Fantasia atrabesatzen (I): estatua eta utopia

By • Mar 9th, 2016 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Independentzia eta estatuaz aritzerakoan beharrezkoa da bi dimentsio edo logika bereiztea: logika (edo jarrera) pragmatikoa eta logika (edo joran) utopikoa. Jarrera pragmatikoarekin, independentziaren muga gaur egungo Europan, mendebaldean eta munduan, hemen eta orain, jada dauden ohiko estatu-ereduen arabera gauzatzen da. Joran utopikoak, aldiz, logika pragmatikoak bezala, oraindik ez dagoen independentziaren aldeko desira berbera bultzatzen du, baina zehaztasunik gabeko gerora begira estatuaren irudikapen eta proiekzio berri(zale)ak artikulatuz – Euskal Herriko testuinguru akademiko eta aktibistan adibide batzuk jartze arren: Euskal estatu feminista (Jule Goikoetxea); estatu ‘etniko’ postnazionala (Joseba Gabilondo); independentzia (edo separatismo) post-pornoa (Edu Apodaka) eta abar.

Bi dimenstsio horiek nola bereizten diren hobeto erakusteko baliagarriak dira Alain Badiou-k elkarrizketa-zati (*) batean, gaur egungo emakumeen egoera orokorrari eta etorkizuneko feminitateari (sic) buruz esaten dituenak:

13.00-15.00: Etorkizuneko munduan feminitatearen leku singularra non dagoen jakiteke dago oraindik. Oraingoz ematen du kontua emakumezkoei gizonezkoen askatasunak eskaintzea dela. Horrela emakumeen berezko problematikaz zuzenean aritu beharrean berdintasun orokor batean oinarritzen da, juridikoa, profesionala etabar gizateria osorako pentsatua dagoena. Diskurtso horren alde nago baina modu berdinean badakit ez duela adierazten singularitate femeninoaren ekarpen posiblea gaur egun dagoena baino giza-unibertso hobea sortzeko bidean. […] Azken finean, oso ondo dago gaur egungo emakumeak bankariak, zaldun erregimentuetako laguntzaileak, torturatzaileak edo errepublikako presidente izan daitezkeela, baina hori ez da arazoaren muina. Hori, hain zuzen, gizonek egiten dutena da eta emakumeek gizonek bezala egiten dute berdin-berdin. Hori da arazoa, ez dizkiegula eskubideak ematen gauzak modu ezberdinean egiteko. Eskubideak eman bai baina gauzak gizonen erara egiteko. Eta horregatik da giza-hierarkiako tontorrean dauden emakumeak ere sarritan entzuten ditugula ondoez hori adierazten, egoera guzia maskulinoa izaten dirauela hain zuzen. […] Baina nik zera jarraitzen dut pentsatzen, alegia emakumea ez dela gizona, voilà! eta ondorioz nire joera ere bada pentsatzea emakumezkoak gizonezkoak baino hobeak direla.

[…]

16.00-17-10: Gaur egungo gizartean ez dago ezer emakumeen gaitasun sortzailea, asmatzailea eta berritzailea bere espezifikotasun horretan azpimarratzen duenik – azkenean esaten zaiena da: egin gizonak bezala! Egin gizonak bezala, bai, baina jakinda azken finean objektu sexualak izaten jarraituko duzuela […] Emakumeentzat arazoa zera da, da jakitea zein den humanitatearen etorkizunaren ikuspuntutik emakumeen leku berria, sortzailea eta berritzailea eta hori ezin daiteke izan, ezin daiteke laburtu gaur egungo mundu modernoko gizonen imitaziora. (**)

Laburtuz, Badiou parekidetasunaren alde dago. Esate baterako, Alardeen aferan ere parekidetasuna aldarrikatuko luke nahiz eta emakumezkoek gizonezko karabineroarena egin – izan ere performantzia militante osoa berdintasunaren izenean burutzen delako (logika pragmatikoa – “diskurtso horren alde nago”); baina modu berdinean errealitatetik at kokatzen diren, eta errealitate hori aldatzeko helburuekin zeruertz utopikoak delineatzea beharrezkoa da (“giza-unibertso hobea sortzeko”) – bai feminismoaren kasuan, bai Badiouri gogoko zaion ideia(l) edo hipotesi komunistarenean, eta baita, nola ez, dagokigun gaiaren inguruan, naziotasunaz eta independentziaz, pentsatzeko orduan.

