“Gure dantzak, gure ohiturak, gure ikurriña… Hori porno identitarioa egitea da” (Argia, 2016/04/24)

By • Apr 23rd, 2016 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Eduardo APODAKA 

Zeratzen gaituen zera

Arantza Santesteban-en elkarrizketa

Euskal Herrian bzeraadago ezberdina den zerbait, esan ezinezko zer edo zer, diferente egiten gaituena. Sarritan entzun dugu halakorik, baina “zera” hori zehazki zer den azaltzen jakin gabe. Eduardo Apodaka izan da mahukak jaso eta zehaztapen bila hasi den bakarretakoa. 2015ean argitara emandako Identitatea eta anomalia liburua da emaitza.

edua1Definitu daiteke identitatea azalpen konplikatuegia eman gabe?

Ez da erraza definizio bakarra ematea; izan ere, milaka daude soziologian, psikologian, politikan, kalean… Dena dela, nire ustez, ez daude elkarrengandik hain urrun. Identitate terminoari ematen diodan erabilerak ikuspegi psikosoziala du oinarri: besteentzat zer garen, eta besteentzat garen neurrian, gure buruentzat ere zer garen. Besteekiko identiko duguna da identitatea eta era berean, besteengandik ezberdintzen gaituena. Bizi dugun gizarte egituraren barruan ematen den joko bat da, nire ustez.

Esango nuke gaur egun ez dela oso ondo baloratua identikoa izatea.

Modernitatearekin sortu ziren nazio-estatuetatik gatoz. Sistema horiek sortu zirenean politika guztiek izaera orohartzailea zuten, hori zen joera nagusia: sistema osoak eta berdintzaileak sortzea. Gaur egun ordea, gauzak aldatu egin dira. Gaur egungo sistemek diferentzia eta aniztasuna behar dute bere muinean; diferentzia eraikitzeak kontsumoa ahalbidetzen du, bere barne logika identitatearen inguruan eraikitzen delako. Horregatik gaur egun demokrazia benetakoa izan dadin, kolorea behar du, diferentzia bildu behar du.

Jadanik ez dira baztertzen identikoak ez direnak?

Garai batean –modernitatean– diferenteak zirenak kanporatuak izaten ziren sistematikoki; afrikarrak, sorginak… Gaur egun diferentzia horietako batzuk sistemaren barruan eroso egon daitezen bilatzen da. Adibidez, Ocho apellidos vascos (Zortzi abizen euskaldun) filmean euskaldunaren diferentzia ikusten dugu. Ezberdintasun horiek barregarriak dira, ondo mugatuta daude, ez dira gatazkatsuak… Integratu egiten dira. Homosexualitatearekin antzeko zerbait gertatzen da, diferentziatik integraziora igarotzeko ahalegin handia egiten du sistemak.

Halere, zuk anomaliaz hitz egiten duzu. Hori al da integratzen ez den diferentzia?

Hala da. Aipatu dizudan azken adibide horrekin lotuta queer teoria daukagu. Nire ustez, diferentzia hori mantentzeko saiakera da: queer teoria anomalia izaten jarraitzeko ahalegina da. Identitate hegemonikoari “ni ez naiz zu bezalakoa” esateko etengabeko ariketa.

edua2Euskal Herrira ekarrita, Euskal Zera?

Bai. Euskal Zera deitu diot nire ustetan euskal anomalia den horri. Zera hori definiezina da, beti zabalik dagoena eta beti definitzen ari garena, inoiz bukatzen ez den ariketa. Horrexegatik esaten dut Euskal Zera ez dela berez identitate bat; izatekotan, sistema horren barruan dagoen diferentzia edo anomalia dela. Zergatik? Oraindik ez garelako sistema oso bat. Queer teoriaren logika berbera ematen da gurean, jakina, ez hain modu erradikalean, baina funtsean guk identitateari esaten diogu: anomaloa naiz, baina era berean zure parekoa naiz. Ni neu ere sistema oso bat naiz; menderatua, baztertua, zatikatua baina nire buruari ematen diodan ontologia identitatearena da, hain zuzen ere.

Pornoa eta post-pornoa erabili dituzu esandakoa ondo azaltzeko.

Pornoa diferentzia azaltzeko erabiltzen dut: gure dantzak, gure ohiturak, gure ikurriña… Horrekin identitate nagusiaren beste osagarri bat bihurtzen gara, hori porno identitarioa da nire ustetan. Baina esaten dugunean: gu ez gara hori bakarrik, beste hau gara eta zu bezain identitate gara. Hori, post-pornoa egitea da, niretzat. Post-pornoko praktika sexualak porno konbentzionaletik ihesi dabiltza, baina era berean marko bat dute, sistema bat sortzen dute, eta horrela auzitan jartzen dute pornografia ofiziala. Hori da nire ustez Euskal Zera-rekin gertatzen dena.

Euskal estatua praktika post-porno hori eraikitzeko bidea izan daiteke?

Bai, nik estatuaren beharra hor kokatzen dut. Eta ez diot estatuaren aldekoa naizenik, izan ere, estatua ez baita elkarrekin bizitzeko dugun ezinbesteko tresna. Une honetan ordea, tresna baliagarria izan daiteke. Halere, ez du zertan jende guztiarentzat berdina izan, muinean azaldu behar duzu zertarako nahi duzun estatua. Askotan pentsatzen den bezala, ez da kantabriarrak edo galegoak baino hobeak garelako, hori argudio arrazista da. Guk estatu bat nahi dugu diferenteak garelako, singulartasun bat eraiki dugulako historian eta etengabean gure burua asmatu dezagun egitura politiko bat behar dugulako.

Zertan jartzen du euskal anomaliak arriskuan identitate hegemonikoa?

Anomalien bertute nagusia identitatea biluzteko duten ahalmena da. Anomaliek identitatea interpelatzen dute: zu ere kontu historiko bat zara, ez zara berezkoa, historian modu bortitz batean sortu zara, asmakuntza zara, menderakuntza harreman baten ondorio zara… Eta gu horren ondorioz anomalia bat gara eta ez gaude ados tokatu zaigun tokiarekin. Modu horretan uzten dugu agerian identitate hegemonikoaren izaera. Bestalde, anomalia izatea ez da erraza, oso gogorra da eta askotan egon behar dugu diferentzian atseden hartzen.

Sare sozialak

“Sare sozialen garaian bizi gara baina ni ez naiz haien zale sutsua. Ez dut Twitter edo Facebook konturik, nahi ez dudalako. Polemikaren espazio bihurtu dira, eta energia asko galtzen da horretan nire ustez. Nahiago dut patxadaz aztertu gauzak, idatzi eta horri bide ematea”.

ARGIA

Leave a Reply