Euskal ideologia 2.0

By • Jun 29th, 2015 • Category: Azterketak eta Azalpenak

(Liburu baten sarrera modura idatzia, azkenean argitaletxeen espazio eskakizunak direla eta, kanpoan geratu zen testu bat. Hemen, liburu bereziari buruzko erreferentziak kenduta argitaratzen dut, alderdi orokorrei bakarrik eutsiz).

Esana dut nonbait azken urteotako euskal literaturarik interesgarriena eta beharrezkoena saioaren alorrean gertatzen ari dela.

imagesLuzaroan Joxe Azurmendi geratu zen saiogintzaren autore bakar eta modeliko bezala, 60ko eta 70ko lehen sukar saiozaleak amatatu zirenean (Lur argitaletxean eratutakoak kasuko). Harrez gero saio ugari idatzi dira filología eta literaturaren inguruan, 80ko eta 90ko hamarkadan, baina bi hamarkada horietan, eta hau nire hipotesia litzateke, 68ko belaunaldiak emandako bultzada politikoaren abaroan eta haren saka inertzialaz profitatuz idatzi dira. Izan ere, 68ko belaunaldiko saioek, eta gehienbat gazteleraz idatzi zirenek, helburu bakar bat izan zuten: nazio-gintzaren oinarri izango litzatekeen euskal historia eta ontologia abertzale bat eraikitzea. Krutwig eta Oteiza lehenago aurreratu baziren ere, Beltzaren edota Otazuren lanek garrantzia handia hartu zuten, Frankismoak ukatutako memoria bat —oroimen eta oroitzapen—berreskuratu eta asmatu baitzuten, inoiz izan ez zen baina beharrezko sentitzen genuen gerraurreko momentuarekin elkartuz eta lotuz.

Ironikoki, oraindik ere euskal abertzaletasunaren imaginario politikoa—ez bakarrik irudimena— belaunaldi horrek sortu zuen diskurtsutik bizi izan da, elikatu da, gaur arte; edota era ekonomikoago batean paratzeko, belaunaldi haren diskurtsuaren errentatatik bizi izan da, ezer egiazki berririk sortu gabe egundaino. “Euskal ideologia” esan dakiokeena, beraz, 68ko belaunaldikoek sortutakoa, izan da era kontziente edo inkontzientean alderdi politiko abertzale guztiek gaurdaino erabili eta bazkatu dutena, EAJ-etik EH Bildura. Era berean, gure inkontziente afektiboaren oinarria oraindik ere Ez dok hamairuko kultura da. Benito Lertxundi, iparraldeko lirika herrikoia eta haren eguneraketak egun oraindik ere 80ko rock erradikala (Kortatu) edota azken momentuko pop guztia (Ken Zazpi) baino eraginkorragoa da.

Argi dagoena, 68ko “euskal ideologia” hori zaharkiturik geratu dela, eta aspaldi eraberritu behar bagenuen ere, Kuban eta bereziki Habanan dauden auto zaharberritu ugariren antzera, zituen matxurak eta arazoak konpondu eta tapatuz bizi izan garela egundaino. 80ko eta, batez ere, 90ko hamarkadako asmakizun bakarra, saiogintza egiazki “berri” eta “sortzaile” bakarra, ideologia espainiarrarena da, edo zehazkiago esanda, “ideologia espainiar neonazionalistarena” zeinak abiapuntu eta ekintza fundazional bezala “euskal ideologia” ukatzea izan duen, ukazio honen bidez ideologia neonazionalista edo neohispaniar berri bat sortuz. Alegia Savater, Juaristi, eta enparauez ari naiz—horietaz artikulu ugari idatzi ditut eta laster liburu bat ere argitaratuko. Dena den, eta 68ko belaunaldiko euskal ideologia ez bezala, beste ideologia neohispaniar hau ezkorra izan da, ezeztatzean oinarritutakoa, eta hala nihilismo ororen patua ordaindu du: intelektual beraren negar histeriko eta biografiatuaren kronikan amaitzea. Edo era herrikoiagoan esanda, intelektual horiek beren buruaz eta beren trauma pertsonalez hitz egiten amaitu dute—amaiera tristea eta ez oso deitoragarria. Intelektual guzti horiek, Garcia Marquez-en zenbait eleberriren izenburuak mailegatuz, honela amaitu dutela esango nuke: “intelektualak ez du nork idatziko dioen, intelektuala bere laberintoan baitago”.

