Joxe Azurmendi: biografia eta pentsamendua.

By • Apr 24th, 2010 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, Gipuzkoa, 1941eko martxoaren 19a – ) euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta da. Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta orokorrean filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko eta asko plazaratu ditu. Jakin irakurgaietako zuzendaria izan da, orain arte bere zuzendaritzapean 40 liburu atera dituelarik argitaletxeak. Hala nola, Klasikoak editorialaren filosofiako euskarazko itzulpenetan lagundu izan du. Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, halaber; eta EHUko irakaslea da. 2010ean Ohorezko Euskaltzain izendatu zuten. Finean, askoren iritziz Joxe Azurmendi Euskal Herriko pentsalari emankor eta eruditoenetakoa da.

Eduki-taula

1 Biografia

1.1 1960ko hamarkada

1.2 1970eko hamarkada

1.3 1980ko hamarkada

1.4 1990eko hamarkada

1.5 XXI. mendea

2 Pentsamendua

2.1 Germaniar filosofiaren eragina bere pentsamenduan

2.2 Marxismo ortodoxoari kritika eta zientzia berrien ekarpenak

2.3 Dogmatismoa eta metafisika espainola

2.4 Gizartearen gogoeta

2.5 Etika

2.6 Erlatibismo erlatibo bat

2.7 Euskal Herriko autoreen pentsamenduaren berreskurapena

3 Sariak

4 Bibliografia

4.1 Saiakera

4.2 Poesia

5 Erreferentziak

6 Kanpo loturak

Joxe Azurmendi Otaegi gaztea zela Zarautzen fraideetara sartu eta Nafarroako Erriberrin, frantziskotarren baitan, filosofia ikasi zuen. Villasanteri Axularren Gero espainolezko itzulpena egiten lagundu eta euskal literatura klasikoarekin lehenengo ezagupidea hartu zuen. 1959 eta 1960 urteetan, Arantzazura joan zen. Bertan Frantziskotarren eskolan Teologia ikasi zuen. Urte batzuk berantago, 1964an, Foruan (Bizkaia) latin eta euskarazko literatura irakatsi zuen. 1965ean erbestera ihes egin zuen: Frantzia, Alemania, Finlandia, Hungaria eta Italia ibili zituen bere “bohemio bidean” eta urte bereko udazkenean, azkenik, Erroman finkatu zen[1]. Urtebeteko Teologia ikastaldia egin zuen bertan, segidan ikasketak Westfaliako Münsterren (Alemania) jarraituz. 60. hamarkada hasieran, Jakin aldizkaria mugimendu kulturaleko lankide berria bihurtu zen. Bertan argitaratu zituen bere lehenengo artikulu laburrak. Aldizkari horretako zuzendaria zen Francoren Gobernuak hori lehenengo aldiz debekatuko zuenean. Aldizkaria berriz sortu zenean lankide izaten jarraitu eta inoiz ez dio bertako partaide izateari utziko. Artikulu ugari plazaratu izan ditu bertan ordutik.

60. hamarkada

Hainbat eta hainbat artikulu egin zituen Jakin aldizkarirako. Lehenengoa, 1960an bertan, “Bergson’en problema” izan zen. Artikulu guzti horietan askotariko gaiak landu zituen: marxismoa eta ortodoxia, kultura, erlijioa, poesia, literatura eta identitatea izango direlarik gai zentralak. Bere garaiko dogmatismoaren kontrako borrokan, Frantziako 68ko Maiatzeko erreboltak gertatu eta urte bat beranduago, komunismoari gogorarazten zion “Xixtimak hil dir(el)a”[2] eta baita ere darwinismoaren, soziologiaren eta psikologiaren ekarpenak hor daudela eta ezin zaiela muzin egin. Ezkerreko zein eskuineko dogmatismoaren kontrako borrokak bere bizitza eta obra guztia zeharkatuko du, beraz.

70. hamarkada

Hitz berdeak

1971n Hitz berdeak (E.F.A., Editorial Franciscana Aranzazu) poesia liburua idatzi zuen, bere poesia liburu bakarra izango dena. Dena den, Susa argitaletxeak 1990ean Hitz berdeak liburuan zegoen eta zentsurak debekatu zuen Manifestu Atzeratua poema –saiakera kutsua ere baduena– argitaratu zuen. Hitz berdeak publikatu ondoren 1969an idatzitako Hizkuntza, etnia eta marxismoa (Euskal Elkargoa) liburuak argia ikusiko zuen 1971n. Bertan, abertzaletasuna eta marxismoa elkarren kontra jartzeko joera aztertuko du. Liburuak, “euskal arazoiari marxismotik haina begiratu dio marxismoari berari euskal arazotik, marxismoa bere prinzipioetarainoxe, bere izari historiko nahiz barne egiturazkoetaraino zulatuz eta berpentsatuz”. Urte bat berantago, Kolakowski (E.F.A., 1972) argitaratu zuen, Joseba Arregirekin batera. Bere garaiko marxismoaren dogmatismoa eta metafisika kritikatu zituen bertan. Urte horren bueltan, berriz, Kultura proletarioaz (E.F.A., 1973) idatzi zuen. Lan horretan, 1917tik 1921era arte nagusi izan zen mugimendu proletkulturala aztertzen du, hau da, iraultzagile sobietarren hegal ezkertiar erradikalek osatzen zutena. Hortik bi urtera Iraultza sobietarra eta literatura (Gero-Mensajero, 1975) liburua argitaratu zuen literaturari buruz, begi bat Errusian eta bestea Euskal Herrian zuela. Kultura proletarioaz eta Errealismo sozialistaz liburuekin batera trilogia bat osatzen du azken honek.

