Independentzia Helburu (I) Estatu etnikoa? Ez, eskerrik asko!

By • Jan 12th, 2016 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Honako hau Independentzia Helburu (Txalaparta, 2015) liburuan argitaratutako “Estaturik gabeko naziotik naziorik gabeko estatura” (227- 302 orri) idazlanaren defentsa da. Zehazkiago, Euskal Herrian aurreikusten dudan estatu europearraren nire ideia orokorra ezer gutxi ulertu duten hainbat opinadore minduei zuzenduta dago, besteak beste. Gaizkiulertuaren tamaina azaltzeko eta horrela nire asmoa burutzeko Joseba Gabilondok (2015) eta Joseba Sarrionandiak (2015) erabiltzen duten “hipernazionalismo” kontzeptuaz baliatuko naiz beste batean, artikulu honen bigarren zatian- harek nik lantzen dudan teoria orokorraren kritika egiteko desplegatzen duena, honek aldiz, ditxosozko “ez-nazionalismo” espaniarraren tranpa ideologikoa salatzeko.

zaldiero

Nire asmo orokorra lagungarria izatea da “euskal mundua” deritzan lekune auto-izendatuan oraindik ere nagusitzen den dogmatismo etniko-linguistiko petrala guztiz hondarreko edo erresidual bilakarazteko bidean. Izan ere, lehen zati honen asmoa hori da, eta nire argudio nagusiak laburtuz gain Eduardo Apodakak argitaratu berri duen Identitatea eta Anomalia (2015) liburuaz baliatuko naiz – mundu guziak irakurri beharko lukeena, bestalde.

Identitatea eta Anomalia

Apodakaren tesia labur-laburtuta hauxe da: Identitatea egiturazko normaltasun arautua da, eratuta dagoen estatu-nazio nagusi eta normatiboaren izaera esan gabe doana: unibertsala, neutroa, positiboa, are identitaterik gabeko entitatea dela baieztatzeraino ausartzen dena. Anomalia, aldiz, partikulara da, diferentea, exotikoa, baita barbaroa ere eta betiere negatiboa normaren aldean.

Nire galdera, baina, zera da: Zer nahi dugu, beti singulartasunaren Anomalia subordinatua gozatzen irautea edo esan gabe doan Identiate nagusi gisa desagertzea? Apodakaren arabera, biak ala biak dira ‘gezurrak’, hau da, performantziak besterik ez dira, edo nik esango nukeen bezala plantak egiteko bi modu, hor nonbait. Apodaka bestalde twist teoriko eta praktiko interesgarri batekin datorkigu euskal inpassea gainditzeko (horregatik esaten dut saioa irakurri beharrekoa dela). Baina nik nire galderari (zer nahi dugu?) eusten diot, izan ez da batere inozoa-eta. Batez ere gaur egun, munduan eredugarria izan den Frantzia moduko legendazko estatu zibikotik hainbat ahots kualifikatu zer eta estatu etnikoa eratzearen beharraz ari zaizkigunean, inolako lotsa zentzurik gabe.

Batzuen txaloka hasi aurretik, baina, kontua zera da: euskalduntasunaren inguruko tribulazio primordialistak (batik bat napar historizismoan eta hizkuntz berezitasunaren goraipamenean oinarritzen direnak) oraindik dominanteak eta nabarmenak dira euskal munduko zirkulu intelektual eta ekintzaile numantziarretan. Alta, azken urteetan izandako eztabaida publiko eta publikatuetan makinabat bider abisatu izan dut jada: posizio horiek askatasuna baino tentsio are ‘krispazio identitarioa’ (Alain Badiou, 2015) dute xede, bai egiturazko identitatea (kasu honetan estatua) duen Frantzian eta baita Euskal Herria anomaloan ere. Eta bakarrik herri txiki eta zanpatu batean bizi garelako onartzen ditugu jarrera guztiz onartezinak halako galtzailearen benebolentziarekin.

