzen baita.

Paradoxa izan ere, zera da: gaur egungo gizarte baimenkor (edo permisibo)-etan  transgresioa eta gehiegikeriaren printzipioak ez dira kokatzen legetik kanpo gauzatzen den subertsioan, legezko funtzionatze normal edo arruntean baizik. Sistemaren aurkako transgresioan diharduen gaur egungo eragile Bataille-zalea (edo bataileroa!) gauza gutxi da konparatuz gero sistemak berak bultzatzen duen gehiegikeriaren onarmenarekin.

Bestela esanda: zerbait izatekotan, sistema bera da, gaur egun, subertsioa arau bilakareazten duena.

Joan da jada garai bateko debekuak ematen zigun araua apurtzeko aitzakia. Arauaren aurka erresistentziaren bidez gure indibidualitatea baieztatu nahi dugun orduko, araua bera da erresistentziara bultzatzen gaituena, araua bortxatzera, zenbat eta haratago joan eta hainbat eta hobeto gozatzera.

Zer esanik ez, araua ez da berez nahastu behar gure giza-harreman intersubjektiboak erregulatzen dituen legediarekin. Izan ere, zentzu honetan, ez baitago historian beste garairik non  giza-harremanak hain hurbiletik eta estuki araututa egon diren. Baina arautegi eta erregulazio horiek ez dute jada betetzen Kantek eta Pascalek somatu eta besarkatzen zuten garai bateko debeku sinbolikoaren lekunea. Aldiz, transgresio moduak erregulatzen dituzte. Hau da: legedi-markoaren barnean sortzen den transgresioaren atsegina gozatzeko baliabidea erregulatzen dute.

Hots: ordena sozio-sinboliko nagusian edota ideologia dominantearen erregulazio-markoaren barnean  bultzatzen zaigua arauak apurtzera.

Ondorioz, Bataillek proposatzen zuen transgresioaren predikamendu lege-hausleak zentzu guzia galtzen du; nabarmen suertatzen dena,  hain zuzen ere, horren atsegin zitzaion adibidea goraipatuz: sexualitatearena. Adineko gizakide errespontsable garenez (pedofiliarik ez!): Non dago erotismo ‘artistiko’aren eta pornografia ‘zikin’aren arteko muga? Non bikotea eta orgiaren artekoa? Ez zaigu garai bateko debeku guziak askatasun osoz gainditzera inbitatzen, are bonbardeatzen  inolako errudun zentzurik gabe sexualitatearen gehiegikeria-modalitate guzietan esperimentatzera, neurri mugatzailerik gabe?

Chestertonek ziona berreskuratuz, beraz, bi aipatu zentzu edo mailak (legearen hasiera bortzatzailea eta legearen gaur egungo baimenkortasuna) kontutan hartuz da araua bera bihurtzen dela subertsio gorengoa; egiazko abentura apurtzaile nagusiena legearean agindua betetzen gauzatzen da; zeinak gure egoerara egokituz ondorengo aukera derrigortua eta derrigorrezkoa sortzen duen, etorkizunera begira:

Zer egin? Karnabalak disfrutatzen jarraitu ala gure barnean daukagun kanibala gozatu?

Aipamenak

Bathkin, Mikhael, Rabelais and His World, Massachussets, MIT Press: [1940]1968.

Bataille, George, Visions of Excess, Manchester, Manchester University Press, 1985

Chesterton, Gilbert Keith, Orthodoxy, San Francisco, Ignatius Press, 1995.

Kant, Immanuel: “The Metaphysics of Morals” in Practical Philosophy, ingeles ed/itzu, Mary J. Gregor, Cambridge, CUP, 1996.

Pascal, Blaise, Pensées, ingeles, ed/itzul, A.J. Krailsheimer, Harmondsworth, Penguin, 1995.

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

2 Responses »

  1. http://www.bilbokokonpartsak.com/web/index.php?option=com_content&view=article&id=449&lang=eu

  2. ederto, bale. Non jarri behar da izena?

Leave a Reply