Urte horretan bertan aterako zen geroago polemikoa izango zen Gizona abere hutsa da (E.F.A., 1975) liburua. Bere lagunek Lazkano Mendizabal izenpean argitaratu zuten. Gainera, liburuan aurkezten den tesiak zentsuratua izateko arrisku handia zuela ikusita, obran defendatzen ez den tesi baten laburpena ipini zuten sarrera gisa. Lanean Lorenz etologoaren ekarpenak lantzen dira eta bere garaiko pentsamendua (eta marxismoa zehazkiago) garaiko zientziaren erronken mailan ez dagoela kritikatzen da tesi sinple bezain gogor batekin: gizakiaz dakigun gauza bakarra abere hutsa dela da. Hurrengo bi urteetan berriz ere polemikoak izan ziren bi liburu argitaratu zituen: Zer dugu Orixeren kontra? (Jakin-E.F.A., 1976) eta Zer dugu Orixeren alde? (Jakin-E.F.A., 1977). Lehen liburuan Orixe nola baztertua izan zen aztertzen da, hala nola, ahaztura horren arrazoiak. Bigarrenean, aldiz, “Orixeren alde onak haizatu ordez, irakurlea eta Orixe idazlea elkarrenganatzea bilatzen du” zegamarrak. Oraindik, 80. hamarkada heldu artean, sei liburu gehiago publikatu zituen. Lehena, Artea eta gizartea (Haranburu, 1978) izan zen. Bigarrena, Errealismo sozialistaz (Haranburu, 1978) deiturikoa, autoreak dioen bezala Kultura proletarioaz liburuaren jarraipena dena. Bertan, historiarik gabe erabiltzen diren kontzeptuak historian sartzen ahaleginduko da militantzian eztabaidak hobetzeko eta elkar ulermena sendotzeko asmoarekin. Mirande eta kristautasuna (Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, Irun Hiria sariaren irabazlea, 1978) izan zen hurrengoa. Bertan, Miranderen gainean ditugun aurreiritziak kentzera deitzen digu. Liburuan, “kristau ofizial zen gizarte batean, Mirande nola altxatu zen”[3] azaltzen saiatzen da zegamarra.

80. hamarkada aurretik publikatuko zituen azken liburuak, hurrenez hurren, Arana Goiriren pentsamendu politikoa (Hordago–Lur, 1979), Nazionalismo / Internazionalismo Euskadin (Hordago-Lur, 1979), eta PSOE eta euskal abertzaletasuna (Hordago–Lur, 1979) izan ziren. Azkeneko liburu hauetako batzuk 70. hamarkadako hasieran idatzi ziren nahiz eta urte batzuk geroago argitaratu. Haiek idazteko motiboa hauxe zen: “militantziak behar omen zuen oinarrizko literatura apur bat eginez joateko euskaraz.”[4] Trilogia bat egitea zen asmoa, Arana Goiri eta abertzaletasun sozialista, PSOE eta euskal abertzaletasuna eta Sozialismo abertzalea eta nazio arazoa. Trilogia hori eskuan zuela 1974ko udan klandestinoki Baionara (Lapurdi) joan zen fronte kulturala aktibatzeko asmoarekin. Aktibazioa, ordea, asmo on hutsean geratu zen, berak esaten duenez, “sekula funtzionatu ez zuen lau fronteen eskema harekin…”. Fronte kultural honek behar batzuei erantzun nahi zien: “nazioa zela, sozialismoa zela, klaseak eta internazionalismoa zela…” eztabaida ugari zegoen Euskal Herrian. Erantzun bat eman beharra zegoen dibulgazio mailan. Testuinguru horretan ulertu

Kultura proletarioaz

behar dira Azurmendiren azken liburu hauek ere, hala nola garai berdinean atera ziren Marx eta Nazioa (Garate, 1972), Iraultzaz (Torrealdai, 1973) eta aurretik aipatutako Joxe Azurmendiren beraren Kolakowski eta Kultura proletarioaz. Euskararekiko bere kezka ere agerian dago urte hauetan. 1978an horrela hitz egiten zuen 70. hamarkadako lehen urteei erreparatuz: “Neu ere harrituta geratzen naiz orain, lehen liburuki honetan, esate baterako, hizkuntzari eta, zenbat begiratzen zaien, ikustean. Gauzak asko aldatu dira urte gutxitan. Oraingo planteamendu politikoetan leku gutxiago eman ohi diogu euskarari.” Euskararen aldeko borrokak bere obra guztia markatuko du. Euskaraz idatziko baititu bere obra guztiak, bere pentsamendua zabaltzeko hori oztopoa izango dela jakinagatik. Dena den, euskara eta herria bere obraren aurretik jarriko ditu beti, euskal kulturaren aldeko militantzia izango delarik bere hautua.

