Independentzia helburu (Liburu iruzkina, Iker Iraola, Uztaro 2016)

By • May 28th, 2016 • Category: Liburu Kritikak

 Iker Iraola Arretxe

(Irakasle eta ikertzaile EHUn – Soziologia)

Liburu Iruzkina

INDEPENDENTZIA HELBURU: Andoni Olariaga, Unai Apaolaza, Jule Goikoetxea, Imanol Galfarsoro (Txalaparta, 336 or. Tafalla, 2015)

UZTARO 97, 99-107 orri.  

Bilbo, 2016ko apirila-ekainainde0

Lan kolektiboa da hizpide dugun hau, egile bakoitzak bere kapitulua osatu baitu (Iñaki Sotoren eta Laura Mintegiren hitzaurre banarekin batera). Lau kapituluek, izenburutik bertatik adierazten denez, Euskal Herria estatu bilakatzeko bide eta diskurtso berriak dituzte aztergai eta estatu propioa helburu. Dena den, kontuan hartzekoa da artikuluen artean aldeak ere badirela, eta atal bakoitza bere aldetik aztertzea beharrezkoa dela. Horrela, Apaolazaren eta Galfarsororen testuen arteko lotura oso handia den bitartean (bietan independentismoak ardatz izan beharreko diskurtso unibertsala da gaia), bide desberdinak hartzen dituzte, gure ikuspegitik, Goikoetxearenak nahiz Olariagarenak. Hala eta guztiz ere, lau testuek zentzu antzekoa dute, nolabait: independentismo berri baterako oinarriak finkatzea, eta bide hori teorikoki oinarrituta eta pentsamenduaren bidetik egitea. Idatzi honetan, beraz, Independentzia helburu lanak Euskal Herriko burujabetza-prozesuan gertatzen ari diren berritasunak ulertzeko eta aztertzeko egiten duen ekarpena izango dugu hizpide.

Aipatu dugunez, lana lau ataletan banatzen da. Lehen kapituluak, Andoni Olariagarenak, «Hautsi da anphora. Erresistentziatik eraikuntzara» du izenburu. Testu horretan, egileak «askapen mugimendua» deritzona —edo ezkerreko abertzaletasuna— du aztergai. Hori da, hain zuzen, kapitulu horren bereizgarria: ezker independentista du gai nagusitzat, independentziarako prozesu orokorra baino gehiago; eta horretarako, begirada historiko luzea planteatzen du. Oro har, Olariagak ezker independentistaren krisia (kontzeptu zaharrak jada balio ez zaizkion zentzuan ulertuta) plano orokor batean kokatzen du: modernitatearen eta hari loturiko ziurtasunen amaieraren nahiz Sobietar Batasunaren erorketa osteko ezkerraren krisiaren testuinguruan. Finean, Olariagaren aburuz, 1958-2011 artean erabili zen mundu-ikuskeraren amaiera gertatu da (sinbolikoki gertatu ere 2011ko ETAren erabakiarekin), eta horren aurrean erreakzionatu beharrean aurkitzen da ezkerreko independentismoa. Izan ere, «Tresnak ez dira helburuak, bitartekoak baizik, tresna horiek zure identitatearen zutabea izan diren arren» (65. or.).

Olariagak paradigma berri baten beharra defendatzen du ezkerreko independentismoarentzat. Laburbilduz, paradigma berriak erlatibizatzea eskatuko du, eta, esaterako, garaipenak zein porrotak ulertzeko modu berriak bilatzea. Bide horretan, filosofoak arriskuak ere azpimarratzen ditu (irtenbide idealistatzat hartzen dituenak), eta nazio-ikuspegiekin lotzen ditu arrisku horiek. Horrela, Olariagak bi nazio-kontzepturen arteko talka antzematen du gaur egun Euskal Herrian. Batetik nazioaren ulerkera esentzialista bati lotuta legokeena (nazioa faktore objektibo zehatz baten edo batzuen —euskara edo historia, demagun— inguruan, nahiko modu zurrunean ulertzen duena, ez egitate eraiki gisa), eta bestetik nazioaren izaera eraikia edo erlatiboagoa azpimarratzen duena, Olariagak oso modu zabalean ulertzen duena (Benedict Anderson-en komunitate irudikatuen ezinbesteko lanetik Michael Billig-en nazionalismo banaleraino). Bi ikuspegiok zehatz azaltzea luzeegi joko luke, baina esan dezagun, nazionalismoaren azterketa akademikoaren ikuspegitik, interesgarria dela egileak egiten duen azterketa; izan ere, eremu akademikoan inolaz ere nagusi ez diren nazioaren ikuspegi batzuk (nazioaren izaera eraikia ukatzen dutenak), euskal eztabaida politikoan indarrik badutela dirudi-eta, historizismoari eta hizkuntzari loturik, batik bat. Horren aurrean, esan bezala, kapitulu honetan independentismoak paradigma berri baten beharra duela defendatzen da, nazioaren izaera eraikia aitortuta eta, beraz, Euskal Estatuaren aldeko diskurtso politikoa klabe horietan eraikiz.

