Indar metaketaren kontra (naiz: 2016/03/22)

By • Mar 23rd, 2016 • Category: Azterketak eta Azalpenak
Orain dela urte mordoa, Filosofia ikasten hasi berritan, irakasle batek filosofiak erantzun borobilak ematen baino, galdera egokiak planteatzen laguntzen zuela esan zigun. Guk, Filosofia ikasita, munduko egia ezkutuen jabe egingo ginela uste genuen ikasle inuzenteok, momentuko desilusioa gainditzearekin bat, irakasle hark adierazitakoari zentzua aurkitu genion. Egia borobilen existentzia edo ausentzia alde batera utzita, galdera egokiak planteatzea da norabide egokian ibiltzen hasteko baldintza. Galdera desegokiak bide antzuetarako txartela dira.
* * *

Independentismoa ez dela galderarekin asmatzen ari uste dut. «Nola konpon ditzakegu ditugun lanabesak?» galdetzen ari da, «nola sortuko dugu Euskal Herrian Estatua lortzeko gaitasuna izango duen subjektua?» galdetu beharrean. Lehenengo galderak fokua dagoena eraberritzean jartzen duenez, ez du sakoneko aldaketarik ahalbidetzen; bigarrenak, aldiz, bai. Estatua lortzeko gaitasuna izango duen independentismo baten inguruan galdetzea da lehenengo urratsa, ez orain arte prozesu independentistan aurrera egiteko erabili ditugun lanabesak nola konpondu behar ditugun. Ez da kotxea tailerrera eramateko ordua, hegazkina hartzekoa baizik.

boots1Subjektu askatzaile batek, estatua sortu nahi duenak kasu, jendea aktibatzeko eta erakartzeko gaitasuna galtzen duenean, izoztu egin dela esan daiteke. Izoztea, subjektuak bere burua klasifikatzeko duen modua sistemak asimilatzen duenean gertatzen da. Asimilazioa, klasifikatzeko moduari statu quo-ak konnotazio negatiboak txertatuz egiten du. Horretarako daude estatu aparatuak eta komunikabideak, besteak beste. Izoztutako subjektuek jendea erakartzeko gaitasuna galtzen dutenez, beraien burua klasifikatzeko modua aldatzea da duten aterabidea. Katalunian, adibidez, hasi dira konturatzen estatu bat sortzearen alde dagoen jendearentzat independentista kategoriarekin jarraitzeak ez diela zabaltzen uzten. Unionismoak independentista kategoriari atxiki dizkion konnotazio negatiboek esparru berrietara iristeko lubakia jarri dutenez, kategoria hori izozten ari da eta estatu berri baten aldeko jarrera zabaltzeari galga jarri diote. Horregatik, hasi gara independentista ez direla eta estatu baten alde daudela dioen jendea entzuten.

Ikuskera hau indartzen dute martxoan argitaratu diren estatu berri baten inguruko bi lanek. Lehenengoa EAEra mugatzen den Eusko Jaurlaritzak argitaratzen duen soziometroa da; bertan independentziaren alde %19 eta kontra %38 daudela baieztatzen dute. Bigarrenak, Ipar Hegoa Fundazioak eta Parte Hartuz Ikerketa Taldeak plazaratutako ‘Euskal Estatua irudikatzen’ lanak, aldiz, Euskal Herri osoa oinarritzat hartuz, %40,7 Euskal Herrian estatua sortzearen aldekoak direla eta %35,3 kontrakoak direla diosku. Non dago diferentzia izugarri honen azalpena? Galderan. Eusko Jaurlaritzaren ikerketak independentziaren inguruan galdetzen du, statu quo unionistak eta orain arteko estrategia independentistak abertzaletasunarekin estuki lotu duten kategoriaz galdetzen du. ‘Euskal Estatua irudikatzen’ lanak, aldiz, kategorizazioak alde batera utzi eta helburuari buruz galdetzen du, independentista zaren galdetu beharrean estatu berri batean biziko ote zinatekeen galdetzen du. Izozteari iskin egiten dio, beraz. Estatua Euskal Herrian lortu nahi duen estrategiarentzat irakasgai bikaina. ‘Abertzaletasuna’ kategoria izoztu dugun/duten bezala, ‘independentista’ kategoriari ere izozte sintomak hasi zaizkio.

Statu quoa aldatu nahi duenak etengabeko metamorfosia egin beharko du sistemak neurria hartu ez diezaion. Baina estatu berriaren aldeko jarrera zabaltzeko eta izozketa  gainditzeko antidototzat hartu al genezake indar metaketaren ideia?

