Santiago Alba Rico (Filosofoa) “Nazionalismo internazionalista defendatu behar dugu”.

By • May 2nd, 2010 • Category: Albistekaria

2010-05-01. BERRIA. HEMEN link-a.

Santiago Alba Rico.

Filofosoa

Hedabideen eta kapitalismoaren arteko gaurko harremanak aztertuko ditu gaur pentsalari madrildarrak Getarian (Gipuzkoa); tartean, ‘Egunkaria kasua’ eta Euskal Herriko bake prozesuko azken gertaerak.

«Kazetariak artilleria bihurtu dituzte gaur, egiaren eta justiziaren aurkako gerran»

Edu Lartzanguren.

Santiago Alba Rico (Madril, 1960) filosofoa da. Lolo Rico zinemagilearen semea da, eta haren La Bola de Cristal saioan hasi zen gidoiak idazten, ama ordezkatzen. Saioa «haurrentzako marxismo satirikorako alegia» bihurtu zuen. Los medios y los fines: comunicación y capitalismo hitzaldia emango du gaur, 18:00etan, Getariako Udal Aretoan (Gipuzkoa).

Gaur egungo kazetaritzaren diagnostikoa egingo duzu Getarian?

Gaur egun hainbat formatu erabiltzen dituzte etengabe hedabideek, ikuslea gune batean sartzeko, non politika erabat debekatuta dagoen. Erabat berdindurik daude informazio formatuak eta publizitatearenak, hiruzpalau talde handik defendaturiko interes ustelen mesedetan. Horren bidez, Iraken inbasioaz informazioa ematen denean eta gorpuak zein hondakinak erakusten direnean, kontsumoa bultzatzen da; ikuslea bultzatzen da altxa dadin hozkailura Coca Cola bat edatera. Kazetariak armadaren abangoardia eta artilleria bihurtu dituzte, justiziaren, egiaren eta objektibotasunaren aurkako gerran.

Adibide hurbilen bat?

Egunkaria kasua, esaterako. Ikusi besterik ez dago hedabideek zer esaten zuten itxi zutenean. Euskal Herriaren kasuan, hedabideen omerta edo isiltasun paktu mafiosoak gatazka elikatzen du, edo, behintzat, afera politikoki konpontzea zailtzen ari dira. Epaileen eginkizunak usurpatu dituzte, sumarioak idazten dituzte, pertsonak kriminalizatzen dituzte eta sententziak ematen dituzte, ikusle edo irakurle otzanen oniritziarekin.

Zer iruditzen zaizu Egunkaria kasuko ebazpena?

Espero genuen guztiok, zigorra ezinezkoa zelako. Halere, politikaren indar harremanen esparruan ikusi behar dugu. Baikor naiz horretan, ez soilik behingoz justizia egin delako -eta sententzia oso gogor batekin, gainera- baizik eta, agian, erakusten duelako aukerak irekitzen ari direla Euskal Herriko gatazkari konponbide politikoa emateko.

Baikor izateko datuak badaudela uste duzu?

Datuak badaudela uste dut, baina uste dut trantsizioa deiturikoaren jatorriko bekatuak mugak jartzen dituela, eta horiek edozein unetan jar daitezke martxan. Bestetan ere zapuztu egin dira halako itxaropenak, baina oraingo honetan behar adina gauza aldatu dira azken urteotan, konponbidea egotea litekeena dela pentsarazteko.

Zertan eragingo dio hedabideen jarrerari gaurko krisiak?

Hedabideak kapitalismoaren egituraren parte dira, beraz, ezin dugu espero haiek salatzea kapitalismoak krisian duen erantzukizuna. Hedabideak kontrolatzen dituzten nazioarteko talde handien jarrera eta gobernuena berdina da funtsean: krisiaren kausak erreproduzitzen dituzten neurriak txalotzea, hiritarren lepotik.

Slavoj Zizek filosofoak ohartarazi du inozoa dela pentsatzea krisiak bultzatuko dituela herritarrak kapitalismoaren aurka jartzera. Ados?

