Aniztasuna : dagoena ezin da aldarrikatu

By • Mar 24th, 2015 • Category: Azterketak eta Azalpenak

“Aniztasunaren alde” leloa ohikoa bihurtu da azken aldiotan : SOS razismok erabiltzen du hala mobilizapen politikoak nola munduko arroza eguna antolatzen duenean; Gora Gasteiz koloretsu baten aldeko herri ekimenak erabiltzen du alkatearen arrazakeria salatuz gain hiri dibertso eta solidario baten aldeko kanpainan; EH11Kolore taldekoek aniztasunaren aldeko aldarrikapenean oinarritzen dituzte euskararen bultzatzeko ekitaldiak eta pasakaileak; Iparraldeko Black & Basque jaialdien atzean ideia berdina zegoen; Black is Beltza ekimen inter-textualean ere ideia bera somatzen da hor nonbait; Korrika-ren euskahaldun kanpainan berdin eta abar eta abar.

Multi3

Inork ez nazala gaizki ulertu: jaia bai borroka ere bai, noski! Baina jakin behar da aniztasuna ospatu ahal dela bai, aldiz ezin dela aniztasunaren alde borrokatu! Aniztasunaren alde borrokatzeak suposatzen du tximeleten aniztasun koloretsuaren kontra egoterik badagoela, edo txokolatezko bonboien barietateak ukatu daitezkeela. Alta ezin da esan aniztasuna edo diferentzia ez dagoenik. Ezin da alteritatea ukatu! Diferentzien edo aniztasunaren existentzia aldarrikatzea alperra da, dibertsitate enpirikoa (Salman Sayyid) badago jada eta!

San Paulo: Unibertsalismoaren Oinarria liburutxo apartekoan Alain Badiou-k zera dio: “diferentziak badaude, areago, besterik ez dagoela ere esan daiteke” (98). Gero Etika liburu hain aipagarrian hau idazten du:

Argi eta garbi esanda, alteritate infinitua dagoena da. Edonolako edozein esperientzia diferentzia infinituen barreiaketa infinitua da. Nitasunaren esperientzia itxuraz erreflexiboa bera ez da inolaz ere batasun baten intuizioa diferentziazioen labirintoa baizik, eta Rimbaud ez zebilen batere oker “beste bat naiz” esan zuenean. Diferentziak egon badaude hala nekazari txinatar baten eta Norvegiako profesional gazte baten artean nola ni eta beste edozein baten artean ere, ni neu eta neronen artean barne.”

Arazoa, beraz, ez da aniztasuna edo diferentzia ez dagoenik, izan ni neu ere anitza naiz eta, are nigandik diferentea! Eta zu berdin-berdin! Arazoa Badiourentzat, guretzat kritikoa dena bestalde, ondorengo hau da:

Diferentzia kulturalei buruz etika garaikidea zalapartaka dabilenean zera onartu behar dugu, alegia, diferentzia horiek ez dute inolako interesik pentsamenduaren mailan, gizateriaren aniztasun infinitua eta agerikoa besterik ez dute erakusten […] izan guztiz agerikoak direnak ni eta Lyoneko lehengusuaren artean zein Irakeko ‘komunitate’ Shiitaren eta Texasko cowboy gizenen artean ere.

Aniztasunaz, dibertsitateaz eta diferentziaz hitzegiteko joera erabat nagusitu den garai hauetan, Badiouk San Paulo-ren mezu ospetsua eta polemikoa ekartzen digu gogora:

Ez da gaurgero ez judurik ez greziarrik ez jopurik ez askerik ez gizarrik ez gizemerik; zuek denok bat baitzarete Kristo Jesusen baitan. (Galaziakoei 3:28)

Kaxu baina Paulorena ez da berez eta diferentziaren kontrako alegatua; esaldi horrek ez du adierazi nahi diferentziak ez daudenik greziarren eta juduen edo esklabuen eta libreen edo gizonen eta emakumeen artean baizik eta diferentzia horiek nire diferentzia baino gehiago den eremu unibertsal baten bitartez irakurtzen ikasi behar dela. Orduan Badiourentzat Paulo instrumentala da gaur egungo mundua ulertzeko bi arrazoiengatik: batetik diferentzien, ohituren edo iritzien aniztasuna gaitzetsi beharrean partikulartasuna unibertsaltasunaren printzipiora egokitzeko bidea irekitzen duelako; eta bestetik Pauloren jarrera unibertsalistak ganorazko politikagintzaren eremua “euskarri komunitariotik at” kokatzen duelako halaber (5). Bestela esanda eta hemen Slavoj Zizeken slogan bat parafraseatzea egokitzen zaigu: partikulartasunak politikaren kulturizazioa dakarren moduan unibertsaltasunak kulturaren politizazioa baimentzen du.