80. hamarkada

Joxe Azurmendi

80ko hamarkada hasieran, Frantziskotarren anaiartea utzita, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) hasi zen lanean irakasle moduan. 1984an bere tesi lana aurkeztu zuen -Víctor Gómez Pínen zuzendaritzapean-, Arrasateko (Gipuzkoa) mugimendu kooperatibistako fundatzailea den Jose Maria Arizmendiarrieta apaizari buruz, hain zuzen. Haren proiektua gizakia eta gizartea batzeko proiektua zela esan zuen, sozialismoa eta pertsonalismo frantsesa batzen zituen gizarte antolamendu berri baterako proiektu berri bat legez deskribatuz. Hamarkada honetan Jakineko zuzendari lanak eta EHUko irakasle lanak partekatuko ziituen.

90. hamarkada

1990 baino urte bat lehenago Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan (Susa, 1989) argitaratu zuen. Jon Miranderen pentsamenduaren zutabeak hobe ulertzeko, haren maisuek Miranderengan izan zuten influentzia aztertu zuen bertan. Berak dioenez, “Ziur nago, Miranderen egungo irakurle eta adiskideei, egunen batean Schopenhauer, Nietzsche eta Spengler hobeto ezagutzen badituzte, Mirande berri eta harrigarri bat argituko zaiela”[5]. 1991. urtean, urte bi beranduago beraz, Gizaberearen bakeak eta gerrak (Elkar, 1991) argitaratu zuen, Gizona abere hutsa daren jarraipena izan nahi zuena. Aurrekoan gizakiaren animaltasuna aztertzen bazuen (hala nola agresibitatearen problema), oraingo honetan, Modernian nagusi izan zen natura/kultura dualismoarekin apurtzera dator, diferentziak kulturan bakarrik ez, naturan ere ematen direla esanez. Liburuan, Modernian ematen zen dualismo hori ezabatu nahi da, kultura ere naturala dela adieraziz. Horretarako, garaiko zientziaren ekarpenak ekarri zituen gure artera.

Demokratak eta biolentoak

Urte bat berantago, bere obrarik ospetsuena eta salduena bilakatuko den Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1992) idatzi zuen. Paradoxikoki, liburuaren proiektua 1976an abiatu izanagatik, gaurkotasun osoa izan zuen. Sánchez Albornozen testu baten harira hasi zen liburua idazten Azurmendi. Honelaxe dio: “Los vascos son los últimos que se han civilizado en España; tienen mil años menos de civilización que cualquier otro pueblo… Son gentes rudas, sencillas, que ademas se creen hijos de Dios y herederos de su gloria. Y no son mas que unos españoles sin romanizar.” Liburua, autorearen pentsamenduaren obra garrantzitsuena ez den arren, halaxe hartua izan da, beste liburu guztiak honen azpitik jarri direlarik. Obran zehar, XVI. eta XVII. mendean “intelektual” espainiarrek euskaldunei buruz zituzten topikoak desmuntatu nahi ditu. Euskal kulturaz (eta beraz, hizkuntzaz) euskaldunek duten kontzientzia eza kritikatuko du baita ere. Urte batzuk beranduago, 1996an hain zuzen, gaztelaniaz atera zen Los españoles y los euskaldunes (Hiru) izenburupean. Salmenta handiak lortu zituen liburuak, generoan ezohikoak zirenak ordura arte. Ondoren argitaratu zuen liburua Demokratak eta biolentoak (Elkarlanean, 1997) izan zen. Hainbat urte aurretik Jakin aldizkarirako egindako artikuluak batu eta publikatu egin zituen liburu bakar batean Xabier Mendigurenek. Liburua galdera batekin hasten da: “Zer zarete zuek lehenago: abertzaleak ala demokratak?”. Bertan, besteak beste, demokrazia funtsatzen duen gehiengoaren (arrazoi bihurtuta) kritika egingo du Azurmendik, Miranderen eta Nietzscheren pentsamenduez baliatuz batik bat.

