Bidaia filosofikoak versus turismo filosofikoa (Berria. 2015.10.11)

By • Oct 16th, 2015 • Category: Azterketak eta Azalpenak, Uncategorized

p041_f01-1

Bidaia filosofikoak versus turismo filosofikoa

Bidaia filosofikoak: bidaiaren ohiko metafora edo irudi esanguratsua baliatu nahi dugu guk ere; oraingoan, alabaina, gogoeta filosofikoen eta bidaien arteko loturaz hitz egiteko. Bidaiak, atzerrira egindakoak edo barne-bidaiak izan daitezke, jakina; etxetik kanpo -etxea izanez gero- edo etxeko amaraunean barne.

Nolanahi ere, bidaia mota berezi bat ekarriko dugu hona, hain zuzen, oinez egiten dena. Bada, hamaika filosofok izan dute urratsez urrats, inguruarekiko harremanetan astiro barneratzen diren ibilaldiak egiteko zaletasuna.

Gogoan dugu Rousseauk idatzi zuen azkena, Rêveries du promeneur solitaire izeneko testu-bilduma, eguneroko osteratxoak egin ahala osatua. Heriotzak eten zizkion “Ibiltari bakartiaren lilurazko ametsak” edo gogarte haiek.

Thoureau ere ibili zale izan zen beti, eta natura eta askatasunaren goraipatzaile sutsua. Ibiltzeari buruz, Walking -”Ibiliz”- izeneko liburua idatzi zuen. Ibiltzeak, gizarteak berarengan sortutako ondoeza gainditzen laguntzen zion Thoureauri.

Kantek, berriz, ezagun denez, eguneroko paseotxoari eutsi zion bizitza osoan, nahiz eta sekula ez zen Königsberg bere sorterritik urrundu. Behin bakarrik huts egin omen zuen osteratxo hura: Rousseauren Émile jaso zuenean hiru egun eman omen zuen etxetik irten gabe, irakurtzeari loturik.

Antza, oinez bidaiatzeak hausnarketa egiteko berebiziko aukera dakar berekin. Bidaro bikaina…

Bestalde, zergatik “bidaia filosofikoa versus turismo filosofikoa”? Turismo filosofikoa egon badagoelako. Turismo filosofikoak jokabide merkantilistak eta showzaleak hartzen ditu barne. Baina filosofia ez da hobeto zabaltzen, ezta ulergarriago egiten, ikuskizun bihurtzen badugu ere; behatzaile edo ikusleei bide horretatik iristen zaiena beste kontsumogai bat baino ez da-eta. Ildo beretik, filosofiak bere eginbeharra huts egiten du geldotasun kontsumitzailearen kontrakoa delako, berez eta errotik.

Slavoj Žižek joera horren adierazgarri bat da: kapitalismoari egiten dion kritikak ez du nork bere kabuz pentsatzeko eta galderak egiteko gaitasuna sustatzen, ez inorengan atea gontzetatik askatzeko gogoa esnarazten. Salatzen duen fenomenoari irabazia ateratzen dio, besterik gabe. Kontsumitzaileek zirkoan harrapatuta jarraitzen dute, non eta gaurko merkatuaren nagusikeriak esleitu dizkien eserlekuetan.

Hala eta guzti, ez dugu uste betiko jokabide akademizistek eta elitistek turismoaren kontrako jarrera gorpuzten dutenik pentsamenduaren arloan; zeren berorietan ere filosofia ez baita sortzen filosofoaren jarrera egoki batetik abiatuta.

Jokabide akademizista eta elitistak esatean -edo egoki hitza erabiltzean- zer esan nahi dugun ulertzeko lagungarria da Andrei Tarkovsky zinemagileak Zigilatutako denbora izeneko liburuan esandakoa: “Lanbidearen trikimailuak aise ikas daitezke. Ez, ordea, nor bere lanaren alorrean duintasunez eta burujabetasunez aritzea, berezko nortasun bati lotzea.” Tarkovsky trebetasun eta antze teknikoaz haratago dagoen erabaki baten gainean ari da, bizibidearen harira.

