Independentzia Helburu (II) Unibertsaltasuna? Bai, ez horregatik!

By • Feb 4th, 2016 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Unibertsaltasuna eta partikulartasunaren arteko erlazioez eta tentsioez aritzerakoan gure artean ideia bat nagusitzen da orohar: ez dago unibertsaltasunik, dena partikularra da; hasi kapitalismo globlaren eraketa lekuz-lekukotik eta gizataldeen identitate kultural zein norbanako subjetibitate sozialetaraino eredua diferentzia eta dibertsitatea da. Ados! Eta unibertsaltasunarekiko oinarriko susmoa non datzan jakin nahi duenak, demokrazia patriarkalaren kritikarekin batera, Jule Goikotxearen idazlana irakurtzea dauka Independentzia Helburu liburuan (“Euskal estatugintza feminista”, 2015: 151-224). Betiere independentzia helburu, baina, eta naziotasunaren gaia ardatz, idazlan honekin nire asmoa unibertsaltasunak eta beste hitz handi batzuk gordetzen duten egiaren zentzua erreskatatzearen aldeko ariketa burutzea izango da.

zaldieroa2

Naziotasuna eta unibertsal / partikular dialektika

Partikulartasuna goratuz unibertsaltasunaren kontrako susmo eta ideia ezkor orokortuen parean, galdera zera da: Posible al da partikulartasuna aldarrikatzea nolabaiteko printzipio unibertsal batzuetan ainguratzen ez bada? Eta erantzuna Butler, Laclau eta Zizek-en arabera behintzat (ikus, Kontingentzia, Hegemonia, Unibertsalitatea, 2000) ondorengoa da: Bai, unibertsaltasuna, berez, ezinezkoa baina era berean halabeharrezkoa da!

Inposible / beharrezko konponbide horren haritik tiraka, ariketa bikoitza da. Alde batetik,  unibertsaltasuna eta partikulartasuna nola uztartzen diren erakustea da; edo bestela esanda, partikulartasunak unibertsaltasuna nola kutsatzen (Laclau) duen azaltzea, eta vice versa. Eta ariketa, beste aldetik, unibertsaltasuna / partikulartasuna binarioa bera  naziotasunaren inguruko eztabaidan nola txertatzen den erakustea da. Zentzu honetan, Eduardo Apodakaren Identitatea eta Anonalia liburuaren sarreran, Joseba Gabilondok (2015: 14-16), bi ariketak burutzen ditu batera, gai hauei buruz nire ikuspuntua non datzan erakusten eta kritika egiten duenean. Horrela, alde batetik, unibertsal / partikular egituraketaren inguruko nire argudioa argitzen du Gabilondok; eta beste aldetik, unibertsal / partikular artikulazioarekin lotuta naziotasunaren harremana aztertzen du, izan ere, neonazionalismoa eta hipernazioalismoa moduko kontzeptuen esanahiak azalduz. Ondorioz, ulertuko didazue Gabilondoren aipuari sor zaion luzaera eskeintzen badiot:

Ikus dezagun beraz neonazionalismoa zer den. 80ko eta 90ko kritika anti-euskaldunen aurka, «euskal nazioa ez dela existitu» eta «euskal abertzaletasuna etnikoa eta probintziala, hots, aurre-modernoa dela» kritiken aurka, neonazionalismoa euskal abertzaletasunari dimentsio errotikako unibertsala ematen saiatu da, azken batean konpentsazio gisa. Hots, eztabaida etniko/unibertsal dikotomian fokatu du. Hala, eta Imanol Galfarsororen eskutik (2008), unibertsal/partikular eztabaida hegeliar-zizekiarra sartu da gure artean. Autore honen lanak izan duen efekturik onuragarri eta garrantzitsuena, kultura ofizialean «intelektual eta idazle aurrerakoi errespetagarri ugarik» hartu duten jokaera antza demokratiko eta pluralzalearen atzean dagoen kontraesan ziniko eta hipokrita kritikatzea izan da (Oteiza, Zulaika, Atxaga, Sudupe…).