1998an Teknikaren meditazioa (Kutxa, 1998, Irun hiria saria) idatzi zuen. Bertan, teknika berriek ekartzen dituen erronka etiko eta filosofikoak planteatzen ditu kritikoki, horretarako teknikaren inguruan idatzi duten autore garrantzitsuenen pentsamenduak azalduz. Karlos Santamaria pentsalari euskaldunaren ideiak erabiliko ditu batez ere. Oraindik ere, urte berean Oraingo gazte eroak (Luma, 1998) argitaratu zen. Bere liburu guztiak bezalatsu, dogmatismoaren kontrako obra dugu hauxe ere. Dena den, liburuak 60. hamarkadako kultur giroa aztertzen du Nemesio Etxanizen pentsamendutik abiatuz. Obran zehar, aurreko kultur giro hori gaurkoarekin konparatzen da, aditzera emanez garai berdintsu batean gaudela: “1964ean <25 años de paz> ospatu zela, goi goitik. Eta astia daukanak estudiotxo bat egin lezake nola ospatu zen, eta zer esaten zen bakearen santuaz eta bizitzaren sakratuaz eta aurrerapen ekonomikoaren sakrasantuaz orain bezalaxe. Eta orduko kazetariek, profesional hutsak zirenek, oraingoak bezalaxe, eta besterik ez, Diario Vasco eta El Correo Español-en zer idazten zuten, profesionalen objektibitate huts – hutsarekin…”[6] Liburuari egindako lehenengo kritikek ETA ez omen zuela aski kritikatu leporatzen zioten. Horrelaxe erantzun zuen: “Norbaitek objektatu nahi balit, beraz, zergatik ETA ez dudan berdin kritikatzen: hor ETAk ez duelako parterik, Estatuaren peko domeinua da hori”[7]. 1998an Elkarrik egin zion elkarrizketa batean argi utzi zuen bere posizioa berriz: “Justizia eskuan daukanari eskatu behar zaio justizia egitea”. Bere posizioa, errealitatearen elementuak aldez aurretik ukatzea baino, haiek onartuz “errealitatea” pentsatzea izan da.

Urte bat beranduago Euskal Herria krisian (Elkarlanean, 1999) publikatu zuen Elkarrek. Hemen hiru artikulu biltzen ditu: lehena, etikaren gaineko hausnarketa bat da. Erlatibismo erlatibo bat defendituko du bertan, egin duen etikaren gaineko hausnarketa sakonetariko bat plazaratuz. Bigarren artikuluan, Alain Finkielkrauten La defaitée de la pensee liburuaren kritika bat dator, erromantizismo alemaniarra oso gaizki –edo, batere ez– ulertu duela kritikatuz. Azken artikulua, Ernst Jünger filosofo alemaniarra EHUn Doctor Honoris Causa izendatu izanaren kritikatik abiatzen da.

XXI. mendea

2003an Etienne Salaberry. Bere pentsamenduaz (1903-2003) argitaratu zuen EGAN argitaletxearekin. Salaberry filosofoaren pentsamendua aurkeztea izango da Azurmendiren asmoa, honen testuen irakurketa edo interpretazio bat eskainiz.

EHUko irakasle izaten jarraitu zuen urte hauetan guztietan, zenbait ikasleren Tesien zuzendari izanez. Bere obrak, ordea, goreneko maila erdietsi zuen ondorengo urteetan aterako zuen Trilogia handiarekin. Bere pentsamenduaren muinak azaltzen dituen hiru liburuz osatua dago: Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua (2007, UEU), Volksgeist. Herri gogoa (2008, Elkar) eta Espainiaren arimaz (2006, Elkar).

Trilogiako lehen liburuan (Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua) hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko harremanaren auzia dago oinarrian – “hortik jalgi da herri bat oroz gain hizkuntza edo kultura bat delako ideia. Gai hau modernian zehar eta batez ere Humboldten obran aztertzen da.” Hizkuntza eta pentsamendua Humboldt-en aurretik eta gaur egungo filosofian (Kant, Herder, Humboldt…), antropologian (Cassirer, Sapir, Whorf…) eta zientzia kognitiboetan (Pinker, Fodor,…) ere begiratzen da.

Volksgeist. Herri gogoa.

Volksgeist izan zen trilogiako bigarrena. Bertan kontzeptua bera sakonean aztertuko du, sorreratik hasita (Hegel), kontzeptuaren formulazio berrietaraino. Kontzeptua euskal abertzaletasunaren kontra erabili dela ikusita, Azurmendiren asmoa pentsalariok Volksgeista gaizki ulertu eta erabiltzen dutela salatzea da. “Bere tesi nagusia honakoa da: auzia ez dago Volksgeist kontzeptuan, baizik eta kontzeptu honen ulertzeko moduan. Alegia, jatorrian (Herder, Hegel, Savigny), Volksgeistak ez du zerikusirik inolako planteamendu arrazista eta esentzialistekin, kontrakoa baizik, hizkuntzaren gaitasun autokreatzaile eta, beraz, antiesentzialista seinalatzen du.”[8]. Liburuan, gaur egun pil–pilean dauden gaiak aztertzen dira: modernitatea (ilustrazioaren eta erromantizismoaren arteko harremana), nazionalismoa, arrazismoa, zientifismoa… baina paradoxikoki, posmodernitateko autoreak erabiliz baino, modernitatekoak.