Bigarren kapituluan, bada, Unai Apaolazak diskurtso independentistaren auzi horri heltzen dio, azken kapituluan Imanol Galfarsorok ere egiten duen bezala. «Abertzaletasunetik independentismora» izenburuak argi uzten ditu atalaren helburuak, eta bertan egileak abertzaletasunaren kritika egiten du, horretarako euskal nazionalismoaren bilakaera modu laburrean behatuz. Nazionalismo oro nazioa eratzeko estrategia politikoa izaki, Apaolazak azaltzen du nola abertzaletasuna euskal nazioa eratzeko mugimendu arrakastatsua izan den, eta nola horretarako erabilitako estrategia —eta nazioaren ikuspegia— historian zehar aldatu behar izan duen, hasierako Sabin Aranaren euskal arrazatik ETAren V. Batzarreko euskal eta nazio-sentimenduari ematen dion garrantzia dela-eta. Izan ere, Euskal Herrian, independentzia lortzeko, ezinbestekoa da euskal nazio-identitatea ez dutenek ere Euskal Estatuaren alde egotea, eta horretarako beharrezkoa da independentziarako argudio ez abertzaleak ere lantzea, egilearen aburuz.

Apaolazarentzat euskal nazionalismoak ezin du esentzialismoa gainditu, nazioan arreta ipinita borondatetik kanpoko faktoreak kontuan hartzen dituen heinean: «Abertzaletasunak bitarteko den nazioa helburu bilakatu du, subjektu politikoa nazioa dela baieztatzeraino» (151. or.). Abertzaletasunaren kritika zuzena egiten du egileak, eta berritzailea den planteamendu horretan sakontzeko egokia da liburua: orain gutxi arte, ez zen ohikoa abertzaletasuna eta independentismoa hain modu argian bereiztea, baina geroz eta gehiago erabiltzen ari da bereizketa hori. Ziurrenik, Eskoziako eta Kataluniako mugimendu independentisten diskurtso berriek ere eragina izan dute horretan.

Apaolazak defendatzen duenez, helburuak argi izan behar ditu euskal independentismoak: estatu propioa eskuratzea, eta ez nazioa salbatzea. Baina, noski, ez dira independentismoak berekin izan ditzakeen beste helburuak ukatzen (nazioa bultzatzea, eraldaketa soziala, euskara hedatzea, etab.), baizik eta horiek guztiak lortzeko tresna berriak dira kapituluan proposatzen direnak. Areago, helburu horiek lortzeko (nazioa, euskara, eraldaketa soziala…) orain arteko bideek ez dutela balio irizten dio egileak; eta, hori guztia azaltzeko, Apaolazak hegemonia, partikularraren eta unibertsalaren arteko hartu-emana, eta bestelako kontzeptuak azaltzen dizkigu. Haren planteamendua izugarri laburtuz, esango genuke independentismoak ezinbestean nazionalismotik askatu behar duela, eta bere aldarrikapenak eta diskurtsoak unibertsalen eremuan (hots, gizartearen gehiengoak ontzat eta positibotzat hartzen dituen horietan) kokatu behar dituela. Malgutasuna diskurtsoan, beraz; baina ez helburuetan, batzuek ulertu dutela dirudien bezala.