Alabaina, dialektika hegeliar-zizekiarraren unibertsaltasunean fokatzean, Galfarsorok ez dio dikotomia etniko/demokratiko-ari irtenbiderik eman, baizik eta dikotomia hori birgauzatu edota erreifikatu egin du, azken batean unibertsaltasun/demokratiko ororen erro eta osagarri ekidinezina baita osagarri «etniko/partikularra», eta, autore honen aburuz, ezin da gainditu. Galfarsororentzat beti ere hor baitago, baita proposamen zibilizatu-demokratiko-kosmopolitarik sofistikatuenaren barnean ere. […]

[Baina] Etnos/partikular eta politika/unibertsal arteko dikotomia ez du kuestionatzen edo desegiten Galfarsorok, baizik eta historikoki berregituratzen, etnos/partikularra lehenaldi ez politiko batean ezarriz, eta beraz, hierarkikoki bigarren maila batera saihestuz. Unibertsala/politikoa, aldiz, orainaldian kokatzen du eta beraz hierarkikoki lehen maila batean. Galfarsorok, aurreko intelektual eta idazle ofizialek ez bezala, dikotomiaren bi alderdiak bana-ezinak direla azpimarratzen du eta beraz, etnosaren leku edo funtzio konstituitzailea aldarrikatzen du, aurreko intelektual ofizial horien handinahi uste ez-etniko eta «zibilizatu-demokratiko-pluralista»-en aurka […]

[Laburtuz Galfarsorok] hierarkia bat eratzen du unibertsal/partikular dikotomiaren gunean eta beraz, dikotomia disolbatu beharrean, berrindartu egiten du.

Alde horretatik, joera honi neonazionalista deitzen diot, izan ere ordura arteko eztabaida ez du desegiten eta gainditzen, baizik eta erreformulatu eta berregituratzen, unibertsal/partikular binomio hierarkikoaren ingurunean. Hots, Galfarosoren proposamena hiper-nazionalista da, eta ondorioz estatu euskalduna berrezartzen du zeregin politiko euskaldun unibertsalaren helburu nagusi bezala —non etnosak bere leku propioa aurkituko duen, estatu-politikak, instituzioak eta poliziak babestua.

Hipernazionalismoa: Hara hor nire naziotasunaren teoria unibersatzailearen sabelazpi perbertsoa, Gabilondok aireatzen duena, eta. ados ala ez, zinez eskertzen diodana. Eskertzen bidenabar zenbait euskaltzale arima-ederren beldurrak astintzeko, amorruak disipatzeko, eta gaizkiulertuak gainditzeko baliagarria izan daitekeelakoan bait nago. Gabilondo  nire unibertsaltasun / partikulartasun eta naziotasunaren arteko harremanari buruz zuzen dabilen ala ez, ez dut hemen eztabaidatuko. Baina, zuzen baldin badabil, Independentzia Helburu liburuan “Estatutik gabeko naziotik naziorik gabeko estatura (2015: 225=302) lanean proposatzen ditudan irtenbide politiko unibersatzaileekin zenbaitek erakutsi duten paniko partikularista eta kulturalista nahikoa lekuz kanpo eta soberan dagoela ematen du.

Nork esan du hipernazionalismoa?

Hizkuntzaren minimalismoari kultoa profesatzen diotenek ohartuko ziren honez gero zenbait palabro arraroen erabiltzeko joera ez dela soilik nire inkunbentziakoa. Hipernazionalismoa? Hori bai hitz potoloa! Baina hitz hori ez du bakarrik, kasu honetan naziotasunaren inguruan eratzen dudan unibertsal / partikular  dikotomiaren berregituraketa azaltzeko, Gabilondok erabiltzen. Era berean Joseba Sarrionandiak (2015: 83) berak ere erabiltzen du hipernazionalismoa hitza nahiz eta, oraingoan, nazionalista espainolen aurka zuzenduta:

Ezagutzen duzue zer nolako argumentazioa egiten duten Espainiako politikari eta intelektualek naziotasunari buruz, baina komeni da behin eta berriz egiten dituzten bi tranpa handi azpimarratzea. Orain berrogei urte ez dut uste halako argudiorik serioski ereabiltzen zirenik: bata, ‘ez-nazionalismoa’ delakoarena da. Felipe Gonzalezek apotegma batean laburbildu zuen argudioa, Toledon, nazioa eta estatuaa konfundituz […]: “Cada vez me siento menos nacionalista y más español”.