Trilogiako azken liburua, Espainiaren arimaz, “Espainiaren gaia, Espainia arazo gisa, Espainiaren gaitza…” haren metafisika aztertzen du. XIX. mende osoan eta XX.eko gehienean bertako intelektualen problema izan da. Azurmendik Unamuno zein Ortega y Gasset, Menéndez Pidal nahiz Menéndez Pelayo, Madariaga, Sánchez Albornoz, Ganivet, Baroja, eta abar gehiagoren Espainiari buruzko gogoeten kritika bat egiten du. Berak dioenez, hauen guztien berezitasuna, “ez da Espainiaren egoeraz eta geroaz kezkatzea, ardura horrek hartzen duen modua baizik: herriaren esentzia bilatu nahi dute denek, nazioaren arima, arrazaren jeinua, aberriaren izpiritua… historian agertzen dena baina historiaz aurrekoa dena, berezkoa eta aldaezina, izate material baina aldi berean metafisikoa, Estatua eliza bihurturik, ideario politiko bat erlijiozko fede, bere dogma eta inkisizio guztiekin.”. Beraz, hispanitatearen pentsalari eta apostoluen idazkiak aztertu ditu, eta agerian utzi, “bera nor izateko beste batzuk menpean eta zanpaturik behar dituen herri baten ideologia beti inperial eta maiz aski arrazista”.

Azken egunak Gandiagarekin

Azken egunak Gandiagarekin izan da publikatu duen azken liburua. Bere libururik pertsonalena dela esan daiteke. “Abiapuntua ez da edonolakoa: Bitoriano Gandiaga, poeta paregabea, Arantzazun fraidekide izana eta lagun bihotzekoa hiltzera doa. Hari bisitan joan eta, ezinbestean, adiskidearen bizitza eta lanak, izaera eta heziera, nahimenak eta sinesmenak hasi da errepasatzen, eta bere buruarenak ere bai. Bertan, bere lagun Gandiagarekin solasaldia aurkezten digu, Gandiagaren munduaz, kristautasunaz, fedeaz, … pentsatuz. Meditazio anitz topa ditzazkegu liburuan, sineseteaz, fedeaz, Jainkoaz, Eliza berria bihurtu den Estatuaz, teologiko bihurtu den ateologia batetaz, eta abar gehiagoz”, Azurmendiren hitzetan.

Pentsamendua


Bere pentsamendu guztia “pentsamendua eta kontzientziaren askatasunaren defentsa bat izan da”, askoren iritziz. Esan behar da, krisi garai batean jaio eta bilakatuko dela bere obra guztia. Eta hain justu ez da izango bere obraren funtsa krisi horretatik atera nahi izatea, aitzitik, krisian nola bizi pentsatu nahi du berak. Moderniak utzi digun fundamentu finkorik gabeko gizartean oraindik zutik dirauen ondare metafisiko eta dogmatiko ororekin bukatu nahiak markatuko du bere pentsamendu guztia, beraz. Eta haren pentsamenduaren fase guztiek zeharkatzen duten dogmatismotik ihes egin nahi hori, askatasunera ihes bat besterik ez da izango. Askatasun hori esparru desberdinetan borrokatuko duelarik.

Germaniar eta euskal filosofiaren eragina bere pentsamenduan

Joxe Azurmendiren pentsamenduan filosofia germaniarrak eragin handia duela baiezta daiteke. Hizkuntzaren alorrean, nabaria da Heideggerren, Wittgensteinen, G. Steinerren eta Humboldten eragina. Hizkuntzaren ugaritasunaren eta batasunaren problema pentsatzea filosofiari planteatzen zaion arazo bat da. Horrek bete betean Humboldt harrapatuko du. Eta Azurmendik, Humboldten pentsamenduak alor honetan gaurko linguistikaren eta biogenetikaren ekarpenekin uztartzen saiatuko da. Disziplinartekotasunaren ideia azpimarratuz beti.

Kolakowski

Moderniako metafisikaren kontrako borrokan, nabaria izan da ere Nietzschek harengan izan duen eragina. Dena den, bere pentsamendua ez da inolaz Nietzscheren kritikan geratu, haratago joan nahi izan du. Bere pentsamenduan eragin zuzena izan duen beste autore bat, beti ere dogmatismoaren kontrako pentsamenduaren ildoan, Lezek Kolakowski pentsalari poloniarra izan da. Bere obra Euskal Herrira ekartzen ahaleginduko da 1972an idatziko duen Kolakowski liburuan. Nabarmentzekoa da, halaber, Hans Albert pentsalari alemaniarrak bere pentsamenduan duen eragina. Simmel eta Kanten arrastoa ere topatzen ahal dugu askotan bere idatzietan.

