Zazpi puntu euskararen etorkizunaz (I)

By • Mar 15th, 2016 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Joseba Barriola

ez abertzale, independentista, euskararekin hitzartua, jubilatua

* * *

jos21.- Euskarazentrismo kuantitatiboa.

Euskararen etorkizunaz aritzerakoan gehienetan euskararen (hizkuntza komunitatea eta hiztunak) barnerako begiradarekin hasi eta bukatzen da. Eta begirada horretan bi gauza desagertzen dira: barnera begira jarrita “espazio sinbolikoaren” egoera eta kanpora begira (gehienez estatu hedakorren (Espainia eta Frantzia) eragina aipatzen baita), bainan planeta osoaren egoera katastrofikoa. Hau da, etorkizunari begira bi aldetik huts egiten du gogoetak: erdigunera begiratzea baztertu (zein espazio sinboliko mota dugun: zein motibazio, zein ezagutza eta zein erabileraren eta zein dimentsio unibertsalaren inguruan ardazten da, ardazten bada espazio sinbolikoa) eta kontestuari buruzko jarrera subordinatua.

Begiradaren murrizketak behaketa kuantitatiboak egiteko joera du. Zenbatek ezagutzen dute euskara, zenbatek erabiltzen du euskara, zenbateko motibazioa daukate. Bainan hori bezain edo garrantzitsuagoa da zer nolako ezagutza dugun, zer nolako motibazioa dugun eta zer nolako erabilera dugun, eta zer nolako unibertsaltasuna dugun. Joera kuantitatibo horren haritik azterketaren beraren panoraman, esan gabe gelditzen da, konparaziotarako erreferentea espainiera edo frantzesa bihurtzen dira. Zenbat Berria ale saltzen dira eta zenbat Gara edo Diario Vasco; zenbat euskara erabiltzen da kalean eta zenbat gaztelera; zenbat komunikabide (egunkari, aldizkari, telebista) dugun euskaraz eta zenbat dun gazteleraz; zenbat diru laguntzak ematen duen PNV-ren Jaurlaritzak edo UPNren gobernu foralak; zenbat eskubide onartzen dizkigun Euskararen Legeak eta zenbat Iparraldeko legediak; zenbat diru erabiltzen ditu Miguel de Cervantes Institutoak eta zenbat Etxepare Institutua… Adibideak amaiezinak dira, eta azterketa hori beharrezkoa da. Baino arazo bihurtzen da azterketaren muina hori denean. Zergatik? Subordinazioaren onarpen inplizitoaren barruan aritzen garelako alde batetik, eta bestetik kantitatearen arabera neurtzeak zuritzen dituelako euskararen alde egiten diren ekimenekiko espiritu kritikoa.

Adibidez: ez al da azterketan sartu behar Autonomiaren Potere politiko mugatuaren politika linguistikoak sorrarazi dituen efekto perbertsoak: A ereduan sustatu diren euskararekiko urruntze eta bizipen penagarriak? Edota Administrazio publikoaren euskalduntze prozesuan? Zein planteamentu kalimotoso izan duen, adibidez, Osakidetza euskalduntzeko planifikazioak? Zer nolako eragina duen euskararen militantziaren zatiketa, lan postu ondo ordaindua eta lasaia dutenen artean eta prekarietate osoan bizitzera kondenatutakoen artean ireki den lubakia? Zein ondorioak izan ditu euskararen desagerpenarekin batere axola erakutsi ez duten partiduekin pakto linguistiko konstituzional eta autonomikoa sinatzeak? Noiz azalduko da azterketetan, mogimendu euskaltzalearen garrantziaren ondoan, milaka eta milaka emakume, batez ere emakume “etorkinak” eta gazteleradunak izandakoek egin duten ekarpena eskoletan B eta D eredua finkatu dadin. Azterketa kuantitatiboan “erdaldunen” multzoan jartzen ditugu eskolaren euskalduntzearen eragile nagusienetakoak.

