Estatua eta euskara

By • Jun 30th, 2015 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Iruñeko Katakrak-en UEUak antolatutako “Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian” mintegiaren harira Arantxa Iraolak proposatutako galdera batzuk erantzuteko aukera izan nuen. Gero 20-06-21an Berria egunkariako “Hizkuntzaren habeari atxikia” artikuluan elkarrizketaren muina ondo asko azaldu zuen Arantxak. Halere, Luistxo Fernandez-ek 2015-06-29an Sustatu albistegian  “Euskara eta independentzia: hemen bi eztabaida daude” idatzitakoak piskatxo bat besterik ez bada ere kualifikatzeko edo, otu zait elkarrizketa osoa jartzea baliagarria izango zela. Laburra da.

jule-julen_content

‘Herria, nazioa, estatua… eta euskararekin zer?’ gaiaren harira Txilardegik egin zuen ekarpen nabarmena; nazio identitatearen oinarrizko zutabetzat hartu zuen euskara. Ideia horrek zer nolako bilakaera izan duela esango zenuke?

Txilardegik eta bere belaundaldikoek ez zu(t)en euskara naziogintzaren zutabetzat hartu bakarrik. Aldi berean batuaren sendotzearekin mundu modernoan hizkuntzaren garapena segurtatze aldera urrats oso grarrantzitsuak eman zuten, ez bakarrik literaturgintzan ohikoa zen bezala baizik eta zientzia eta teknologiaren eremuetara egokitzeko etabar. Gaur egun ez dut uste inork hori zalantzan ezartzen duenik eta batua / euskalkiak eztabaidaren muina denborarekin aldatu bada ere batenbat batuaren kontra agertzen denean segituan dakigu jarrera hori guztiz ideologikoa dela, eta azken finean esan gabe doana zera dela, alegia euskara patois gisa ulertzen duela eta garatu nahi duen nazio identitatea espainola (edo frantsesa) dela. Eztabaida horretan misteriorik ez!

Nondik edan zuen berak? Noiz aipatzen du lehenengoz? Eta zer nola garatu zuen ideia ondoren urteetan?

Hizkuntza eta naziogintzaren harremanak aztertzeko orduan Hizkuntza eta pentsakera (1972) liburuan jada oinarriko eztabaidaren muina azaltzen da. Txillardegik uste zuen hizkuntzak herri baten pentsamolde berezia garatzen duela. Humboldt-ik Sapir/Whorf teoria ezaguneraino ondo garatuta dagoen pentsamendua da: Hizkuntza herri baten arima da, etabar. Gero beste aldean Chomsky edo beranduago Pinker moduko hizkuntzalariek gramatika edo egitura unibertsal baten aldeko proposamenak burutuko dituzte. Eta gero badaude pragmatikatik eta speech act teoriatik abiatuta hizkuntza ekintza komunikatibo gisa antzemango dituztenak (Rorty, Austin, Searl). Zer esanik ez, borroka ideologikorako jokoa irekita egongo da segun eta zein den baten abiapuntua. Dena dela interesgarria da nola Txillardegik berak euskal hinkuntzalaritzari zientziatasunaren kutsu serioa emateko Rusellen positibismo logikoaren bidetik abiatuko den, besteak beste, matematiken erabilerak ikerketari berezko sendotasuna emango balio bezala edo. Zentzu horretan, hizkuntzalaritzaren jakintza-ekoizpenaren arloan Txillardegik akademiaren joku sinbolikoa muturreraiono eraman zuen kontrako adierazpideak metodologia sendoekin arbuaituz.

Zenbaterainoko berritasuna zekarren ikuskera horrek?

Hizkuntza nazioarekin batzea garaiko mugimendu abertzalean berritasun handia izan zen, naziotasunaren erizpide objektibotzat ulertzen direnen artean ordura arte ‘arraza’k zuen eragina guztiz ahultzeraino. Arrazarekin ez bezala (edo historiarekin, lurraldetasunarekin etabar), hizkuntza goratzearekin mundu guziak zuen euskaldun bilakatzeko aukera – hau da, euskaraduna izatea borondateari lotuta dago ez berezko izate esentzial bati – hara hor euskararen potentzial unibertsala, zoritzarrez gutxi arakatu izan dena geroztik.