Hirugarren kapituluan, Jule Goikoetxeak «Euskal Estatugintza Feminista» izeneko atala aurkezten digu, ziurrenik gainontzekoetatik gehien aldentzen dena. Izenburuak dioen bezala, euskal estatu-eraikuntzaren irakurketa kritikoa egiten du politologoak, horretarako planteamendu teoriko berritzaileak (euskal diskurtso eta teoria independentistan, esan nahi baita) erabiliz. Demokrazia nahiz estatua prozesu gisa ikusirik, Goikoetxeak demokratizazio- eta estatugintza-prozesuak azaltzen dizkigu. Prozesuok (Hego) Euskal Herrira ekarrita, Goikoetxeak Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatea estatugintzaren ikuspegian kokatzen ditu; eta deigarria egiten da neurri batean hori, izan ere, independentismoaren korronte zabalenak, oraintsu arte, ez ditu egitura autonomiko horiek gehiegi azpimarratu, ez bada independentziarako galga gisa. Goikoetxeak, bada, egitura horiek euskal estatu erakundetzat hartzen ditu (edo hala hartzea proposatzen du), botere eta baliabidean metaketa-maila altuaren jabe diren heinean, eta errealitate soziala definitzeko gaitasun handia duten heinean, estatu subiranoen botere- mailara iritsi gabe betiere. Politologoaren ikuspegitik, horrela, Euskal Estatua izango da euskal estatu erakundeen eta gizarte-mugimenduen ondorio; hots, egitura nahiz estrategia kontuan izan beharko ditu. Beraz, estatugintzaren ikuspegi oso zabala aurkezten du egileak, politikaren eta estatu-eraikuntza prozesuen ikuspegi hertsitik herri langileraino. Baina, filosofoaren ustez, abertzaletasunaren eskemekin jarraituz gero independentziaren aldeko mugimendua ezin da hazi, edozein nazionalismok nazioari aldendurik; nolabait, alde estrukturala eta diskurtsiboa batzen ditu Goikoetxeak euskal estatugintzaz aritzean.

Ondoren, Goikoetxeak demokrazia patriarkalaren gaia latzen du, unibertsaltasunaren afera aztertuz. Pentsamenduan eta politikan, unibertsala gizonarekin parekatzen dela aztertzen du politologoak, zehazki gizon maskulino heterosexualarekin; eta egungo egitura politikoen oinarritzat aurkezten den kontratu sozialaren teoria liberala, kontratu sexualean oinarritzen dela egiatan (kontratu soziala estatu patriarkala ondoriotzat duen gizonen arteko kontratua izanik). Hortaz, Goikoetxeak euskal independentismoa subalternitatearekin eta transfeminismoarekin lotzen du, teoria politiko liberalak bilatzen duen herritarren berdintasuna fikzioa dela agerian uzteko.

Baina, hala eta guztiz ere, Goikoetxeak Euskal Herriko estatugintza-prozesua demokratizazio-prozesu gisa planteatzen du, zeina ideala izan gabe ere, botere- eta berdintasun-maila gorenera iristeko prozesua bailitzatekeen. Horregatik, eta aipatu estatu patriarkala ez birsortzeko, demokratizazio-prozesu horrek feminista izan beharko lukeela azaltzen du egileak. Bide horretan, nazioa kategoria bigarren mailan uzten du, estatua hobetsiz, edo, zehatzago esanda, estatuak nazio egituratuak direla azpimarratuz. Izan ere,«estatuek dituzte eskubideak, ez nazioek. (….) Kapital ekonomiko, kultural eta sinbolikoaren produkzioan eta birbanaketan datza ongizatea, eta hori ezin dute nazioek egin, egituratuta ez baldin badaude» (228. or.).

Laugarrenik, bada, Imanol Galfarsororen atala dugu, «Estaturik gabeko naziotik naziorik gabeko estatura» izenekoa, lauetatik polemikoena ziurrenik, egilearen estilo zuzenean idatzia. Independentziaren aldeko mugimenduaren barruko edo inguruko hainbat sektoreri begiratzen zaie atal honetan (euskalgintzaren parte bat, eta naziotasuna ikuspegi historizistatik ulertzen duena), eta, ondoren, haren ustez «independentziaren prezioak» direnak azaltzen ditu. Lehenik, bada, euskalgintzari begiratzen dio Galfarsorok, modu zorrotzez egin ere. Zehazki, euskalgintzaren inguruko hainbat formulazio teorikoren aurka egiten du. Oro har, eta xehetasunetan sartu gabe, Galfarsorok, kultura-aniztasun gaien ikertzaile izaki, diferentziaren aldarrikapena salatzen du; izan ere, haren ustez Euskal Herriko estatuaren aldeko mugimenduak, zerbait izatekotan, berdintasunaren aldeko aldarria izan behar du. Bide horretan, kultur kolonialismo, «herri euskaldun» eta antzeko kategorien aurka egiten du egileak; baina horrek ez dakar —eta horrela azpimarratzen du Galfarsorok— euskara independentziaren aldeko mugimendutik egoztea edo bigarren mailan uztea, «esan gabe doalako independentziarekin euskara erdimuineko eremu huts horretan bizi(ko) dela» (284. or.).