Bai. Norbaitek esan zuen baldintza iraultzaileak ditugula gaur, baina subjektu iraultzailerik ez. Aurrekariak hor daude: Italian, Polonian, Austrian, Frantzian eta Espainian -PPren jarrerarekin, PSOEren Gobernuak elikaturikoa-. Datorrena ez da herritarren borroka hiritartasun osoa eta demokratikoa lortzeko, baizik eta ez-hiritarren arteko borroka, buruzagi populistek edo neofaxistek baliaturikoa. Hori da arriskua: etorkinak ordain aker gisa erabiliko dituen egoera baten atarian gaude, historian beste hainbatetan bezala.

Zein da herri txikien eginkizuna datorren testuinguru horretan?

Lurraldeetatik abiatu behar dugu, lurraldeak defendatu behar ditugu. Nazionalismo internazionalista defendatu behar dugu, politikoki ongi oinarrituta, parametro marxistetan, nire ustez. Nazionalismo mota asko daude. Espainiarra inperialista da, eta Latinamerika berriz kolonizatzen ari da. Euskal Herritik inperialismoaren aurkako munduko beste nazionalismoei begiratu behar diegu: Kubakoari, Venezuelakoari, nazionalismo Bolivarianoari. Burujabetza nazionalaren defentsari, alegia.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Independentziaren aukera demokratikoa

    Karmelo Landa
    Unibertsitateko irakaslea
    2010-05-02.Berria

    Herri guztien eskubidea da independentziarena. «Ez dut ezagutzen independentziaren hautua egin eta gero, berriro ere atzera jo eta lehengora itzuli den herrialderik», esan zidan Janez Drnovsek, Esloveniako lehen ministro izan zenak, 1992. urtean, garaian europarlamentarioa nintzela, Ljubljana hiriburuan hartu ninduenean. Kontuan hartzeko oharra iruditu zitzaidan orduan. Independentziara heldu berria zen Eslovenia, 1991n, Jugoslaviatik banatzeko alde bakarreko erabakia hartu ondoren. Une estuak ere bizi izan ziren, armada jugoslaviarrak interbentziorako mehatxuak eta mugimenduak burutu zituenean, baina estualdi hura ez zen hamar egun baino gehiago luzatu, eta, azkenean, independentziaren bidea zabaldu zitzaien aurrean esloveniarrei, 1992 hartatik aurrera, baikortasunean darraiena.

    Arretaz begiratzen genituen euskaldunok Europako ekialdean orduan gertatzen ari ziren independentzia prozesuak, ordura arte aldaezinak ziruditen Estatu indartsuen barnean sortzen ari baitziren, eta sarritan Estatu horien nahiaren aurka eta alde bakarreko erabakiz. Hala izan zen Lituanian ere, 1990ean independentzia aldarrikatu zuenean. Armada sobietarraren interbentzioak ezin izan zuen luze iraun eta, hor ere, independentziarako bidea libratu egin zen, oztopoen gainetik, lituaniarren gehiengoak hala erabaki zuelako. Vytautas Landsbergis presidente izan zenarekin bildu ginen Estrasburgon 1992an, artean Lituania Europar Batasunean sartu ahal izateko ahaleginean zebilela, eta luze eta zabal azaldu zigun independentzia prozesuan azaldutako arazoak nola ari ziren ekiditen, herriaren mobilizazioari eta prozedura demokratikoei esker.

    Urte berean aldarrikatu zuen Eslovakiak estatu burujabea, eta Bratislava hiriburura abiatu ginen gu, bertako prozesua hurbiletik aztertzeko; interes berezia zuten Europako parlamentuko ordezkaria eta bere taldea hartzeko, eta zehatz-mehatz azaldu ziguten independentziarako bidea, kasu honetan aurreko estatuko alde biek adostua. Baina sortu berri ziren estatu independente estreinatu hauetako biztanle guztiak ez zetozen bat, logikoa denez, hasiera une haietan bederen, hartutako bidearekin, eta hori erabakitzeko, kasu guztietan, erabaki demokratikoak hartzea eta gehiengoarena errespetatuz, baina era berean, gutxiengoan gelditzen zirenen estatus indibidual baita taldekoa ere norbere eskubideen arabera bermatzea zela modua adierazi ziguten. Ikasitako guztia ondo gorde dugu guk, eta ordutik pasa diren urteetan baieztatu ahal izan da esloveniarrek, lituaniarrek eta eslovakiarrek hor dihardutela aurrera beren bidean, hiru estatuak sartu zirela 2004. urtean Europar Batasunean, eta arazoak arazo eta lorpenak lorpen, historia propioa burutzen ari direla.