Indar metaketaren ideiak aurretiaz existitzen diren eta nagusiki alderdi politiko eta sindikatu bezala ezagutzen ditugun subjektuen pilaketa edo batura moduan ulertzen du estrategia. Horrek baditu bere tasun eta keriak. Alde positiboari dagokionez, badira indar metaketaren logikarekin aurrera atera daitezkeen helburu politikoak; sistema ezbaian jarri gabe, sisteman bertan aldaketak sor ditzaketenak. Indar metaketaren ideiak (fronte zabalarena logika honetan txertatzen da) balio lezake botere instituzionalaren kudeaketara iristeko. Baina estatuaren aldeko mugimenduaren kasuan, jada independentista direnak elkartzeko bokazioa duenez, zerumuga emaitzatzat zero duen baturan finkatzen du. Ez dio independentista berriak sortzeari begiratzen eta jendarteko indar erlazioan eragiten ez duenez, Sisiforena egitera garamatza. Baina estatua sortzea statu quoa aldatzea denez, indar metaketarekin sor daitekeena baino subjektu indartsuagoa behar da.

boots2Ditugun mediazio egiturek (alderdiek/sindikatuek…) beste garai eta egoera batzuei erantzuten diete. Horregatik, ezinezkoa zaie statu quoa aldatzeko gaitasuna lukeen independentismorik sortzea; sistemak izoztuak ditu. Mediazio egituren krisia denok sumatzen dugun zerbait da. Hala ere, indar metaketaren logikarekin pentsatzen jarraitzen dugunez, estatua lortu ahal izateko beharko genukeen inoizko subjekturik indartsuena agortuta dauden mediazio egituren baturaren bidez egin nahi dugu. Sarriegi, aparatuak aparatua justifikatzeko joera duelako, ezintasun hau onartzea zaila egiten zaigu eta nolabaiteko performance independentistak egiteko joera areagotu zaigu: independentistak garela esan, aldarrikatu… baina egunerokoan estatua lortzea ezinezkoa balitz bezala jokatu.

Helburua ez da mediazio egiturak salbatzea, estatua lortuko duen subjektua sortzea baizik. Arazoa, azken finean, statu quoa apurtzeko gaitasuna izan beharko lukeen subjektua statu quoa kudeatzeko darabiltzagun erremintekin sortzen hasten garenean agertzen da. Alderdiak beharrezkoak dira, bai, baina ezin dira independentismoaren neurria izan. Neurrira egindako subjektua behar dugu, gaurko aukerak eta potentzialtasunak erakartzeko eta sortzeko gai dena. Ez beste egoera eta baldintza batzuei erantzuten dien eta tope guziak bere motxilan dakartzan subjektuen pilaketa bat.

Baina nola sortu subjektu berria? Konfrontazioa sortzen den neurrian azalduko da estatuaren aldeko subjektu berria eta konfrontazio hori parametro egokietan egiteak zabalduko du. Subjektu berria sortzea dagoenaren metaketa baino errazagoa eta eraginkorragoa dela uste dut. Historiari begiratuz gero, statu quoa apurtu den leku gehienetan subjektu sortu berri batek egin ditu motor lanak.

Aipatu posturek, indar metaketarena bata eta subjektu berria sortzearena bestea, zerikusi zuzena dute prozesu independentistaren hasiera imajinatzeko dugun moduarekin. Prozesua alderdi/eragile politiko diferenteen arteko hitzarmenek hasiko dute edo prozesua aktibazio herritarrarekin hasi beharko da. Sinplifikatuz baina sinplekerian erori gabe, uste dut lehenengo bideak indar metaketaren ideiari erantzuten diola eta bigarrenak subjektu berriaren sorrerarenari. Gaur-gaurkoz nagusia den joera indar metaketarena denez, aldebikotasunera eta lehia elektoralera bideratu dugu prozesua pentsatzeko dugun modua, jendartean blokeo egoera izugarria irudikatuz. Alderdien arteko akordioak etorriko dira, baina beti ere de facto gertatzen ari denari zigilua eta bultzadatxoa emateko, ez aktibazioaren hasiera moduan.

60ko hamarkadan independentismoak, indar metaketa egin beharrean, subjektu berria sortu zuelako iritsi da gaurdaino estatuaren aldeko jarrera. Gaur egungo bidegurutzeak baina badu diferentzia bat: momentu horretan bizirautea bazen helburua, momentu hauetan estatua lortzea dela. Honek independentisten metaketatik harago, Euskal Herrian sekula izan den subjektu politikorik zabal eta indartsuena sortzea eskatzen du. Eta hau modu batera soilik egin daiteke: konfrontazio gune berriak sortuz eta bertan eraginez, prozesua hori baita; konfrontazioa.

Baldintzak izugarri onak dira, gauzak ondo eginez gero urte gutxitan estatua lortzeko modukoak. Ez dezagun urte batzuk barru atzera begiratu eta gure akatsen ondorioz estatuak eskuetatik ihes egin zigula pentsatu. Aukera eskura dugu, aprobetxa dezagun.

naiz:

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

Leave a Reply