Espainol-espainolarentzat, beren nazioa objetiboa da, egokia eta berezkoa. Espainol nazionalista ez da nazionalista bakarrik, hain da nazionalista, ezen hipernazionalismo hori natural eta ezinbestekotzat hartzen baitu. Ikuspegi horretatik, bere nazionalismo nagusi eta dominantearen kontzientziarik gabe, ez-nazionalistatzat aurkeztuko du bere burua, eta bere inposizio nazionalista zalantzan ipintzen duen beste edozein nazionalismoari erasoko dio, hura patologikotzat eta asmakizun kaltegaritzat jota.

Andoni Olariagak ondo asko aztertzen ditu ez-nazionalismo auto-proklamatuaren diskurtso-trikimailu azken finean zera baino nazionalistagoen norabide intelektualak, pentsamendu europearraren testuinguran (Independentzia Helburu, 2015: 7-81 “Hautsi da anphora. Erresistentziatik eraikuntzara” – ikus batez ere sail hauek: Nazio kontzeptuaren korapiloa, 55-63; Nazio kontzeptua, eztabaida estrategiko guzien erdigune, 63-64; eta Nazionalismo banalaren kontraerasoa, 64-72. Hipernazionalismoa hitzari lotuta, den dela, Gabilondok eta Sarrionandiak bere esanahia bi testuinguru guztiz ezberdinetan baliagarrarazteak berak adierazle hutsaren gaiaz hitzegitera beahrtzen gaitu. Bestela esanda, (hiper)nazionalismo moduko hitz handi horiek guziek (sartu boltsa berean ‘identitatea’, ‘diferentzia’, ‘unibertsaltasuna’, ‘partikulartasuna’ edo ‘estatua’ eta ‘nazioa’) ez dute esanahi bakarrik edo zama berdinik segun eta zein den enuntziazioaren jabea: adierazle hutsak diren neurrian interpretazioen borrokara irekita daude, eta honek hegemoniarekin eta boterearekin zer ikusi handia du, Sarrionandiak berak (2015, 32-33) ondo asko erakusten duen bezala:

Ohitzen gara politikan, baina beste alor batzuetan ere bai, esanahi galduko hitzak erabiltzen, fetitxismoz, bere horretan esanahirik ez dutenak, baina asmo jakin baten adierazgarrik direnak. Jabearen marka dutelako. Arazoa ez baita zer diogun, baizik eta geuk diogun ala besteek dioten, hau da, hitzen jabea zein den, Aliziaren herrialdean bezala. Halaxe gertatzen da hitz behienak balio sinboliko hutsera errenditzea, ezaugarri hutsak edo batak bestea jotzeko makilak balira bezala. ‘Sozialismoa’ ikur huts moduan erabiltzen da, ‘terrorista’, zigor-makila bezala, eta hala errepikatzen dira ‘demokrazia’ edo ‘askatasuna’, adierazle huts instrumental bihurtuak, berezko adierazia aienatuta. Edalontzi hutsa bezala: edozeinek bete dezake gero erabiltzaileak ardoz, urez edo hareaz.

Lengoia eta ideiak ez dira gauza argi eta garbiak. Historiak, ohiturek, botereek, ideologiek moldatzen dute lengoaia.