Joxe Azurmendiren Españolak eta euskaldunak (1992) letxe txar intelektual onenaz idatzitako liburuan ezarriko nuke euskal ideologiarantzako bira berria edota bigarren aldia, aurreko ideologia hirurogeitazortziarraren eta neohispaniarraren aurka idatzia. Hala, hor nonbait 2000 urtean, bigarren uhin indartsu bat hedatzen hasi zen saioaren inguruan, eta oraingoan euskaraz, ez gazteleraz, edo behintzat, gaztelerazkoa baino indar, eragin, eta atrebentzia handiagoz idatzia. Bigarren momentu honi, euskal ideologia 2.0, euskal postideologia, edota euskal neonazionalismoa dei diezaiokegu. Eta bigarren uhin hau bi aldiz da ezezkorra eta, beraz, dialektika hegeliarrari buelta emanda, berriro ere baikorra. Besteren artean aipa ditzadan euskal gaia abiapuntu hartuta 2000. urtetik aurrera idatzi dutenen artean honakook izango genituzke: Joseba Agirreazkuenaga, Xabier Arregi, Belen Altuna, Eduardo Apodaka, Pako Aristi, Joxe Azurmendi, Aingeru Epaltza, Imanol Galfarsoro, Igor Kalzada, Santi Leoné, Galo Martínez de la Pera Urtaran, Antxon Narbaiza, Koldo Ordozgoiti Juanenea, Fito Rodriguez, Ramon Saizarbitoria, Jon Sarasua, Joseba Sarrionaindia, Jon Sudupe, Mitxelko Uranga eta Markos Zapiain. Ia guztiak gizonezko izateak jada euskal naziogintzaren mugatasunak adierazten dizkigu, Itziar Zigaren Sexual herria bezalako liburu batek errotikako hetereogenotasuna suposatzen baitu.

images-3Twitterrez egindako eztabaida edo txio-tirokada batzuk aparte, uste dut saiogintza berri honek duen oztoporik handienetakoa zera dela, saiogile bakoitzak bere kasa ari den usteaz idazten duela gehienetan: bakarrik dagoen eta era demiurgiko batean bere txokotik tiro eginez, frankotiradore gisa, idazten duen onarpen gezurtiaz, salbuespenak salbuespen. Alegia, euskal saioaren bigarren momentu edo uhin hau ez da konturatu, ez du erreparatu, testuinguru zabalago baten parte dela eta bidaide eta gogaide ugari dituela. Euskal Herrian euskaraz idaztean beti ere “lehenengo zera…(eleberria, fisikako tratatua, eskuliburu ekologikoa…)” idatzi zen kontzientzia haren garaia oraindik amaitu ez denez, saiogile bakoitza, lehenengoa den pentsamendu inkontzienteaz idazten saiatzen da, baserritik kalera jaitsi den lehen ilustratuaren gisa—Peru Abarkaren sindromea esan diezaiokegu. Sindrome honen beste aldea, jakina, eraginaren eta influentziaren beldurra eta hersturarena da, hots, Harold Bloomek, the anxiety of influence bezala izendatu zuena—bertan egitura ediparra bazen ere ardatz. Izan ere, guztiok nahi dugu, euskaraz ideia hau edota pentsamendu hura lehenengo aldiz aurkeztu duen autorea izatea, eta aurrekaritasun horren errekonozimentua jasotzea. Baina uste dut, hain zuzen saiogintzaren bigarren momentu 2.0 honek elkarrekiko elkarrizketa aberats, eta jakina sarritan liskartia, hasi beharko duela, edota lehenengotasunaren sindromearen biktima eroriko garela—denok Peru Abarka bihurtuz. Demagun kasuko, azken urteotan italiarrek ere pentsamendu eraberritzaile bat sortu badute, ez da izan guztiak bakarka ibili direlako, baizik eta elkarren eraginez, biopolitika bezalako gaiak talde bezala bilakatu dituztelako, gero bakoitzak bakarka idatzi badu ere. Hots, Giorgio Agamben, Roberto Esposito eta, geroago, Antonio Negriri buruz ari naiz, besteren artean.

