Politika ez-likidoa, paradigma jarraitasuna eta fantasia politikoen indarra

By • Dec 23rd, 2015 • Category: Azterketak eta Azalpenak

hautes4Azken hauteskundeak direla eta, denok gabiltza politologo bihurturik (bestetan filologo, sukaldari edo futbol analista ibiltzen garen bezala) eta emaitzak hain izan dira harrigarri non aldarrikatze apokaliptiko eta erdi-histerikoek irabazi duten eguna: paradigma aldaketa, garai baten amaiera, eta abar. Freud arte, histerikorik handienak gizonezkoak kontsideratzen zituzten, besteren artean Freuden irakasle Charcotek. Are, gerrarekin eta pobreziarekin lotzen zen gizonezko histeria; egun PTS edo post-traumatic sindrome deritzogu histeria maskulino horri. Eta ezker abertzalean badago PTS, Arraizen erortze eta berriro altxatu nahiarekin hasita. Baina historiara eta kulturaren historiara gure egunak dedikatzen ditugunok badakigu “paradigma berria” edo “garai baten amaiera” proklamatzen diren guztietan, esaldiak balio afektiboa duela, ezintasunarekin edo esperantzarekin lotua, eta aitzitik ezer gutxi historiarekin eta errealitatearekin. Foucaulten “gizonaren amaiera” sonatu hura (Les mots et les choses) filosofia egiteko ezintasun baten aldarrikapena zen, egitate historiko bat baino. Beraz, gaur twittter-herrin esan dudanean ez dagoela ez amaierarik ezta hasierarik, gehienek fribolotzat hartu dute nire aldarrikapen historikoki eskarmentatua.

Halere, historiara pasa aurretik eta fribolitate harrigarriekin amaitzeko esan dezadan Podemos bialderdi-sistemaren jarraipena dela eta ez amaia edo beste zerbaiten hasiera. Bigarren Errestaurazioa dei dakion hau (1975-2015) krisian dagoela ez dago dudarik, baina krisia izate politiko luzatu eta iraunkor bat izan daiteke. Gaur esan du Julio Angitak Ibex-ak lortuko duela PP-a agintean ezartzea PSOEren onespenarekin (teknikoki, abstentzioarekin). Ez dugu jakingo egun batzuetan hau egia den, baina aukera honek Bigarren Errestaurazioa noraino heda daitekeen argi uzten du. Sistema politiko bialderdikoa ez da desegin, baizik eta krisian jarri da eta krisiak urteak iraun litzake edo konpon daiteke.

Eta orain goazen historiara eta EHra. Paradigma aldatu ez den lehenengo seinalea, EAJ da. Bai, 22.000 boto galdu ditu, baina hor segitzen du lasai, inongo krisi eta paradigma aldaketarik gabe, diputatu bat gehiagorekin. PSOE ere izan zen boterean EAEn, baina orain historikoki begiratuta ea nork esaten didan orduan paradigma aldatu zela. Agian oraingoan paradigma ezkerrarentzat aldatu da bakarrik: EH Bilduk 100.000 bototik gora galdu du eta hori beste ezkerreko alderdi batek jan dio, Podemosek (PSOEri ere beste 100.000 joan zaizkio). Bale, baina nola esplikatu EAJ? Zergatik Podemosek ez dizkio EAJi botoak jan? Foralismo historikoaren ideologiak beste logika bati erantzuten diolako? Bai, baina zein da logika hori? Boterean dagoenaren klientelismoa? “Hemen bezala ez da inon kudeatzen” iradokitzen duen bertsio ideologiko neoliberal lighta? EAJen ideologia iraunkorrak azterketa berezi bat behar du, eta ezkerrak oraindik ez dio erantzun argi bat eman. EAJengandik izugarri ikasi behar da, hain zuzen paradigma ez zaiolako aldatu. Hor ez dago histeriarik.

Hel gakizkikion, beraz, Podemosi, paradigma aldatu ez den beste seinaleari. Iruzkingile politiko ugarik aipatu duen bezala, Podemosek irabazi du era periferiko batean, neuk uste beraiek ere espero ez zuten era batean. Lekzioa Katalunian ikasi zuten. Aurreko hauteskundeetan (I27), bakarrik joan ziren eta Pablo Iglesiasek egin zituen aukera sasi-etnikoak eta gero (boto etorkina zegoen lekuetan kanpaina egin), ondo ulertu zuten, ez zutela gerorik bakarrik, koalizioan ez ezik. Eta hala, oraingoan Ada Colauk eman dio Iglesiasen alderdiari behar zuen boto-basea eta zilegitasuna. Hau begien bistakoa da. Baina, begibistakoa den koalizio berri honen atzean, Baumanzaleek politika likidoa ere deitu dioten honen gibelean, oso errealitate zurrun eta moderno (eta aurremoderno) batekin topo egin du Podemosek: la plurinacionalidad. Eta hor amaitzen da fluidotasuna eta hor hasten da nazionalismoen talka erabat irmoa eta ormigoizkoa: historia. Gauza bera Valentzian, EAEn eta Galizian. PSOEk beti sufritu duen “nahi izan eta ezinaren historiak” ondo frogatzen duen bezala, “con los nacionalistas independentistas no se pacta.” Eta horrela PPak urteen poderioz, PSOE eskuinerantz, nazionalismo espainiar errekalzitranteenera eraman du. Podemos orain bere momentu katartikoan dago, baina laster ikasiko du, Espainia gobernatzeko, “una, grande y libre” aldarrikatu behar dela, eta hor bestela bere interes ekonomikoen aurka PPri botoa ematen dioten 8 miloi lagunak (Espainian 8 miloi aberats badirela defenditu nahi ez badugu behintzat).

Pablo Igesias (C), leader of Podemos, a left-wing party that emerged out of the "Indignants" movement gives the thumbs up during a speech at a party meeting in Madrid on Octoer 18, 2014. AFP PHOTO / DANI POZO

Eta horren atzean historia luze bat dago, historia postinperial bat, eta historia horrek oso erakartze grabitazional irmoa du. Hor ez dago fluidotasunik. Lehenago edo beranduago, Hamlet periferiko bat bezala, Podemosek aukeratu beharko du, to plurinationalize or not to plurinationalize, eta orduan, bere burua alderdi anti-españolista bezala aurkeztu nahi ez badu, una, grande y libreri muin eman beharko dio. Are gehiago, Katalunian I27-an ezagutu zuen beste erortze arraiztar hura baino lehenago, Podemosen plurinacionalidadeak ez zuen garrantzirik eta “la patria”-z mintzatzen ziren, orduan erdialdera jotzea erabaki baitzuten. Hurrengo erortze arraiztarra Podemosek Madrilen eta Gaztelan ezagutuko du eta orduan la patria berriro izango du hizpide. Alegia, eta hau litzateke nire tesia, Podemos Bigarren Errestaurazioaren azken kapitulua baino ez da; garai honen logika historikoaren hedatze natural eta estrukturala da, bere fase ezkorrean, behetiko fasean nahi baduzue, baina paradigma berean. Paradigma aldaketarik ez. Eta hau esplikatzeko XVI. mendean hasi beharko genukeenez, hor utziko dugu. Jose Luis Villacanasen Historia del poder politico en España, zeinak azkenean kutsu ortegiar bat hartzen baduen ere (el alma de Espana), abiapuntu ona da. Eta aurrekari historikorik argiena, el Motin de Esquilache (1766) dugu. Eta hori gehienentzat prehistoria bada ere, Podemos prehistoria horren azken kapitulua dugu.

Bale, ezintasun edo ezengonkortasun hamletiar baten adierazpen edo materializatze periferiko eta zurruna dugu Podemos. Baina zergatik eman dio euskal ezkerrak botoa? “Zergatik gureek traizio egin digute?” (Twitterren gaur irakurri dut “leialtasun eza” akusazio bezala). Zergatik ezin dute sinetsi euskal boto emaileek, estatu mailan gauzak aldatzeko EH Bildu alternatiba bat izan daitekeela? Arazoa ez da euskalduna bakarrik, ez da arazoa hain nartzisista. Galizian ere Bloque Nacionalista Galego-k arazo bera izan du: botoak galdu ditu makina. Baina… Anovak, BNG-ren eszisioak, mareekin bat egin du, eta horiek Podemosekin batera irabazle atera dira. Hots, ez da Podemos irabazi duena baizik eta lekuan lekuko ezkerra, Podemosekin koalizioan joan delarik. Eta horrek ikuspegi askozaz zehatzagoa ematen digu, izaki paradigmatikoki ez hain berri eta ez hain likido bihurtu zaigun Podemos honi buruz. Arazoa koalizioetan dago. Podemosek ezin du bakarrik irabazi. Eta jakina irakurle azkarra, dagoeneko, aurkeztuko dudan proposamen sakrilego eta heterodoxoa aurre-asmatuz, laster abiatuko da eskomunikazioa ematera: EH Bildu Podemosekin koalizioan joatea proposatzen al duzu? Excommunicatio!! Guk, gure ideologia guztiaren hondarrean Peru Abarka dei dakiokeen fantasia politikoa errotu dugunok, euskal Asterix eta Obelix garen hauek, Podemos erromatarrarekin koalizionatu? Vade retro satana! Eta hain zuzen aukera hau hain da pentsaezina, ezen isilean euskal botoemaile jator eta ezkertiar ugarik, ezer esan gabe, besarkatu egin duten, eta Podemosekin koalizionatzeko gai ez zen EH Bildu bat atzean utzi duten, abandonatu (Aita, aita zeren abandonatu nauk? idazten du Leizarragak, boto emaile, boto emaile, zeren abandonatu naunk?). Jakina, berriro ere irakurle azkarrak badu pentsatuta nire xake jokoko hurrengo mugimendu pobrea: Podemosek ere ez luke gogoko. Dagoeneko Pablo Iglesiasek nahikoa izerdi bota du eskuinak “con los terroristas de ETA” erlazionatu duen bakoitzean. EH Bildurengana hurbiltzeak izen bat du ingelesez, eta ez dakit hor ere erabiltzen den: “toxic”.