Hamarkadaotan, zertan azaldu da ahul ikuskera hori? Zertan zendo?

Zendo aipatu potentzialtasun unibertsalak hizkuntzalaritza subalterno eta postkolonialarekin lotzeko aukerak zabaldu izan dituelako. Ikus adibidez gaur egun euskara/euskalgintza eta feminismoaren artean burutzen diren artikulazioak. Ahul euskalgintzak berak beti irakurri duelako euskararen egoera salbuespen, emergentzia edo setio estatu iraunkor batean murgilduta balego bezala, eta egoeraren irakurketa askotan zuzena izanda ere proposatzen diren deskribapenak (etnozidioa) eta erremedioak (komunitarismoa) ez dira beti aproposenak. Ez behintzat naziogintzaren momentutik estatugintzara pasatu nahi badugu.

Txillardegiren ideieri kontra eginez, hizkuntza ‘hotz’ eta ‘neutral’ gisara aurkezten da oraindik usu. Zer naziotasun sentimendu eraikitzen da ikuskera horretatik?

Arazoa da inguruko nazio-estatuen eragina horren dela handia ezin dugula piskat haratago begiratu. Ahaztu dezagun segundu batez Espaniar eta Frantses estatuak eta pentsa dezagun orain zer nolakoa izan beharko litzatekeen estatu europear bat Euskal Herrian. Hemen ez naiz nekatuko ondorengoa errepikatzen ahal dudan bakoitzean: estatugintza ez da tribugintza! Euskalgintzak bultzatuta, hitzez txantxetan izanda ere (hainbat performance kitsch barne), tribuaren goraipamen indigenista txit (edo chic) multikulti inozoak praktikatzen dira. Zentzu honetan, ezberdintasun kulturala aldarrikatzea berdintasun politikoa azpimarratzea baino atseginagoa bihurtu zaigu. Independentziaren bidean baina, euskaldun subordinatua (hau da, euskaldun kulturala) desagertu egin behar da. Ongizate publikoa eta unibertsala garatu nahi duen estatua eraikitzeko ez dago nazio kulturalaren beharrik. Nazio kulturalaren aldarrikapenarekin, estatu demokratiko eta kosmopolita eraikitzeari bideak izten zaizkio. Alta independentzia lortzeko diskurtso demokratikoaren unibertsaltasunaz baliatu behar dugu. Euskal Herrian benetako estatua eraiki nahi baldin bada identitatearen eraikuntzan zehaztugabea izan beharko da, alegia: Estatua bera, inolako identitate-osagai arrazazko, erlijiozko edo, oro har, kulturaletan erortzen ez den neurrian izango da baliagarri. Txilardegi independentziaren aldekoa zen bezala  ni ere independentziaren aldekoa naiz. Baina aldarrikatzen dugun estatuaren azken asmoa hiritar denontzat diseinatua dagoen berdintasun politikoa izan beharrean herri baten diferentzia kulturala bermatzea baldin bada, orduan Euskal Herrian estatugintzaren baino euskal tribugintzaren ondorioa desastrea izango da, katastrofe hutsa – talde partikular baten erresuminan eta errebantxan eraikitako naziogintza! Zentzu horretan, bai, naziogintzaren hizkuntza bero eta hurbilaren parean ez daukat inolako arazorik estaturen hizkuntza hotz, neutral eta burokratikoarekin! Ez dut uste Txilardegi bera horren kontra egondo zenik.

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

3 Responses »

  1. Arantxa Iraola @ArantxaIraolaAl
    BERRIA
    Gizartea 0 0 0 Euskalgintza. Txillardegiren ekarpena
    http://www.berria.eus/paperekoa/1982/002/001/2015-06-21/hizkuntzaren_habeari_atxikia.htm

    HIZKUNTZAREN HABEARI ATXIKIA

    36ko gerra osteko abertzaletasunaren piztualdi eraberrituan giltzarri izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza ‘Txillardegi’-ren ahotsa; dei egin zuen euskara eta nazioaren ideia irmoki lotzera, hitzez eta ekintzez. Ukaezina da hark lagatako lorratza: zuztarduna.