Ohargarria hemen Sarrionandiak adierazle hutsa-rekiko erakusten duen ezkortasuna da, eta nola hitzen berezko adierazian sinisten duen, hitzen jatorrizko esanahiekiko benekotasun eta autentizitate iraunkor batean sinisten, hain zuzen ere. Ohargarriago, baina, zera izan beharko litzateke, alegia: “askatasuna” eta “justizia” eta “berdintasuna” moduko hitzak adierazle huts instrumental (bihurtzen) diren hein berean dela borroka ideologikoak aukerak sortzen dituela. Baina aukerak sortu ez berez jatorriko esanahiak baizik eta esanahi zuzenagoak eta aproposagoak lantzeko, lekuan lekuko borroken eta indar harremanen arabera. Horrela izan dadin, halere, askatasunaren, justiziaren eta berdintasunaren aldeko prozesu politikoak aurrera eramateko hitz handi horien egia eta baliogarritasuna onartu behar da, nik egiten dudan bezala. Aldiz, kategoria zonbi (Ulrich Beck,  2001: 262)  gisa antzematen badira, hau da, oraindik gure pentsamendua eragiten duten hitzak direla bai, baina beste garai baten (modernitatean) baliagarriak izan baziren agian, gaur egungo (posmodernitatean-edo) errealitatea antzemateko gauza ez direla, orduan eztabaidak beste bide bat hartzen du.

Kategoria zonbien alde

Independentzia (askatasuna), sozialismoa (justizia soziala) berdintasuna (jenero parekidetasuna) edo unibertsaltasuna (borroka partikularretan oinarritua) etabar Euskal Herriko ezkerreko egitarauan betidanik bueltaka ibili diren eztabaidagaiak izan dira. Zentzu horretan, Gabilondoren adierazpenak hunkitu nau baina, egia esanda, unibertsal / partikular eztabaida ez da Galfarsororen eskutik sartu Euskal Herrian. Balio unibertsalen aldeko joeran sustraituko eztabaidak beti egon dira present, gutxienez nire tradizio intelektual, kultural eta politikoan – hau da, azken bostpasei hamarkaden zehar askapen mugimenduaren barnean.  Independentzia Helburu liburan, adibidez, Unai Apaolazak (“Abertzaletasunetik independentismora”, 2015: 129-132) aipatzen du Gisele Halamiren Le procés de Burgos liburuaren sarreran, Jean Paul Sarterk nola azaltzen duen unibertsal abstrakto eta konkretuaren arteko ezberdinatasuna – izan ere Zizekek bereizketa hegeliar hori besarkatu aurretik. Euskal Herian garai horietako Ezkerrarentzat unibertsaltasuna gai zentrala zela frogatzeko Sarrionandia (2015: 18) irakurtzerik besterik ez dago:

Utzi mesedez ordukoa idealizatzen, idealizazio hori ezinezkoa delako. Idelak genituelako: askatasuna, demokrazia, igoalitarismoa. Baina ideal abstraktuak ziren, ezer ez zegoen gure esku, eta geure esku hartu nahi genuen. Idealak kolektiboak ziren, eta gizarte berri libre, demokratiko, igoalitario baten goiburutzat genituen. Ideal horien alde, politizazio zabal bat gertatu zen 60ko eta 70ko hamarkadetan.

Beste gauza bat da, azken hamarkada hauetan Euskal Herriaren askatasunaren kontrako hiepernazionalismo espaniarraren interpelazioek indartsuago eta beraz arrakastatsuago izan direla 1/ gure benetako joran politikoa eta ideologikoa desbirtuatzeko orduan, eta hori egiteko 2/ guri beti posizio etnikoa eta anti-demokratikoa betetzera behartuz. Testuinguru honetan, Joxe Azurmendiren moduko ondo akademikoki dokumentatuko 1000 liburu, ez, miloi bat liburu ere ez dira inoiz gauza izango espaniar ideologia dominatzailean bonbaketa propagandazkoaren eragina gelditzeko edo gainditzeko. Baina hori esan eta gero, 1968ko belaunaldi mitiko horren egungo ezkortasuna bada penagarria. Penagarria, hau da, 60ko eta 70ko hamarkadetan ideial unibertsalen alde borrokatu zirenek ideial horieri gaur egun uko egitea, heldutasunaren zuhurtzia aitzaki. Hona hemen Sarrionandiaren liburuaren amaierako eztabaidan gai honi buruz LJ (2015:18) inizialekin identifikatzen denak esateko duena:

Gaztetako idealismotik helduaroko errealismora dagoen bilakaeran, ez da jendea aldatzen dela bakarrik. Ideiak eta balioak ere aldaten dira. Zalantzan ipini behar dira ‘iritzi publikoa’, ‘demokrazia’, ‘igualitarismoa’, ‘askatasuna’ eta halako hitzak. Xahuturik daude, larregi erabilitako sosen antzera. “kontzeptu zonbiak’ zirela esaten zuen Ulrich Beck soziologoak: bizirik baleude bezala mugitzen dira, baina hilda daude aspalditik.