Ondoren adieraziko dudana benetako kezka personal batean oinarritzen da: Euskal Herrian garatutako primordialismo historizista eta filologikoren aztarnak, gaur egun Europan zehar nagusitzen ari den eskuin-muturreko diskurtso anti-migratzaileekin artikulatuz bukatuko duelako arriskua benetakoa da. Eta arrisku nabari hori ez da bakarrik bene-benetakoa. Era berean, eta ironia ez da makala, arestian aipatutako azken orduko pentsamendu frantses guztiz erreakzionarioarekin bat dator – ikus bestela Alain Finkielkraut-en «l’Identité malheureuse» (2013) non Frantzia(ko kultura) salbatzeko estatu etniko-aren kontzeptua garatzen baitu – zeina Badiouren arabera, eta ni ados-ados, kontzeptu guztiz neo-nazia den.

Esan bezala, ironia ez da makala, eta Fronte Nazionala guztiz modu nabarian besarkatu duten Renaud Camus moduko eskutik (ikus Le Grand Remplacement, 2011), Finkielkrautek berak orain XIX. mendeko erromantizismo klasikoaren gozatu ez izana botatzen du(te) faltan. Beraz, ez da gero harritzekoa partikularismo frantsesaren izenean hauen estatu iraultzaile, zibiko eta unibertsal proberbialari bizkarra eman izana. Sorpresa izan jarrera berri honen azken asmoa da – zer eta Frantzia ez dadila gero “auberge espagnole” (sic) bat bilakatu, hain zuzen ere. Konturatu zein gertu gauden hemen espainolezko “merienda de negros” esaeraretik, eta iparraldeko euskaldunei gogoraraziko diegu ere “que vous parlez francais come une vache basque”.

Naziorik gabeko estatua

Maiuskukaz idatzitako Kultura eta Identitate nagusien antsiedade berriak alde batera utzita, minuskulako euskal identitatea bera malherusa balitz bezala eta oso modu agonikoan irudikatzen dela maiz ez du inork ukatuko. Nire estatu gabeko naziotik naziorik gabeko estatura idazlanak erakusten duena da, halere, euskaldunaren desagertzearekin estatu etniko bat eraikitzeko baliabide kulturala bera guztiz desagertarazten dela, halaber. Bestela esanda, gure esku dago herri libre batean jende zoriontsua izatea. Baina noski,  zorionak bere prezioa du.

Zer esanik ez, estatu gabeko naziotik naziorik gabeko estatura izenburuarekin euskalduna desagertu beharraz ari naizenean probokazio antzekoa ere bada. Izan ere behin, independentziari buruzko eztabaida batean independentista sutsu (eta itsu, edo behin Oteizak esan zuen bezala sasi-erradikal) horietako batek txio hori bota zuen, nire posizioaz trufatzeko eta nire artean ño! Ba bai! Oinarri-oinarrian hori da erronka pentsatu nuen. Badakit jende asko altxatu(ko) dela hori ezinezkoa dela erantzunez, estatuak orokorrean nazio etniko-kultural nagusi baten isla politiko-kudeatzaileak direla etabar.

Nire ekarpenean ez dut berez hori ukatzen, eta aipatu dut jada idazlan honen bigarren zatian Joseba Gabilondok ere gauza bera azpimarratuko duela nire lan eta jarreraz. Esaten dudana da estatu berri bat eraikitzeko bidean identitatezko predikazioak murriztzaileak eta kaltegarriak suertatu daitezkela, nondik nahiago dudan ‘Euskal Herriko estatua’z hitzegitea ‘euskal estatua’z baino – piskat Bernardo Atxagaren beraren “Euskal Herria munduak toki honetan hartu duen izena da” esaldian eremu partikular bati ematen dion zentzu unibersatzailean. Zentzu honetan, argudiatzen dut estatuak EHan ez duela zertan izan behar oinarrikotzat antzematen den euskal nazioaren ezaugarri nagusien isla (kultura, historia…) baizik eta bere betebehar nagusia hiritar guzien ongi izatea eta segurtasuna bermatzea dela. Teoria hau ez da gaurkoa, ez da batere marxista edo komunista edo dena delakoa, nahikoa hedatua dago eta esparru europearrean guztiz liberal-demokratikoa da. Eta bai, estatu normaltxo bat eskuratzeko bidean ni prest nago unibertsaltasun kosmopolitarraren aldeko plantak egitera – eta bidenabar, noski, Gabilondoren post-nazionalismoaren inguruan eztabaidatzera, edo Apodakaren proposamen post-pornoekin, edo independentismo feministarekin…