Galfarsororen atala ulertzeko, beraz, funtsezkoa da enuntziatzen denaz gain, «esan gabe doana» ere kontuan hartzea. Horrela, Galfarsoro ere bat dator, oro har, kritikatzen dituen sektoreen azken helburuekin (euskalgintzaren sektore horren kasuan, euskararen nagusitasunarekin), baina esan daiteke soziologoaren desberdintasuna dela bere planteamendua jarrera optimista batetik abiatzen dela; edo, bestela esanda, konstatazio honetatik abiatzen dela: Euskal Estatua —Euskal Herriko Estatua, Galfarsororen terminologian— posible dela.

Finean, Galfarsororen planteamenduan, dela euskalgintzarekiko dela historizismoarekiko bere polemikan, ondoko ardura dago: nola batu euskal nazioaren aldarrikapen partikularra, berarentzat aukera bakarra den estatu europar kulturalki definitu gabearekin? Bide horretan, herritartasuna (bertan bizi den edonor da Euskal Herrikoa), ezker independentistaren osagai «erdaldun-arrotza», postmodernitatea, eta beste hainbat aspektu aztertzen ditu, bere baieztapen ezagunaren azalpenera iritsi arte: «euskaldunak desagertu behar du». Hots, eta arestian aipatu bezala, Euskal Herriko estatuaren aldarrikapena ezin da, Galfarsororen arabera, euskal berezitasunean oinarritu, askatasuna eta demokrazia ardatz dituen diskurtsoan baizik; eta, horrela, euskaldunak enuntziatutik desagertu behar du, aipatzen ez den eta beraz normaltasunaren —edo zentzu komunaren— ardatz den posizio hegemonikoa eskuratzeko. Zentzu horretan, unibertsaltasunaren teorian sakontzen da atal horretan.

Liburu-aipamen honekin amaitzeko, bada, iruzkin orokorrago batzuk. Esan dugunez, kapituluen arteko aldeak ere azpimarratzekoak dira. Esaterako, Olariagak eta Apaolazak arreta independentziarako prozesuan jartzen duten bitartean, Goikoetxeak eta Galfarsorok, prozesua ahaztu gabe, etorkizuneko Euskal Estatuaz ere hausnartzen dute. Planteamendu hori, dena den, ikuspegi desberdinetatik egiten dute; izan ere, Goikoetxearentzat estatuak ezingo duenez neutrala izan, estatu feminista esplizitatzea eskatzen du; Galfarsorok, ordea, estatu kulturalki eta identitarioki neutralaren fikzioa erabiltzea proposatzen du (fikzioa dela jakinik ere), eta horretarako behar diren arriskuak onartzea.

Atalen aniztasunaz gain, liburu honetan, oro har, egileen planteamendu ezagunak topatuko ditu irakurleak, hainbat idatzi eta artikulutan irakurri dituenak; baina modu sistematikoago batean azalduta. Zentzu horretan, independentismoan garatzen ari den diskurtso berri batera gerturatzeko lan aproposa da. Diskurtso berria, ez helburuak berriak direlako, nahiz eta agian orain arte azpimarratu ez diren batzuk nabarmendu bai (feminismoa, aniztasun nazionala, etab.); baina, oro har, esango nuke orain arte abertzaletasunetik bilatu diren bideen gaurkotzea dela proposatzen dena. Finean, lanak ikuspegi politikoa du ardatz, eta politikaren ikuspegitik aztertzen dira naziotasuna, abertzaletasuna eta independentismo berria Euskal Herriarentzat. Izan ere, «politika ez da egien terrenoa, efikaziarena baizik» (80. or.).

Leave a Reply