Honera helduta, Joseba Sarrionandiak burutzen duen kultura aniztasunaren inguruko ondorengo hausnarketa (hAUSnART, 2011) argigarria da gure artean nabaritzen den impasse nagusiaren azaltzeko:

Lehenagoko kolonialismoak ez bezala, oraingo inperioak ideologia multikulturalistarekin funtzionatzen du. Horixe da globalizazioaren aurpegi polita, aurpegi bat baino gehiago duelako inperioak. Janok bezala, aurpegi militarista ustiatzailea du eta aurpegi moderno eta kosmopolita. Globalizazio aparatuek ez dute kultura monolitiko bat ezartzen, itxuraz behintzat, kultura aniztasuna promozionatzen dute merkatuan. [Baina] Marketing multikultural hori ez dator berez aniztasunari eskua ematera […] Gizarte neoliberal kontsumistak multikulturalismoa proposatzen du, baina kultura horien oinarri komunitarioak desegiten ditu.

Sarrionandiak jarraitzen duenez, multikulturalismoa “harrapakaritza ekonomikoa eta bortizkeria politikoa estaltzeko maskara dela ere esan daiteke”. Beraz, multikulturalismoa globalizazioaren zenbait prozesu inperial ustiatzaileekin lotu daiteke, alde batetik, eta bestetik, multikulturalismoaren inguruko giza prozesu lokalenetan ere, kulturaren eta politikaren (eta ekonomiaren) eremuak elkarlotuta daude, betiere. Zentzu honetan, multikulturalismoaren beste dimentsio garrantzitsu bat ere badago Sarrionadiaren arabera, militantzia politikoarekin lotuta dagoena, alegia:

Merkatuko multikulturalismo horren aldean, derrigorrezkoa da multikulturalismo kritiko bat. Ez dut uste ‘irekitasuna’ denik borrokaren gaia, irekitasuna eta multikulturalismoa ondo dago… Kultura askoren erresistentzia ez doa irekitasunaren kontra, baizik eta kultura horien oinarri komunitarioak berrantolatzera.

Ohargarria denez Sarrionandiak multikulturalismoa oso modu dialektikoan ulertzen du, piska bat Bi Mundu Gerra tarteko Frackfurt-eko Eskolakideek zibilizazioaren garapena antzeman zuten erara. Gogoratu bestela Walter Benjamin: “Ez dago zibilizazioaren dokumenturik modu berdinean barbarismoaren dokumentua ez denik” edo Adorno eta Horkheimer: “Ez dago historia unibertsalik basakeriarik humanitarismora doanik habailatik bonba megatonera doana baizik”.

Zentzu honetan, kultura aniztasunak Sarrionandiaretzat oposaturik dauden bi eremu betetzen ditu: 1/ lekuz lekuko kultura ezberdinen erresistentzia-gune posiblea adierazten duena, eta 2/ neoliberalismo globalaren itxura modernoko ustiapen inperialista, are merkatuak bultzatzen duen kontsumismoarekin lotuta dagoena. Hemen ohargaria da bigarren kasuan behintzat erabat datozela bat Sarrionandia eta Badiou. Sarrioandiak azaltzen duen era berdinean, Badiouren arabera ere kultura aniztasuna marketing operazioak burutzeko dagoen baliabide aproposena da – non hainbat predikatu ezaugarrien konbinazio infinituaren bidez, identitate komunitarioak iragarkien salmenta tokiak bihurtzen dira: homosexual beltzak, serbiar ezgaituak, musulman moderatuak, ekologista yuppiak …

Arazoa hortaz lehenengo kasuan dago, identitatea komunitatearen berreraiketaren bidez ulertzeko zentzuan alegia. Zalantzarik gabe, Sarrionandiaren hausnarketan esan gabe proposatzen duen kulturaren politizazioa berez da jada aurrerapen nabaria. Batik bat hasieran aipatutako aniztasunaren aldeko zenbait ekimenen, ez denen, joran ospatzaile maiz akritikoekin konparatuta. Arazoa baina, eta ez nolanahikoa, kulturen oinarri komunitarioez aritzen denean sortzen da. Sarrionandiak nolabaiteko egiazko komuninate primordialak eta autentikoak edo presuposatzen baititu, merkatuaren eta globalizazioaren kanpo kokatuak, komunitate nolabait batu eta armonioutsuak, kontsumismoaren eraginagatik usteldu gabeak!

Komunitarismoak (demokrazia orijinalaren diskurtsoa barne) eta indijenismoak (Europako herri/hizkuntza zaharrena etabar) kalte galantak egiten dizkio munduko askapen mugimenduen joran eta ideial unibertsalak (askatasuna, berdintasuna…) Euskal Herrian hartzen duen forma partikularrari (independentzia politikoa, justizia soziala, jenero parekidetasuna…)

Badakit badakit: unibertsaltasuna inposiblea da; baina hala eta guztiz ere, erabat da behar-beharrezkoa!