Euskalgintza subordinatua

Dena dela, nire idazlane(ta)an beste gaizkiulertu bat euskalgintzari kritika egierakoan sortzen da. Honezkero, halere, garbi dagoelakoan nago euskalgintza ulertzeko modu bati buruz ari naizela. Euskalgintza horretan kulturaren zentzu garbia-edo azpimarratu nahi da maiz politikagintzaren zikinatik berezi nahian bestalde, baina era berean politikoki eragin zuzena izateari uko egin gabe. Gehien amorratzen nauena da gero zer eta belaunaldietan euskararen alde jarrera eta praktika politiko argiena izan duen Euskal Herriko ezkerraren kontra lobby edo presio talde gisa antolatuta daudela. Edo hori dirudi behintzat behin baino gehiagotan.

Gero, EHan hitzegiten diren hizkuntzei buruzko harremanak direla-eta, azterketa askoren azpiko presuposizioak sinplisteegiak direla iruditzen zait. Honetan, kolonialismoaren kontrako borrokaren erretorika klasikoa (XX. mende erdialdekoa) inolako nabardurarik gabe azpimarratzen dutenak dira okerrenak, den-dena kolono vs kolonizatu binarioaren pean ulertzen dituztenak, azken hiruzpalau hamarkadetan hedatu diren teoria poskolonialak eta subalternoak ezertarako kontuan hartu gabe.

Horregatik esaten dut Independentzia Helburu liburuko artikuluan euskaraduna naizela bai, baina harrotasunik gabe eta modu berdinean diot lotsarik gabe Euskal Herrian hitzegiten diren beste hizkuntzak ere nireak direla. Adierazpen honen ondorioa ez da halanolako kultura aniztasunaren diskurtso epeletan erortzen naizenik (azken finean ba al dago norbait gure artean berez beste kulturen errespetoa eta tolerantzia erakustearen kontra denik, teorian behintzat!) Alderantziz hizkuntzen harremanetan historikoki eman diren menderakuntza aztarnak eta gaur egungo errealitate zeharo desfaboragarriak inolaz ere ukatu gabe, harrreman horien irakurketa konplexuagoak eskatzen eta eskaintzen ditut artikuluan.

Eta azkenik, euskalgintza honek bultzatuta ere halako tribuaren goraipamen indigenista sobera inozoak nagusitzen dira, estatugintza tribugintza balitz bezala-edo.

Estatugintza ez da tribugintza

Estatugintza ez da tribugintza leloak ezberdintasun kulturala aldarrikatzetik berdintasun politikoa azpimarratzera pasatu behar dugula adierazi nahi du. Euskalduna desagertu egin behar dela diodanean, hori adierazpen guztiz politikoa da. Independentziaren bidean euskaldun subordinatua desagertzeko euskaldun kulturala estatugintzaren eremutik ere desagertu egin behar da eta ongi izate publiko zein unibertsala garatzetzeko baliabideak suspertu. Bestela esanda, independentzia lortzeko diskurtso demokratikoaren unibertsaltasuna behar-beharrezkoa da.

Horregatik, Euskal Herrian estatua eraiketzen baldin bada bere identitate kulturala zehaztu gabe geratu beharko litzateke. Estatua bera arrazazko edo erlijiozko edo kulturazko identitate-osagai zehatzez betetzen ez den neurrian izango baita baliagarria. Aldarrikatzen dugun estatuaren azken asmoa denontzat babestuta dagoen berdintasun politikoa izan beharrean herri edo nazio bakar eta eman baten diferentzia kulturala baldin bada, desastrerako errezeta serbituta dago. Diferentzia kulturalean zilegiztatuko estatua, hiritar denontzat diseinatua dagoen berdintasun politikoa izan beharrean herri baten diferentzia kulturala bermatzea baldin bada, orduan Euskal Herrian estatugintzaren baino euskal tribugintzaren ondorioa desastrea izango da, katastrofe hutsa – talde partikular baten erresuminan eta errebantxan eraikitako naziogintza, hain zuzen.