Baina Katalunian egin dute eta denak pozik. Inork ez du galdu. Eta Galizian ere, eta koalizioei uko egin dietenak bakarrik atera dira galtzaile: BNG. Anovakoak denak pozik. Galdera da, neuk proposatu dudan anatema honen atzean zein fantasia politiko dago? Zentzu psikoanalista-politiko-teknikoan diot, zeren ez dio errealitate politiko bati erantzuten. Are, Ramon Zallok eta beste zenbait intelektualek zegoeneko antzeko proposamen bat egina zuten, uztailean, baina ez zuen arrakastarik izan. Proposamen hura ez zen Bilduren barneko dinamikatik sortu. Ekimen hura Katalunian gertatzen zenaren eraginez sortu zen eta, kopia gisa, eta orain, atzerantz begira, errezegia denean egoeraren diagnostiko zuzena egitea, horixe zen aukera egokiena. Garak jaso zuen, Zallok hitz egin zuela Bildurekin eta “que ha habido «receptividad».” Proposamen hura ez zen inora joan eta orduan Podemosek esan zuen ezetz. Ez dakigu Bilduk azkenean baietz esango ziokeen proposamenak negoziazioak hasi balira (EH Bildun abstentziorik izan omen da, jada egindako aldaketa “normalizatzaileei” erantzun bezala, beraz ezin da asmatu zer gertatu izango zatekeen).

Baina orokorki, erantzunak ezezkoak izan dira eta ezezkotasun horretan irrazional. Alegia erantzunak, ezezko erabateko horiek, irrazionalak dira, pentsatzen hasi aurretik dagoeneko gure inkontzientetik jalgitzen direnak, gure baimenik gabe. Halere, ezezko hauen atzean dagoen fantasia politikoa, bikoitza, bi aldetakoa, aztertu aurretik, anamnesis txiki bat, EH Bilduri buruz, eta ez, ez naiz ari memoria historikoaz. EH Bildu, izenak dioen bezala, eta dagoeneko ahaztu zaigun bezala, koalizio bat da. Hots, HB 1978an sortu zenez gero, koalizio horren permutazio ugariek elkarrekin dutena komunean, bere izaera koalizionista izan da. Eta Podemos bezala, behetik gora eraikitakoa. Beraz Podemosek ikasi ere egin du (“Sonrie que vamos a ganar” horrez gainera) dagoeneko EAEn aspalditik zegoen dinamika, batere hautes1berria ez den dinamika bat. Agian EH Bilduk ez du oraingoan Podemosek duen “freskotasuna”, baina EH Bildu (Amaiur) aurkeztu zen lehen momentuan, hark ere marea galiziar baten arrakasta izan zuen eta orduan ere katarsi bera sentitu zuen euskal ezkerrak. Honek analisi luzeago bat eskatzen badu ere, eta analisi hori egiteko hitz oso zatar eta gutxietsi bat erabili behar badugu ere (populismoa, Laclauren zentzu teknikoan), EH Bilduren eta Podemosen artean ez dago desberdintasun politiko estruktural handirik, biak dira formazio politiko antzekoak. Beraz bien koalizioa, teorikoki behintzat, EH Bilduren historiaren luzatze naturala litzateke, Katalunian eta Galizian jende ezkertiar ugarik ulertu duen bezala. Eta berriro diot, ez du Podemosek irabazi, baizik eta koalizio periferiko hauek, hain zuzen Podemos kinka hamletiar batean jarri dutenak, eta azken batean, desegingo dutenak.

Baina ez! Bi alderdietatik ezezkoa azkarra eta ozena da, inondik ere ez! Azken batean Podemosekoak “españolazo” batzuek dira eta EH Bildukoak “terrorista konbertsoak” (sasoitako juduen kinka politiko berean). Hor hasten da fantasia politikoa, eta hain da fantasia honen indarra handia, non hor ez dagoen diskurtso arrazionalik bi aldeek onartuko dutenik. Zein da fantasia politiko bikoitz hau? Berriro ere, analisiak luze eramango baluke ere, eta bertsio motzean agian hain konbentzigarria ez bada ere, Estatu espainiar postinperialaren (1825-) funtsean dagoen fantasia politikoa, edo Latinoamerikako literatur kritikan esaten den bezala, “fikzio fundazioanala”, bortizkeriakoa da. Besteak, inperio espainiarraren etsaiak, hobeto hiltzen duen, bortizkeria hobeto erabiltzen duen fantasia politikoa dago. Zehatzago, Amerikako independentzia gerren (1810-1825) ondoren sortzen den ahultasun postinperial espainiarraren fantasia dugu: koloniak galdutakoan, jouissance bortitz eta inperiala galdu izanaren fantasia dago, beste norbaitek inperio espainiarrak baino hobeto konkistatzen duen ustea—azken batean koloniek beren buruak askatzen/konkistatzen dituztenean biolentzia handiagoa desplegatzen baitute. Hortik aurrera, edozein subjektu ez-kolonial ere, estatu postinperialaren barnean egonda ere, bihur daiteke fantasia kolonial honen hedapen: subjektu hau ere bortitzagoa izan daitekeen fantasía hedatzen du estatu postinperialistak, hala nola, euskaldun liskarti karlistak eta, geroago, terroristak.

Eta seguruenik, Carmen (1845) eleberrian formulatzen bada ere, non Don José Lizarrabengoa biolentoak hiltzen duen Espainiaren adierazpen den Carmen, eta XX. mendean Morena Clara-z gero (1936) indartzen bada ere españolada izenaz, fantasia politiko honen azken bertsio denok ezagutua Ocho apellidos vascos (2014) dugu. Espainiar guztiek ikusi nahi izan bazuten españolada hau, fantasia politiko honen errora jotzen duelako da (Carmenen bertsio bat da). Bertan ikusleek, españoladaren erroan dagoen fantasia bortizkeriazkoa ikusi ahal izan zuten (emakume euskaldun frekillo-motz, erdi-lesbiar, faliko eta ETAzale bortitza) eta beronen konponbide españolista: gizon andaluz indargabe batek konkista dezake Beste bortitza, hain zuzen maitasunaren bidez. Eta beraz edozein espainiarrek mendera dezake euskal Beste bortitza. Hots fantasia maskulinista bat da, non subjektu hegemonikoa espainiarra den, subjektu ahula, baina halere Beste bortitza menderatzeko gai.

Fantasia politiko espainiarraren garrantzia honetan datza: ideologia nazionalista espainiarrak beti behar duela Beste bortitzago eta odolkoiago bat, inperialistagoa. Eta fantasia horren erdian euskaldunak daude. Ez dio inporta EH Bilduk zenbat aldiz muin emango dion konstituzio espainiarrari eta bere burua aurkeztuko duen demokrata zintzo eta barkamen-eskale bezala. Konbertsoekiko zegoen mesfidantza politikoaren sufritzaile antzerakoa dugu EH Bildu (bertatik inkisizioa izatea estatu espainiar modernoaren lehen teknologia eraberritzailea, estatuko subjektuen homogeneizazio tresna aurrekari-gabea bilakatzen baita Mendebaldean). Lehenaldian ETAri bermea eta ahotsa eman dion alderdi batek (zati bat bada ere), fantasia politiko espainiar horretan leku bera izango du. Fantasia politikoak gaindeterminatzen du edozein errealitate eta aldaketa historiko. Ez alderantziz. Euskaldunak desagertuko balira bat-batean, Saramagoren eleberri zoro batean bezala, beste herrialde batek, seguruenik Katalanek hartuko lukete euskaldunen lekua.

Eta ezker abertzalearen fantasia, aitzitik, peruabarkarra da: ekintza politikoa euskal nazio barnean gerta daitekeela bakarrik sinesten du, eta beraz edozein kanpoko Beste suertatzen da etsai, ez baita politikoa, ezin baitu euskal politika ulertu eta beraz ezin du politikarik egin. Alegia politikaren muga nazioa da fantasia honetan, EHtik kanpora ez dago politikarik. Fantasia honetan “independentzia” hitza plazaratuz gero, ez dago ezer gehiago esplikatu beharrik. Azurmendik eman du honen bertsio erdi-fantastikoa: euskal nazioa objektiboa da, objektiboki finka daiteke (eta bestela ez du merezi). Berriz diot, hau fantasia politiko bat da, ez historia edo eguneroko errealitate erdi-arrazionala. Baina, berriro ere, fantasiaren garrantzi politikoa argi gera dadin, galde dezadan, psikoanalisiari kreditu gutxi ematen diotenen artean: zergatik ez Podemosekin koalizioa egin, EH Bildu historikoki koalizio homologo bat bada? Erantzuna ez da arrazionala. Ezezkoa irrazionala da, fantasia politiko irrazional bati erantzuten diolako. Euskal ezkerrak beste EH imaginario batzuk ikustatu ditu historian: Nicaragua, Bolivia… baina Espainian ez. Galfarsoro/Apaolaza eta abarrek EH unibertsal ez-etniko bat proposatzen dutenean, ez dabiltza oker. Sintoma peruabarkar hau ulertzen dute eta sintoma gainditzeko premia ere bai. Baina sintomak ezin dira gainditu. Ulertu egin daitezke, eta sintomekin bizitzen ikasi (Lacan dixit). Are, sintomak egiten dute bizitza posible, gure izatea eratzen duen gozamen eta bortizkeria (jouissance) primalerako sarbide bakar baitira.