Puntu honi amaiera emanez. Euskararen etorkizuna guztiz lotua dago migrazio mundialen mogimenduekin, guztiz lotua austerizidio planetarioarekin (eta horren barne TTIP-rekin, gerraren ondorioekin, aldaketa klimatikoarekin, biodibertsitatearen galerarekin, kultur mailako sistema planetario glotofagikoarekin (hizkuntzen aniztasunaren hiltzailea) eta hitzaren ahalmenaren prostituzioarekin. (Gezur batez –armas de destruccion masiva– justifikatzen da Irak-eko gerra eta milioi inguru hildakoak). Nahi duguna egingo dugu bainan TTIPren alde apostua egitea euskararen heriotzaren aldeko apostua egitea da; aldaketa klimatikoari aurre ez egitea euskarari etorkizun iluna eskaintzea da. Aberastasunaren pilaketak sorrarazten duen pobrezia eta migrazio sistemaren aurrean ezaxolati ibiltzea, euskararen etorkizunari buruz ezaxolati ibiltzen da. Eta alderantziz, euskararen bizitza sustatzeak eskatzen digu, gaur egungo informazioak koherenteak izateko ematen digun posibilitateari kasu eginez, TTIPren aurka egotea, zentral nuklearren eta NATOren aurka, austerizidioaren aurka eta Lurraren bizitzaren biziraupenaren alde jokatzea. Hitz batez, merkatu kapitalistaren hedapena da euskararen heriotza. Eta ez dago lekurik sistema merkantil kapitalistan lekutxo bat bilatzen ibiltzeko, han goxo eta ziur egongo garelakoan.

jos32.- Jakin eta Ezagutu.

Bi gauza desberdinak dira, hori azpimarratu nahi dut. Adibide bat jarriz: seguraski denok jakin badakigu zer den tortura eta zer den kartzela. Bainan diferentea da tortura ezagutzea edo kartzela ezagutzea, hau da, bizitzea. Gauza bat da euskararen nor, nor-nori, nor-nori-nork eta baldintza de subjuntibo jakitea, euskararen gramatika jakitea, eta beste bat da euskara ezagutzea, hau da, guretzat –jaiotzetikan edo gaztaroan edo zahartzaroan- eza zena gutzea, hau da ezagutzea, gure bizitzaren parte egitea. Zein da azpimarratu nahi dudan diferentzia? Gauza bat da gramatika jakitea eta beste bat da euskara bizitzea (bizitzeak noski jakitea ere barnean hartzen du, bainan zerbait gehiago du: gorputzaren mogimenduak eta emozioen mundua eta pentsamenduaren garapena). Jakitea bizitzatik aparteko gauza bada, zeharo hila dago. Bizitzan txertatzen den heinean biziko da jakintza, eta ezagutza bihurtuko da. Adibidez: zenbat ikasleentzako Paleolitiko esperientzia ikaragarri itzela, gure bizitzaren hasieran errepikatzen dena, “rollo” bat besterik ez da, eta jakin badakite Magaleniensea eta Musteriensea, eta Lascaux eta Aitzpitarte… bainan “ezagutu”? Kia. Alferrikakotzat jotzen duten jakintza bata da askorentzako.

Eta nago gure hizkuntzaren bizibidean hain garrantzitsuak diren eskolak eta euskaltegiak, oso gramatikalak direla eta oso gutxi bizitzearen esperimentuak. Inguruko estatu indartsuen eskola eredua ez digu balio. Eta ez soilik gure nazioa ukatzen delako historian eta gure beharrak kontutan hartzen ez direlako (Noizko, adibidez, euskal unibertsitate deiturikoan “sozio-psikolinguistikako karrera” bat? Milaka pertsona daude hizkuntzen inguruko lanetan inplikatuak eta karrera bat bera ere ez! Hor utzi genuen duela urte mordoxka bat Jose Maria Sanchez Carrion hemendik alde egiten, berreskurapenaren diskurtsoaren sakontasuna premia larria zenean –eta da–! Ez soilik horregatik. Gainera gure irakaskuntzaren pedagogia ezin da ingelesaren pedagogiaren kopia, edo gazteleraren pedagogiaren kopia (hizkuntza horietako espazio simbolikoak badu zuzenketa larriak egiteko premia; izan ere, hizkuntza horiek ere gaixo daude, “sobreexceso” daukatelako, hau da “pribilegio” onartezinez harmatuak daudelako). Guk dugun premia da jakintza bizitzarekin lotzea, haurren eskolatik hasita eta unibertsitateraino eta euskaltegi guztietan. Eta ez bizitza “aparteko” bat, ez euskara sustatzeko ekimenak soilik, etxekaleratzeen aurka borrokatzeko hizkuntza baizik, bizitzarekiko (gure etsipen edo axolagabekeriarekiko) begirada berri eta emantzipatzaileak sortzen dituen arte mota guztiak garatzeko hizkuntza baizik, etorkinen eskubideen alde eta beraiei babesa eskeintzeko hizkuntza baizik, pentsamendu emantzipatzaile globala lantzeko hizkuntza baizik (adibidez islamismo jakobino eta emantzipatzailearekin edo Amerikako Indioen Sumak Kawsay aldarriarekin harremanetan jartzeko, ezagutzeko eta elkar aberasteko).

jos13.-Hiru mantra gainditu beharrekoak.

