“Bidaia filosofikoak” liburu aurkezpena

By • Feb 15th, 2016 • Category: Liburu Kritikak

bida

Bidaia filosofikoak (Utriusque Vasconiae, Donostia 2015) filosofia-liburua da; baina baita bidaia-liburua ere, zentzu berezian, behinik behin. Bada, bidaiaren metafora joriaz baliatzen gara liburuan hausnarketa eta bidaien arteko harremanaren berri emateko. Horrexegatik, izenbururako bidaiaren irudia hartzeaz gain, liburuaren lehen atalari “Bidaideak” izena eman diogu, zenbait bidaidek lagunduta osatu dugulako; bereziki, Hannah Arendt eta Günther Anders izan ditugu horretan lagun. Bigarren atalak, berriz: “Bidaroa” izena du. Hemengo testu laburrak bidaiatu bitartean sortutako burutazioei zor zaizkio; hots, bidaietako bizipenei eta iradokizunei esker ikasitakoari.

Bestalde, hainbat filosoforen ibilzaletasuna ekarri nahi izan dugu gogora izenburua jartzeko orduan. Oinez egiten diren bidaiez ari gara. Hain zuzen, bere azken liburua eguneroko osteratxoak egin ahala sortu zuen Rousseauk; alegia, Rêveries izeneko testu-bilduma. Ezagun da ere Kantek bizitza osoan heldu ziola egunero-egunero ordu berean paseo bat egiteari, nahiz eta sekula ez zen Königsberg bere sorterritik urrundu. Beste hainbat adibide dugu filosofoen artean. Agidanez, ohitura osasuntsua eta emankorra da ibiltzea hausnarketarekin uztartzea.

 Hizkuntza ibilgailu denean

Edonola ere, liburuaren mamiari lotu baino lehen, gogoeta egingo dugu aipatu bidaia horietan hautatu dugun bidaiatzeko “ibilgailu” baitezpadakoaz: hizkuntza.

Zalantzarik gabe, filosofiaren arloan egiten den itzulpen oro elkarrizketa garrantzitsua eta aberasgarria da, itzultzaile onak sortzaileak ere direlako, halabeharrez. Alfonso Sastrek artikulu batean zioenez: “Itzultzaileek ere pentsatzen dute.”

Hala bada, dagoeneko klasiko bihurtu diren Hannah Arendt eta Günther Andersen ideiak, bai eta beraiek erabilitako terminologia euskaraz ere, landu beharra dago. Gure liburuan, besteak beste, aipatu filosofoak jorratzen ditugu, betiere idatzi zuten jatorrizko hizkuntzetatik abiatuta zuzenean euskarara joz; hau da, ingeles eta alemanetik, gaztelera edo frantsesa bitarteko izan gabe. Funtsezko deritzogu-eta itzulpengintzan horrela jokatzeari.

Alabaina, filosofo klasikoak euskaraz irakurri ahal izatea funtsezkoa den arren, itzulpenak sustatzea ez da nahikoa. Areago: filosofia euskaraz sortu behar dela aldarrikatzeak ere ez du sujeta agortzen.

Horrenbestez, kontua ez da euskara sendotzea atzerriko filosofoak euskarara ekarriz, ez eta ere filosofia euskaraz sortuz, baldin eta zeregin horri ekiten badiogu euskarak filosofiarako duen berezko ahalmenaz hausnarketarik egin gabe.

Hortaz, euskarak eskaintzen duen aukerabide oro aintzat hartuta egin behar da filosofia, euskara mendebaldeko filosofiaren aberasgarri delakoan.

Joxe Azurmendik Herri Gogoa izeneko liburuan azaltzen digu nola ikertu zuten XIX. mendeko alemaniar filosofoek pentsamendua eta hizkuntzen arteko lotura. Eta Wilhelm von Humboldten tesiaren ondoko aipu hau dakarkigu gogora: “Lurra, gizakia eta hizkuntza, banaezinki batean haziak dira.”

Lotura baino, elkar elikatzea edo elkarrekin haztea dugu hor, hizkuntzak testuinguru batean sortu eta denboran zehar taxutuak izaten baitira. Zentzu horretan, osagai desberdinen emaitza historikoak dira. Halaber, hizkuntzek aldatzen eta eraldatzen jarraitzen dute bizirik dauden bitartean.