ikur

Dagokigun gaira berritzuliz, bada, aipatu bi dimentsio edo logika hauek ohiz irudikatzen dira bata (logika utopikoa) bestearen (dagoen errealitatearen) atzetik jarraian joango balira. Baina era berean biak ala biak daude, hemen eta orain, imajinario, desira eta fantasia politiko(ar)en izaera gatazkatsuarekin lotuta.  Adibidez, Euskal Herriko estatua aldarrikatzeko kasuan, edo independentziaren aldeko desira artikulatzeko orduan, lehenengo momentu pragmatikoa bera utopikoa da era berean- Euskal Herrian oraindik ez dagoelako estatu propiorik; baina feminismoarekin gertatzen den bezala, berdintasunaren (edo nazioarteko ‘parekidetasun’aren) izenean, independentziaren aldeko borroka bera behartuta dago inguruan dagoena eredutzat edo neurri-norma(l)tzat hartzera; eta dagoena ikusita, hau da, inguruan dauden mendebal estatuen egituraketa, giza-testuinguru eta egoera ekonomiko orokorra ikusita (normaltasun heteropatriakala, demokrazia normatiboa, diferentzia sozio-ekonomiko gero eta gehiagotuaren normalizaioa, arrazakeria normalizatua…) ez da harritzekoa estatu independiente normal baten aldeko desira horrek ez bagaitu larregi berotzen.

Bere azken aldiko Estatu tekniko bat utzi eta ikurrinak sukaldeko trapu bihurtu idazlan grinatsuan, Santi Leoné-k dilema berdina ondo asko azaltzen du:

“Hobeto bizi nahia” franko kontu lausoa dela alde batera utzita, galdera da nahi horrek independentzia erdietsi nahi izatera eramanen gaituen, edo soilik estatu erreformatu nahi izatera. Independentzia mugimenduak, aldez edo moldez, nazioari lotuak egon baitira: bertze kontu bat da, osatu nahi den estatuak nazio-estatu klasikoak izan behar ote duen –bistan da ezetz–, edo pentsatu behar duen nola bermatu herritar guzien ongi-izatea – eta puntu horretan ados nago Galfarsororekin.

Denok ados egonda eta guzti, aipamen honekin beste arazo bat sortzen zaigu, esan bezala, gaur egungo errealitatean, independentzia lortzeak zer eta nazio-estatu klasikoaren imitazioa eskatzen baitu hor nonbait, asko jota “estatu erreformatu bat” izatea, hain justu, edo berriki entzun izan dugun bezala estatu dezente bat. Zentzu berean, hobeto bizi nahi “lauso” horren nolakotasunak testuinguru horretan zehaztuko dira. Are eta gehiago, gai hauen inguruan independentziaren aldeko gure tradizio politikoa non kokatzen den jakinda, esplikatu beharko dugu ere hobeto bizi nahi izate horrek elkartasuna duela ardatz eta independentziak ez duela esan nahi aldamenekoek okerrago biziko direnik. Eskoizako erreferendumaren garaian, adibidez, independentziaren aldeko argudio nagusi bat izan zen Ipar Ingalaterrako lurraldeen garapen ekonomikoa eta biztanlegoaren ongi-izate orokorra gehituko zuela, Londresetik at Eskoziako benetako botere-gune berriak ereginda. Eta ondo oroitzen banaiz, argudio hori ezker erradikalak aurreatu zuen, independentzia klase borrokatik eta jenero gatazkatik banatu ezin daitekela sostengatzen duena.

Laburtuz: Estatua berpentsatzeko orduan gure joran utopikoak oasis feministena, sozialistena, ekologistarena etabarrena irudikatzea baimentzen badigu ere, independentzia bera gaur egungo Europako basamortu erreala baino errealagoan gauzatuko da, sinismen puruen palmondo azpiko freskuratik urruti … Eta ondorioz ez da harritzekoa, ezkertiar garbienak (independentzia zertarako, estatu kapitalista bat izateko?) eta euskaltzale petoenak (independentzia zertarako euskararen iraupena ez badu bermatzen!) bat etortzen badira estatu independientearen aldeko bidean Euskal Herriko ezkerrak aintzat hartu behar dituen logika pragmatikoaren gabeziak, kontraesanak eta dena-delako traizioak salatzeko orduan.

Euskararen inguruan Santi Leonék tranpa egiten du askapen mugimendutik sortzen den independentismoaren joran intelektual berriari zera egozten dionean, alegia bere baitan “kulturalismoak eta hizkuntzarekiko “temak” traba egiten dutela”. Gauzak modu hain gordin eta egia esateko gaizki eta gaizto planteatuta, erantzuna alderantzizko galdera hirukoitza da; bat: independentzia oztopo ez ote den azken 30 urtetan “euskal kulturaren mundua” deritzanaren burbuila subordinatua lehertzen duelako. Bi: independentzia oztopo ez ote den euskal kulturaren munduko fantasia indijenista-komunitaristak profesatzen dituztenentzat, batik bat. Eta galdera guzien ama, hiru: independentziak traba egiten ez ote duen, euskal kulturaren munduko imajinarioan euskara hizkuntz nazional gisa ikustatzeko gaitasuna galdu delako? Euskara komunikaziorako tresna huts gisa imajinatzeko gaitasuna galdu, hain zuzen ere!