Azken aldi honetan Euskara guztiona dela-eta hiru hitz “sakratu” bihurtzeko bidean daude: kontsentsoa, elkarlana, erakargarritasuna. Horien desakralizazioa premiazkoa da, nire ustez.

Euskara guztiona da, gizadiaren ondarea da, denona, euskaldunona eta gazteleradunena eta frantzesarenena ere. Horrela, Hollanderen eta Aznarren ondarea ere bada. Baina gizadiaren ondarea baldin bada, esan dezakegu ere Obamaren ondarea ere badela eta Angela Merkelena eta nola ez Wollof hiztunen ondarea ere badela, eta Txineraren hiztunena ere bai eta segi mundu guztiari buelta emanez. Bainan zerbait argitu beharra dago. Ondarea da jaso duguna, bainan ondarea izateak ez du argitzen guk, bakoitzak, zer egin nahi dugun ondare horrekin. Eta hor dago koxka. Ondare horrekiko estima dugu? Nolako estima (agian museo batean gordetzeko estima badu norbaitek bainan haratago ez)? Bakoitzak egiten du jaso duen ondarearen balioespen bat: ondare hori jaso nahi al dut, eta gaur egungo premietarako baliagarritzat hartzen dut, eta ondorioz erabakiten dut “euskara salbu ikusi arte ez dut moztuko bizarra”? Aukera hori giltzarria da. Eta aukera horren arabera esango dugu: euskara gizadiaren ondarea da, bainan batzuk ez dakite badenik, beste batzurentzat ondare hori kaka hutsa da, beste batzurentzat gehienez museo batean gordetzeko baliagarria da, beste batzurentzat bizitzea merezi duen bizitza pertsonal eta unibertsal baterako harribitxi preziatua da.

Hortik abiatuta, badago gero, euskararen bizitasunaren apostua egin dugunon artean, diferentziak. Euskara bai, bainan lehenago nire negozioa esango dute batzuk; edo euskara bai merkatu kuota handitzen laguntzen didalako; edo euskara bai bainan 78ko erregimena eta, ondorioz, autonomia gehiegi ukitu gabe; edo euskara bai bainan ez por libre baizik eta pais de nacionesen barnean; edo euskara bai eta Nato eta TTIP ere bai; edo euskara bai eta horregatik etorkinak dira gure kulturaren kolonizataileak…. Euskararen aldeko sutsuen artean badira mila diferentzia eta diferentzia horiek ez dira “biolentzia bai edo ez”, zeren biolentziaren lehen onarpena Espainiako Konstituzioan harmadari buruzko artikuluan onartua dago, eta Autonomiaren ertzaintza ez al da ba biolentzia instituzionalizatua? Bestelako diferentziak dira hainbat ikastoletan ere historian izan diren hainbat istiluen iturria; diferentzia horiek dira… Bada, guztiona da mantra horretatik abiatuta, segidan datozte beste mantra horiek:

Kontsentsoa: Hemen egin den kontsentsu nagusiena Konstituzioaren kontsentsu imposatua izan da, Autonomiarekin ezinbestez edota gogo onez eta justifikazio handiustez onartua. Kontsentsu horren muina hauxe da: Euskara hizkuntza gutxiagoa eta subordinatua da; beraren garapenaren mugak eta erritmoa euskararekiko ezaxolati eta etsaien eskutan dago: Espainiako Parlamentua. Muga horren barruan egin ezazute nahi duzutena: ETB, Aldizkariak, Egunkariak… eta gainera ondo zelatatuak (hamarnaka errekurtso Konstituzionalean), eta gainera debekatuak ere (GARA eta EGUNKARIA). Zein kontsentsu egin daiteke euskararen glotofagikoen, euskara biziraupena konbibentziarako traba dela sinisten dutenen eta euskararen bizitasuna eta biziraupena nahi dutenen artean? Egin daitekeen bakarra morroitasunaren kontsentsua da.

