Tautologiak (III): Jainkoa da Legea

By • Apr 26th, 2010 • Category: Uncategorized

Domingo (de) Ag(u)irre apaizaren Garoa eleberrian, Joanesek zera esaten dio, ezkontzera doan bere seme Juan Andresi:

Baita zu ere, ona izango altzera, seme. Adi zazu aitaren esana nere mendetik zoazkitan orduan. Gaurtik aurrera lan berriak izango dituzu ta orain artean baño lan andiagoak, baña ez ikaratu: Bildur bat bakarra izan behar du gizonak: Jaungoikoarena. Itxaropen bat: Jaungoikoagan.

Kresala liburuan, berriz, narratzaileak horrela darraio Txanogorrik D. Jose Antonio Indianoarekin izandako elkarrizketaren giro bortitza laburtuz, azken honek uko egin nahi baitio alaba Mañasirekin elizan ezkontzeari:

Txanogorrik azkenengo itzak bero eginda esan zituan. Etzan jakituna gure arrantzalea, baña bai bihotz zindoaren jaubea; epeltxoa zan, baña siniste onekoa, Jaunaren bildurrean azia, Elizearen lege ta asabien oitura zarren alde bere bizitzea emongo eukean gizona.

Garoa eta Kresala liburuetatik hartutako bi aipamenek, ezkontza-tratuak dituzte ardatz. Izan ere, bietan aita-ren zeresana nagusitzen da garaiko gazte eroak biziaren ildo zuzenetik bideratze aldera. Hala ere, gaztaroan ezkontzekin datorren etxetik aldegin behar zein bizi aldakuntza itxurakoak baino, abentura eta bidaiaren nolakotasuna askoz ere aipagarriagoak dira. Zentzu honetan, berdin da Juan Andresek Azkarraga hurbilean amaitzen badu, eta berdin Iñaziok bideak egitera joatea-k Gastelerrira badarama; eta, zentzu berean, berdin da  Indiano asko bidaiatu-asko ikasiaren insolentzia harroa (zuek ezer eztakizue, ta nik ostera asko ikusi eta asko ikasi dot) edota aberastasuna (-A gizagaxoa! Olango Aitaren semea izanda beteko jatsu zuri patrikarea). Berdin da, hain zuzen ere, Joanes aita zuhurra Atzerri otsoerri dela jakinaren gainean baitago, eta berdin-berdin baitaki beltz guztiak eztirala ikatzak eta zuri guziak iriñak ere ez! Bere apaltasun osoan, beraz, Joanez aita zuhurrak ondo asko daki jakin, lekutasuna, azken finean, garrantzirik gabeko kontingentzia hutsala dela. Azken finean, izan ere, erantzuna zera dela: Jainkoak sortzen duen bildurra eta ematen duen itxaropena direla medio, ez dago zertan ikaratu beharrik mundu honek erreparatuko duenarekin.

Paraleloki, Txanogorri zintzoak bere alabaren ezkontza bertan behera uzten duenean, oso ondo daki Jaungoikoagaz aserratutea baino nahiago duela bizi erosoaren aukera galtzea, bizi honetan merezi duen ondasun (abentura) bakarra umiltasun osoz onartuz (Beti gura neuke Jaungoikoagaz ondo bizi). Eta aukera honen efektu desetabilizatzailea argia da: Txanogorrik Indiano asko ikusi-ikasiaren insolentzia eta harrotasuna (iQué intoleransia!- ziñoan eskillaretan bera -iInsibilisaus! iastokillos!) ahozabalaren indolentzia koldar-geldo bilakaerazten du (Hemen eztago gauza onik abade guztiai lepoa kendu ta eliza guztiak itxi artean. Neuk albaneu…).

Hasiera batean, kasu honetan, oposaketa nagusia ematen da beste munduko Jainkoaren legearen (beldurra eta itxaropena) eta mundu honetan lege jainkoitiar horren ez-betetze edo transgresioaren artean (aberastasun materiala, lepoa moztu, elizak itxi). Hala ere, momentu erabakiorra ematen da  ondasun material posible guzien parean, ondasun bakarra, lurrean bertan, Jainkoarena dela ohartzerakoan (Antiguako Amari eskerrak emon bearrean egozan, otsoari belarriak agertu eragin eutsalako). Ondasun materialak esku-eskuetan bertan izanda ere (alaba Mañasiren ezkondu ezarekin euren ames-jauregi gozoa goi goitik bereraño etorri jakoen) ondasun materialen legea ez-betetzean datza abentura nagusia (baña ez zan ardura, zerua etzan jausiko).

Ondorioz: munduan ibilitako diasporako abenturari aberats harroputzaren arruntkeria hutsalaren parean (Indianoak judioa edo olangoa izan biar eban. Jesus, Jesus milla bidar!) zibilizatua izan euskaldun fededun insibilisau bera da (epeltxoa baña siniste onekoa), eta berarena abentura bakarra: Jainkoaren alde bere bizitzea emongo eukean gizona!

Erreferentziak

Agirre, Domingo, Kresala, Arantzazuzko Frantziskotar argitaldia, 1984.

de Aguirre, Domingo, Garoa, Arantzazuko Frantziskotar Argitaldia, 1983

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

Leave a Reply