Ildo beretik, gizakien hitz egiteko gaitasuna gogoetaren nahitaezko baldintza da; gaitasun hori hizkuntza jakin bati dago lotua, ezinbestez. Beraz, mundu-ikuskera anitzak tokian tokiko hizkuntzekin doaz uztartuta, hizkuntza bakoitza unibertso baten adierazpena izaki.

Halere, hizkuntza batek bestea diglosiagaren eraginez xurgatzea ez da gorago aipatu dugun hizkuntzaren berezko aldatzea, baizik eta hizkuntza gutxiagotuaren ahitzea, eremuz eremu. David Crystalek sakonean aztertu du Hizkuntzen heriotza izeneko liburuan nolakoak ohi den diglosiak kalteturiko hizkuntzen bilakaera, bai eta zeintzuk diren hiztunen beraien gabeziak eta joerak. Horietariko bat da ama-hizkuntzan hizkuntza arrotzaren similak sortu nahi izatea. Jakina, hizkuntzaren asimilazioak kultura batek bestea irenstea ere dakar berekin. Azken batez, egoera diglosikoan hiztunak ez dira gauza pentsaera bat garatzeko, ez hizkuntza batean ez bestean.

Filosofiaren alorreko sormenera itzulita: euskarak, hizkuntza indoeuroparrak baino zaharragoa denez, mendebaldeko filosofia jaio zen grekerak baino erro, kontzeptu, adigai eta eduki zaharragoak eta ezezagunagoak atxiki ditu, egituretan nahiz lexikoan. Hori dela-eta, uste dugu mendebaldeko filosofiak euskaratik zer ikasia baduela. Euskara, gainera, garai bateko lekuko bakarra da.

Zoritxarrez, euskarak dituen berezko baliabideak behar bezala aztertu gabe daude oraindik; bereziki, euskarak filosofiari egin diezaioketen ekarpenaren ikuspegitik. Ondorioz, behar-beharrezkoa da euskararen jatorrizko baliakizunei buruzko ikerlan filosofikoari lotzea.

 Bidaideak

Gure liburuaren aurkezpenera itzuliz, lehen atala ondoko hiru testuok osatzen dute: Totalitarismoari aurre egin zion pentsaera, Hannah Arendt ardatz duena; Itxaropenak koldarkeria esan nahi du gaur, Günther Andersen burutazioak mehatxu nuklear eta etorkizunaren bahiketaren gainean aztergai dituena; eta azkenik, XXI. mendeko pentsamenduaren norabideez: ohitu ote dira gure belarriak?, filosofia gaur zertan den galdera egiten duen testua. Eranskin gisa, Günther Andersen Nahikoa al da bortxarik gabeko protesta? Bortxari buruzko tesiak izeneko artikulua itzuli dugu alemanetik, Andersek filosofia eta praxi politikoa nola batu zituen erakuste aldera.

Hannah Arendt (1906-1975) eta Günther Anders (1902-1992) filosofo eta idazleak funtsezkoak zaizkigu XX. mendeko gorabehera eta bidegabekerien berri izateko: ez bakarrik garai batean zer gertatu zen ulertzeko, baizik eta munduarekiko ardura gure gain hartu beharraz jabetzeko ere.

Batetik, Arendten aburuz, thaumadzein delakoak, —hots, filosofiaren jatorrian omen dagoen munduari buruzko harridura—, Kantek aldarrikatutako erantzukizun moralera garamatza. Hain zuzen, Amor mundi deitu zion Arendtek bakoitza bizi den garai politiko eta gizartearekiko jarrera arduratsuari. Munduari dagokion maitasun mota horrek atxikimendua adierazten du; esan nahi da, mundua bertan behera ez uzteko erabaki irmoa.

Bestetik, Andersek zorrozki salatu zuen nola gaurko gizakiok arma nahiz indarretxe nuklearren mehatxupean bizitzen ohitu garen, beldurraren analfabeto bihurtu ondoren. Gurea salbuespen-egoera larria denez gero, Andersek, behin eta berriro, borrokatzeko deia egiten du bere testuetan, politikari ustel burugabeek mundua suntsitu ez dezaten.

Hari horretara, Hannah Arendtek uko egin zion totalitarismoa iraganeko gertaera historiko amaitutzat jotzeari. Eta askatasuna sistema demokratikoetan zertan den aztertu masa gizarteak osagai totalitarioez josita daudela erakustea xede.