    Eztabaida bizirik dago, lehen bezala orain. Lehen diogunean, 50eko hamarkadatik gaur egunerako epea hartu nahi dugu, hain zuzen garai hartan izan zelako gaur arte iraun duen eta, ziurrenik, diskurtso abertzaleak izan duen aldaketarik nabarmenena: ordura arteko nazionalismoan arrazaren ideia sabindarrak zuen zentralitatea euskarak ordezkatu zuenean. Hori da Txillardegi —asko sinplifikatuz, jakina—, hori da Ekin-ETA mugimenduaren ekarpen nagusietako bat». Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendariak Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-ren (1929-2012, Donostia) pentsamoldeari egin dio erreferentzia asteon Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian jardunaldien aurkezpenean. Ostegunean eta ostiralean egingo dira jardunaldiok, Iruñean, UEU Udako Euskal Unibertsitateak eta Jakin Fundazioak elkarlanean antolatuta. Atariko gisa, Jakin aldizkariak 208. zenbakia aurkeztu du asteon Herria, nazioa, estatua… eta euskararekin zer? izenburupean.

    Txillardegiren pentsamenduaren ezaugarri argienetakoa da, hain justu, euskal naziotasuna eta euskara era bereizezinean lotzea. Eztabaidaezina da horrek euskal politikagintzan izaniko eragina; ukaezina, baita ere, burujabetzaren inguruko ikuskera denek ez dutela hartzen hizkuntza ardatz gisara. Ez, behintzat, Donostiako maisuak egin zuen era fermuan.

    Hitzez egin zuen euskararen alde. Eta ekintzez: konpromiso betez. Alaitz Aizpuru Joaristi filosofia irakasleak, esaterako, etxean guraso euskaldunetatik erdaldun hazi eta euskara berreskuratzeko bereak eta bi egin zituen Alvarez Enparantza gaztearen irudia du gogoan iltzatua —36ko gerra osteko nazionalismo modernoaren gaineko doktore tesia osatzen ari da Aizpuru, eta giltzarritzat du Txillardegi—. Francoren diktaduraren urterik beltzenetan argi ikusi zuen hizkuntza gutxietsi haren garrantzia: 1947. urte ingururako Donostian bertan euskara ikasten hasia zela kontatzen zuen. «Bilbora joatean, bere kasara, sekulako lana egin zuen; esaten zuen egunero gauerditik goizeko hirurak arte aritzen zela ikasten».

    Aberriaren inguruko ideietan aurki hasi zen nabarmentzen gazte bipil hura. «Argi ikusten zuen Euskal Herriaren eta euskaldunen arazoak eta arriskuak nondik etorriko ziren», azaldu du Aizpuruk. Eta hizkuntzaren gaineko kezka hasieratik izan zuen presente. Azken arnasara arte. Ahots —belaunaldi— isilarazi baten eledun aritu zen, hein batean, Txillardegi. «Bere idatzietan behin eta berriz errepikatzen du beraiek oso gaztetatik herri zapaldu bateko kide eta kultura eta hizkuntza ukatu bateko kide ziren sentipen garbia zutela».

    Urte arras zailak ziren. 36ko gerra aurreko abertzaletasunaren oinarriak sakabanatuta zeuden: hautsita. «Mikel Aizpuru historialariak, esaterako, garaia aztertu du, eta azaltzen du erbesteak, haize berriak ekarri beharrean, abertzaletasun modu berri bat ekarri beharrean, lehengo euskalduntasun hori guztiz gotortu zuela, eta abertzaletasun guztiz itxi bat ekarri zuela; Arana Goiriren nazionalismoarekiko aldaketa oro ia-ia herriarekiko traiziotzat hartzen zen. Eta lehengo abertzale haiek igual euskara lantzen zuten, baina beren egunerokoan euskarari uko egiten zioten». Eta hortxe oldartu zen Txillardegi gaztea, abertzaletasunak, izango bazen, euskalduna izan behar zuela aldarrikatuz.

