“BURUTIK PLAZARA” HITZALDIAK

By • Apr 25th, 2010 • Category: Maitasuna Proiektoa

“BURUTIK PLAZARA” HITZALDIAK:
UEU ETA ZENBAT GARAREN ELKARLANA

UEU Udako Euskal Unibertsitatea eta Bilboko Zenbat Gara kultura elkartea euskalgintzan aspaldidanik diharduten erakunde ezagunak dira. Lan handia egina daukate biek, zeinek bere arloan, euskaldun jendeari euskaraz bizitzeko esparruak eskaintzen eta bere burua trebatzeko aukerak ematen. Bien ibilbide luze paraleloek aski fruiturik eman dute denboraren buruan, eta gaur egun euskaldunen onarpena jaso dute bai batak eta bai besteak.

Eta ibilbide paralelo horretan, oharkabean izan bada ere, beren jardun guztietan antzeko ezaugarriak garatu eta finkatu dituzte UEUk eta Zenbat Garak. Ezaugarri horien artean, labur zurrean esanda, euskararekiko guztizko konpromisoa aipatu beharra dago aurren-aurrenik, baina baita jendeaganako hurbiltasuna, beren egitasmo eta ekimenen dinamikotasuna eta beren izaera parte hartzailea ere.  Ahaztu gabe gizartearekiko ardura eta erantzukizunetik abiatzen direla biak eta horrek, berez, elkarlana bultzatzera garamatzala.

Hain zuzen ere, gizartearekiko erantzukizun horretatik abiaturik, elkarlanerako esparru bat zabaldu berri dugu Burutik Plazara deritzan egitasmoaren bitartez. Izenak berak iradokitzen duenez, hitzaldi ziklo honen bidez foro zabal bat sortu nahi genioke pentsamenduari, euskaldunon gogoetek plaza egokia izan dezaten, beti ere gizartea hobetzeko ahaleginetan, arazo bakoitzaren muinera joz eta, ahal den guztietan, irtenbide egokiak proposatuz. Gauzak horrela, hainbat gai izango dira mintzagai eta eztabaidagai Bilboko Kafe Antzokian Burutik Plazara hitzaldi sorta honen baitan: gizartearen hazkundearen larregizko abiadura, gure kulturgintzaren norabideak, emakumearen kezka eta planteamenduak, hurbileneko hirigintza, eta beste.

Eta elkarrekin gogoetan hasteko lehenengo data jarrita dago dagoeneko: apirilaren 27an izango da, arratsaldeko 20,00etan. Goi mailako hizlari bi –Imanol Galfarsoro eta Ander Iturriotz– Joxe Azurmendiren pentsamenduaren inguruan arituko dira, gerora solasaldi giroko eztabaidari bide emateko.Esan gabe doa hitzaldi hauek interesa duen orori irekita daudela. Beraz, ongi etorria ematen diegu gurekin batera Burutik Plazarako bidaia interesgarri hau egin nahi duten lagun guztiei.

[Eragilea & ahal dudanean,) pentsalaria]
Email this author | All posts by

One Response »

  1. http://es.noticias.yahoo.com/5/20100426/tlc-euskadi-ueuk-eta-zenbat-gara-kultur-760ce4b.html

Leave a Reply