Akabo ba! Gu 1968ko belaunaldikook gazteak ginenean eskubide osoak genituen kategoria unibertsalen onurazko fantasiak gozatzeko eta utopia emanzipatzaileen alde borrokatzeko, baina oraingo gazteei esaten diegu ezetz, gure esperientziaren eskarmentuarekin ikasi dugunaren arabera beraien betebeharra dela … zer? Gaizki ez badut ulertzen, belaunaldi intelektual zaharraren irakespena zera da: baztertu guk aintzat hartu genituen kontzeptu zonbi handi-mandiak! Ederto, baina orduan LJ-aren arabera, demagun, zein izango litzateke aholkua gaur egun kategoria zonbi-rik gabeko diskurtsoak eratzeko? Nork beraren zilbotaz oso modu konkretuan eta partikularrean hitzegitea? Barkatu cliché “xahutu” hori erabiltze arren, cliché xahuturik baldin badago, barkatu, barkatu, barkatu! Baina gure borro(kar)en patu partikularra(k) ez bad(it)ugu munduko beste borroken patu(ar)ekin “betiko” askatasuna eta berdintasuna eta justizia moduko gai unibertsalen inguruan lotzen, zer gelditzen zaigu? Zer gelditzen zaigu  zenbait berezikeriaren aldeko ospakizun multikulti xalo bezainbat xelebre kenduta?

Barkatu berriro ere bada, ez badituzue hegemonia eta antagonismo moduko hitzak erabili nahi gaur egun gizarteen betiereko izaera gatazkatsua adierazteko, baina beste hitz à la mode bat erabiliz-edo: ez dago enpoderamendu edo ahalmentze armoniotsurik! Borroka da bidea slogan zaharra bezain zuhurra historia unibertsalaren oinarriko egia da!

* * *

ps- garelako izan dira

Burutaziotxo bat lekuz kanpo: Independentzia Helburu liburuan aurreratzen dugun beste kritika nagusia historizismoaren kontra zuzentzen da. Zentzu honetan poztu nau Sarrionandiarekin ideia amankomun batzuk partekatzen ditugula, besteak beste, bai konpromiso politikoa eta hedonismoa artikualtze aldera bideak irekita daudela erakusteko, bai gure berezitasun kultural eta historikoa zinez gozatzen hasteko: “Euskal zinemagintzak espageti mediebal batzuetarako gaia luke oinaztar eta ganboarrekin” (2015: 24). Eta poztu nik ere antzeko ideia bat aurreratu izan dudalako (2015: 268, 267) : “Antzinako zein Erdi Aroko eta premoderniako «euskaldunaren» ondare mitiko horrek guztiak balioko du filmak eta teatroak egiteko […] Ikus bestela zenbat eta zenbat fantasiazko film, dokumental eta telesail egiten den antzinako eskoziarren edo bikingoen hainbat gairen inguruan, adibidetxo bat besterik ez jartzeko!” Laburtuz, Sarrionandiak dioenean Azkenean, etorkizunak idatziko du iragana, gure artean luzez iraun duen beste slogan bat dator gogora, nahiz eta esaeraren esanahia guztiz iraulzea esaktzen duen. Ondorioz, benetako kontua ez da “izan direlako gara eta garelako izango dira” baizik eta alderantziz: garelako izan dira! eta batek daki historiak gu absolbitzeko, izango direnak gu izan garenari buruz zer arraio esango duten! Baina hori beste eztabaida bat da!

* * *

Independentzia Helburu (I) Estatu etnikoa? Ez, eskerrik asko!

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. […]  Independentzia Helburu (II) Unibertsaltasuna? Bai, ez horregatik! […]

Leave a Reply