    Mugimendu politiko baten barruan txertatu zuen berehala bere mezua. Jeltzaleen ildo nagusitik urrundu, eta Ekin mugimenduaren bultzatzaileetako bat izan zen Alvarez Enparantza 1952an, ETAren sortzaileetako bat 1958an. Aro historiko horren gaineko doktore tesia egiten ari da Onintza Odriozola Irizar historialaria, EHUko irakaslea. Igarri egiten du, garai hartako agirietan, Txillardegiren ahotsa; berritzailea, eta zuzena. «Ekinen koadernoetan, 1950eko hamarkadan, ja agertzen hasten da hizkuntzaren gaia; ezizenak erabiltzen dituzte, baina Txillardegi hor da, hizkuntzaren arloan bera zen jakituna. Eta hor agertzen diren ideiak dira euskarak izan behar duela Euskal Herriko hizkuntza bakarra, eta abertzaletasunarekin lotzen dute».

    Argi du Odriozolak ez dela ideia berri-berria, baina nabarmendu nahi du ordura arte halako argitasunarekin ez zuela inork plazaratu: «ETAren ekarpen handi bat da sortzen duela gizarte mugimendu bat hizkuntzaren eta euskal kulturaren aldekoa». Horretan Txillardegiren ekarpena giltzarri izan zela dio. «Hark bizi osoan eutsi zion ikuskera horri; koherentzia handia izan zuen. Hain justu, 1963an ETAtik atera zen beste kide batzuekin batera ez zetorrelako bat V. Biltzarrean hautatu zuten ildoarekin. Uste zuen marxismora asko lerratzen zela ETA». Eta lerro horretan sakonduta, hain justu, hizkuntzaren gaia baztertuta geratuko zen susmoa zuen hizkuntzalariak.

    Linguistikarik berrienari so

    Linguistika berria deiturikoaren oinarriak 1940ko eta 1950eko hamarraldietan ezarri zituzten korronte estrukturalistek Europan —ordurako erbestean zebilen Txillardegi; adi-adi beti—, eta hortik edan zuen. «Hizkuntza eta pentsamendua elkar lotuta daudela azaldu zuten, eta hizkuntza bakoitzak gizabanakoei mundu hori interpretatzeko eta pentsatzeko logika partikular bat ematen diela», esplikatu du Aizpuruk. Ikuspegi horri lotuta garatu zuen Txillardegik bere pentsamoldea, oso kritiko beti euskara bazterrean lagatzen zuten nazionalistekin. «Esaten zuen bazeudela abertzale batzuk ziotenak inportanteena boterea zela, eta behin boterea lortuta, hiztegi on bat hartu, eta joango zirela gero herritar erdaldunak euskalduntzen; baina Txillardegi horrekin asko haserretzen zen. Haren pentsamendua justu kontrakoa da; behin hizkuntza bat galtzen bada, gero ez da bakarrik hitzak aldatzea, mundu ikuskera konplexu bat galtzen da. Txillardegik argi esaten zuen hori; hizkuntzarena ezin dela biharko utzi. Hiztegi on bat izan arren, gero ezin da errekuperatu edozein modutan».

    Existentzialismoak ere eragin handia izan zuen Txillardegirengan. Korronte filosofiko horrek norbanakoarenganako itzulera bat ekarri zuen; haren aldeko aldarri bat —«ni sozial bat, betiere; egungo indibidualismotik oso urrun»—. Eta Donostiako maisuak kartsu defendatu zuen ikuskera horretan hizkuntzaren garrantzia, norberaren eitean, izaeraren eraikuntzan, giltzarri dela aldarrikatuz. Estrukturalismoari eta existentzialismoari atxikita, gainera, hauspoa lortu zuen Txillardegik kultura txikien alde: «Izan ere, apurtu egiten dute kultura batzuk besteak baino aurreratuagoak edo zibilizatuagoak direla dioten ideiekin; azpimarratzen dute diferenteak direla kulturak, ez hobeak edo garatuagoak».