Eta hala, oraingoan, fantasia politiko horiek behin-behineko zartadura bat ezagutu dute: boto emaile euskaldun zintzo askok pentsatu du Podemosek gainditu ahal izango duela bi fantasia oposatu hauen zeruertza. Podemos bi fantasia oposatu hauen katarsi behin-behinekoa izan da: ekonomia konponduko dute lehenik eta hala EH/Espainia arazo plurinacional hori berez desagertuko da; Podemosek ez du ideologiarik, ez da ezkerrekoa ala eskuinekoa, eskaera multzo bat bakarrik du, guztionak diren eskaerak, eta abar. Podemos politikarik gabe politika egin daitekeen fantasiaren ordezkari da. Baina errealitate politiko espainiar ez-likido eta zurrunak, bere historiak, lehenago edo beranduago bere logika politiko eta fantastikoa inposatuko du. Eta orduan boto emaile euskaldun podemita hauek beren fantasia politikora itzuliko dira, sekula baino sinestunago, sekula baino peruabarkarrago.

hautes3Bitartean EH Bildu-k bere kinka hamletiarrean segiko dio? Ezkerreko koalizio egokiena dela sinetsiz segiko al du, baina koalizioak EHan amaitzen direla baietsiz, koalizio zabalago eta espainirrago baten anatemari bizkarra ortodoxoki emanez, “independentzia” magikoki aldarrikatuz eta egun zentzu osoa galdu duen beste hitz bat parentesi artean erantsiz: sozialismoa (sozialdemokrazia esan nahi baitu). Orain gainera peruabarkismoa demokrata eta bakezalea dela aldarrikatu nahi du EH Bilduk, fantasia espainiarra exorzizatu asmoz, eta hala presoak eta abar ahanzturara kondenatuz, bere buruaren aurka. Galdu dituen botoak argi uzten du, bere fantasia politikoa zartatu dela.

Fantasia politikoak aldatzen dira, baina urtetan, batzuetan mendeak eta gero. Hor psikoanalisiak bere muga burgesa erakusten du: ez du erantzunik fantasien historia aldakorra esplikatzeko, psikoanalisia, familia burgesa bezala, alda-ezintasunaren mitoan oinarritzen baita. Datorren asteetan, paradigmarik ez da irauliko. Edo behintzat, nire kristalezko bola historikoak hori esaten dit, jakinaren gainean geroa aurre-ikustea, ingelesez esaten duten bezala, a fool’s errand (zoroaren enkargua/mandatua) dela.

Uztailan EH Bilduk Zalloren proposamenari egindako harrera abegikor hasierakoak behar du segizioa. Urrian Zallori, EAEko Podemoseko idazkariak honela erantzun zion: “Por lo que respecta a Podemos Euskadi, a día de hoy, nuestra relación con Equo es magnífica, con Ezker Anitza es también muy buena y con Bildu estoy convencido de que irá mejorando poco a poco.” Uriarte joan da, baina Podemosen erantzunak, uste dut, hor segitzen duela. Kinka, aipatu ditudan bi fantasia politiko kontraesankorretan datza. Eta ikusiko dugun EH Bilduren barnetik ateratzen den fantasia hori aldatzeko ekimena, kanpokoen manifestuen zain egon gabe. Uste dut Podemosek okerrago duela eta lehenago edo beranduago, fantasia espainiarraren menpeko bihurtuko dela, momentu katartiko motz hau amaitzen denean. Baina, esan bezala, psikoanalisiak ez du erantzunik. Baieztapen bakarra izenburukoa da: politika egun ez da likidoa, alderdibiko paradigmak jarraitzen du eta fantasia politikoek ezusteko indarra izaten segitzen dute.

(mila esker Josu Bijuescari zuzenketengatik, Imanol Galfarsorori argazkiengatik, eta beheko iruzkinak/erantzunak idatzi dituztenei! berauei eskerrak egin ditut aldaketa batzuk testuan)

(Urretxu, 1963). Michigan State University-n irakaslea da. Argitaratu dituen liburuen artean, besteak beste "Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006)" eta "Apokalipsia guztioi erakutsia" (2009, Erein), Erein argitaletxeko saria jasotakoa azpimarra daitezke.
Email this author | All posts by

33 Responses »

  1. Irakurketa interesgarria baina errealetatearekin bat ez datorrena, zoritxarrez. Nork esan du Podemos-ek kendu dizkiola boto guzti horiek EHBilduri? Boto batzuk gora behera, EH Bilduko boto gehienak abstentziora joan dira, edo EAJra bera. Podemosek jaso siguen boto gehienak PSoetik datoz. Gustatu ala ez gustatu. Euskal Herrian bizi denak badaki, orain arte behintzat, zaila dela koalizio bat osatzea errealitarean gauzatzen ez den zerbaitekin. Zergatik eskatzen du Podemosek autodeterminazio eskubidea Kataluniarentzat bakarrik? EAJren botoemaileak eta EH Bildukoak soziologikoki oso antzekoak dira, eta Azurmendirekin bat ez banator ere, zergatik onartzen dira Eskozian egin diren bezalako saiakerak, Salmond ez al da esistentzialista, mundial mailan era ez Euskal Herrian? Anguita partidaren altura honetan erreferente gisa aipatzea gehiegi deritzot. Bilduko jende asko oso erreta dago dena ematen ari delako eta oso gutxi jaso…Autonomoak, empresa txiki era ertainetakoak etab. Podemosek telebistaren indarra profitatu du besterik gabe. Hemengo Podemoseko agintariekin hitz eginda aitortzen dizute ez zegoela egiturarik ez ezer, horregatik etorri ziren dimisioak. Politika fikzioa egitea oso Ondo dago, baina batzuetan zerikusiren bat izan behar su errealitatearekin. Foucault ek oso ondo zekien hori.

  2. Zure analisiak akats bat (behintzat) badauka: Ramon Zallo eta abarrek egindako eskaeraren aurrean EH Bilduk agertu zuen koaliziorako gogo gehien. Podemos izan zen ezkerreko hautagaitza bateratuaren kontra agertu zena. Aldekotasun horrekin, EH BIlduk zilegi egin zuen Podemosi botoa ematea. Espainiari buruz diozunarekin ados nago, kultura poliitko demokratikoaren gabezia izugarria dago han.

  3. Mila esker Hasier eta Xirristi!

    Hasier: ahaztu zait PSOE aipatzea eta EH Bilduko zenbaiten abstentzionismoa. Testua aldatu dut hori azaltzeko. Dena den, PSOEk 100.000 boto galdu zituen eta PNVk 22.000. Hegoaldean Posemosek ia 400.000. Beraz EH Bilduko botoak ez dira EJAra joan eta PSOEren galerak ez du osorik POdemosen arrakasta esplikatzen. Arraizek berak onartu du, EH Bilduko boto ugari Podemosear joan direla.

    Xirristi: Bai, arrazoi, Zallorena ez dut aipatu. Oso zeharka eta gaizki. Beraz, parrafo berri bat sartu dut, erdialdera, eta amaieran parrafo berri bat erantsi. Uste dut nire analisi orokorra ez duela aldatzen, baina garrantzitsua zen hori ondo esplikatzea.

