Masokismoa gaindituz (Joseba Barriola)

By • Oct 11th, 2016 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Harrituta gelditu nintzen Larrunen “Masokismoa gaindituz: goza dezakegun nazio baten alde” aldarrikapena irakurri nuenean. Ez nuen espero Josebarengandik horrelako kritika erabatekoa “Independentzia Helburu” liburuari buruzkoa.

Independentzia Hpostlenin0elburu liburua gaztelerara itzuli dut, oso garrantzitsua iruditzen zaidalako. Egia da, banuen buruan hainbat puntuei buruzko nire gogoetak idazteko “paradigma aldaketa”-ren mugei buruzkoa, “marxismoa”-ri buruz egiten diren hainbat hurbilketei buruzkoa, euskal nazioaren prozesu errealaren eta interpretazioari buruzkoa, euskal historiaren berregite orokor bati buruzkoa, euskaltzaletasunaren imaginarioa eta praktikaren artean dauden bereizketei buruzkoa etabar…. Bainan Josebaren artikulua irakurri ondoren, azken honi buruzkoa argitzen hasteari eman diot lehentasuna.

Egia da ez dakidala fijo ondo ulertu diodan edo ez. Bere erreferentziak parte batez bai eta beste partez desdostasunekin ere, nereak ere badira. Aipatzen ditudan autoreak, adibidez, ezagunak zaizkit eta horien liburu batzuk irakurri ditut. Bainan ez ditut berak ateratzen dituen ondorioak atera, alderantziz baizik. Gure herriko egoeraren ulertze aldera ere, kasi kasi etenik gabe gabiltza pentsamendutan, bainan Josebaren azalpenak ez didate asetzen… Horrela bada, eta argitze aldera botako ditut nire gogoetak. Zeren, hori bai, gogoetak pizteko bai, oso baliagarria izan zait artikulua.

Identitate, diferentzia, nazioa, klasea, erabilera-balioa, truke-balioa, unibertsalismoari buruzko bere erreferentzia teoriko absolutoki kritikatuak (leninismoa, marxismoa, Badiou, Zizek, Laclau, Negri) edo goraipatuak (Deleuze) eta Euskal Herriko gaur egungo mogimendu eraldatzailearen egoerari buruzko azalpena (nekea, etsipena, norabide galera, ilusio falta, sozial demokraziaren arriskua) nire gogoetekin eta Independentzia Helburu liburuan azpimarratzen diren gaiekin bat datozte. Bainan gai horiei buruz egiten dituen baieztapenak deskokatua utzi naute.

Saiatu naiz nire adostasunak eta desadostasunak ordenatzen, nire mapa teorikoa berriro kokatzen, funtsean zer planteatzen duen zehazten… lana izan da. Ez ordea lan masokista. Erronka bezala hartu dut. Eta aberasgarri izan daitekeen solasaldiak egiteko gogoz nago.

Puntu batzutan botako dut nire lehen hausnarketa probisional hau:

1.- Adostasuna dut Josebak Estatuari buruz egiten duen proposamen orokorrarekin. Ezin bestez oso orokorra, artikulua artikulu bait da. 11. Orrialdean honela esaten du: “Egun badakigu arazoa estatua dela eta beraz argi daukagu subjektu nazionalista tradizionalaren ereduak ez duela gerorik….” Eta hurrengo paragrafoa “Hala, estatu horrek euskalduna izan behar du, baina baita etorkina, emakumeena, gazteena…..” Definizio horretan faltan botatzen dudana da euskalduna hitzaren zentzua: zeren plebeioen “gaztelera” bera euskararen dialekto bat bada… (Eta baieztapen horrek iradokizun oso interesgarriak erakartzen dit…), orduan estatu horrek euskalduna, gazteleraduna, arabiarra, frantzesa… etabar izan beharko du!!!.

Segidan badago beste paragrafo horretan baieztapen bat, niretzat behintzat, argitzapena eskatzen duena: “-(estatuaren)—muga bakar bezala besteen diferentzien errespetua litzateke eta diferentzia horien gozamen globala (maila horretan estatu honetan gozamena neurotikoa litzateke, baina ez masokista)”. Honekin beste eztabaida-gai garrantzitsua sortzen zait “diferentzien” gaiari buruz. Diferentziak eta diferentziak daude. Aurrerago zehaztuko dut.

2.- Garrantzitsua iruditzen zait gure herriko historiaz botatzen dituen zertzeladak. Izan ere, azken hamarkadetan planteatzen den “Atlantiko Beltza”-ren inguruko gogoetaren muina bat, nire ustez, hauxe da: gure herriko historiaren parte bat dira Venezuelako beltzen matxinadak “gure” Compañia de Caracasen kontrakoak. Orohar “Haiti Hegel” liburuak esplikatzen duen bezala, nola Haitiko beltzen iraultzak eragin zuen mendebaldeko pentsalari handienetako batengan, Hegelengan, mendebaldeko pentsamendua, txiroen mezpretxatzaile-arrazista-matxista-bizitzaren lurraren suntsitzailea, kulturaren sortzaile manipulatzailea… ez da izan konkista-kolonizazio-emakumeen errepresio eta plebeioen matxinaden errepresiotik aparteko pentsamendu aingerukeriarra. Gure historia, gure plebeioen, “euskaldun txiroen”, gure judeu eta moro eta agote eta arrotz-emigrante humilen historia, oraindik berregin beharra dugu. Howard Zinn-en “La otra historia de Estados Unidos” estiloko, gure Herriko historia berreraiki beharra dugu. Eta hasteko, argituz zer pasatu zen Nafarroako konkistaren garaian eta aurreko mendetan Nafarroako nekazari erromantzedunen eta euskaldun txiro baztertuekin.