Elkarlana: inork ez du pentsatu ere egiten elkarlana egin daitekeela Madrideko, Andaluziako, Castillako jendearekin. Adibidez, baldin eta Pais de Naciones batean bagaude, noizko (legala da jada oraintxe bertan) antolatuko dira oiartzun handikin euskal herriko, Catalunyako, Galiziako hizkuntzak, kulturak, historiei buruzko masterrak (titulazio eta guzti) Estatu osoko unibertsitateetan, adibidez, Madrideko unibertsitateetan? Ez. Hau ez da burutik pasatu ere egiten. Elkarlana aipatzen danean autonomiaren instituzioaz, euskalgintzako erakundeetaz, empresarietaz, kultur munduaz, sindikatuaz, mogimendu sozialetaz…. hitzegiten da. Bainan mundu guzti horretan, gauza batzuk elkarrekin egin badaitezke ere eta bere interesa du horrek, badira euskararen mogimendu osoan lerro gorriak. Adibidez, Osakidetzan egin dezaketa gauza batzuk beraren euskararen planaren inguruan, bainan “elkarlan” horrek ez dit eragotziko esaten Plan hori desastre bat dela, erdigunean jartzen duelako beldurraren motibazioa: euskara ikasi edo lanpostua galduko duzu! Motibazio kalamitosoa da, eta aldiz, plana erabaki duen zuzendaritza osoaren implikazioa eta euskalduntzea borondatezko gauza bihurtzen da. Horrela, nonbaiten garbitzaile izateko derrigorrez Perfil 1 edo 2 beharko duzu, bainan Osakidetzako buru izateko (Azkona kasurako) ez duzu batere exijentziarik. Hau da, elkarlana bai, bere neurrian. Bainan elkarlana ez politika linguistikoaren ondorio perbertsoak estaltzeko edo zuritzeko, eta elkarlana ez euskararen subordinazioa baldin bada politika linguistikoaren norabidea. Elkarlanean aurkitzea egoeraren irteeraren giltzarria, elkarlana mantra bihurtzea da.

ErakargarritasunaBeste topiko postmodernoa da hau. Erakargarri egin. Zer esan nahi du horrek? Lehenik esan nahi du orain ez dela erakargarria, edo erakargarritasuna galdu egin duela. Nola gertatu da hori? Nire iritziz, Frankismoaren aurkako azken urteetan euskara erakargarria zen, mundu guztiaren nahi sakon batekin (askatasuna) lotua zegoelako. Askatasun nahia 78ko Erregimenarekin eta bere bilakaerarekin eta neoliberalismoaren nagusitzearekin batera, pertsonen emantzipazio nahiak ahuldu zirenean, hamarkada luzetan errotu den desenkanto famatuan, indibidualismo ez solidarioa indartu zen heinean, euskararen aldeko erakargarritasuna galtzen joan zen, euskararen geroa emantzipazio nahiatik aparte ezinezkoa delako. Nagusitu zen errutina, burokrazia, ez implikazio pertsonala bizimodu osoan eta baita euskararen bizitzan. Hau ez da aldatzen malabarismoak eginez, edo teknika empatikoez, edo inteligentzia emozionalez. Simpatikoarena egin? Ez gogorra izan salaketan? Beste hizkuntzek ez duten xarma eskaini? Zer da hori? Komunikazio-tresna huts izatetik haratago? Zer da hori? Azken galdera hauen erantzuna bikoitza izan daiteke: desio bat esan dut bainan ez dakit zehatz zer esan nahi dudan; edo “xarma” eta “komunikazio-tresna huts baino haratago” espresioek esan nahi dutena, nire aburuz, da: egin dezagun euskara gure nahi emantzipatzaileen, gure bizitza duinaren, apasionatzen gaituen ekimen bizigarrien tresna. Apasionatzen zaituena diru-pilaketa bada, edo botere-pribilegioa bada, edo kultura espektakularraren prestigioa bada… orduan ez duzu euskara behar. Bainan pertsona aske eta sortzaile izan nahi baduzu, jende burujabearen herri librea nahi baduzu, topatuko zara euskararekin eta euskara zure eskutan bihurtuko da emantzipazioaren eta horregatik festaren hizkuntza. Orduan izango da erakargarria. Oso.

One Response »

  1. […] Lehen entregan zazpi puntuetatik lehen hirurak argitaratu ziren: 1.- euskarozentrismoa kuantitatiboa. 2.- Jakin-ezagutu binomioa. 3.- Euskararen mantra batzuk. Oraingo entrega honetan zazpirako falta diren lauak doazte: 4.-. Zentralitateaz. 5.- Norabideetaz. 6.- Subordinazioaz eta unibertsalismoaz. 7.- Garenaren balioespenaz. […]

Leave a Reply