  4. Arrunt analisi interesgarria. Nik ere ez dut uste paradigma aldaketa baten aitzinean gaudenik: izan ere, iduripena dut aldaketa gertatu dela aldarrikatzen ari diren ez guti Podemosetik franko hurbil dabiltzala, eta, beraz, neurri handi batean pro domo sua ari direla -zilegi dena, halere-.
    Carmen-en adibidea ongi ekarria iduritzen zait. Josek ez du Carmen indarkeriaren bidez menderatzen; Carmenek limurtzen du Jose bere trikimailuekin, eta euskaldunak ezin dio aurre egin haren xarma liluragarriari (“elle mentait, monsieur, elle a toujours menti […], mais quand elle parlait, je la croyais: c’étais plus fort que mois”, III. kap.). Joseren bortizkeria porrot baten adierazpena da, karlistaldien bortizkeria porrota izan zen bezalaxe (egokia, halere, Europan Zumalakarregi heroi euskaldunaren irudia osa zezaten).
    Ocho apellidos fileman antzeko zerbait gertatzen da, ados: euskaldunak ez du andaluziarra menderatzen, honek mozorroa jantzi eta hura xarmatu egiten du. Euskaldunei egotzi izan zaien autentikotasun eta zintzotasun “maskulinoak” porrot egiten du espainolen faltsukeria eta maltzurkeria “femeninoaren” aitzinean (Nafarroa ere “furto y maña”-ren bidez izan zen konkistatua). Baina Ocho apellidos komedia bat da, eta horrek bigarren maila batean kokatzen ditu euskaldunak, aspalditik ez baitira Espainiako fanatasien Beste nagusia, ezta hurrik eman ere.
    Hau da, Carmenek erakusten duen paradigma horrek dagoeneko ez du balio -ez da kasualitatea Ocho apellidos vascos komedia izatea-, eta horretan eroso sentitu direnak nora ezean dabiltza. Euskaldunak desargetuko balira, katalanek hartuko lukete haien lekua, diozu. Nik uste dut hartua dutela leku hori. Eta horrek azken hauteskundeetara garamatza. Aspaldi honetan, ezker abertzaleak sutsuen defendatu duen independentzia Kataluniakoa izan da. Are gehiago, Katalunian behin eta berriz Espainiatik modu onean atera nahiko luketela eta problema espainolekin ez estatuarekin dutela azpimarratu badute ere, euskaldun batek, Sabino Cuadrak, egin du ekintza (sinboliko) bortitzena Kataluniako indepentziaren alde. Kanpainian, independentzia izan da EHBilduren lelo nagusia, baina akaso ez da hain harrigarria hautesle anitz nekatua egotea independentismo by proxy horretaz, eta, aukeran, Podemos eskaintza nahiago izatea.
    Nik ere uste dut noizbait Podemosek aipatzen duzun galdera hamletiar horri erantzun beharko diola, eta bati baino gehiagori bihotz politikoa hautsiko diola erantzunak. Hautesle horiek automatikoki EHBildura bueltatuko ote diren ez daukat hain argi.

  5. Jakina boto asko Podemosers joan direla baina balizko boto andana ez dago hor, EAJn baino…Hauteskundeok kointuralak dira. EAjri hiltzen ari zaizkio botoemaile asko, literalki, ikus Galizako PPren estatistikak bestela. Harraizi nolabaiteko sinesgarritasuna ematea boutade bat da, ez dakit zer asmatu duen orain arte. Podemos telebistak puztutako protestazko globo bat da eta kaladero nagusia PSoe izan du. Ez da ahaztu behar Hego Euskal Herrian Bai PSoe eta bai PP nagusi izan direla askotan. Soziologikoki EAJren botoemaileak eta Bildukoak oso antzekoak dira. Zer ezberdintasun dago EAJren eta Bilduren funtzionario baten artean? Ondo baino hobeto bizi dira biak ala biak, eta zer esan jubilatuez…Nagusiki etorkinek sufritu dute krisia eta horiek, nagusiki, beti izan dira PSOE zale, orain Podemos. Podemosk, bataz beste, botoen %20-25 lortu ditu Bai Euskal Herrian, Bai Madrilen eta Bai Katalunian, atera kontuak…

  6. Horra hor, berriz, katalanak bidea markatzen ezker abertzaleei:

    – CUP euskalduna bihurtu eta minoritarioa baina hori bai, “autentikoa” izan. Jakina, elektoralki hautsaren hurrengoa.

    – Bide eklektikoa aukeratu, hau da, ez hain autentikoa eta ERC antzeko zerbaitera jo. Elektoralki bistan da hobeagoa begiratu ERC-ren emaitzak!!

    Biak ala biak giza-kapitala kudeatzeko orduan ikuspegi desberdinak dituzte. Batek, nahiko du orain artekoan jarraitzea aldaketa kosmetiko txikiak eginda, besteak aldiz, diskurtsoa eguneratu beharko du eta kohesio estrategia berriak asmatu bizi irauteko eta agian, hazi elektoralki eta XXI mendeko zirkunstantzietara egokitzeko.

    ZEIN IZANGO OTE BILDUREN HAUTUA?

  7. Hasier: erabat ados.

    Santi:Carmenen zehazketa ona da, baina konplexuagoa da, narratzailearen ikuspuntua frantsesa baita. Analisi zehatz bat nahi baduk, artikulu oso bat diat:

    https://www.academia.edu/19836146/_On_the_Inception_of_Western_Sex_as_Orientalist_Theme_Park_Tourism_and_Desire_in_Nineteenth-Century_Spain_Carmen_Don_Juan_._Spain_is_Different_Tourist_Locations_Attractions_and_Discourses_in_Modern_Spanish_Culture._Eds._Eugenia_Afinoguenova_and_Jaume_Mart%C3%AD_Olivella

    Ocho apellidos: neska beti da bortitza bere jokaera fisiko eta emozionalean. Beti haserretzen dira larrua jo aurretik, eta ia era gotiko batean neskak ez dio mutilari herritik irtetzen uzten bortizkeriara joaz. Salto egiten dio gainera. Alabaina, arrazoi duzu filma queer bat dela pertsonaiek beste generoa performatzen dutelako, eta beraz andaluza feminizatuta dago, eta horrek ez du oraindik aitaren funtzioa kontutan hartzen, Espero dut aurrerago artikulu bat ateratzea joera queer popular hauekiko (andaluz femeninoa/euskal neska maskulinioa, pablo iglesias/belen esteban…)

    Euskaldunak espainiarren fantasia aspaldi izateari utzi dietela eta orain katalanak direla, ez nintzateke ados egongo, historikoki behintzat. Katalanek orain eszena espainiarra monpolizatu dutela bai, baina fantasiek historia luze bati erantzuten diote (XVI. mendetik aurrerakoa, eta JImenez de Rada hartzen baduk serioski XIII. mendetik aurrera). Katalanek beste leku bat dute fantasia horretan baina ez dituzte euskaldunak ordezkatu. Baina hori beste artikulu bat litzateke.

    Euskal indendentismo by catalan proxiarekin erabat ados.

    Mila esker oharrengatik. Inoiz artikulua hedatzen badiat, kontutan hartuko diat.

  8. Karmelo: uste dut, diozun bezala, Kataluniak markatu duela eredu euskalduna. Santik ere hala dio, independentismoa by proxy. Uste dut denok gaudela ados eredu katalana ez dugula kopiatu behar, hasteko gure profil soziopolitiko eta historikoa desberdina delako. HOnek eskatzen du gure jakintza politikoa gararaztea, gure pentsaera propiosa sortzea. ETa uste dut horretan gabiltzala.

  9. Arrazoia ematen dizut Joseba, katalanen egoera ezin da mimetizatu Euskal Herrian, CUP eta ERC-rena erdi boutade eran bota dut, hau da, boutade guztien antzera probokatze helburuarekin.
    Dena dela ezin dugu ahaztu behar CUP eta ERC “arazoari” aurre egiteko bi estrategia taktiko(nola) eta etiko(zer) direla. Oraintsu Joseba Sarrionandiak gogoratu digun bezala Max Weber aipatuz: Max Weberrek bi etika mota bereizten zituen konbentzimenduarena hau da, sineste sendoena eta erantzukizunarena hau da, komenentziarena.
    “Konbentzimenduaren etikak arau argi eta finkoak ematen ditu eta ez du salbuespenik onartzen. Erantzukizunarena, etika politikoagoa da, malguagoa eta erlatibista, salbuespenak onartzen dituena. Printzipioen etika erabiltzen du jendeak erretorikoki, baina erantzukizunaren etika besterik ez da erabiltzen praktikan, norberaren komenentzian”
    Orain abertzale sutsuak Euskadiko Ezkerrak, Aralarrak eta enparauak gogoraraziko dizkit bigarren etika mota hori deuseztatzeko eta bide batez, beti eman diren disidentziak ekiditeko. Negargura datorkit gogoratzean disidentzian galdu dugun giza-kapitala “erakundearen” sineste sendoekin ados ez egotearren. Noizbait faltan botako ditugu.

  10. Karmelo erabat ados. Negargurea justifikatuta dago. Ezker abertzaleak 20 bat urte galdu ditu ETAren alde eta instituzioen aurka bere burua ezarriz. Baina ez dut uste historiak beste aukerarik eman duenik. Logika politiko bat martxan jartzen duzunean, ezin da autorean antzera bapatean geratu. Niretzat ETA da gerra zibilaren azken kapitulua eta pozik 2011ean amaitu delako. Ikuspegi historiko luzeago bat hartuz ondo goaz. Bestalde, ez dago instituzionalismo batean erori beharrik, horrek neoliberalismora eramango baitu. Alegia ezker abertzalea ere demokrazia kapitalistan erabat absorbiturik amaitzeak. Baina hauek gai zabalagoak dira eta hemen ezin eztabaidatu edo konpondu espazio txiki honetan. Horregatik nahiago izaten dut luzago idaztea. Artikulu honen segizioa den beste bat idatziko dut aurrerago, ezker abertzalearen beste gaiari buruz: independentzia eta sozialismoa diogunean, sozialismo petral horrek zer esan nahi duen eta zer esan nahi beharko lukeen (eta hau ere Podemosen kirtika batez).