Berdintasunaren printzipioa inbokatuz (nazioarteko ‘perekidetasuna’rena), nire estatugintza “pragmatikoak” estatu klasiko erreformatu eta dezente bat irudikatzen du, estatu normal bat, euskarak (esan gabe) dagokion status estatala normaltasunez asumitzen duelarik; beste batzuen pragmatismoak, aldiz, errealitate-printzipioa du gidari; ohartu gabe, baina, errealitate gordin horren zama aitxaki, euskararen fatua bera maila sinboliko baxuago batean kokatuz bukatzen dute. Horri deritzot nik tribugintza subordinatua, “errealitateak” eraginda (ala ez) euskara hizkuntza estalal gisa (eta komunikazio tresna gisa) imajinatu beharrean, hizkuntza gutxituaren egoera eta diskurtsoa ontzat asumitzea, langues regionales-en erretorika ere onartzea (hobe da zertxobait ezerez baino); eta azken finean euskal diferentzia subalternoa gainditzera saiatu baino (“estatugintza unibertsala” Leonén hitzetan) euskal salbuespen hori maila baxuago batean, maila komunitarioan alegia, ospatzen amaitzea (tribugintza).

Ohargarria denez, hemen, ni naiz imajinarioaren logika utopikoan instalatzen dena, estatugintzaren ondorioz esan gabe doan presuposizioa baita niretzat, independentziarekin euskara beste hizkuntz normal bat izango dela, hizkuntz nazional guzien atributuekin! Eta “euskalduna desagertu behar da” motto-a logika berdinaren barruan ulertu behar da, operazio hegemoniko gisa, hain zuzen ere, subordinazio egoera gainditze aldera.

Behin honera helduta, iruditzen zait Santi Leonék ez diola objekziorik ezartzen ikusmen orokor honi. Eskatzen duena independentziaren gaia “prediku kasik moral” gisa erabili beharrean, hasieran aipatu bi logikak edo momentuak (pragmatikoa / utopikoa) bata bestearen atzetik continuum batean lerrotzea da: “Euskaldunak desagertu behar du; normal bihurtu, alegia [nahiz eta] prozesu baten ondorioa beharko luke”. Eta ikusbide hau indartzeko asmoarekin, besteak beste, zer esanik ematen duen aipamen batekin bukatzen du:

Are gehiago, hegemoniko bihurtzea helburu izan beharko genukeela errateko Zizek aipatu behar izatea, Iruñetik Gasteizera Vladivostoken barna joatea bezala da: Joseba Sarrionandiak aski argi eta aski eder adierazi baitzuen aspaldiko poema batean: Eta finean / euskalherria, / San Agustinenak eta faltsua-egia / frogak pasa ondoren, / bene-benetako herri dadinean, /asmaketa ahaztuko dugu. / Estatu tekniko bat utzi eta ikurrinak / sukaldeko trapu bihurtuko ditugu, / gure herriak izatearenekin batera / ez izatearen abantailak izan ditzan.

Lehen esaldian somatu daitekeen egiaren-laurdenarekin geratuko naiz, egia baita Andoni Olariagak sarritan esaten duen bezala, beste hainbeste gertatzen dela Joxe Azurmendi eta abarren lanekin. Sarrionandiaren poema dela-eta, azpimarratzekoa da berak ere Santi Leonén prozesu-zentzu antzekoa ikustatzen duela: “faltsua-egia frogak pasa” eta “asmaketa ahaztu” ondoren “bene-benetako herria” [estatua] izango gara eta [desagertzearen edo] “ez-izatearen abantailak” izango ditugu. Eta egia da: gaur egungo errealitatean gauzak nola dauden ikusita hori ezinezkoa da. Baina ezinezkoa da “errealitatean”. Horrek ez du esan nahi ezinezkoa dela imajinario, “fantasia”, desira edo ideial politikoen eremuan.

Argi dago errealitateak fantasia hondatzen digula, hau da, bizi dugun benetako subordinazio egoerak estatu propioaz jabetutako benetako subjektu moderno, demokratiko eta irekia izateko fantasia unibertsalizatzailea ezintzen duela, ezinezko bilakatzen gaurko errealitatean. Halere, merezi du errepikatzea aipatu bi logikak prozesu gisa bata bestearen atzetik baleude irudikatzea ondo dagoela, batez ere segurtatzeko, Edu Lartzanguren dixit, gurdia ez dugula idien aurretik jartzen. Baina benetako galdera da gurdia idien aurretik ez jartzearen ilusioari atxikiz azken asmoa ez ote den zezenari adarretatik benetan heldu nahi ez izatea.