3.- 10. orrialdearen bukaeran esaten du: “Beraz politika postnazional batek lehenengo eta behin uko egin behar dio masokismo leninistari(…) eta masokismo postidentitarioari (…)”. Klaro, masokismoari uko egin behar zaio. Masokismoa lotzen bait da bizitzaren zentzuari buruzko Trentoko Eliza Katolikoaren oinarrizko predikuekin, eta kapitalaren akumulazioaren “lanari” buruzko funtsezko jarrerekin.

postlenin3Bainan zer da “masokismo leninista edo postleninista”? Posteleninista izatea bai, baina masokismorik gabe al da proposatzen dena? Eta “post” horrek, leninismoaren “post horrek” nori egiten dio erreferentzia? Nire informazioaren arabera, hala nola Marxek behin galdetuta erantzun zuen, bere lanaren interpretazio batzurekin nazkatua, “ni ez naiz marxista”, horrela ere ez dut Leninen inongo biografían leninismo hitza irakurri eta erakutsi didatenez bai “leninismo” eta bai “trotskismo” hitzak, funtzio politiko kalifikatiboz konnotatuak, Stalinen hildo politikoa nagusitu zenean, boterea eskuratu zuen agintariek asmatutako hitzak dira, eta ez egiaren zehaztapenerako baizik eta burokraziaren eta askatasunaren arteko borroka latz haietan interesatuki erabiltzeko.

Eta zer da “masokismo postidentitarioa”? Identitatea edo nortasuna, pertsonena eta herriena, dinamikoa da, etengabe aldatzen doana. Eta aldatuz doa gure iragana, datuak hor daude baina datuen interpretazioa –honek egiten du memoria—aldatuz doa. Horregatik etorkizuna bezala iragana ere berreraikitzen ari gara etengabe, eta beti orainean. Identitate aldaezina, identitate fosilizatua, hila da. Hori da, nere ustez, nortasunaren masokismoa. Identitate zentzu horrekin, dinamika gabeko horrekin, ez nago ados. Sortzen ari garen identitatea (iraganera eta gerora begirada), oraina bezela, anizkoia da, diferentziak beti egon dira presente, orainean dauden bezala, baino diferentzia batzuk on da mantentzea eta beste batzuk on da likidatzea, hain zuzen, dominazio harremanetan oinarrituriko diferentziak likidatzea hobe litzateke.

“Post” (“postismo” hitza proposatzen du Daniel Bensaid-ek “La discordance des temps” liburuan) guzti horiek alde batera utzi behar al dugu? Zergatik esaten du, bada, gorago aipatu dudan lerroetan “Beraz politika postnazional batek, lehenengo eta behin, uko egin behar dio…”. Postleninista ez! Postleninista, berez, masokista delako; Postidentitario ez! Postidentitarioa berez masokista delako; eta politika postnazionala bai? Nazioaren kontzeptu estatikoaren ordez, nazioaren kontzeptu dinamikoa, guk geuk sorturikoa proposatzen bada, ez al da hori Independentzia Helburu liburuaren giltzarri bat?

Eta eransten dut, postmarxista ere ez? Agian postmarxismoak (Badiou, Zizek…) “diferentziak (nazionalak, generokoak, arrazakoak, hizkuntzenak….) ukatzen dituelako? Hola al da? Baina, bestalde, hitzegin daiteke orain “marxismoaz singularrean”? Berdina al da borreroen “marxismoa” eta biktimen “marxismoa”? Zer da postmarxismoa? Niretzat Marxen pentsamendua, Kapitala bezala, egunerokotasun handikoa da. Dena? Ez noski. Ezinbestekoa, bai.