Hots, euskal ideologia berri bat sortzen ari dela aldarrikatu behar dugu, ezeztapen bikoitz baten barnetik eta ezeztapen horretaz bestalde, euskal ideologia 2.0 iritzi diezaiokeguna —edota euskal postideologia, edo euskal ideologia neoabertzalea. Baina, elkarrekin lanean ari garen ideiak eta jakintzak salbatuko edota kondenatuko gaitu. Elkarrekin lanean ibiltzeak ez du esan nahi adostasunik egon behar duenik. Kritika bizien eta liskartienak ere auzo-lan dira. Elkar enoratzea eta bakarrik idaztearen sindromeak bakarrik kondenatu behar dira jarrera etiko intelektual ez bezala. Eta oraingoz euskal autore gehienek ez dute elkar aipatzen eta eztabaidatzen.

Euskal Ideologia 2.1

Globalizazioari buruzko lanak Euskal Herrian ez dira ugariak eta gainera oraindik ere indarra galdu ez duen beste hitz oso dudagarria hobesten dute: postmodernitatea. Gurean, dakidalarik, dozena erdi inguru liburu bakarrik atera dira globalizazioaren gainean, Aitor Zuberogoitiaren Globalizazioaren adarrak (2000), Patxi Juaristiren Euskal Herria globalizazioaren aurrean (2001), Inaki Barcena Hinojalek editatutako Globalizazioa eta ingurumena. Euskal begirada bat (2003), Juan Jose Uranga Unanueren Etxe-ataritik globalizazioa eta balioak (2004), Antxon Mendizabalen Globalizazioa eta Autoeraketa: joerak, mugak eta aukerak (2005), Gillermo Etxeberriak paratutako Postmodernitatea eta globalizazioa (2008) eta Joseba Azkarragararen Berandu baino lehen (2009).

images-4

Goian aipatu liburuak  aurrera-paso handia frogatzen dute, izan ere euskal ideologia birpentsatu beharraren puruz, azkenean euskal kasua gainditu eta mundu zabala birpentsatu behar dela adierazten baitute. Alabaina, liburuok gauza bera adierazten dute: Euskal Herria eta globalizazioa batera pentsatzeko ezintasuna edota goiztasuna. Agian goizegi da, ez gara oraindik sintesi horretara erdu, ez dugu lokala eta globala bateratzeko aukerarik izan. Eta egia esan, euskal ideologia 2.1 hau, euskal ideologia glokal baten (2.2) aurrekari dira.

Alabaina, liburuok Europan hartzen du bere pentsakizunaren abiapuntu eta muga bezala. Neu, AEBtatik idazten dudanez, hots Txinak ezagutu duen ekoizpen eta garatze azkarraren kontzientzia handien duen lurretik, Europa abiapuntu eta helmuga bezala hartzea, hipermodernitatea ardatzat besarkatuz, oso arrotza egiten zait. Guk, hemendik, globalizazioa (eta ez hipermodernitatea) Europatik kanpo gertatzen ari den fenomeno bezala ulertzen baitugu, hots, Europa lehenaldi moderno joan baten geografia baino ez dela suposatzen dugun leku batetik. Baina, seguruenik euskal irakurlegoaren %99a Europan dagoenez, eta bertan kokaturik irakurriko duenez, abiapuntu estrategikotzat ongietorria ematen diot.

Ironikoki, guztiok komunean duguna zera da: globalizazioaren krisiaren aldarrikatzea, ondoren etorri beharko lukeenaren ideia zehatzik ez badugu ere.

 

 

(Urretxu, 1963). Michigan State University-n irakaslea da. Argitaratu dituen liburuen artean, besteak beste "Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006)" eta "Apokalipsia guztioi erakutsia" (2009, Erein), Erein argitaletxeko saria jasotakoa azpimarra daitezke.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. […] Hitzaurre honen lehen bi sailak "Euskal ideologia 2.0" zutabean agertu dira jada Lapiko Kritikoan –  Lehen bi sail horiek  lehenago irakurri dutenek […]

Leave a Reply

Printer  Print This Page