    Abertzaletasun berri baten oinarriak jartzen lagundu zuten Txillardegik eta haren zenbait garaikidek zimendu horiekin. Horren arrastoa oraindik agerikoa dela uste du Aizpuruk, eta aintzat hartzeko ikasbideak badirela. «Txillardegik-eta orduko abertzaleei eskatzen zieten garai hartakoak izateko, garai hartako beharretara eguneratzeko». Aranismo zaharrean ainguratutako «ameskerien» kontrako oihu bat izan zen: «errealitatetik soluzioak» emateko politika berri baten aldarria. «Militantziarako» eredua ere eman zuen. «Harentzat konpromiso bat egon behar du: hautatu egin behar duzu. Horrekin lotuta, herritartasuna eta euskalduntasuna ere egunero egin beharreko zereginak dira». Hizkuntzari emandako zentralitatearen bidez abertzaletasuna biziberritzeko gakoak eman zituela uste du Aizpuruk. «Aurrekoarekin alderatuta —arrazarekin, abizenekin edo leinuekin, adibidez—, askoz ere irekiagoa da hizkuntzarena. Norberaren esku dago; beti ikas dezakezu. Euskalduna ez da euskaldun jaiotzen dena, hautu baten bitartez euskaldun izatea erabakitzen duena baizik». Beti lotu zuen Txillardegik hizkuntzaren aldeko defentsa euskarari behar adinako garrantzia emango zion administrazio sendo bat lortzeko borrokarekin: fermuki. «Txillardegik argi du: euskararen kontua auzi politiko bat da. Heltzen ez diogun bitartean, gainerako teoria guztiak alferrik dira. Kulturalismo apolitikoaren kontrario erabatekoa zen», azaldu du Aizpuruk.

    Txillardegiren «ikasbidea»

    Eduardo Apodaka EHUko Psikologia Sozialeko irakasleak «ikasbide» gisara hartu beharrekotzat ditu Alvarez Enparantzak idatzita utzitako pentsamendu asko —ekintzaren bidez ere erruz erakutsi zuen; militante suharra izan zen—. Abertzaletasunaren eta euskalgintzako beste hainbat eragilerekin batera, aro oso zailean aritu zirela oroitarazi du, «oso baliabide gutxirekin», baina argitasun aparteko bati atxikita. Euskara ororen ardatz jarri nahi zuen nazionalismoaren ideia «baztertu eta ilunduari» arnasa berria eman zioten. «Euskararen zentralitate berri bat sortzen asmatu zuten; jarraipen bat eman zioten ildo horri, berritu eta modernizatu zuten». Ikastolen mugimenduaren ernamuina abian zen, abertzaletasun eta euskaltzaletasun berri baten txinpartak han-hemen baziren, baina Txillardegiren ekarpenak aparteko pisua izan zuen giro horretan. «Asmatu egin zuen. Batetik, ikusi zuen egituraketa soziopolitiko bat beharko zela —independentista zen: goitik behera—; bestetik, euskararen zentralitatea ezinbestekoa dela».

    Giza Zientzietan doktorea da Imanol Galfarsoro. Erresuma Batuan ari da irakasle, Edge Hill unibertsitatean. 2008an Subordinazioaren kontra saiakerarekin oihartzun dezente lortu zuen; ikuskera berritzaile bat ikusi zuten harengan hainbat irakurle eta kritikarik euskal estatugintzari buruzko ideietan eta proposamenetan. Aintzat hartzen du Txillardegik bere garaian eginiko ekarpena: «Hara hor euskararen potentzial unibertsala, zoritxarrez gutxi arakatu izan dena geroztik». Onartzen du, gainera, euskal hizkuntzalaritzari «zientziatasunaren kutsu serioa» emateko ahalegina egin zuela: «Besteak beste, matematiken erabilerak ikerketari berezko sendotasuna emango balio bezala edo».

    Hala ere, estatugintza eduki baten inguruan estuki lotzeari ikusten dizkio arriskuak. «Estatugintza ez da tribugintza», ohartarazi du. «Ongizate publikoa eta unibertsala garatu nahi duen estatua eraikitzeko ez dago nazio kulturalaren beharrik». Estatu «demokratiko eta kosmopolita bat» lortzean du jarria gogoa Galfarsorok. «Naziogintzaren hizkuntza bero eta hurbilaren parean ez daukat inolako arazorik estatuaren hizkuntza hotz, neutral eta burokratikoarekin». Uste du Txillardegi ez lukeela guztiz aurka izango horretan. Nekez ahantz daiteke, ordea, hark tinko eutsi ziola ideia nagusi bati: «Hizkuntza da herri baten arima».