  11. *autoaren antzera
    Gerra zibilaren, ETAren eta gure errelatoen gainean luzago irakurri nahi baduzu, ikus 4. kapitulua nire liburuan: New York – Martutene. Euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz. Kapituluaren izena: “Memoria historikoa, Gerra Zibila, ETA”

  12. Interesgarriak artikulua eta iruzkinak.
    Baina nago “ñabardura” bat ahaztu egiten zaigula beti halakoetan: eragile gizatiarra, pertsonak.
    Ezker abertzale ortodoxoak kultura politiko erasokorra garatu du bere ildokoak ez ziren beste guztien aurka. Iruditzen zait ondorioak hor daudela, eta luzerako. Jende kopuru zehazgaitza baina esanguratsua dago, ezker abertzaleari bozkarik ematen ez diona urteotan guztiotan jasandako tratuarengatik. Nafarroan adibidez, EAJren itzalpeko Geroa Baik ezkertiar abertzale askoren bozkak jasotzen ditu aldiro-aldiro, horietako zenbait alkate, zinegotzi edota gobernukide ere badirelarik.
    EHBildu goitik behera eratu delarik, osatzen duten alderdien behar gorriek behartuta, oinarria ez da landu, jendearen arteko ez dira berrosatu, eta nago, bozken ihesa batez ere Aralarkideen eta EAkideen artetik eman dela gehien.
    Uste dut aldatz egingo zaiola ezker abertzaleari indar erabakigarria bilakatzeko bidea. Autokritika zer den ere ez dakielako, batez ere.

  13. JJ, mila esker oso iruzkin beharrezko batengatik. Hasieran hortik jo nahi nuen eta azkenean artikuluak bestew nonbaitera eraman ninduen, berezko bizitza hartzen dute. Hori afektibitatearen eta traumaren politika da, eta uste dut arrazoi duzula ezker abertzale ortodoxoak kultura politiko erasokor bat garatu duela, eaj-ek eta psoek bereak eratu dituzten bezala. eaj-ena politika kultural erdi-katoliko erdi-handi-ustekoa izan da (gehiagotasun konplexua, legearen aldean egotearren). Eta arrazoi duzu luzerakoak direla eraikitako egitura afektiboak. Baina interesgarriena, eta zailena, egitura afektibo horiek sortarazten eta eratzen dituzten arrazoi historikoak aztertzea da. Bestela salaketazko tenis joko bat bihurtzen da, bakoitzak besteari erruaren pelota botaz. Interesgarria da ere La pelota vasca adibidetzat hartuz, zein erreakzio erasokorrak sortu ziren gutxien espero zenuen espaniar askorengandik. Eta orain, egitura afektibo eta trauma hauek beste geruza bat hartu dute gainean feminismoak salatu dituen erasoekin (gnero indarkeria, indarkeria matxista…). Bain horiek ondo aztertzeko hor egon behar da, eta neu ez nago. Aurten ingalaterran nago baina eskuharki AEBn bizi naiz. Kolaborazioa behar dugu eta uste dut aurrerago kolaboraziozko lan baten bidez hain zuzen arazo hau aztertu beharko dela, oso garrantzitsua baita eta memoria historiko(ez)arekin zerikusia du.

  14. Erabat ados JJ-rekin…Orain ere okerreko irakurketa eginen da…

  15. Egunean egunean borroketan murgilduta ibili garenok jakin dakigu zein inportantea den afektibitatea…Inoiz ez dugu aurkitu. Zer esan auto-kritikaz…Azalekoa besterik ez…Politikan, polisaren gobernuan, dena uztearen ajeak nonbait…Joseba, nago aipatzen duzun geruza berri hori azalekoa besterik ez dela, egunerokoan gauzatzerik ez duena…Jendea erabat aspertuta dago Godoten esperoan…

  16. Hasier, afektibitatea aurkitu duzue, ezkorra edo indarrezkoa izatea (gorrotoa… Indiferentzia) hori beste arazo bat da. Metáfora beckettiarrak irakurketa gehiegi dauzka ;-)

    Barkamena eskatzearena ere hor tartean sartzen da. Uste dut era oso politiko-kartesiar batean hartu dela (barkamena eta gero prozesua amaitzen da), baina hor ere efektu afektiboak aztertu behar dira sentimentalismo edo kartesiansimoan erori gabe.

  17. Irakurri dut apur bat gainetik goiko artikulua eta azpiko iruzkinak eta egundoko betekada-sentsazioarekin geratu naiz. Gauza gehiegi ildo garbi bat ikusteko (neuk behintzat). Baina ondo pasatu dut.

    Ohar bakarra, batez ere Gabilondorentzako: “paradigma” oso gustokoa dudan hitza eta kontzeptua da, eta arrunt praktikoa delakoan nago, baina baita ere uste dut oro har gehiegi erabiltzn dugula eta, hartara, debaluatzen ari dela. Adibidez, “paradigma-aldaketaz” hitz egiteak bete-beteko zentzua du pentsamenduaren historiaz ari zarenean (“iraultza zientifikoak” esplikatzeko sortutako kontzeptua baita), baina hortik kanpo, zertaz ari gara hizketan “paradigma aldaketa” aipatzean? Askotan ez ezer konkreturi buruz, beldur naiz. Zehatzago: nire ustez zantzu argiak daude pentsatzeko azken hamarkada honetan euskal gizartean aldaketa sakon bat gertatu dela, baina aldaketa horri “paradigma-aldaketa” deituta ez dugu ezer argitzen, kontua ilundu besterik ez (gizarte zientzietan, nik dakidala, ez dago kontzeptu horren erreferente teoriko argirik). Agian oker nago, baina tira, uste dut hobe dela esatea “gizartea sakonki aldatu da” (eta zehaztu zertan) ezen ez “paradigma-aldaketa” bat gertatu da (edo ez).

  18. Ederra, Joseba. Denok politologo gabiltza, egia da, arineketan hala ere. Estropozoka aurrera goazelakoan, hona nire zangotrabak.

    Non da Nafarroa? Batez ere, non da eta zer pentsatu beharko genukeen Nafarroa Garaian egin eta porrota izan duen koalizioaz. Berez bazirudien koalizio horrek zekarkeela lehengo nazionalismoaren ekarpena zerbait berrira onbideratzeko modua, nolabaiteko postnazionalismo bat. Baina kale egin du. Hobe bereiz? Hobe eskaintza oparoa eta askotarikoa?
    Peru Abarkan bi, eta ez bat, dira agertzen diren munduak. Eta biak euskaldunak. Ezin da ulertu bata bestearekikoan ez bada. Ezker Abertzalea, nire ustez, bi mundu horiena ez ezik, beste askoren batura izan da aspaldi. Horregatik nahikoa bitxia egiten zait orain puri-purian eta berria legez zabaldu zaigun polemika. EAk beti izan du alde etnikoa samarra eta, aldi berean, horretaz trufatzen zen aldea. Eta ohikoa izan du Espainia aldeko hainbat indar politikorekin harremanak izatea (gogoan izan Iniciativa Internacionalista edo Los pueblos deciden: europar hauteskundeetan erabili den estrategia horrek bi arrazoimendu ditu, batetik hauteskunde-barrutiak inposatutako, baina bestetik ondo adieraztea zein den lurralde bakoitzean “ezker soberanoa”). Nire bizipen politikoetan erabat arruntak izan dira Andaluzian edota Palentzian jaiotako euskal abertzaleak. Independentzia justizia sozialari loturik ikusten zutenak, ez justizia etnikoari, ez salbazio etnikoari. Hori galdu ote da? Ez dut uste.
    Baina horra beste kontu bat: zertaz ari gara? Alderdi edo erakunde politiko bati buruz? Mugimendu sozio-politiko bati buruz? Edo hainbat ideia eta desiori buruz? Benetan porrota irakurri behar al dugu emaitzetan? Nire iritziz, emaitzak ez dira txarrak izan: ez testuinguru politikoari begira, ez antolatzeko erei begira, ez kultura politikoaren eraberritzeari begira.
    Betidanik izan da batasuna EAren obsesioa. Abangoardiek mendeko batasunak maite dituztelako, edo subjektu politiko eraginkorra izateko beste biderik ez delako egon. Batek daki. Baina batasuna modu askotara josi ahal da. Bada garaia batasun organikoari uko egiteko eta batasun dinamikoei indarra emateko. Bada garaia, uste dut, “denak batera” izan ez dadin ez betiko, ez denerako, ez denetan izan. Horretarako Ezker Abertzalea, entitate edo erakunde edo alderdi edo subjektu politiko bat barik, askoren mugimendua dela benetan irudikatu eta egikaritu beharko da. Uste dut eztabaida asko izanda ere, bi direla EA ardazten dituzten indar-lerroak: Euskal Herriko errepublika (hots, EH subjektu politiko beregaina izatea) eta euskal herriaren errepublika (herria izan dadila subjektu politiko beregaina). Normala da, horrenbestez, Herriko eta herriaren aliantza gure kultura politikoan. Eta normala unean-unean balantza alde batera zein bestera zalantzaka ibiltzea.
    Emaitzak, alde horretatik ez dira txarrak izan. Baina bai bitxiak, kuriosoak. Botoen analisiak behar ditugu. Xehe-xeheak. Bai eta epe luzekoak ere. Nire ustez oso goiz da paradigma aldaketaz hitz egiteko. Zer gertatuko da EAEko autonomikoetan? EAJren hegemoniaren bukaeraren atalasean gaude? Epe luzeago bat behar dugu botoen likidoaz hitz egiteko, hala ere, badugu zerbait argi, botoa eta atxikimendua ez datoz bat. Botoa urrutiko jaurtigailu gisa erabili dute askok eta askok: datsegit baten modura.
    Hauteskunde gauean gehien inpresionatu ninduten irudiak La Mercedetik igorri zituzten. BilboRocken dozena pare bat lagun batu ziren garaipen historikoa ospatzeko. Bilboko auzo askotan Podemosek irabazi zuen eta ez zen inor kalera irten, ez ziren ibili autoak banderak astintzen, ez zen mozkorraldi kolektiborik izan. Non ziren kanpainan akituriko militanteak? Agian kanpaina izan zen leku berean: internet eta telebistetan. Etxeko geletan pantailen aurrean?
    Podemosen erronka orain hasi da. Guztiz ados Josebarekin. Baina ez soilik botereen errealismoaren mendera bere burua makurtu edo ez makurtu erabaki beharko duelako; ordu erabakigarriagoa du audientziak herri bihurtzekoa. Izan ere, Podemosen boto-bilketa Atresmediaren eztabaida ospetsuak izan zuen audientziaren parekoa izan da, bai tamainan, bai atxikimendua. Ea zer egiten duten hauek!
    Apokaliptiko zenbaitek dio EAk bere baitara bildurik jardun duela eta kanpaina publizista txarra egin duela eta herri erreala ahaztu egin duela eta abar. Baina nik esango nuke horrela “positiboegi” ari garela botoen motibazioak irakurtzen: bazen han eskaintza politiko argiaren egarri zen herria, nonbait. Eta negatiboan, ilunean, esplikazio argiagoa dukegu: zenbatek eman du Rajoyren kontrako botorik, boto hori Podemos-Iglesias zela ondo ulertuta? Rajoyri “desatsegit” mezuak Pablo Iglesiasen aurpegia zuen. Jende gehienarentzat hala izan zen hauteskunde gauean, eta hala da oraindino.Baina hala da hartaraino.
    Euskal Herria ez da egunetik egunera aldatu. Audientzia ona izan zuen Pablo Iglesiasek hautestontzietan. Baina nork ospatu zuen garaipena? Eta, areago, nork osatu eta trinkotuko ditu Podemoseko zirkuluak hemendik aurrera? Hor bada partida luzea eta sakona. Eta partida horretan, Ezker Abertzalearen ikuspunturik, zein da jokoaren helburua: alderdien arteko hegemonia-jokoa ala ideia eta proiektu politikoen arteko jokoa?