Bestela esanda, diferentzia kulturalean zilegiztutako politikak ez du estatugintzaren prozesua elikatzen, tribugintzarena eta partikularismoarena baizik, are kultur-talde partikular baten erresumin-zentzuan eraikitako naziogintza; esan bezala: katastrofea. Zentzu honetan askatasun politikoa edo justizia soziala edo jenerezko berdintasuna eta horrelako nozioek unibertsaltasun inposible baina beharrezko baten imajinarioa suspertzen dute, berezitasun edo/eta ‘ekzepzionalismo’ kulturalaren aldeko aldarriek sunbordinazioan mantentzen gaituzten bitartean.

Eta bai, iruditzen zait independentziaren aldeko mugimenduan bertan euskal berezitasunaren diskurtsoak larregiko pisua duela oraindik eta ondorioz zama izugarria bihurtzen dela diskurtso demokratikoaren unibertsaltasuna garatzeko. Plano teorikotik edo abstraktotik adibide praktiko eta zehatzetara pasatuz esaidazue bestela zein den lantzen den imajinario nagusia demagun gure esku dago kanpainan, edo berdin gazta zati bat proiektuan, esate arren. Erantzuna zuen esku uzten dut, eta ez nabil hemen esaten bertako gazta ez jateko are bertako errioja batekin, edo bertako sagardoarekin, edo bertako txakolinarekin ez edateko. Baina bai esango dizuet ematen duela azken asmoa gu kultura berezi bezala munduan aurkeztea izanik ere, konturatu gabe azken finean multikulturalismo espainolaren engranajean gure borondatez sartuta gaudela belarrietaraino – oraintxe azalduko dudan bezala.

Kultura aniztasuna, bai noski, baina zeinena?

Gutxi arte dela Britania Handiko kultura aniztasunaren kudeatzaile nagusia subjektu desagertu angloa zen, eta oraindik ere da hein handi batean baina urduritasunak agertzen hasi dira: Eskoziako prozesu independentista esate baterako. Modu berdinean, eta Kataluinako kasua paregarria baldin bada ere, Espainiar kultura aniztasunaren parametroetan Espainiako estatuaren kudeatzaile nagusia izkutuan edo desagertuta dagoen subjektu gaztelaniar hegemonikoa dirau – bere burua identitaterik gabekoa balitz bezala aurkezten duena, demokratikoa, unibertsala, kosmopolita … normala, naturala… gainontzeko guziak diferentziaren katean kokatuak gauden bitartean, beti ere posizio subordinatuak, partikularistak, pintoreskoak eta barbaroak zein debianteak betez: euskaldunak, gailegoak, gay eta lesbiarrak, migrariak, musulmanak … zuek jarraitu zerrendarekin.

Apodakak dotore eta argi asko azaltzen digu dinamika honek nola funtzionatzen duen. Hasieran esandakoa beste hitz again konplexutxoago batzuekin berriz esateko, Apodakaren argudio nagusiaren arabera, berez Egiturazkoa den Identitatea neutraltasun kudeatzailearen lekunea betetzen du. Anomalia, aldiz, identitate horren kanpoalde egituratzailean (Ernesto Laclau, Judith Buttler) sortutako Prozesu subordinatuak dira; hau da, alde batetik ageriko identitate ikuezina dago (muin, zentro edo erdi ausentea Slavoj Zizek-en hitzetan, 1999, 2006 edo estandar absentea, Apodakaren arabera via Edward E. Sampson, 1993), eta bestetik euskaldunen moduko “hecho diferencial”ak daude, izan ahal izateko, hain zuzen ere, identitate nagusi horren inguruan beren anomaliakeria zer eta diferentzia aldarrikatzen histerizatu behar dutena (azken hitz hauek nireak dira ez Apodakarenak).

