Sapienszentrismoa

By • Nov 30th, 2015 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Baliteke, egunen batean, hurrengo belaunaldiek beren buruari galdetzea nola ote ginen gai gu, aurrekook, betaurrekorik gabe ikusteko; edo audifonorik gabe entzuteko, eta abar. Areago, baliteke gerokoek gorputzean txertatutako entzun- eta ikusgailuak hobestea, gure belarri eta begi zoli huts mitiko haien aldean…

Ildo beretik, nekez aditzen dugu gaurkook, adibidez, nola egin ote zuten antzinakoek, egun eskura ditugun tresnak ezagutu gabe, itsasoz hain urrutira joateko edo eraikin megalitikoak eratzeko.

sapiens1Bada, baliabide teknikoetan bilatu ditugun lagungarriek bazterreratu ohi dituzte, ezari-ezarian, jatorrizko giza zentzumenak. Badirudi elkar baldintzatzen dutela bizimoduaren premiek eta aurkikuntzek: batetik, gero eta betaurreko hobeak; bestetik, gero eta begilabur gehiago. Edota: zenbat eta ozenagoak bozgorailuak, orduan eta ugariagoak entzungorrak, zenbat eta antibiotiko gehiago, hainbat eta ahulago gehienon inmunitate-sistema. Hein handi batean, berriak zaharra ordeztu eta desagerrarazten du. Halakoxea da bilakaera.

Izan ere, ez­usteko handiekin egiten dugu topo iraganera egindako bidaietan. Antza, ez dugu lehengoen tokian jartzeko irudimenik izaten; alegia, ez gara gauza, ez ordukoen bizi-baldintza anitzak, ez eta beraien bestelako giza ahalmenak ulertzeko ere. Aurre­iritziz betea dugu lehengo garaiei buruzko ikuspegia.

Hari horretara, galdera batzuk sortzen zaizkigu: Nolakoa da jakintzaren sortzaileen eta jakingaien arteko harremana? Ba al dago aurrerabide historikorik ezagutzaren alorrean? Orainaldia lehenaldia baino gehiago ote da, edo alderantziz?

XII. mendean egin zen lehendabiziko saioa antzinakoen gehientasuna edo tradizioaren nagusigoa —ordura arte ezin eztabaidatuzkoak— zalantzan jartzeko. Bernhard Chartreskoak eman zion hasiera iraganekiko jarrera berriari: “Erraldoien sorbaldaren gainean dauden epoak gara gu. Gure arbasoak baino urrutirago ikusteko gauza gara eta, zentzu horretan, gehiago da guk dakiguna haiek zekitena baino”.

Argi denez, uste horren arabera, jakintza galdu ez, baizik eta metatu egiten da, non eta oinordekoengan.

Francis Baconek eta Descartesek, berriz, jarrera moderno hura beretu eta hauxe aldarrikatu zuten XVII. mendean: ez da zuzena Antzin Aroa beronen adinagatik mirestea, ondorengoak beti direlako adintsuagoak eta eskarmentu handiagokoak, aurrekoak baino. Horra hor, iraultza: heldu berriagoak dira, hain zuzen, zaharragoak eta jakintsuagoak. Hordago bat pentsamenduaren Lege Zaharrari.

Mendebaldeko gizartea oraindik bizi da moderno haien itzalpean, nahiz eta geroztik hainbat pentsalarik eta borrokalarik jarrera horri aurre egin dioten. Jendarte zabalean esan gabe doanaren diktaduraz ari gara: lehengoak baino gehiago omen gara. Gehiagotasuna, garapen zientifiko eta teknikoari zor diogu. Beharbada, buruiritzi samarra da gure garaia.

sapiens2Jakina, merkantilismoak mugarik gabe eutsi nahi lioke aipatu ikuspuntuari, ad nauseam. Zeren, askoz ere errentagarriagoa baita jendeari berria hobea dela sinestaraztea, kontrakoa baino; behinik-behin, halako sinesmenak ingurumenean eragindako txikizioaren aurrean ezikusiarena egiten jarraitu daitekeen bitartean.