Gaian sakonduz, gogora dezagun zein zen alkimistek betebeharreko baldintza, Descartesek materia eta izpirituaren arteko banaketa zorrotza ezarri baino lehen: bakoitzak bere barruari so egitea, saioari heldu aurretik. Alkimistak sinestuta zeuden saiogilearen barneko jarrera kanpoan islatzen zela; alegia, emaitzetan. Horrexegatik ematen zioten lehentasuna beren burua hobetzeari.

Ikuspegi horretatik, artea eta filosofiaren arloko sormena, bai eta zientziaren arlokoa ere, betiere jakinduria ez-zientifiko -baina bai etiko- baten menpe kokatu beharko lirateke.

Hari horretara, bat egiten dugu Günther Andersekin: “Ez da zilegi filosofoek beste filosofo edo lankideentzat bakarrik idaztea eta jardutea, okinek ogia beste okinentzat bakarrik egitea zilegi ez den bezala.” Filosofoek hausnarketa egin eta eragin behar dute, eta munduarekiko ardura eta erantzukizuna beren gain hartu.

Azken batez, filosofo akademizisten erudizioa elkar elikatze antzu eta lehorra baizik ez da, iniziatu-itxuraren babespean bakar-bakarrik lankideengana heltzen denez gero.

Filosofia, ordea, bidaien antzera, begiak irekitzeko da. “Begi-zabaltzailea baino ez naiz”, esan ohi zuen Günther Andersek bere jarduerari buruz. Bidaiaren gaira itzulita: inoren bizimodua aberasten ez duen harat-honakoa, nekatu baino egiten ez duen turismoaren mugimenduagatiko mugimendu hori, zer ote da, epe luzean? Izan ere, turismoan, klitxe geldiak gailentzen dira, bizi garen garaitik urrundu eta alienatzen gaituzten aurreiritzi izoztuak. Fosilen eremua ematen du turismoak, eman ere.

Turistikoak ez diren bidaldi filosofikoek, aldiz, adi egotea eskatzen diete bidaiariei. Ez gara inoiz egiazko garaikideak izango bidaia-giden azalpen hutsalak bezain borobilak irensten eta errepikatzen baditugu, turista arduragabeen legez.

berria

Euskara-alemana/alemana-euskararen hiztegiaren (Elkar, 2006. Bigarren argitalpena, 2009) egilea. Egin, Gara, Berria, Jakin, Uztaro, Ezpala, Larrun, Geu, Senez... aldizkarietan kolaboratzailea. Bilbon jaioa. Filosofia eta Soziologiaren lehenengo zikloa Nürnberg-Erlangen-go Unibertsitatean egin zuen. Berlingo Freie Universität-en Literatura ikasi zuen. Filosofian lizentziaduna Bartzelonako Autonoman. Filosofian doktorea Madrilgo Autonomoan. Euskal Filologian lizentziaduna EUTGn. OHOko irakaslea Ingeles Filologia Sailean. Hizkuntzazalea, frantsesa, errusiera, ingelesa, alemana, katalana... Irakaskuntzan aritua, EHUko Filosofia irakaslea euskaraz. Besatari Elkartean zenbait libururen argitaratzailea. Itzulpengintzan aritua, alemanetik eta ingelesetik euskarara eta gaztelerara, Filosofia arloan. Hiztegigintza: Uzeiko Filosofia hiztegian artikulu eta sarreragilea. Frankfurteko Unibertsitateko euskara irakurle ohia. Filosofia arloan: "Hannah Arendt: Un pensamiento a la intemperie" liburuaren egilea, "Hannah Arendt: La historia, relato de infinitos comienzos y ningún final" (beste batzukin batera) "Bidaia filosofikoak" eta "Jactaos vosotros". Literatura arloan berriz, De noche a noche. Poesian: Pasaia Lehiaketako 1.Saria (2009) "Vivíamos a la vuelta de la esquina". Mungiako Lauaxeta Lehiaketa 2. Saria (2008). Jactaos vosotros (DDT, Bilbo 2015) eta Bidaia filosofikoak (Utriusque Vasconiae, 2015)
Email this author | All posts by

Leave a Reply