Nabarmentzekoa da, bestalde, nola kokatu zuen Arendtek giza errealitatearen aniztasun politikoa bere filosofiaren erdigunean, kategoria berri bat garatuz: jaiokortasuna. Arendtek kategoria hori lehenetsi zuen filosofoek tradizioz nahiago izan duten giza hilkortasunaren kategoriaren aldean; zeren gizakiek, giza jaiokortasunari esker, amaierei so gelditu ordez, hasieren alde egin baitezakete; nola eta hitza emanez mundura heldu berri direnei. Izan ere, belaunaldi berriek aurreikusi ezin den aldagai bat gorpuzten dute, bai eta politikaren arloan aniztasuna bermatu ere.

Günther Anders giza zapaltzailea den teknikaren nagusikeriaz ohartarazi asmoz aritu zen bizitza osoan, nekaezin aritu ere. Lehenik eta behin, kontserbatzaile ontologikotzat jotzen zuen bere burua, mundua gorde eta txikizio nuklearrearen arriskuari aurre egin nahi ziolako. Haren iritziz, huskeria da “itxaropenaz” hitz egitea gizadiaren desagerpena eragozteko ezer egiten ez dugun bitartean.

Ildo horretatik, Arendtek eta Andersek, biek ala biek, ausart egin zioten buru bizitzea suertatu zitzaien egoera latzari. 30ko hamarkadan, Alemaniatik erbesteratu behar izan ziren juduak izateagatik. Gainera, biek izan zuten Heidegger irakasle, zeinak nazien alde egin zuen. Ez da, inola ere, harritzekoa biek intelligentsiaren doilorkeria kritikatu izana.

Arendtek ez zuen atzera egin ezta zenbait juduren kolaborazionismoa agerian uzteko unean ere. Horrezaz gain, historian zehar politikaz arduratu gabe bizi izana leporatu zion judutar herriari.

Andersek, berriz, zahartzaroan artikulu bat argitaratu zuen eta eztabaida sutsua piztu: bertan zioenez, gure burua defendatzeko eskubidea dugu, baita bortxa erabiliaz ere, gizadiaren amaiera prestatzen ari diren politikari eta agintari zentzugabeen aurka.

Bistan denez, Hannah Arendtek eta Günther Andersek haize kontra jo zuten. Haien gogoetak erronka argia dira, garaiko korronte, eskola eta dogma nagusien babesatik kanpo idatzi zutelako.

Azkenik, gure liburuaren lehen ataleko hondarreko testuan aitzakia hartzen dugu Antzin Aroko Sanchoniatonek greziar mitoei buruz esandakoa, XXI. mendeko filosofiaren norabideez jarduteko: “Gure belarriak kontaera iruzurtiok entzuten ohitu dira haurtzarotik, eta gure gogoak mende luzeak eman ditu aurreiritzietan murgilduta, asmakeria horiei eutsirik, berebiziko altxorra balira bezala…”

Zalantzarik gabe, filosofoek sail ugari erein izan dute historian zehar eta, oztopo ugari gainditu eta gero, boterea itxuraldatzera behartu. Alta, gizakiek ez dute boterearen zerizanaren errotiko eraldaketa lortu: garaian garaiko eta tokian tokiko botereek, beren onurako erabili dituzte-eta hasierako ideia iraultzaileak.

Aurrera begira, zer esan XXI. mendeko pentsamenduaren norabideei buruz? Jean Ziegler-ek, herri kolonizatu eta zanpatuen ikerle eta ezagule bikainak sinesten du, adibidez, giza gogoaren babes bakarra, non eta Inperioa indarkeriaz hedatu den herri ez-garatu, behartsu eta oraingoz ez-berdinduetan bilatu beharko genukeela gaur; hau da, haren ustez, aipatu herri horiek basamortuan idorotako iturria, arimaren atsedenlekua eta bizi-pozaren adierazpide dira, batez ere, tradizioari eutsi diotelako. Hori dela bide, Ziegler-ek giza zentzuaren eta gizalegearen azken gordailutzat hartzen ditu herri zaharrak.