4.- Leninismo edo postleninismo masokista-ri buruz. Nire leninismoaren pertzepzioa eta Josebarena zeharo desberdinak dira. Parte bat agian, hitz horren konnotazioari buruzkoa da, edo agian “partidu politiko” batean ezinbestekotasunaz izan dezakegun eztabaida. Bainan horretarako “leninismoa” (estalinismoaren garaian asmatutako sasi-kontzeptua) eta Leninen ekarpen guztiz baliotsuak bereizi beharko genituzke. Eta hortik aurrera, eransten zaion adjetiboari buruzko (“masokista”) eztabaida argiagoa litzateke. Zeren, labur izanda ere (artikuluak ez du gehiagorako ematen askotan) leninismoari buruzko hurbilpenak “leninismo estalinistarekin” agian bat datozte. Bainan hain dira orokorrak pentsa daitekeela bere hitzak jarraituz Loiolako Ignacio eta Eliza Katolikoa ere, eta Churchil, eta PNV, eta PP-PSOE denok direla leninistak. Eta orduan horrek ez du asko balio. Honela dio artikuluak 3-4 orrialdean: “Tradizio leninista batetik dator alderdiak –eta bertan alderdiko elite gidariak eta/edo talde armatuak—borroka politikoa pentsatu, planifikatu et oinarri militanteei helarazteko ahalmena eta erantzunkizuna duen paradigma politikoa”. Tradizio leninista batetik dator… zein tradizio? Eta tradizio partikular horrek definitzen al du leninismoa? Leninen ekarpenak ez dira historiaren filosofíaren mailakoak (historiaren subjektu iraultzaile guztiz ahalduna eta horren abangoardia orojakilea), estrategia politikoaren mailakoak eta horregatik kontingenteak (egoera konkretuaren azterketa, jendetzaren mogimendutan oinarritzen den elaborazio estrategikoa, eztabaida guzti librekoa, eta erabakia hartzeko ausardia…). Hori da, hitz gutxitan, neri Leninengandik interesatzen zaidana… eta ametsaren garrantzia azpimarratzea. (Zer egin? liburuan txertatua).

Eta zein da, honi dagokionez, masokismoa? Izatekotan, masokista da, nire aburuz politika estrategikoa zientifismoz betetzea, historiaren lege guztiahaldunen pean jartzea, eta bakoitzari eta belaunaldi bakoitzari egintzat ematea “salbazioaren postlenin1bidea” eta salbazio horretarako gurua eta ekinbide horren subjektu predestinatua. Hori da masokismo sakona. Gure bizitzaren ahalmenen, gure pentsamendu aske eta biziaren, gure ekintzatasun orekatzailearen ukazioa delako.

5.- Marxismoa eta nazio arazoaren arteko “talka” famatuaz. “Diferentziak” hitza erabiltzen duenean, eta Badiou eta Zizek kritikatzen eta kondenatzen dituenean, uste dut eztabaida antzu eta faltsu bat proposatzen ari dela. Eta gainera marxistak deitu izan diren batzuren historia errealarekin justua ez dela. Ez nazio auziari buruz eta ezta ere “diferentziak” gaiari buruz, batez ere “diferentziak” maila estrategikoan (ez ideologiko-kultural orokorrean) aztertzerakoan. (Marx bera, Lenin bera, Trotsky, Mao, Fidel, Gramsci, Andreu Nin, Mariategui, Walter Benjamin…). (Bide batez…eta apal esanda: ETA (VI)…LKI: nik ba dut nire autokritika gure ibilbideari buruzkoa, bainan nazio arazoari erantzun estrategiko bat eman nahiez eta ez guk jasotako “marxismoak” nazio arazoaren ukaziora eramaten gintuelako).

Beste gauza bat da pentsatzea genero, maila kulturala, arraza, burokrazia eta horien inguruan dauden diferentziak, kapitalak sortuak edo ez izanda, zein funtzionalitate duten kapitalaren akumulazioarekin. Eta nire ustez kapitalaren akumulazioarentzat diferentzia horiek mantentzea guztiz garrantzitsua da.

Niretzat oso argigarriakizan dira irakurri dudan Daniel Bensaïden azken bi liburuak: “Marx Intempestivo” eta “La discordance de temps” eta Marx-en ekarpen erraldoiari buruzko eztabaida bizi eta aberasgarri ugari egon daitekeela susmoa dut. Bensaïd-ek aipatzen du: “El trueno inaudible de Marx”

6.- Masokismo identitarioari buruzko aipamenak eta PNV-ren “gozamenari” buruzko gogoetak ere antolatu behar ditut. Bainan “masokismo” hitza erabili ordez, nik orain arte, eta Independentzia Helburu liburuan, sentitzen dut erabiltzen direla “konplexua –subordinazioaren ondorioa-, zikiratze intelektuala, angustia sentimendu estresatu iraunkorra, elaborazio politiko antzuak, kulpa sentimenduaren hedapena, biktimismo permanentea…etabar—Badago zer solastatu eta ordenatu buruan, bainan holako “masokismo” motarik ez dut atzeman Independentzia Helburu liburuan.

7.- Erabilera-balioaz eta truke-balioaz egiten dituen gogoetak, sakondu beharra ditut, bainan iruditzen zait lekuz kanpokoak. Eta are gehiago “diferentziak” auziari buruzko eztabaida horretan zentratzeko. Bai interesgarria patriarkadoari buruzko eztabaidetarako, bainan diferentziei buruz? Akaso genero eta arraza diferentziak ez al dira kapitalak sortuak edo bersortu eta berrekoiztuak izan? Akaso “diferentzia” horiekin amaitzea, eta erabilera-balioa (los comunes y la gratuidad) ez al genduke iraultzaren muinean jarri behar?

 

Leave a Reply