Ez da ahaztu behar, Azurmendi, gaizki interpretatua izango den erromantiko alemaniarraren pentsamenduaren berreskurapenean ahaleginduko dela bere bizitza guztian zehar. Intelektual espainol eta frantsesen kontra egingo du, haiek alemaniar erromantizismoa ezer gutxi ulertu dutela salatuz. Goethe, Schiller, Herder eta Humboldt (besteak beste), faltsuki salatzen zaien nazionalismo metafisiko horretatik askatzen ahaleginduko da. Horren adibide dugu Euskal Herria krisianeko hirugarren atalean Alain Finkielkraut pentsalari frantsesari egiten dion kritika gogorra, bere liburu La defaiteé de la penseeren harira etorriko dena. Hala nola, Jakin aldizkariko ehunka artikulu, beti ere gogoratzen, nazionalismoa Frantzian sortu den “ideologia” dela. Hortxe dugu, hain zuzen, bere tesi nagusietako bat: nazioa eta nazionalismoaren ideia Frantzian (Montesquieu, Voltaire, Rousseau, Renan eta abar) sortu dela, gero erromantiko eta ilustratu alemanek beste era batera interpretatuko dutena. Horren adibide dugu Volksgeist liburu erraldoia, bere trilogiaren bigarrena. Tradizio frantziarra eta alemaniarra elkarren aurkakotzat hartzeko joera desmuntatzen saiatuko da beraz.

Bestalde, euskal pentsamendutik izan duen eragin nabarmenena, batez ere, Jose Luis Alvarez Enparantza-rena izan dela esan daiteke. Guztiz aipatzekoa da ere, Mirandek haren pentsamenduan izan duen eragina. Aipatzekoak ere, besteak beste, Orixe, Arizmendiarrieta, Nemesio Etxaniz, Salaberry, eta abar luze bat.

Marxismoa ortodoxoari kritika eta zientzia berrien ekarpenak

Euskal Herrian marxismoa pentsamendu nagusi zenean (60ko eta 70eko hamarkadetan), Joxe Azurmendik haren ortodoxiaren kontra egin zuen. Pentsamendu totalitario, dogmatiko eta hertsien kontra, hauek ezkerrekoak zein eskuinekoak izan, idatziko ditu bere lehenengo obra guztiak. Kolakowski (1972) liburuan, salatu zuen marxismoa zientzia baino fede bihurtua dagoela, denaren esplikazio bakartzat hartua izan baita. Zientziaren ekarpenak ere itsuki hartzera baino, kontuan hartzera dei egiten du, baina bere ekarpenek ez zuten oihartzun handirik izan, eta gogor kritikatu zuten. Batzuen iritziz, gaizki ulertua edo ez irakurria izan zelako gertatu zen hori. Gizona abere hutsa da (1975) liburuan, honelaxe dio:

Joxe Azurmendi

Onar dezagun gizona abere bat dela, abere hutsa. Historia guztia abere honen historia dela, bestelako promesarik gabe.Jakina: lehen arrazoimenaren, edo eta, historiaren helburu absoluturen baten esklabu bazen, ez dezagun gizona orain, natura absolutuaren esklabua bihur. Gizonaren naturak konstituzio irekia du.[9]

Joxe Azurmendi

Hemen ere antzeman dezakegu askatasunari ematen dion garrantzia, naturan bertan askatasuna txertatuz. Ikuspegi zientifiko batetik lotura suposatuko lukeela eman badezake, bere tesiak kontrakoa adierazten du. Gizakiak, natura baino, naturak dauzkala, hau da, konstituzio irekia, azpimarratuko digu. Honek, moderniatik heldu zaigun natura/kultura eskema dualistarekin -natura bakarra eta kultura anitzak- apurtu nahi du. Ideia horrek metafisika batera garamatza, eta horrekin apurtu nahi du Azurmendik.

Joxe Azurmendi

Natura eta kultura, natura eta historia, materia eta izpiritua, sintesi batetan lotzeko premia nabarmena da gure egunotan ere. Lehenagoko sintesiek ez dute balio; eta harekin segitzeak ere ez du balio. Zientzien gaurko mailari dagokion sintesi bat behar dugu. Nolako sintesia lortuko den, geroak esango du. Nolanahi ere, azterketa interdisziplinarioz bilatu beharko da soluzioa. Lehenengo, ordea, problema bat badagoela jakin behar da.[10]

Joxe Azurmendi

Askoren aburuz, gaur gaurkoa da oraindik kritika hau, Azurmendik jadanik 70eko hamarkadan botatzen zuena. Disziplinartekotasunaren ideian sakonduz, zientzia guztiak bata bestea ukatuz baino, horietako bakoitzean ematen diren ekarpen guztiak aintzat hartu eta uztartu behar direla esango du. Hain zuzen, hori izango da bere garaiko marxismo ortodoxoari egingo dion kritika. Psikoanalisiari, soziologiari, etnologiari, eta abarri kritika berdina egingo die.