Bestalde, XIX. mendeko pentsalariek “gizadiaren” aurrerapena hizpide izan bazuten ere, gaur, aldiz, ez dirudi egokia “gizadi” hitza bera ere erabiltzeak. Ikerlan arkeologikoek erakutsi dutenez, gizaki edo homo mota asko bizi izan dira lurraren gainean. Bide batez: elezaharrek ere emana ziguten horren berri, beste hizkera bat erabiliaz, alabaina.

Edonola ere, gizadi bakar baten parte al dira duela bizpahiru milio urteko gizakiak? Gutxi dakigu aspaldi hartan zekitenaz. Ez dugu ezta susmatu ere egiten, —gaur ez ditugulako—, orduko gizakiek zer nolako sen, zentzumen eta gaitasunak zituzten. Horrezaz gain, zerk ematen die zilegitasun orokorra oraingo neurgailuei edo aro bakoitzeko irizpideei? Nortzuk homo, nortzuk hominidoak?

Era berean, ezagutza —teknika eta zientzien asmakizun korapilatsuen lilura alde batera utzita—, garaian garaiko komunztadura baten modukoa da; giza burutazio eta beharren arteko tirabira bat, askotariko testuinguruetan eta tokian tokiko bizigiroan doitu beharrekoa.

Gauzak horrela, egitura anitzak ageri zaizkigu ezagumenaren arloko ibilbideetan. Aspaldi hautsi dira, bai tradizioaren haria, bai aurrerapen eta atzerapenaren kategoriak nahiz antzeko hierarkiak ere. Iraganak hamaika jakinbide eta irakurketa barnebiltzen ditu. Egitura bakoitzaren atzean, beste bat egoten da, berau erabat ezezaguna, harrigarria, amaigabea. Ezin atzeman osagai guztiak. Ordea, banako osagai batzuei nagusigoa aitortzeak jakinduria elbarritzea dakar; hots, bidaiaren zerizana desitxuratzea.

Euskara-alemana/alemana-euskararen hiztegiaren (Elkar, 2006. Bigarren argitalpena, 2009) egilea. Egin, Gara, Berria, Jakin, Uztaro, Ezpala, Larrun, Geu, Senez... aldizkarietan kolaboratzailea. Bilbon jaioa. Filosofia eta Soziologiaren lehenengo zikloa Nürnberg-Erlangen-go Unibertsitatean egin zuen. Berlingo Freie Universität-en Literatura ikasi zuen. Filosofian lizentziaduna Bartzelonako Autonoman. Filosofian doktorea Madrilgo Autonomoan. Euskal Filologian lizentziaduna EUTGn. OHOko irakaslea Ingeles Filologia Sailean. Hizkuntzazalea, frantsesa, errusiera, ingelesa, alemana, katalana... Irakaskuntzan aritua, EHUko Filosofia irakaslea euskaraz. Besatari Elkartean zenbait libururen argitaratzailea. Itzulpengintzan aritua, alemanetik eta ingelesetik euskarara eta gaztelerara, Filosofia arloan. Hiztegigintza: Uzeiko Filosofia hiztegian artikulu eta sarreragilea. Frankfurteko Unibertsitateko euskara irakurle ohia. Filosofia arloan: "Hannah Arendt: Un pensamiento a la intemperie" liburuaren egilea, "Hannah Arendt: La historia, relato de infinitos comienzos y ningún final" (beste batzukin batera) "Bidaia filosofikoak" eta "Jactaos vosotros". Literatura arloan berriz, De noche a noche. Poesian: Pasaia Lehiaketako 1.Saria (2009) "Vivíamos a la vuelta de la esquina". Mungiako Lauaxeta Lehiaketa 2. Saria (2008). Jactaos vosotros (DDT, Bilbo 2015) eta Bidaia filosofikoak (Utriusque Vasconiae, 2015)
Email this author | All posts by

Leave a Reply

Printer  Print This Page