Bestela esanda, egon badago bi momentu desberdinak bata bestearen jarraian imajinatu beharrean, modu simultaneoan, bata eta bestearen arteko joan-etorri dialektiko amaigabean ulertzeko: logika pragmatikoa eta joran utopikoa txertatuta daude bata bestearengan, errealitatea aldatzeko borroka ideologikoa imajinarioaren mailan ematen da, eta desira edo proiekzio utopikoen arteko kontrastetik sortzen, hemen eta orain. Eta behin bidigurutze honetara helduta, iruditzen zait, hemen eta orain, fantasia (demokratikoa, unibertsalista…) benetan erdi-erditik atrabesatzera ausartu baino aldamenetik zeharkatzea nahiago dugula (“estatu independienteaz jabetzen garenean orduan bai gu ere desagertuko gara eta izango gara kosmopolitak, irekiak, modernoak eta ikurrinak sukaldeko trapu bihurtuko ditugu, baina bitartean ez”).

Fantasia erdi-erditik atrabesatzeak, subjektu subordinatuak (euskal subjektu partikular exotizatuak) estatuaz jabetutako subjektu politiko ‘normal’aren posizioa antzekotzat hartzeko posibilitatea dakar, honen diskurtso eta desiraz eraginda. Bestela esanda, estatua Euskal Herrirako aldarrikatzen duen fantasia (edo teoria) demokratikoaren gauzaketa ez da bakarrik ulertzen prozesu baten ondorio balitz bezala, baizik eta, era berean, benetako subjektu moderno, demokratiko eta irekia imajinatzen eta norbereganatzen gauzatzen da, hemen eta orain.

Eta, izan ere, hemen datza agian aurpegiratu behar dugun azken arazoa. Har dezagun “berdintasuna”ren aldeko aldarrikapena. Badiouren aipua bergoratuz, ematen du “berdintasuna”ren aldarrikapenak antzerakoak direla feminismoan (berdintasuna = parekidetasuna = gizonen imitazioa) eta estatugintzan (berdintasuna = independentzia = dauden estatuen imitazioa). Baina aldarrikapen berdin horren efektuak desberdinak dira. Feminismoan parekidetasunaren diskurtso pragmatikoa erangikorra da, zer eta hain zuzen ere, gero eta berdintasun kuota gehiago lortzeko bidean. Estatugintzan, aldiz, independentziaren aldeko diskurtso pragmatikoa garatzeko berdintasuna ez da suertatzen oso sexy-a. Santi Leonék, dion bezala “–bistan da ezetz–“, bistan da Santi Leonéntzat euskal estatugintzaren betebeharra ez dela berdintasuna, horrek nazio-estatu klasikoaren imitiazioa eta errepikapena ekarriko bailuke soilik-eta, ahaztu gabe estatu erreformatua edo estatu dezentea ere, oinarriko eredu klasikoaren forma berrituak besterik ez direla.

Azken finean hau da bistan dena, da Mendebaleko fantasia demokratikoa erdi-erditik atrabesatzea, feminismoak bai egiten duela modu pragmatikoan: zertarako parekidetasuna? Bada berdintasuna garatzeko horrek espazio publikoan gizonezkoek ‘imitatzea’ eskatzen badu ere!). Guk, aldiz, nahiago dugu impasse hau ekiditea eta  berdintasunaren aldeko ideial demokratikoa zuzenean eta barrutik ez konfrontatzea; ez asumitzea, hau da, etorkizun hurbilean independentziak ekarriko duen estatu dezenteena ere nahikoa normala izango dela. Bestela esanda, hemen Badiouren predikua ankaz gora jartzen dugu. Badiouk zera dio: “[Askatasuna eta berdintasunaren aldeko] diskurtso horren alde nago baina modu berdinean badakit ez duela adierazten singularitate femeninoaren ekarpen posiblea gaur egun dagoena baino giza-unibertso hobea sortzeko bidean”. Guk, berriz, alderantzizko jarrera hartzen dugu: gaur egun dagoena baino giza-unibertso hobea sortzeko bidean estatugintza mota berriak imajinatzen ditugu baina era berean gaur, hemen eta orain, dagoenarekiko berdintasunaren aldeko diskurtsoari ez diogu heldu nahi – besteak beste  horrek ere gure subordinazioa edo gure kultur diferentzia eta salbuespenaz ‘gozatzeko’  asti gehiago ematen digulako, bistan da!