  19. Edu. Gauza gehiegi urte amaierarako¡ erantzungo aste amaieran. Happy new year ¡

  20. Pruden

    barkatu honen berandu erantzutea, baina bestelako lanek eta kataluniako tragediak edo tragikomediak, ez nago zihur, atzeratu didate erantzuna. erabat ados paradigma terminoaren erabilerarekin. baina, neuk ez dut erabiltzen, baizik eta neuk erantzuten nien kritikoek erabili dute nire aurretik, eta neuk gehitu dudan bakarra, hain zuzen, paradigma aldaketarik ez dagoela eta beraz ez dagoela hitz hori erabili beharrik.

    kazetaritzan, hiperboleak, eta sinekdokeak libre izaten dira, eta neuk uste bertatik horrelako hitzak testuinguruz kanpo erabiltzeko joera. Ez dut uste Pablo Iglesiasek bira kopernikanorik emango duenik, beraz hor amaitzen da, erabilera kazetaristiko honen arrazoia. Ideia bat ematen didazu, arikulua inoiz hedatzen badut.

    Esan duzu ez duzula ildo garbi bat ikusten baina, bada behintzat bat: “paradigma” ez dela aldatu, eta politikaren eta instutizoen historiak pisu handia duela, eta fantasia politikoek bertan indar handia dutela. agian ez dut ondo esplikatu.

  21. Edu

    gai gehiegi aipatzen dituzu, baina saituko naiz, batzuk erantzuten. Nafarroa, arragoa! Bai, Nafarroak ematen zuen talde guztien baturaren arragoa berria eta beraz geroranzko adierazle eta gidari. Baina senatuan, antza, ez zuten inongo propagandarik egin, eta jendeak koalizioaren izena ere ez omen zuen ezagutzen! Horrek Bilduren jarrera ez oso planifikatuarekin eta mezu berria errepikatzaearekin badu erlaziorik. Hor egon da El caserio de basarte-n, chez Peru Abarka, lokartzearekin zerikusirik duena arazoa.

    Zeuk bi Peru Abarka ikusten dituzu eta biak euskaldunak, Maisu Juan esan nahi al duzu? Maisu juanek lotsaturik eta erreformaturik amaitzen du bere bisita, alegia Peru ABarka baino peruabarkarragoa. Hor superego euskaldun eta etnikoaren arazoa dago, eta gaur egun etnizismoa hain deitoraturik dagoen honetan, bakarrik esan dezadan ezin dugula ez etnikoak izan. Baina hori azalduko dut aurrerago zehazkiago. Jakina izan dela EA Espainiako beste leku batzuetan present eta lankide. Baina guzti hori ez da kanpainan azaldu, ez da adierazi, eta gainera azken urteetako PPak gero eta zailagoa egin du hori erakustea (ikus kultur mailan F Muguruzari gertatu zaiona estatu espainiarrean)

  22. Zera diozu: “Betidanik izan da batasuna EAren obsesioa. Abangoardiek mendeko batasunak maite dituztelako, edo subjektu politiko eraginkorra izateko beste biderik ez delako egon. Batek daki. Baina batasuna modu askotara josi ahal da. Bada garaia batasun organikoari uko egiteko eta batasun dinamikoei indarra emateko. Bada garaia, uste dut, “denak batera” izan ez dadin ez betiko, ez denerako, ez denetan izan”

    Bai, hain zuzen, hori da neuk defendatzen dudana. Era azalekoan esanda, hori izan da Podemoseko alientzek lortu dutena, eta EH Bilduk historikoki egin duena, orain arte. Oriangoan ez du ulertu dinamika, eta are gehiago, alderdien eraketa oraindik bertikalegia birpentsatu behar da, eta hor lan handia egin behar da. Leninismoa ahaztu behar da, eta hemen leninista asko daude, Pablo Iglesias barne.

    Egituratze berria ez da teorizatu, ez da praktikan jarri eta are esango nuke zuk bereizten dituzun bi subjektu politiko horiek ere (EH errepublika/e. herriaren errepu) ez dutela nahikoa urruti jotzen. Horretan ez dago oraindik pentsamentu politiko eraldatzailerik EHan. Zure liburuak hain zuzen beste dinamika bat eta beste joera bat proposatzen du, baina, galdera zera da, zeuk proposatzen duzunak alde batera uzten du, EH errepublikaren ideiala. Ala ez?

    Haustenkundeetako emaitzak bitxiak ETA txarrak izan dira.

  23. Ados Podemosen geroarekin. Zeuk diozu: nork osatu eta trinkotuko ditu Podemoseko zirkuluak hemendik aurrera? Eta erantzuna argi dago. Inork ere ez.

    baina horrek ez du esan nahi ezkerrak beti bezala segi behar duenik, mariaren edo olatu baten atzera, ura berriro bere arro abertzalera itzuliko delakoan. Zure liburua da horren froga. Horretan ezkerrak asko aldatu behar du, eta orain arte, hauteskunde hauek arte, ez da izan kritikarako gogo gehigirik. Beraz hauteskunde hauen emaitzak “a blessing in disguise” izan dira. Ea aldaketarik sortzen den.

  24. Eskerrik asko erantzunagatik, Joseba.

    Bai, arrazoi duzu, (nire begietan) zure artikuluan bada ildo nagusi bat (prosa jostari baten bildua, haatik) eta hori ez-aldaketarena da; hitz arruntetan esateko, hauteskundeak egin ziren, Podemosek arrasatu du, baina hemen ez da sakoneko ezer aldatu, azalean aldaketa ikusgarria gertatu arren, gauzak lehengo horretan diraute sakonean. Eta pauso bat gehiago emanez, hau da zure tesiren giltza, nire ustez:

    “Lehenago edo beranduago, Hamlet periferiko bat bezala, Podemosek aukeratu beharko du, to plurinationalize or not to plurinationalize, eta orduan, bere burua alderdi anti-españolista bezala aurkeztu nahi ez badu, una, grande y libreri muin eman beharko dio.”(J. Gabilondo)

    Horraino esango nuke hauteskundeei buruz ari zarela, funtsean, baina hortik aurrera, gero eta gehiago, “fikzio fundazionala”-rekin edo “fantasia politikoa”-rekin endredatzen zara, eta ni galbidean jartzen naiz (zertaz ari da hau?).

    Ez dut uste arraroa denik, alegia, ez da erraza Historia unibertsitatean ikasi dugunontzat tresneria kontzeptual horrekin herrialde baten Historia esplikatzea edo ulertzea, bestelako kategoriak erabiltzen ditugu geuk.

    Adibide bat jarriko dizut: ikusi dut ondoko oharretan Peru Abarka aipatzen duzuela; nik ere idatzi izan dut zerbait Peru Abarkari buruz, baina neurea azalpen historiko bat emateko saiakera bat da, ez figura intemporal eta prototipiko batzuen gaineko hausnarketa. Ez dut esan nahi zuen irakurketak zilegi, zentzuzko edota ederrak ez direnik, baizik eta tresneria kontzeptual oso desberdina darabilgula, eta horrek arazo batzuk sortzen ditu. Hau da nire saioa:

    http://www.unibertsitatea.net/blogak/inguma/2013/11/06/berrirakurketa-historio-bat-peru-abarka-1802/

    Baina mailua iltzeari: arrazoi duzu ala ez? Nire ustez, ez. Euskal gizartea sakonki aldatu da azken hamarkada honetan, eta horrek mota askotako ondorioak ekarriko digu epe labur eta ertainera. Ondorio elektoralak? Ziur aski bai, baina ez dakit zeintzuk. Zehatzago, ez dakit zein izango den Podemosen ibilbidea, ez dakit zer erantzun emango dion arazo nazionalari (zure dilema hamletiarra) eta horrek zer ondorio ekarriko dituen.