Dogmatismoa eta metafisika espainola

Euskal Herria krisian

Aitzinean esan denez, dogmatismoaren kontrako borrokak markatzen du Azurmendiren pentsamendu guztia. Hainbaten ustez, Euskal Herria zapaltzen zuen/duen Espainiako kultura dogmatiko–kristau absolutuaren kontrako borroka izan da Azurmendirena, bai pertsonalki eta bai herri mailan. Horren adierazle dira hainbat eta hainbat liburu, hala nola: Euskal Herria krisian, Espainolak eta euskaldunak, Demokratak eta biolentoak, Oraingo gazte eroak eta Espainiaren arimaz. Denek kritikako puntu batean elkar egiten dute: Espainiako kultura metafisikoa da, kristau–dogmatikoa bere oinarrian. Horren adibide, maiz aipatu izan duen gaitzespen moral–politikoa da: «Euren buruan Estatuaren kontzientzia salbatzea dute, arazo kulturala da. Gaitzespen morala eskatzen dute, eragin politikoa duena. Beraz, bi maila nahasten ditugu, Estatua, kontzientzia…» >ref>Azurmendiri elkarrizketa, Berria, 2009ko azaroaren 18a</ref>. Hau da, estatua kontzientziaren esparrura sartu da. Marxek bere garaian kritikatu duen Estatu totalitario dogmatiko hori gure artean berriz dela salatzera dator Azurmendi.

Joxe Azurmendi

Ez dut biolentzia kondenatu egiten. Hautu ez biolentoa da neurea, halere, berdin zait zergatik, eta biolentziarik ez dut praktikatzen. Zein Estatuk eta San Pedrok exijitu behar dit, eta demokrata baldin bada are gutxiago, neure hautu hori beste guztientzat ere zilegizko bakarra kontsideratzea? (…) Estatuek eta politikoek ez daukate zergatik ezer gehiago eskatu, eta gutxien-gutxiena daukate zergatik nire kontzientziaren barruan ezertarako sartu.[11]

Joxe Azurmendi

Gizartearen gogoeta

Berriz ere, gizartearen eta antolamendu politikoari buruz bere obran zehar dogmatismoa akabatzen saiatuko da. Bertsio ofizialak Ilustrazio frantsesak sekularizazioa ekarri duela esan du. Azurmendik, Marxen eta Nietzscheren ildotik, Jainkoaren lekua orain Estatuak hartu duela salatuko du. Berriz ere Marxek Hegeli kritikatu dion estatu razionala nagusitu da, eta beraz, Azurmendiren ustez, horrek krisi batean gaudela erakusten du. Antolamendu politikoa arautzeko, gehiengoaren arrazoia erabiltzen da orain dogma bezala. Horixe salatzera etorriko da, Demokratak eta biolentoak liburuan batez ere. Joxe Azurmendik krisi batean gaudenaren tesia sostengatzen du. Egitura politikoen, etikaren eta gizartearen krisian gaude. Berak zera proposatzen du, krisitik ateratzea baino, irtenbidea krisian bertan bizitzen ikastea izan beharko dela. Horrelaxe dio:

Joxe Azurmendi

Hona nire tesia laburki, batere originala ez dena bestalde: hezkuntzaren eginkizuna, kulturarena bezala, balio ezberdinekin bizitzeko razionalitate eredu sozial berriak garatzea izango da gaurgero: 1) balioen beren gogoeta berri bat hain zuzen, 2) gizartearen eta libertatearen gogoeta berri baten baitan ordea, 3) elkarbizitza berri bat balioen “politeismoan” bideratzeko praktikan.[12]

Joxe Azurmendi

La violencia y la búsqueda de nuevos valores. Iru.

Etika

Nietzscherekin, mendebaldeko etika dogmetatik askatu zela uste bazen ere, Azurmendi oraindik etikaren oinarrian dauden arrasto kristau–dogmatikoekin apurtzen saiatuko da. Etikari buruz, bere obra guztian zehar barreiaturik idatziko du. Gaiari buruz espreski, 1998an ematen duen hitzaldi bikain bat dugu bakarrik oraingoz.

Erlatibismo erlatibo bat

Joxe Azurmendik krisi etiko, sozial eta politiko sakon eta konplexuan dagoen eta handik alde eginez dogmatismora ihes egiten duen kultura honetan jarrera tinko bat hartuko du: erlatibismo erlatiboarena. Hau azaldu aurretik –edo hobe, hau ulertu dezagun-, galdera garrantzitsuena hauxe da: nola egiten gaitu erlatibismo erlatiboak loturetatik (dogmatismotik) askeago? Erlatibismoa, clichétzat hartzen da egun, eta desitxuratu. Azurmendik zera gogorarazten digu: “tonto desinteresatuek eta listo interesatuek bakarrik hartzen dute[la] erlatibismo hori denak berdin balio izatea bezala. Burutsuak, zuhurtasunezko bere lanaren abiapuntu modura ulertuko dizu.”[13] Hau da, “hortik hasi beharra dago, eta horretan ez dago milimetro bat amore ematerik. Balio denak erlatiboak dira, arrazoiak ere denak erlatiboak dira. Ez dago balio absoluturik. Ongi eta gaizki absoluturik.”[14] Baina kontuz, “askotan gure hizkuntzak engainatzen gaitu: erlatibotasunak ez du balio eskasa edo inportantzia gutxi esan nahi; esan nahi du, guk ezagutzen dugun oro, kondizio batzuekin eta harreman edo erlazio sistema batean ezagutzen dugula.”[15]