    Independentzia aldarrikatu eta estatu propioa antolatzea ez da izango, beharbada, ezinbesteko baldintza edozein herrirentzako, eta izango dira antolaketa-modu federalean edo bestelakoetan, estatu konpartitu batean, beste herriekiko harmonia egokian bizi direnak. Baina historiaren irakaspen argia da, zenbait kasutan, herri bati, askatasunean eta errespetuan bizi ahal izateko, ez zaiola independentziaren aukera besterik gelditzen, eta horixe izaten dela, independentziarena, hain zuzen, herri izaten jarraitzeko daukan aukera koherente bakarra. Orduan, aukera hori, gehiengoaren erabakiz eta legitimazio demokratikoz hartzen baldin badu, eta herri horretan diren herritar guztien eskubideak errespetatzeko konpromisoa hartu eta betetzen badu, baita bide horrekin ados ez diren herritarrena ere, orduan autodeterminazioaren praktika demokratikoaren ondorio legitimoa izango da independentzia. Uste dut inori ez zaiola burutik pasa ere egingo, dagoeneko, esloveniarrei, lituaniarrei edo eslovakiarrei jarrera totalitarioa leporatzea, herri bezala bizirik irauteko une hartan zuten aukera koherente bakarra egin eta independentziaren bideari ekin ziotelako.

    Euskal herritarrok ere halako ataka batean aurkitzen gara une honetan: autodeterminazio eskubidea praktikan jarri beharrean aurkitzen gara, eta hori egitean, ene uste apala da, ikusiak ikusita eta ondo pentsatuta, independentziaren aukera da, gurean ere, aurrera begira har dezakegun jarrera koherente bakarra. Ez dut, noski, horrekin ukatzen beste herritar batzuek beste jarrera koherente batzuk badirela pentsatzea, formula federaletan edo bestelakoetan, baina gustatuko litzaidake, horrela bada, bide horien berri emanez erantzutea, eta ez deskalifikazioen bidez, tamalez independentziaren aukera aipatzen dugun bakoitzean gertatu ohi den legez. Horixe baita demokraziaren funtsa: aukera zehatz desberdinen artean hautua egin ahal izatea, alde bakoitzak berearen koherentzia defendatuz. Orain arte, bederen, plaza publikoan agertzen zaigun bestelako aukera, hori bai bakarra, indarrean dagoena da, autonomien estatua deitua hegoaldean, eta jakobinoa iparraldean. Niretzat daukat Espainiar eta Frantziar estatuek euskaldunoi ezartzen diguten formula zaharkitua dela, eta ez diela Euskal Herriaren moduko herri batek dauzkan nahi eta beharrei modu positiboan erantzuten. Egunetik egunera nabarmenagoa da estatu espainiarra den egitura handi zaharkitu horren krisia, eta une honetan menpean gaituen hainbat nazio eta herritarri oztopo eta traba egiten digu gure garapenean, oinarrizko eskubide demokratikoak ukatuz, geure garapen ekonomiko eta soziala kaltetuz, eta euskal herritarrok bestelako etorkizuna antolatzeko aurkezten diren aukera eta alternatibak debekatu eta legez kanpoko bihurtuz.

    Independentziarako bidea ez da Europan aspaldiko kontu zaharra. Une honetan ere badira bide hori modu demokratikoan urratu berri duten edo hasi nahi duten herriak, tartean Kosovo, Eskozia edota Flandria. Konpromiso zabala lortu behar dugu euskal herritarrok, eskubide zibil eta politiko guztien bermean eta herritar guztien eskubideak gordeta, geure etorkizunaz aukera librea egin ahal izateko. Aurkeztuko diren guztien artean, independentziaren aukera egitea komeni zaigula uste dut, ikusiak ikusita eta bizi izan duguna bizi ondoren, horrek bakarrik eskaintzen digulako etorkizun libre eta baketsua izateko garantia betea. Oztopoak oztopo eta kosta ahala kosta, lortuko dugulakoan nago ni.

Leave a Reply