Ohar pare bat bukatzeko: estimatzekoak dira errealitate-printzipiotik abiatuta oinak lurrean tinko eusteko deiak: ameskeriarik ez! ez! ez! Bestalde, Sarrionandia ikono kultural eta intelektual handia dela ez dut nik ukatuko, ez dudan ukatuko bezala Nafarroako (edo edonongo) euskaradunak, orain eta hemen, “eguneroko politikan egiazko xenofobia sufritzen [dugula]”. Egia borobilak denak. Baina Alain Badiouk esan duena berrerrepikatuz, “gaur egun dagoena baino giza-unibertso hobeagoa sortzeko bidean” estimagarriago izango litzateke, baita gure txikian ere, eztabaida orotan filisteokeria anti-intelektuala erro-errotik baztertuko bagenu. Zizek, Badiou eta enparauen ideia nagusiez jakinaren gainean egotea gomendagarria da parean ditugun erronkei Arima Ederraren autokonplazentzia moralizatzailerik gabe heltzeko. Bestalde, nire “estatugintza unibertsalaren eta bertzelako kontzeptu ederren azpian estali nahia” ez da kapritxo dilettantea–edo; eta geroko “euskal estatu bat arrazista izateko aukerak kezka” sortzea nigan ez da aingeruen sexuaz espekulatzeko propoentsitatea dudalako; are eta gutxiago gaur egungo Europako testuinguru orokor gero eta xenofoboan, non, zoritxarrez, legatu europear erradikal eta aurrerakoiak berpizteko edo berregokitzeko zailtasun nabariak aurkitzen ditugun. Baina gai horri buruz hurrengo batean amestuko dugu.

* * *

(*) Alain Badiouren elkarrizketa osorik entzutea merezi du. Ikus Hedoi Etxarte: Maitasun Posmodernoaz (Beria, 2016-02-20)

(**) Itzulpen/transkripzio hau irakurrita gero egon daiteke mansplaining deritzan horretan erori izana salatuko duenik – gizonezkoek emakumeei lekzioak emateko jarreran islatzen dena emakumeek ondo asko dakiten gauzetaz beraien partez hitzeginez. Badiouren berrerosteko-edo bell hooks eta Gayatri Spivak moduko akademiko ekintzaileak aipatuko ditut, labur-labur. Spivak-ek dio kritika egiteko eskubidea irabazteko ikertzaileak/ekintzaileak bere posizioa (gizonezkoa, zuria, mendebaldarra…) historikoki kritikatu behar duela – eta Badiou, zer esanik ez, multzo horretan sartzen da buru-belarri. bell hooks-en arabera norberaren posizio maskulinoaren kritika egiteak, gero inolako erru edo bekatu zentzu gelditzailerik gabe aritzea baimentzen du – eta hemen ere ohargarria da Badiouren erruak eta bekatuak egotekotan beste nonbaiten dela, ez emakumeen egoeraren trataera bikoiztuan