    Alor guztietara hedatzeko

    Ikusten du Apodakak Txillardiren lorratza egungo politikagintzan. Hitzetan indartsu: «Inor gutxik imajinatu ahal du Euskal Herriaren ideia euskara defendatu barik». Ekintzetan apal: «Politiketan, ez dago horren argi. Egin da oso politika argia euskararen normalizazioaren izenean; baina ez da egin euskara alor guztietan normalizatzeko ahalegin bat». Hor ikusten du aldaketa premia: «Euskararen aldeko politiketatik pasatu behar dugu transbertsaltasun batera; pentsatu behar dugu euskara alor guztietan normalizatuta eduki behar dugula. Askotan, euskara partzializatu egin dugu alor jakinetan, eta hori ondo dago, lagundu du, baina beste era batean pentsatu behar dugu». Eta hortxe bide erakusle egokitzat du Txillardegi:«Hark ondo zehaztu zuen euskaldunok bizi garela erdal mundu batean, eta gure artean erraz asko pasatzen garela erdarara. Horrek esan nahi du euskara partziala dela; beti daukagu erdara modu unibertsalago batean jarduteko». Pentsatzen du hori gainditu egin behar dela.

    «Hasi behar dugu pentsatzen nola egin hurrengo urratsa, nola egin egituraketa unibertsal bat euskararentzat». Eta Txillardegiren mezua «abiapuntu» gisara hartuta harago egin daitekeela uste du Apodakak. «Jokatu behar dugu aniztasunen kudeaketan; euskararen defentsa ez da euskararen defentsa bakarrik, herritarren berdintasunaren aldeko borroka bat da», ohartarazi du. «Ez dugu errepikatu behar Txillardegik egin zuena, baina asmatu behar dugu, berak egin zuen bezala, aurrera jotzen; beste testuinguru batean: globalizazioaren aroan». Txillardegik era bereizezinean uztartu zituen bi alorrek —euskalgintzak eta estatugintzak— lotuta jarraitu behar duten iritzia du. «Orain independentziaren aldeko borrokak ezin du baztertu edo bigarren maila batean utzi hizkuntzarena, eta esan nezake alderantziz ere, euskararen aldeko borrokak ezin duela utzi alde batera Euskal Herriaren egituraketa politiko-instituzionala».

    «Instrumentua» soilik ez

    Bat dator Txillardegiren hautuaren gaurkotasunean Odriozola. Diktaduraren azken urteetan haren mezuak arrakasta handia izan zuela oroitarazi du —ikastolen mugimendua umotzen da, helduak alfabetatzeko egiturak sortzen dira, kulturan piztualdia agerikoa da—, eta ondorengo urteetan apaldu egin dela: euskararen «erakundetzearekin». Are gehiago, badira estatugintza edukiz hustu eta euskalgintzaren xedeetatik aparte jarri nahi duten ahotsak. «Iruzurra» ikusten du Odriozolak ikuskera horren muinean. «Iruditzen zait hizkuntzari funtzio instrumentalista ematen badiogu kentzen diogula nortasunean daukan funtzio garrantzitsua. Ez ditu sortuko euskal nortasundun euskaldunak», ohartarazi du. «Euskal estatua edukiz husten baduzu, laguntzen duzu, nolabait ere, erdarak nagusitzen». Eta horren kontra egiteko egokitzat ditu Txillardegiren hitzak eta eredua: «Nik uste dut haren ikasbideak ez direla boladaz pasatu; eutsi egin behar diogu hark eman zigun ekarpenari. Noski, testuingurura egokitu behar dira haren arrazoibideak».

  2. Luistxo Fernandez

    Euskara eta independentzia: hemen bi eztabaida daude
    http://sustatu.eus/luistxo/1435566614

    Nolabaiteko eztabaida bikoitza bizi izan genuen joan den asteko “Euskara, estatugintza eta
    naziogintzaren erdian” mintegian, Iruñeko Katakrak-en. Bikoiztasun hori, nik honela ikusten dut:

    Bata, ea euskara zein punturaino den oztopo, lagungarri ala faktore erabakigarri estatu independente bat eratzeko bidean.
    Bestea, ea estatu independente batek euskarari behar bezalako arnasa emango ote dion eta baliagarri izango ote zaion.