Tentsio hau hobeto azaltzeko beste adibide argigarria, azkena hemen, Etxepare Institutuarena litzateke. Erronka zera da: munduan zehar nola egin euskal Identitatea (kultura eta literatura barne) Egiturazko baliabide gisa modu guztiz ‘normal’ batean azaltzeko eta horrela Espaniako kultura aniztasunaren diskurtsoaren eta praxiaren sostengailu anomaloa izateari uzteko – de facto jarrera subordinatzaile hori hedatu beharrean, oraingo egitarauetan eta ekitaldietan egiten den bezala! Etxepare Institutuak eta beste hainbat erakunde (EH11kolore etabar) erronka hori dute parean eta ez badute aurpegiratzen, edo ez badute aurpegiratu nahi, gutxienez ezin dute gehiago inozentearena eta ez jakinarena egin.

Suposatu nahi dut esandakoarekin hobeto ulertuko dela orain euskalduna desagertu beharreko aldarria zentzu honetan antzeman behar dela, gehienbat. Desagertzea esan nahi du Anomaloa izatetik Identitate izatera heltzea, izan ere zertan azpimarratu beharrik ez dagoen identitatea izatera heltzea. Bestela esanda, nork bere postureo kultural-antropologikoez gain, Euskal Herriko estatuarekin euskalduna eta historikoki erantsi izan zaion berezikeria kulturalaren san benitoa desagertu egiten dira eta Euskal Herria izena hartu duen munduko zati honetan estatuak demokraziaren kudeaketa justua suspertuko du, askatasunean, justizian eta berdintasunean oinarrituak.

Zentzu honetan, Slavoj Zizek batek Europako legatu aurrerakoia berreskuratu eta defendatu behar dela esan oi du makinabat izkribuetan. Alta Frantzian gertatzen ari dena erakutsi eta gero, eta beste hainbat estatuetan (nire idazlanean Israelen kasua ere aipatzen dut) ez al zaizue kuriosoa iruditzen agian gure txanda dela orain, gu feminista eta queeron, gu euskaldun, eskoziar eta greziarron, gu subalterno anomalo oro eta guztion txanda, alegia, Europako mito fundatzaileen onuraz jabetu eta gozatzeko?

Oh fantasiak fantasiak!

***

 Independentzia Helburu (II) Unibertsaltasuna? Bai, ez horregatik!

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

4 Responses »

  1. Imanol.
    Atzo Enbatan irakurri nuen Eneko Bidegainen artikuluak aintzat hartzen du zuen/gure liburua. Liburuaren tesiarekin bat ez datorren arren, irakurketa interesgarria da.

    http://www.enbata.info/articles/zauri-sakonagoa/

  2. eskerrik asko laura – ni ez nago podemos-en beldur, meatxua da bai, eta zuzena, baina era berean aukerak irekiko dituelakoan nago. bestalde gabilondok diona ere kontutan hartzekoa da: ez dira gauza izango espainako bukle nazionalista/patriotikotik ihes egiteko. hori gero eta nabarmena da. ikus zer erreakzio izan duten kataluniako paktoaren harira. Interesting year ahead:)

  3. hemen esteka pare bat dagokigun eztabidari inguruan – Lehena Pako Suduperena, batere pozik ez dagoena: ‘Independentzia helburu’: independentistei egurra emanez! http://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/001/2016-01-02/independentzia_helburu_independentistei_egurra_emanez.htm
    eta bigarrena Unai Oñederra-k igorritakoa, azkoz ere irekiago agertzen dena: Abertzaletasuna, estatugintza eta demokratizazioa https://unaionederra.wordpress.com/2016/01/14/abertzaletasuna-estatugintza-eta-demokratizazioa/

  4. […] Independentzia Helburu (I) Estatu etnikoa? Ez, eskerrik asko! […]

Leave a Reply