* * *

Laister, Fantasia atrabesatzen (II): Europear legatua eta globalizazioa

Fantasia atrabesatzen (III): Komunismo geometrikotik komunismo lirikoara

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

6 Responses »

  1. Nireari dagokionez hainbat zehaztapen egin nahi ditut. Oro har, oso ados nago diozun guztiarekin (edo hori uste dut). Baina, txarto ulertu ez badut “(nire) independentzia postpornoa” logika utopikoan sartu duzu. Ez nago ados, utopiko eta pragmatiko bereizketa harekin.
    Bueno, lehenengoa argituko nahi dut independentzia hitza Identitatea eta Anomalia liburuan behin ere ez dela agertzen (Joseba Gabilondoren sarreraz kanpo). Hala ere, politikari eta independentziari begira zein ondorio dakarten liburuaren tesiek ari naiz aztertzen. Eta, alde horretatik, hemen esaten duzunaren ondo-ondotik ibiliko naizela esan nezake. Independentzia bainoago, nik separatismoa defendatuko dut, hala ere… Baina ez logika utopiko batean, erabat pragmatikoa izan nahi dut: liburuan bezalaxe, hain zuzen. Euskal izatearen pragmatika aztertu nahi izan dut eta.
    Zehatzago ere, imitazio (pragmatiko)aren alde aritu naiz liburuan. Imitazioa: subordinatuak nagusia edo superordenatua imitatzeko, lehendabizi bere burua “superordenatuarengandik” bereizi behar du, bere buruari entitate bat eman behar dio. Bere burua izaten hasi behar du; hartarako, bera eta ez hura dela esan beharko du, izatez ala esatez… Bere burua bestela, bereiz eta berez, praktikatzen hasi beharko du.
    Hori eginda, superordenatuari esan behar dio haren parekoa izan daitekeela, izatez badela haren parekoa. Zu nazioa zaren beste, naiz ni, esnago balu bezala. Eta zuk sistema literario oso bat baduzu, nik ere bai; eta zuk “gizarte apolitikoa” osatzen baduzu, nik ere bai…
    (ohar bat terminoei buruz: subordinatua diot baina praktika da subordinatua, edo logika sozialean jokatu behar dugun papera, euskalduna ez da berez subordinatua, galdetu bestela Josu Joni, baina honek ere badaki euskara praktika subordinatua dela. Askok uste du praktika horretan subordinatua delako, munduan den subordinatuena dela edo beste subordinazio guztien parean dela… Beste baterako utziko dut sinesmen horrek noraino hutsaltzen dituen beste(en) subordinazioak, eta hala, legitimatu ere bai).
    Superordenatu haren bestekoa da subordinazioari aurre egin dion subordinatua. Normala (eta norma) izaten hasi da. Lan egin beharko du hori dena gauzatzeko, baina diozun moduan, serio sinetsi beharko du horretan. Serio sinetsi behar dugu “euskal nazio herritarrak” garela, horrek esan nahi du, eta oraingo testuinguru honetan are gehiago, serio sinetsi behar dela de facto bagarela euskal subjektu subiranoa eta de facto subjektu subirano hori arras normala dela, arras mendebaldar kapitalista… Eta serio sinesten direnak izan ohi dira esan barik doazen kontuak, berez izaten omen direnak. Ez al da hala?
    Anomaliaren bizilegea da hura. Sinetsi beharra baitu bere buruaren duintasun, osotasun eta beregaintasunean. Subordinatua dela jakinda, de facto superordenatua izango balitz bezala bizi eta serio sinetsi. Eta bidenabar, seriotasun hark sortzen dituen egoera anbiguoez gozatu. Zergatik beharra? Bestela, desagertuko litzatekeelako, bestela ez litzakeelako inoiz de jure izango de facto dena, hots, bere burua izanarazten duena. Separatismoa da praktika-diskurtso hau. Eta ez da utopia, bizilegea da: (gaur) separatista izan ezean, (bihar) akabo euskal anomalia. Anomalia diot, akabo euskal bereizte ez subalternoa.
    Bestela, zer dugu? Anomalia barik, diferentzia dugu. Orduan, superordenatutako errealaren logika nagusitzen da eta euskal izatea espainiar (apalago, frantziar) errealaren aldaera, diferentzia egokitua baino ez da. Azkar disolbatzen da superordenatuaren aniztasun oparoan (lehen homogeneizazio zorrotza zen hartan).
    Nik objekzio bakarra dut zure tesiei egiteko: ezin da ahaztu zein den oraingo anomaliari bizi-indarra, kemena, ematen dion jendea. Ez da soilik diskurtso kontu bat. Jende zehatza da anomalia (edo independentzia) desiratzen eta amesten duena. Eta ez subjektu politiko abstraktu batek. Jende horretako askok koadrila edo tribu gisa bizi du euskal izatea. (kezkagarria da batzuek (ostera ere) jendearen komunitate prepolitikoan jartzen dutela bereizketaren gakoa; odolean ez, baina bai subjektutasun prekolonial batean edo. Eta horrela ahaztu izatea, zerbait izatea, praktika dela; berdin dela, nork egiten duen praktika, berdin dela praktika-komunitatera eta politiketara nor afiliatu den…) Horregatik nabarmendu dut politika postporno eta ikonoklastaren beharra: beregaintasuna eta osotasuna heldu(ko) da ikono zaharren gainean jendarte propioa eraiki ahala… Jendea hartara erakarri behar du lan ideologikoak, amets egitera, serio sinestera, baina ezin dira oraingo desirak eta nahiak besterik gabe, baztertu. Aitzitik, horiek denak integratu behar dira, artikulatu artikulazio irekietan ahal delarik. Nik ez dut ikusten independentzia proiektu bakarrik, asko dira, Ezkerrak berea behar du. Bere ametsa, bere hipotesia behar du. Hipotesi separatista-independentista modu askotara bizi eta sentitu ahal da, hala da.
    Eta beste, utopia (zehatzago, beregaintasun eta osotasunaren ametsa) ez da soilik oraingo euskal anomaliak izateko behar duen praktika-diskurtso separatista, biharko estatu propio batean euskal herriak (diodan euskal jendeak), estatuaren kontra aritzeko beharko duen kemen pizgarria izango da, nahitaez.

  2. Aupa Imanol, eskertzen dizut “tribugintza” zeri deitzen diozun argitu izana. Susmatzen nuen zerbait konfirmatzeko balio izan du: oso modu diferentean ulertzen ditugu azken 30-40 urteetako prozesu kulturalak.

    Izan ere, “euskara hizkuntza estalal gisa (eta komunikazio tresna gisa) imajinatu beharrean, hizkuntza gutxituaren egoera eta diskurtsoa ontzat asumitzea, langues regionales-en erretorika ere onartzea (…); euskal salbuespen hori maila baxuago batean, maila komunitarioan alegia, ospatzen amaitzea”, leporatzen diozu “euskal kulturaren mundua” delakoari.

    Hasteko, zuk gaur “euskal kulturaren mundua”-ri buruz hitz egin ahal izateko, duela hamarkada batzuk kulturgintzan ari ziren hainbatek imajinatu behar izan zuten mundu hori sortu ahal izateko aukera, inguruan ditugun hizkuntza nagusien sistema kulturaletatik aparte. Eta ez imaginatu bakarrik, sortu egin zuten (fantasiaren eta praktikaren artean maiz uzten duzun gap irresolublea baino modu eraginkorragoan nire irudiko).