    Lehen puntuaren inguruan, Alaitz Aizpuru ikerlariak puntu interesgarri bat ekarri zuen gogora: “Zein da efikaziaren efikazia?”. Apropos erantzun gabe utzi zuen, baina helburu jakin baten balioa ustezko efikaziaren baitan uztearen inguruko zalantza etikoaz ziharduela iruditu zitzaidan. [Aizpururen ikuspuntu hau Jakinen ere irakur daiteke, nahiz eta mintegira beste aurkezpen batekin etorri zen].

    Euskara faktore ez-efikaz uxatzaile gisa erretratatzen dutenen artean, Lapiko Kritikoa agerkariko batzuk daude, Imanol Galfarsoro eta Unai Apaolaza, nahiz eta haien ahots zuzena ez zen entzun mintegian atzo (beharbada Jule Goikoetxea hauengandik hurbil dago? baliteke, baina matiz gehiago dituen diskurtso bat duelakoan nago).

    Zeharkako beste eztabaida bat ere azaleratu zen. Ea alderdi edo estrategia abertzaleetan euskarak, praktika edo diskurtso gisa, pisurik edo zentralitaterik ere ba ote duen. Publikotik, ezker abertzaleko ordezkaritzat jo dezakegun Xabier Alegriak komentatu zuen, independentisten sektorean, berak ikusi duela eboluzio bat, diskurtso marxistak mekanikoki euskarara itzultzetik, euskararen jarduna eta euskaraz jardutea, posizio zentral batera ekartzeraino. Ni, pertsonalki, poztu nintzen hori entzunda (eta baita, noski, politika egiteagatik hainbat urtez preso egonda libre dagoelako azkenean, duela bi hilabetetik hona), baina nire baitarako ere gehitu: “ondo, independentistok, ondo; orain bakarrik falta zaizue independentziarako plan bat edukitzea…” (baina hori beste eztabaida bat da).

    Estatuaren efikazia euskarari laguntzeko

    Bigarren puntuan, Estatuarekin euskarak zer? Puntu honetan, Unai Apaolazarengana itzuliz, Twitteren ematen duen matrakagatik pixkat mania hartu diodala aitortuz, berraitortu behar dut aldi berean Berrian duela bi igande esan zuena egokia iruditzen zaidala:

    “Euskarak zentralitatea izateko (normalizazioa), burujabetza politikoa (estatua) behar al du? Duda barik, bai.”

    Honekin bat nator, eta Txillardegiren esaldi historikoarekin ere bai: Euskarak estatuarekin iraungo duen, ez dakigu; baina estaturik gabe seguru ezetz.

    Mintegiko mahainguru batean, mahaian Joxe Manuel Odriozola, Jule Goikoetxea, Julen Arexolaleiba eta Mario Zubiaga zeudelarik, honen inguruan jardun zuen eztabaidak. Odriozola, garai batean EHEko ordezkaritzat har genezakeena, orain nolabait Orreagaren posizio pre- edo anti-demokratikoekin larratuta dagoela ematen du. Koadro apokaliptikoa marrazteaz gain, independentziarako prozesu bat “vascoen” esku egonik, horretatik ezer onik ezin daitekeela espero esan zigun.

    Jule Goikoetxeak eta Mario Zubiagak, berriz, estatuaren botere pragmatikoen indarra egitate bat dela azpimarratzen saiatu ziren. Oso gordin egiten du hau Goikoetxeak “biolentzia” hitza erabiliz, disimulu barik: Biolentzia da Estatuaren ezaugarrietako bat, eta hortaz, demokratizazio prozesu bat bultzatzeko indarra ere badu horrek. Euskal estatu independentista eta feminista bat nahi du Goikoetxeak, xede politiko zehatzak estatuaren gaitasunetatik eratorriko diren esperantzarekin. Horretan bat nator berarekin.

    Helburu berari begira, Kataluniara begiratzeko iradoki zigun Mario Zubiaga. “Estatu liberal bat sortzeko, ez dut nahi independentziarik”. Esaldi horren faltsukeria okerra salatu zuen, eta nola horri buelta ematen CUP funtsezkoa izan den Katalunian. Total, estatu liberal bat edukitzeko… bueno, orain baditugu bi! (publikotik esan zuen antzeko zerbait Josu Amezaga EHUko irakasleak).