Beraz nabaria da: unibertsaltasunaren eta partikularraren arteko harremanak teorizatu eta problematizatzen direnean, unibertsaltasunaren aldeko borroka modu konkretu eta lekutuetan burutzen da. Unibertsalak ezin du ezer egin partikularrik gabe! Borroka partikularrik gabe ez dago unibertsaltasunik. Alta EHko egoera bereziko borroka konkretuaren izaera eta izatea unibertsala da, Zizekek berak esango lukeen bezala, borroka historiko konkretu horretan bertan unibertsoaren patua bera erabakitzen delako.

multi4

Eta iruditzen zait dimentsio hori falta zaigula, halako ikuspegi globalarena gure konkretutasun komunitarioan babestu beharrean – maiz, bestalde, galtzailearen nartsizismo dosi galantekin! Gure tradizio politiko, kultural eta intelektualean unibertsaltasunaren aldeko borrokaren inguruan teorizatzeari uzten badiogu, Bestearen edo alteritate pluralista bigunaren diskurtsoa gelditzen zaigu bakarrik – multikulturalismoaren partikulartasun konkretuen ospakizun akritikoa, hain zuzen ere: mila koloreko mosaiko multikulturalismo azalekoa eta abar. Eta okerrago dena, diferentzien ospakizuna partikulartasunaren aldarrikapen bihurtzea. Nire beldurra da irekitzen ari diren denbora eta aukera berriekin kultura aniztasunaren sedukzioa, edo pluralismoa zein tolerantzia moduko nozio-fetitxe miresgarrien izenean eta, errotiko politika emanzipatzaileen joran unibertsalizatzeari uko egingo ez ote diogun.

* * *

*

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

4 Responses »

  1. Niri, aldiz, zalantza berbera datorkit burura behin eta berriro: Pauloren unibertsaltasuna aldarrikatzeko ezkutuan gorde behar duzu frantziar hiritar izatea, Badiouren kasuan; Paulok berak bataiatu guztien berdintausna aldarrikatzen zuen, bera Erromako hiritar izanik. Geuk ere, identitatea baino, nahiko genukeen hiritartasuna eraikitzeko aukera bagenu, unibertsaltasunaren alde aldarri eta borroka errazago egingo genuke… Aizu! agian uste baino gehiago egiten da “txokokeria” gisa bazteru nahi den horretatik.
    Ados nago jatorrizko demokrazia original edo tribu arkoikoen mitoek, inoiz balio izan bazuten, kaltegarri suertatu daitezkeela. Baina nago multikultaralismoaren edo aniztasunaren ospakizun akritiko kapitalista hiri handietako parke tematiko turistikoetan gehiago ematen dela, demagun, Gasteizen baino.
    Esan nahi dut krisia bultzatu duten horiek errudun gisa migrante ezberdin hori seinalatzen dutela inolako aniztasunaren ospakizunik gabe. Europan gero eta gehiago, eta gurean ere bai. Pentsatzen dut aniztasuna aldarrikatzea tautologia bat egitea baino, unibertsaltasuna oinarri duen ekintza politikoa dela, galtzailearen narzisimoarekin zerikusirik ez duena. Ezin al da, Laclauren ildotik, ekibalentzia katearen ikuspegitik aztertu aniztasun hori?

  2. “Pride” pelikula ikusi berri dut, nahi baduzue komedia naif txoro bat. Baina 1980ko hamarkadan meatzari herri bat eta gay talde bat Thatcher-en neoliberalismoaren aurka artikulatu ziren, aniztasunaren ospakizun bat hura ere.

  3. […] Imanol Galfarsoro – Lapiko kritikoa […]

  4. Intxuasperekin ados. Badiourena bezalako estatu ideologiek bakarrik esan dezakete diferentzia ez dela ontologikoki eta politikoki beharrezkoa. Baina irakurri azken aldean Badiouk berak etorkinei buruz esaten dituenak ; multikultulralista malgre lui-meme bihurtuta dabil eta bere estatu ideologiari azkenean azaldu zaio lehenengo zartadura. Bere opus magnum L’etre et l’evenement-en sarrera axiologikoan uzten du diferentzia kanpo eta hor jada kondenatzen du bere liburu osoa. Diferentzia ontologikoki onartzen ez badugu, aspaldiko marxismo zaharrean erortzen gara: garrantzitsua den borroka bakarra klaseena da, nazionalismoak berez desagerthko dira denak komunista bihurtzen garenean. Alegi esukalduntasuna diferentzia ez-politikoa bihurtzen da Badiourentzat. Eta bertatik diot, diferentziari indiferente zaizkion filosofiak estatu ideologia bihurtzen direla.

Leave a Reply