    Zehaztasun oso gutxirekin, subordinatua dela leporatzen diozu “euskal kulturaren mundua”-ri bere osotasunean (liburuak argitaratzen dizkizuten argitaletxeak ere sartzen dira? Ez esan beraiei badaezpada). Uste dut komeni dela zehaztapenak egitea, bestela zaku berean sartzen ditugu atzerrian liburuak saltzeko indio txintxoarena egiten duten bat edo bi pertsona, eta cultural studies-eko party batera inoiz gonbidatu ez duten gehiengoa.

    Baina are gehiago, “mundu” horri leporatzen diozu “euskara komunikaziorako tresna huts gisa imajinatzeko gaitasuna galdu” izana.

    Hiper-logikaren eremu miresgarrira bisita bat proposatzen duzu beraz: egunero euskara komunikazio tresna gisa erabiltzen duen gizarte sektorea da euskara komunikaziorako tresna gisa irudikatu ezin duena. Eta noski, gaitasun hori kontserbatzen dutenak izango dira, hain justu, euskara egunerokoan erabiltzen ez duten Euskal Herriko kultur eragileak. Lasai, ez zara gauzak horrela ulertu dituen lehenbizikoa. Oteizak (euskal esentzialisten lehiaketan gure txapelduna) ere antzeko zerbait ibili zuen buruan. Zorionez, sendabidea dauka: hartu honelako irakurgai bat bazkalostean eta listo.

    Egia esan pozten naiz hiper logika horren emaitzarekin. Falta den bakarra da egun beste inork baino hobeto euskara komunikazio hizkuntza dela konturatzen diren horiek euskara komunikazio hizkuntza gisa erabiltzera pasa daitezen. Bitartean, nolanahi, subordinatua hemen erdaraz ari dena da.

    Gero dago fantasia indigenistarena: benetan Imanol, zenbat errepresentatzen du ildo horrek gaur egungo euskal kultur produkzioan? Esanguratsua dela esateko moduko adibiderik emango zenuke? Ze batzuetan iruditzen zait indartu nahi duzun argudio lerroari komeni zaiolako ateratzen duzula indigenismoaren kontua. Edo bestela, ez zaudelako oso jantzita gaur egungo musika, antzerki, literatura eta abarretan.

    Inolako analisi seriorik ez du pasatzen gaur egun euskarazko kulturgintzan indigenismoa nagusi dela baieztatzeak, are gehiago, txokokeriak erdaraz aurkitzen ditugu barra-barra, euskaraz ari ez direnez bertako labela justifikatu behar dutelako.

    Eta edonola, elikatzen duzun frame-a (euskara=tribugintza) unionismoari interesatzen zaio (kontuan izanda euskara komunikazio tresna gisa erabiltzeko politikak independentistek bultzako dituztela nagusiki. Fabore kaxkarra “askapen mugimenduari” nire ustez).

    Aparte, tribua besteren begian ikusten dugula beti: Arnaldo Otegi joaldunez inguratuta igotzen da Belodromoko taulara, baina hor ez dago subordinaziorik noski. Sinesgarritasun asko irabaziko zenuke horrelakoak ere noizbehinka aipatuz gero.

  3. Kaixo Imanol,

    Zure artikulua interesez irakurri dut. Baita Gaur8ko elkarrizketa hura ere. Ni ere Gorkaren ildoan.
    Oinarrizko desadostasuna “laburtuz” batekin hasten duzun 7. paragrafoan eta segidakoan koka liteke.

    Esango nuke neurriz kanpoko ardura jartzen duzula “euskaltzale petoen mundua” deitzen diozunaren baitan eman litezkeen kezkak eta aje batzuk auzitan jartzen. Garbi esateko, bidegabekerian erortzerainoko eta errealitatearen karikatura ukitzerainoko neurriz kanpoko ardura.

    Aitzitik, deigarria da nola, adibidez, bere burua abertzaletzat dutenen eta hizkuntza espainolaren arteko harremanaren auziari ez diozun batere arretarik eskaintzen.

    Diozu zuretzako galdera guztien ama ondorengo hau dela: “Independentziak traba egiten ez ote duen, euskal kulturaren munduko imajinarioan euskara hizkuntz nazional gisa ikustatzeko gaitasuna galdu delako?”

    Uste dut galdera ez dela pertinentea: datuak eskutan, elebidunak dira independentziaren ideiarekiko leialtasunik handiena agertzen dutenak. Are gehiago, datuak eskutan, faltsua da Euskal Herriko elebidunak diferentziaren logikak bizi dituenik esatea.

    Aukeran, galdera pertinenteagoa iruditzen zait beste hau: “proiektu independentistan zein toki du euskal herriaren hizkuntzak eta zein espainolak?”.