Beraz –aitzineko galderara bueltatzeko– nola egiten gaitu erlatibismoak askeago? Edo –hobeto– zein loturetatik askatzen gaitu? Azurmendik arras argi azaltzen du, Grezian sofistek bultzatu zuten “dena iritzia da” doktrina (gogoratu Protagorasen lehen erlatibismo hura, adibidez) iraultza bat izan zela orduko boterearen kontra. Sofistek azpimarratuko dute boterearen fundamentuak erlatibizatuz, hauek ez direla eternalak eta testuinguru historiko –gizarte, kultura, denbora, espazio geografiko, klima, pertsona… konkretu– batean gauzatzen direla –eta beraz aldakorrak direla– (gogoratu, orain, egungo Espainiako Konstituzioko “la unidad indivisible”-ren eternaltasuna).

Galdetu genezake, ordea: zergatik ez erabili pluralismo hitza hain satanizatua dagoen erlatibismoaren ordez? Azurmendik argi du: pluralismoaren erabilpena oraindik geratzen diren arrasto dogmatikoak ezkutatzeko tranpa besterik ez da. Horregatik, boterearen kontra –probokazio gisa ere nahi bada–, erlatibismoa oso tresna eraginkorra deritzo. Botereak bere buruari ematen dion zilegitasun ahistorikoaren kontrako tresna bakarrik ez, batez ere, edozein ideia dogmatikoren kontrako ezinbesteko txertoa dugu erlatibismoa.

Hau da, mendebaldeko krisiak fundamentu gabeko gizarte batera eraman bagaitu, eta kriterio absoluturik ez badago ongi edo gaizki zer dagoen bereizteko, edo antolamendu politiko egokiena zein den erabakitzeko, zer egin behar da? Azurmendiren erantzuna: krisian bizitzen ikasi. Nola? Printzipioz, balio eta biziera forma desberdinak aldez aurretik ukatu gabe balioen politeismoan bizitzen ikasiz. Horra, erlatibismo erlatiboak bakarrik eraman gaitzake, Azurmendiren aburuz.

Euskal Herriko autoreen pentsamenduaren berreskurapena

Jon Mirande, Karlos Santamaria, Orixe, Unamuno, Arizmendiarrieta, Gandiaga, Sabino Arana, … eta abar gehiagoren berreskurapena eta berrinterpretazioa (pentsalari bakoitzari erantsi zaien topikoetatik askatuz) egin du urteetan zehar.

Sariak


  • 1978: Mirande eta kristautasuna obragatik Irun Hiria sariaren irabazlea.1998: Irun Hiria saria Teknikaren meditazioa lanagatik.2005: Juan San Martin ikerketa bekan saritutako lana, Humboldt: Hizkuntza eta pentsamendua.

Bibliografia


Saiakera

Poesia

Kanpo loturak

Bereziki nabarmentzeko moduan da saiakera arloan Azurmendi, gaur egungo euskal pentsalari emankorrenetarikoa delarik. Gazteleraz idatzi direnak eta ingelesa itzuli dena (The democrats and the violents)

EGILEAK: Andoni Olariaga, Jesus Mari Intxauspe eta Jon Jimenez.

Jimenez Martinez (Tafalla, 1986). Filosofian lizentziaduna. Andoni Olariagarekin batera Modernitatearen Auziaz (2009. Donostia: Jakin) liburuaren egilea. Txalapartako editorea.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. UEUk bat egin zuen Joxe Azurmendiren hitz hauekin:

    “…asmo batek gidatu behar gintuzke: nolabait elkartzerik dagoen guztiekin elkar hartzea, gauza guztietan berdin pentsatzen ez badugu ere. Hortarako ez dago diferentzia eta eztabaidak lurperatu beharrik. Espontaneismo larri hau zerbait kontrolatzen hasi beharra dago.Kontrolik gabeko diferentziapen zoroan adar berriak botatzen jarraitzea baino beharrezkoago dirudi jadanik, orain arteko desarroiloaren adarrak kimatzea, xedarretzea, moztea eta arbola garbitzea”.

    Zeruko Argia 552, 1973-9-30.”Euskal Gizarte hautsia(etaIII)”.

    —Balio handiko hitzak dira, gaur egunean ere, geldika-geldika bada ere ematen ari den bide horrendako etika egokia, bide batez
    zorionak hiruroi,lan bikaina, Iban;)—

Leave a Reply