    Ez dakit gure politikagintza nola bilakatuko den, baina uste dut gure Euskal Herria ez dela lehengoa.

    Eta bai, Peru Abarka irakurtzea oso inportantea izan daiteke abagune honetan, funtsean, aldaketa-une handi batean idatzitakoa baita, eta aldaketa horri buruz dihardu, gaur bezala, baina sakonago. Eta ez da nire estiloa, baina ni ere arriskatuko naiz, ikus dezazun nik ere horrelako ariketak egin ditzakedala: Maisu Juan Podemos da.

  25. Eskerrak zuri! Gustora irakurriko dut zure Peru Abarkaren analisia, literatur historia interesatzern baitzait eta hain zuzen nire hurrengo liburua, literatur historia bat izango da: Before Babel.

    Bai ados nago diskurtsu arazo bat dela. Historia positibista disziplina bat da eta analisi politiko postmarxista/psikoanalista beste bat da. Baina galdera erraz planteia daiteke: uste duzu politika eta politikaren historia arrazionala dela, arrazionalki jokatzen dugula historian? uste duzu ideologia arrazionala dela? Ezetz esaten badidazu, historia positibotik atera behar duzu eta psikoanalisiaren munduan sartu.

    Zeuk esaten zenuen Azurmendiri entzundakoa: hasi zirenean, aurreko belaunaldikoek ez zietela ulertzen.

    Bain ez dut uste zure kasua denik. Ulertu duzu Maisu juanerena eta hor dago gakoa. Arrazoi duzu Podemos dela, Maisu Juan honek jada Peru ABarkari entzuten ez diolako. Ikusten duzun bezala, XIX mendeko ideologia irrazional batzuen (fantasia politiko batzuen) oinordeko, seme-alaba, eta pairatzaile gara. Eta hor historia positiboak ez dizu gehiegi lagunduko.

    Gizartea beti aldatzen ari da. Belaunaldien sindromea da, azken aldaketa garrantzitsuago izan dela pentsatzea, errotikakoagoa. Gure aita baserrian jaio zen argindarrik gabe eta Orbegozon lanean amaitu zuen Lezon, etxetik oso urruti!! (sasoian Bergaratik Lezora 3 ordu behar ziren trenez eta autobusez). Aldaketa handiak horiek dira. Gu jakina internetaren/globalizazioaren/ekologiaren belaunaldia gara, baina hori ez da aurrekoen aldaketa baino handiagoa. Horregatik diot politikoki ez dela aldatu eta zorioneko paradigma horrek bere hartan segitzen duela. Sakoneko politikaren aldaketak askozaz motelagoak dira, Peru ABarka lekuko.

  26. Peru Abarka biziberritzen jarraitzeko:
    Maisu Juan Podemos izan daiteke, bai. Edo agian ez.
    Nik irakurri nuen lehenegoan gogoan dut Maisu Juanekin identifikatzen nintzela: ni nintzen kaletarra, Basarteko jakintsua miresten zuena eta abar. Ni nintzen , halaber, euskara eta baserria ezker politika iraultzaileen argitara berrikurri nahi nituena. Geroago konturatu nintzen Maisu Juan protonazionalismoa zela; eta nazionalista nintzen neurrian neu ere Peru ari nintzela idealizatzen, ikono bihurtzen eta harekin nola identifikatu bilatzen. Mogelen asmoetatik harago ari naiz jakina.
    Podemos Maisu Juan bada, oraingo bira postnazionalismoari bide ematen asmatzen duen neurrian izango da. Hori izan da, nire ustez oraingo arrakastaren gakoa: postnazionalista jokatzeko aukera eman dio Euskal Herriko jende askori. Eta postnazionalismoa gure artean post-trauma sindrome bat da: akidura lehengo kontuekin, betiko garaipen ezin eta beharrezkoekin, betiko desira betegabeekin, betiko ekinbide zurrunekin….
    Baina Podemos-ez ari naiz, ez Ahal Dugu bertsioaz: azken hau izan liteke Maisu Juan postanazionalista berria boto-emaile saldoa antolatzeko eta artikulazteko indarra balu. Horretan da Ezker Abertzalearen lehiakidea, joko berean aritu beharko bailuke EAk.
    Madrilgo Podemos, berriz, betikoan ari da: Abarkari ez diola kasurik egiten? Bai, asko eta asko maite du; gutxienez, espainiar nazio-harmonia berri bat ezartzeko behar duen nerurrian. Espainiar post-gerrazibil berri eta baketsua eraiki nahi dute, behingoan diote, eta hartarako, nonbait, nazioen nazioa dela onartu behar da, bestela betiereko espainiar biren arteko gerra ez da sekula bukatuko. Nazio pluralek, beraz, badute ezinbesteko zeregina horretan: Nazio Singularrari bake berri bat eman. Irakur bedi: Podemosi gobernua eman. Egitasmoa bete dezan: estatu nazionaletik estatu plurinazionalera, beti baturik estatua izan daitekeen entelekia bakarrean, hots, Espainian. Maitasuna, azken finean, batasuna delako.

    (ohar bat irrazionalari buruz: psikoanalisiaren hermeneutikaren motibazioa, beti izaten da arrazoi positiboa atzematea; gure arteko berbak lekuko: ulertzea ez al da irrazionala razionalki menderatzea?? Berba jarioak ez al du antolatzen, arrazionalizatzen, berba aurreko (e)mozioak?)

  27. Berandu eta nekaturik erantzun nuen eta bidali bezain pronto konturatu nintzen Maisu Juan Podemos zela esaterakoan ezulertua izango zela, baina espero nuen inork ez arazoari heltzea, baina Edu, ondo heldu diozu. Diozu hasieran Maisu Juan sentitzen zinela, baina protonazionalista zela konturatzean, Peru Abarka ere bazinela onartu zenuen. Uste dut horrek frogatzen duela Peru Abarka fantasia politiko abertzalearen indarra, ez baikara fantasia horretatik atera. Eta Prudenen historia positiboari erantzuteko, fantasia politikoak longue durée-koak dira.
    Gu guztiok gara Maisu Juan. Denok gaude modernitate/globalizazio eta tradizio artean harrapaturik, kontraesan horren zangalatrauan bizi gara, eta kontraesan hori ez dugu gainditu, kapitalismoak eragiten badu. Peru Abarka eleberria da lehen lana hori artikulatzen duena EHan. Bertan Peru Abarka pertsonaia ideial bat da, utopia bat, erabat anti-modernoa, baina anti-modernotasuna bera modernoa da, ez dago ezer modernoagorik modernitateari kontra egitea baino. Zentzu horretan Peru Abarka instantzia superegotiko bat da, euskal superegoa da (edo gaur egungo terminologia lacaniarrean, Beste Handia). Abertzaletasun guztia superego peruabarkatiar honek sortzen duen idealaren eta aginduaren menpe bizi da, gaur arte, bai EAJ zein ezker abertzalea (Hau beste elkarrizketa bat da, baina gure artean modernitatea balio absolutu baikor bat da eta hori ere kritikatu behar dugu). Azken batean Peru Abarka euskaraz mintzatzen da eta Maisu Juanek jada utzi dio euskaraz hitz egiteari eta hibrido txar bat hitz egiten du. 60ko ETAk sortzen duen abertzaletasuna hain zuzen kapitalismo modernoak sortzen duen estatuaren aurkako erantzun antimodernoa baino ez da, eta antimodernotasun horretan oso moderno. Beraz argi gera dadin, Peru Abarka pertsonaia euskal superegoa da (izan zaitez euskalduna! uko egin erdarari! tradizioari eutsi! kapitalismoari ez!..) Superego guztien kasuan bezala, literalki obedituz gero fundamentalismoan amaitzen duzu, legearekiko identifikazio perbertso eta neurotikoan eta beraz Peru Abarka baino euskaldunagoa izaten amai dezakezu, garbizalea, arrazista eta abar. Baino hori edozein superegok sortzen duen arriskua da, ez bakarrik euskalduna. Superego gaztelau/espainiarra inkisizioak pertsonifikatzen du (inkisizioa bere garaian estatu modernoaren teknologiarik berrienetakoa izan zen). Horregatik estatu espainiarrak ezin du heterogeneitaterik ametitu, ez politikoa ez kulturala. estatu espainiarreko superego gaztelauak beti ere agindu bera ematen du: konbertitu! fedea besarkatu!
    Eta orainaldira itzuliz… Podemos euskalduna, Podemosi botoa eman dioten euskaldunak Maisujuan dira, baina gainera superego peruabarkartiarrari uko egin diezaioketen, obeditu ez diezaioketen boto-emaileak dira. Izan ere superegoak neurosia sortzen du, eta gaur egungo neurosia hori izan da: Podemosi botoa emanez euskal superego peruabarkatiarrak sortzen dituen eskakizun nekoso eta betezinetatik ihes egiteko saio neurotikoa. Neure artikuluan diodan bezala, eta Eduk ondo proposatu duen bezala, nork egituratuko du Podemos EHan geroan, nork eratuko du Podemosen azpiegitura EHan, inork ere ez. Podemosi botoa ematea irteera oso ulergarri, justifikatu eta onargarria da, baina neurotikoa azken batean.
    Bain honek Eduk aipatzen duen beste gai batera garamatza, eta hemen psikonalisiak historiko izateko duen zailtasuna frogatzen du: “Hori izan da, nire ustez oraingo arrakastaren gakoa: postnazionalista jokatzeko aukera eman dio Euskal Herriko jende askori. Eta postnazionalismoa gure artean post-trauma sindrome bat da: akidura lehengo kontuekin, betiko garaipen ezin eta beharrezkoekin, betiko desira betegabeekin, betiko ekinbide zurrunekin….” Eta hor dago gakoa, EAJek eta Bilduk proposatu duten diskurtsuak jasazeina egiten du superego peruabarkarra. Bertatik “euskal neurosi podemostarrra” esan dakiokeena. Superegoak hasteko eta amaitzeko gozamenean oinarritzen du bere agintea. Peru Abarkak euskal gozamen bat badagoela erakusten digu lehenengo aldiz: baserria, euskara, modernitatearen-kontraesan gaindituak, familia zintzoak…. Eta gozamen hori badagoela baina zuzenean lortu ezin dezakegun uste edo fantasiak bultzatzen gaitu aurrera. Azkenean, EAJ eta Bilduren fantasia ez-konfesatua hori baita: noizbait euskal gozamen betera iritsiko garela, Peru Abarka bezala. Euskal gozamen hori zer izan daiteekeen ez zehazteak (baserria, kalea, baserria eta kalea…? independentzia, foralismo historikoa…?) are indar gehiago ematen dio. Presoak etxeratzeko narratibaren atzean ere familia bateratu eta peruabarkatiar euskalduna dago (zain dago aita, zain ama….).
    Euskal neurotiko podemostarrek ulertu edo intuitu dutena zera da: gozamen hori galtzen ari dela, ahulduz doala, eta beraz badela beste gozamen espainiar bat gozagarriagoa dena: kastarik-gabeko gizarte kontsumista askozaz igualitarioagoa, non denek politika internetaren eta telebistaren bidez egin dezaketen, etxeko eserleku erosotik, kalean mobilizatu gabe, euskal historiaren traumei aurre egin gabe…. eta oraingoan fantasia honek irabazi du. Beste arazo bat da fantasia honek iraungo duen. Uste dut ezetz. Baina euskal fantasia ere ahultzen doa eta horri egin behar diogu aurre.
    Azkena, Edu: “psikoanalisiaren hermeneutikaren motibazioa, beti izaten da arrazoi positiboa atzematea; gure arteko berbak lekuko: ulertzea ez al da irrazionala arrazionalki menderatzea? “ Bai, hain zuzen. Prudeni esplikatu nahi nion, irrazionaltasuna esplikatu behar dugu, arrazionalki, historiak ez baitu irrazionaltasun hori badenik ere onartzen, bertatik bere positibismoa.