Dena den, zein tradiziotaz ari da Ziegler? Badakigu hainbat tradizio eta usadio itogarri direla eta sormenaren nahiz askatasunaren etsai; esan nahi da, aldatu beharrekoak. Hala eta guztiz, gure duintasun bakarra bizi garen munduaren antolamendu bidegabea aztertzean datza gaur, bai eta globalizazio hitzaz mozorratutako bortizkeria nonahi salatzean ere.

 Bidaroa

Bidaiatzeko giro aproposa dugu bidaroa. Gure liburuaren bigarren ataleko testuak zenbait bidaiaren harira egindako gogoetak ditugu. Askotariko gaiak jorratzen ditugu bertan: hala nola literatura, historia, politika, antropologia eta filosofiaren alorrekoak, hausnarketaren zereginetako bat baita lehen begiradan elkarren urrun ematen duten gaiak harremanetan jartzea.

Testuinguru honetan ongi dator gogora ekartzea filosofia ez dela beste filosofoek esandakoaz aritze huts bat, alegia, ez dela soilik besteren idazkien azaltzea eta iruzkinak egitea. Astrologoek ere astroak beraiek izan behar dute aztergai, ez astrologia, Günther Andersek sarritan esan zuenez.

Gauzak horrela, pentsamendua ez da zertan osotasun bat izan; aitzitik, asistematikoa eta diziplinen artekoa ere izan daiteke. Areago, Hannah Arendtek Walter Benjamini buruzko saiakera batean adierazi zuen bezalaxe, behin tradizioa XX. mendean hautsita, gure gogoetek zatikietara jotzen dute, ezinbestez. Horrek badu alde onuragarri bat: tradizioarekiko loturak apurtu direnez gero, gaur tradizio bakoitzetik onena hartzeko abagunea dugu.

Era berean, bigarren ataleko testuok gai desberdinei buruzkoak badira ere, guztiona den zerbaiti antzeman diezaiokegu: hots, ekarpen bat izan nahi dutela kontzientzia garatzeko.

Lehenik eta behin, uste dugu filosofia behar-beharrezkoa dela, bai kritika eta galderak egiten jakiteko, bai ideiak zentzuz bateratzen ikasteko, bai eta une bakoitzean zertan ari garen eta nora goazen ikertzeko ere.

Azkenik, bidaiatu ahala osatutako testu boriek hamaika modutan pentsatzea eragozten duen autoritarismoaren salaketa ere badira, betiere, barneratua dugun ikuspegi kolonialista eta patriarkalari aurka egitea helburu.

Euskara-alemana/alemana-euskararen hiztegiaren (Elkar, 2006. Bigarren argitalpena, 2009) egilea. Egin, Gara, Berria, Jakin, Uztaro, Ezpala, Larrun, Geu, Senez... aldizkarietan kolaboratzailea. Bilbon jaioa. Filosofia eta Soziologiaren lehenengo zikloa Nürnberg-Erlangen-go Unibertsitatean egin zuen. Berlingo Freie Universität-en Literatura ikasi zuen. Filosofian lizentziaduna Bartzelonako Autonoman. Filosofian doktorea Madrilgo Autonomoan. Euskal Filologian lizentziaduna EUTGn. OHOko irakaslea Ingeles Filologia Sailean. Hizkuntzazalea, frantsesa, errusiera, ingelesa, alemana, katalana... Irakaskuntzan aritua, EHUko Filosofia irakaslea euskaraz. Besatari Elkartean zenbait libururen argitaratzailea. Itzulpengintzan aritua, alemanetik eta ingelesetik euskarara eta gaztelerara, Filosofia arloan. Hiztegigintza: Uzeiko Filosofia hiztegian artikulu eta sarreragilea. Frankfurteko Unibertsitateko euskara irakurle ohia. Filosofia arloan: "Hannah Arendt: Un pensamiento a la intemperie" liburuaren egilea, "Hannah Arendt: La historia, relato de infinitos comienzos y ningún final" (beste batzukin batera) "Bidaia filosofikoak" eta "Jactaos vosotros". Literatura arloan berriz, De noche a noche. Poesian: Pasaia Lehiaketako 1.Saria (2009) "Vivíamos a la vuelta de la esquina". Mungiako Lauaxeta Lehiaketa 2. Saria (2008). Jactaos vosotros (DDT, Bilbo 2015) eta Bidaia filosofikoak (Utriusque Vasconiae, 2015)
Email this author | All posts by

Leave a Reply