    Hauen ondoan, Odriozolarekin lerratuta egon gabe, eszeptiko total agertu zen Julen Arexolaleiba soziolinguista. Bentajarik ikusiko ez balio bezala balizko euskal estatu bati. Estatua lortuta, aldatuko dira politikak euskararen aldeko biratze estrategiko batekin? Ezetz uste du Arexolaleibak, eta horretarako adibide bat jarri zuen, Gipuzkoako Foru Aldundian lau urteko Bilduren aginteak ez duela ekarri funtsezko aldaketarik. Argudioaren tranpa agerikoa zela bota nion orduan: Bilduk ez du estatu bat kudeatu Gipuzkoan, ezta hurrik eman ere.

    Hala eta guztiz, gauzatxo bat ere gehitu zuen Arexolaleibak: Espainian edo Frantzia ez izateagatik besterik ez balitz ere, beste estatu mota bat probatzeko prest legokeela di-da botoa emateko bihar bertan. Kontxo! orduan estatu independente bat nahi du! Etorkizunean ezer emango duen ikusteko badago ere, Txillardegiren premisa onartuta, eraiki dezagun lehenbizi, eta ikusi dezagun gero euskara salbatzeko balio duen, simulakro bat den ala tarteko zeozer gertatzen den.

  3. Unai Apaolaza-ren erantzuna

    Lehenik eta behin mila esker Iruñera joaterik izan ez genuenontzako horrelako kronikak irakurtzeko aukera emateagatik; eskertzekoa dek. Dena dela, twitterren esan niken moduan, ez haiz fin ibili ni klasifikatzerako orduan. Ez dek lehenengo aldia, euskarak, independentzia prozesuan molestatu egiten duenaren baieztapena nire ahotan jartzen dutela. Hi heuk ere, nahiz eta nik sekula ez esan edo idatzi, independetzia bidean “euskara faktore ez-efikaz uxatzaile gisa” dudala baieztatzen dek. Uste diat badakidala guzi hau nondik datorren.

    Euskalgintzak, euskararen normalizaziorako estrategiak alegia, nazionalismoaren marko teorikoa erabili izan dik eta erabiltzen dik. Marko hau dek denok erabili duguna eta gaur egun ere nagusia dena. Euskarari zentralitatea emateko erabili den bidea, berezkotasuna, historia, erlatibismo linguistikoaren hipotesia… izan dituk. Bide hauek, sarriegi, euskararen zentraltasuna borroka politikoarekin bilatu beharrean, borondatetik at dauden faktoreetan bilatu ditek. “Ziurtasun” zientifikoa lehenetsi ditek gehiengoaren borondateak eman lezaken ziurtasuna bilatu beharrean. Hau izan da, ñabardurak ñabardura, nazionalismoaren marko teorikoa erabiltzearen ondorioa. Nik bide hau kritikatu diat, alde batetik Estatua lortzeko indarra izango zukeen subjketu independentista artikulatzeko balio ez duela uste dudalako eta bestetik, euskarari normalizazioa ezin diola ekarri uste dudalako.

    Euskalgintzak darabilen marko teorikoa deseraiki eta nire ustez euskararen normalizazioa lortzeko hobea den beste bat zein izan daitekeen seinalatu diat. Kontua dek, euskalgintzan normaltasuna (hegemonikoa) izan den marko teorikoa alde batera uzteak, bat baino gehiago euskara independentzia prozesuan alde batera utzi behar denaren baieztapena nire ahotan jartzera eraman duela. Ez dek horrela inondik inora. Helburua berbera dek, estrategia pentsatzeko marko teorikoa da aldatzen dena. Jakineko azken zenbakian idatzi diaten artikulua (http://www.jakin.eus/aldizkaria/artikulua/nazio… ) irakurtzera gonbidatzen haut, bertan guzi hau zabalago azaltzen baitiat.

    Ba hoixe, zehaztasun eza konpondu dudala uste diat, maniarena aldiz ez zegok nire gain. Ondo segi.

Leave a Reply