    Beraz ikusten denez, politikoki aztertzen ez den gaia, oso garrantzitsua, afektibitate postnazionalarena da: jendea nekatuta dagoen, gogaiturik, nazkaturik, haserreturik, alienaturik, .. hor egiten diren analisi politiko laclautiar cutting edge-ak (azkena Maio Zubiagak egin zuen) ez dute afektibitatea eta gozamena kontutan hartzen eta hori gaur egun monologikoa eta dimentsio bakarrekoa izatea da.

    Beste gai garrantzitsua, Eduk lehenago aipatu duena: ezker abertzalearen mezuaren hustasun edo gabezia ekonomikoa da, ekonomikoa eta soziala, eta hori berreskuratu behar da, eta lehen planura bultzatu. Podemosek hori egin du.

  28. eta hala badut, bi gai horiei buruz idatziko dut artikulu bana, osasunak uzten badit

  29. Gabilondo, beste ezer baino lehen espero dut zure osasunak hobera egitea, neu ere erdi gaisorik nabil.

    Eta bi. Garbi dago errakuntza bat egin nuela esatean ni ere gai naizela zuen terminotan eztabaidatzeko (“Maiisu Juan Podemos da”). Bai zeuk bai Edu Apodakak (egunon!) guztiz gainditzen nauzue zelai horretan, zorabiatzen nauzue, zangopilatzen eta eraisten, eta abar. Alegia, ez dakidala zer esan.

    Edo agian hau: Mogelek ez zuen lan filosofiko bat idatzi nahi izan, bere orduko errealitate sozio-politikoari estu-estu lotutako kontakizun bat baizik. Eta bere orduko errealitatea Frantziako Iraultza zen, eta haren ondorioak (alegia, aldaketa sozio-politko itzelekin batera, aldaketa ekonomiko sakonak). Oso erraza da hau guztia liburuan bertan dokumentatzea (liburua bera 1802an idatzi zen). Baina garbi dago, baita ere, liburu gisa lehen aldiz argitaratu zenean (1880) giro protonazionalista batean argitaratu zela, eta hor décalage bat dago, alde bat, tarte bat, desplazamendu bat. Garbi dago ere 1960-80etan liburu bera berriz ere irakurtzean, beste décalage bat egon zela (oraingoan begi abertzaleekin irakurtzen genuen) eta orain, aldiz, zuek begi “postanzionalista” batzuekin irakurri nahi duzuela. Niretzat hori guztia ebidentzia bat besterik ez da. Eta ondo dago.

    Baina zer da irakurketa “postnazionalista” bat egitea? Hori da ez dakidana eta zuen testuetan (barkatu) ulertzen ez dudana. Baina agian kontua hortxe bertan utzi behar dugu. Segituko dut zuen bien testuak eta liburuak irakurtzen, eta agian gero eta hobeto ulertuko dut.

    Azken ohar bat, arrazional vs. irrazional kontuari buruz. Denok dakigunez, bi kategoria horiek erabat konbentzionalak dira, beraz, batarekin edo bestearekin jokatzea testuinguru orokor batean ulertu behar da (eta testuinguru hori ez dago berez mugatuta). Dena den, eta ihes ez egiteko, nik uste dut Historia arrazaionala bezain irrazionala dela, eta horretan Joxe Azurmendiren jarrailtzailea naiz bete-betean (ustez behintzat!).

  30. Pruden, Peru Abarkaren irakurketen historiarekin erabat ados. Oso ondo laburbildu duzu historia hori, historialari on bezala. Galdera zera da: zergatik interesatzen zaigu Peru Abarka irakurtzea 200 urte beranduago orainaldia esplikatzeko eta beste autore mordoa ez? Demagun Ateka gaitzeko oihartzunak ez du egun ohiartzun bera (pun intended). Eta galdera hori ezin da decalageen historia eginez erantzun ;-)

    Postnazionalismoa: nire bertsio motza: Egun nazioa eta estatua ezin direla jada erabat uztartu, sasoi bateko naturaltasun/gardentasun/zartatze-ez berarekin, egun uztartze hori ezinezkoa da, gatazkatia eta kontraesankorra. Baina… eta baina hau oso garrantzitsua da…. nazioak indar izaten segitzen du, eta estatua ez da desagertu… are esango nuke nazioak are indar handiagoa duela, Frantziako Fronte nazionala, edo Erresuma BAtuko brexit-a lekuko. Beno eta aste amaiera honetako tragedia (edo tragikomedia) heleniko-katalana,

  31. eta ahantzi dut: Madrilen izango diren orroak eta alkandora/sayo urratzeak Oxforden entzun ahal izango ditut (twitter bidez jakina)

  32. Eskerrik asko postnazionalismoaren definizioagatik, Joseba, uste dut bere motzean inoiz ez dudala ezer argiagarriagorik irakurri.

    Eta zorionak Oxfordera joateagatik! Kasualitatez “Dalloway andrea” irakurtzen harrapatu nauzu, eta gogoa Ingalaterra inperialaren erdigunean daukat, nolabait. Ea, alde ederra, zuretzat, goienean dagoen inperioaren bihotzetik dekadentzia betean den inperioaren santutegi intelektual nagusira. Bejondaizula!

    Azken oharra: historialari on baten lana dastatu nahi baduzu, ez utzi irakurri barik Jurgi Kintanaren “Azkue, bilbotar ezezaguna” (Erein, 2015). Biografia anglosaxoi tipikoa da, baina euskaldun batek egina, euskaraz eta euskaldunez. Hor dago laburbilduta abertzaletasun klasikoaren historia osoa, alde kulturalari dagokionez bereziki. Liburu bikain bat. Egilea ere oso oxfordiano da.

  33. Bai, lehengo astean egon ginen Rhodes zeritzon jaun baten etxea ikusten, polita zelako. Gero konturatu ginen Rhosediak bere izena duela eta diamanteak zirela medio, bera izan zela Hego Afrikako apartheid futuroa martxan jarri zuena. Eta halere Oxfordeko administrazio Rhodesen estatua campusetik ez kentzeko ihardunean: we have to respect past sensibilities and not confused them with our own!

    Ez dut uste lehenaldian gehiegitan gertatu denik hau: euskarazko saio gehiegi irakurtzeko, eta denak interesagarriak. Hartzen dizut gomendioa. Irakurriko dut Kintanarena asmatu baitu Azkuerekin, ezezaguna.

Leave a Reply