    Euskalzaletasuna diferentziaren logikan murgildurik dabilela salatzen duzu, baina, zer nahi duzu esatea, Imanol, diferentziaren logikak eta logikak daude: zuretzat hizkuntza hiltzeak ez du herria hiltzea esan nahi, imajinatzen dut kalkulatzen duzulako “herritartasuna” beste “ezaugarri” edo “oposizio identitarioren” baten gainean eraiki ahal izango dela beti.

    Begira, nire ustez sententzia honen logika nominalistaren atzean dago denik eta diferentziaren logikarik “esentzialistena”.

    Zure planteamenduan ez duzu, beharbada, asertibotasuna bereizkeriarekin nahasten, eta, alderantziz?

    Gero, operazio hegemoniko gisa, aski paradoxikoa da zure arrazoibidea. Gorkaren arrastoan, ni ere:

    Hasteko harritzen nau ikusteak nola, horretarako beharrik izan gabe, tribu partikularismo etnikoa vs unibertsalismo estatala oposizio edo frame manikeoa elikatu eta erreproduzitzen tematzen zaren, hizkuntzen erabilerarekiko kezka vs ideal independentista berdinzalea planteamendua premisatzat harturik. Imanol, zuk uste ezin dela arrazoitu estatu berdinzale dezentearen alde euskara de facto “zama” bihurtzen duen oposizio elkor hori bere horretan asumitu beharrik izan gabe?

    Bestetik, esan bezala, euskarari eta euskalgintzari balizko independentzia prozesuan zein toki dagokion ala ez esplizituki hizpidera ekartzen duzun bitartean, espainolak eta erdalgintzak balizko independentzia prozesuan zein toki duen ez duzu auzitan jartzen. Hotsa batetik, isiltasuna, bestetik: totzak operazio hegemonikoa. Garan, erdi jolasean, “euskaldunak” desagertu behar duela hizpide hartuta, ez zara ohartzen besteri zerorrek egiten ez duzuna egiteko eskatzen ari zarela?

    Bidenabar, nik dakidala behintzat honezkero “euskalduna” hitzaren jatorrizko adiera ia desagertua da elebidun gehientsuenen praktikan. Gaur egun “euskaldun” hitzak vascok esan nahi duena esan nahi du, vascok esan nahi duena esan nahi duelarik ere.

  4. […] Imanol Galfarsororen artikulu hau non, “euskal kulturaren munduko fantasia indigenista-komunitaristak” kritikatzen diren, […]

  5. Kaixo Imanol,

    Eskertzen ditut zure azalpen horiek. Eta interesgarria da sortu den eztabaida. Bat egiten dut Gorkaren eta Ibairen iruzkinekin.

    Eta “euskalduna desagertu behar da” gisako esaldiek eragindako erantzunei dagokienez, gehituko nukeena da horrelako esaldi probokatzaileek sor ditzaketen gaizki-ulertuak edo haserreak ulergarriak direla. Noski, ez duzu erran nahi euskaldunak desagertu behar direla, baizik eta euskara hegemonikoa denean, inork ez duela aipatuko “euskaldun” hitza. Komunikazio ariketa modura, gaizki-ulertuak sortzeko arrisku handia hartu zenuen, eta hala gertatu da (aspaldian zabiltzatelako euskalgintza kritikatzen). Ez zait bidezkoa iruditzen euskalgintza modu horretan probokatzea, eta gainera ez da produktiboa. “Desagertzeari” dagokionez, ez dakit ingelesak, baina frantsesak frantses daude (aski azpimarratzen dute) eta frantses izateaz harro, nahiz eta hizkuntza hegemonikoa daukaten eta munduko estatu ospatsuenetariko bat izan. Gisa berean, Euskal Herria, independentzia lorturik eta euskara hegemonikoa izanik ere, euskalduna ez da desagertuko. Are gehiago, estatu txikia izanik, beti erakutsi beharko du existitzen dela, Europan eta munduan.

    Azkenik, independentziaren aldeko kide berriak lortzeko, ez zait beharrezkoa iruditzen etengabe euskalgintzari eta euskal identitateari harria botatzen ibiltzea (alderantziz, kaltegarria iruditzen zait). Jende berriaren bila joateko beste argudio batzuekin joan behar bada, has behingoz diskurtso berri horiek eraikitzen, eta utz bakean “euskaren mundua”!

    Eta eusko barometroak erakutsi dituen azken emaitzen harira, independentziaren aldarria hirugarren planoan ezkutatua izateak ere azaltzen du gaur egun jendea ez izatea hain independentista. Benetan lehen planora ekarriko bagenu independentziaren aldarrikapena, urrats handia egingo genuke.

  6. […] Jule Goikoetxearekin eta Andoni Olariagarekin batera Independentzia helburu liburuaren egile diren Imanol Galfarsorok eta Unai Apaolazak euskararen paperaz eta euskalduntasunaz idatzi dute azken asteetan Lapiko […]

Leave a Reply