Joxe Azurmendi: “Nazioa objektiboki deskriba daitekeen zerbait da edo ezer ez da”.

By • Jan 2nd, 2015 • Category: Albistekaria

Joxe Azurmendik Euskal Herriaren izan nahia oztopatzen duen edozein ideologiaren aurka jotzen du. Badugu zapalketa gordina, baina mendera-molde beharraren araberako mozorro seduzitzailek ere erabiltzen dira: nazioartekotasuna, giza eskubideak, zibismoa, unibertsaltasuna, hiritartasuna, berdintasuna, kosmopolitismoa, demokrazia, aurrerapena, zentzuna, praktikotasuna. Frantziari kontzeptu polit horiek hizkuntzen hilerri bilakatzen lagundu diote.

Elkarrizketa hau, paperean, “Ortzadar”en.

1-Mesfidatia izaten zara dikotomia zurrunetan oinarritutako erretorikaren aurrean, hain praktikoa izaten dena irakaskuntzan eta distiratsu mitinetan, hala nola demokratak/biolentoak edota balio moral zentzuzko absolutuak/dena berdin da. Oraingo “Historia, arraza, nazioa” honetan ere horietako batzuk argitu eta desegin dizkiguzu. Zein nabarmenduko zenuke?

-Nazioaren bi kontzeptu dago, bat zibiko demokratikoa, ilustratua. Bestea erromantiko irrazionala, arrazista. Bat frantsesa, bestea alemana. Hau da, bat zuria, bestea beltza. Mundua begiesteko era dikotomikoa hizkuntzan bertan daukagu nolabait: handi/txiki, zuri/beltz… Errealitatea oposizioetan ordenatzeko modu hori tresna funtsezkoa izan da dudarik gabe gizakiaren eboluzioan pentsamenduaren garapena bideratzeko. Irakaskuntzan ere baliabide pedagogiko errazenetakoa da. Beraz, ezer ez dikotomien aurka, izaera eta erabilera dogmatikoa ematen ez bazaie. Tresna lagungarria da. Baina izan, munduan ia ezer ez da zuri ala beltz hutsa. Historian are gutxiago. Izan, nazioak eta nazionalismoak ez dira derrigor zuriak ala beltzak izaten. Frantsesak edo alemanak.

2-Historiari begira, nazionalismoa ez al da Jainkoa bezain ugari eta aldakorra?

-Nazioa eta nazionalismoa fenomeno sozialak eta historikoak dira. Gizarte batetik bestera, aro batetik bestera bestelakoa da. Eskuinekoa, ezkerrekoa izan liteke. Goethek esaten zuen, nolakoa izan bakoitza, halakoa izaten zuela Jainkoa. Horrelako zerbait nazioaz ere esan liteke.

3-Renanen garaian bezain sasoiz dugu gurean nazioa definitzeko orduan zer ote den garrantzitsuagoa, historia, legedia, kultura eta hizkuntza bezalako ezaugarri objektiboak ala subjektibotasuna, nahia, politika.
-Nire ustean, nazioa egiten duten faktore objektiboen eta subjektiboen bereizketa hori guztia eskolastika besterik ez da. Nazioa objektiboki deskriba daitekeen zerbait da edo ezer ez da, eta nazioa fenomeno historikoa denez, deskribapen bat bakarra edozein naziorentzat edozein momenturako ez dago. Nazio irlandarra eta nazio judua esate baterako, edo Leizarragaren euskal nazioa eta Arana Goirirena eta Txillardegirena. Nahia, berriz, ez da nazioa deskribatzen duen datu bat. Edozein asmo edo ekintza politikoren aurretiazkoa da, ordea, eta nazioaz politikoki mintzatzeko edo politika nazionalerako, nazioaren nahia suposatu beharra dago. Nazioaren kontzeptu boluntarista batez mintzatzeak ez du zentzurik, nahia ez da kontzeptuko elementua, praktikakoa baizik.

4-Nazio eraikuntzan garrantzi handia eman izan zaio oroimen konpartituari. Renanek eransten du ahazmena ez dela garrantzi gutxiagokoa. Zein da nazioari pairagaitz zaion egiaren alde hori, ahaztu beharrekoa?

-Nazioa hor, Renanekin, Estatua bezala ulertuz. Frantzia edo Espainia historiaren produktuak dira eta bakoitzak bere historia oso goratik ospatzen dizute. Historiak justifikatzen du Katalunia, Euskadi, Andaluzia Estatu berean loturik egotea, eta Portugal esate baterako ez. Edo Irun bai eta Hendaia ez. Nazio edo Estatu batasuna memoria historikoak oinarritzen du. Kondizio batekin. Historia hori batasuna justifikatzeko moduan gogoratzea eta batasun hori burutzeko egin diren sarraskiak eta krimenak eta amarruak ahaztea. Hau funtsezkoa da. Historiak esaten digu zer garen, baina historiari guk esan behar diogu berak zer esan behar digun.

5-Ortega y Gassetek eta Hitlerrek sakonki irakurri zuten Renanen obra.

-Arana Goiriren abertzaletasuna nazioaren eredu alemanekoa eta arrazista omen delako gaitzesten da. Nazio etnikoa. Aurkara Renanen kontzeptu frantses demokratikoa goratzen da, nazio zibikoa. Bien testuak irakurrita, bizkaitarra baino askoz ere arrazistagoa da bretoia. Renan jauna bere burua arrazen teoria zientifikotzat daukan arrazismoaren gurasoetako bat da eta batez ere antisemitismo moderno gaiztoenaren fundatzaile eta patroi handia. Hitlerrek eta Ortega y Gassetek Renanen arrazismoan ikasi dute.

6-Estatuaren behar espantsionisten arabera, frantziar intelektualek desberdin teorizatu dute nazioa, konkista-gaia Aljeria, Bretainia, Belgika edo Alsazia izan denean.

-Frantziak ingira txikienik gabe anexatu du Savoia, hor frantsesa mintzatzen omen zelako: kasu honetan hizkuntza inportantea zen nazioaren kontzeptuan. Dunkerken flandrieraz egiten zen, Alsazian alemanez, Roselló katalana zen, Niza italiarra, etab., orduan arrazoi inportantea arma garaileak izan, hizkuntzak ez zuen inportantziarik. Nazioaren teoria frantsesean hizkuntza ez da garrantzizkoa, Frantziari interesatzen ez bazaio. Gero, eskualdeok konkistatu orduko, izugarri garrantzizkoa bihurtzen da nazio osoan hizkuntza bakarra inposatzea. Nazio bat, hizkuntza bat. Errusia herrien kartzela bazen, Frantziak hizkuntzen hilerria dirudi.

7-Renanek aipatu eta gurean zabaldu den nazioa eta eguneroko plebiszitua berdintzeko joerak hiritarren borondatea demokratikoki aintzat hartzea beste helbururik ez lukeen printzipioa omen du oinarri.

-Eguneroko plebiszitua inoiz egiten ez den plebiszitu xelebrea da. Gauzarik komikoena da kontzeptu famatu horrekin gertatzen dena. Inork ez du ulertzen, baina mundu guztia liluratzen du. Alegia, Frantzia, Ile de France txikitik abiatu eta inguru guztia bortxaz harrapatuz hedatu den monarkia baten eraikina da. Erregeari lepoa moztu eta gero, logikoena eskualde konkistatu guztiak atzera euren askatasun zaharrera itzultzea litzateke. Baina eskualdeok, dio Renanek, ez dira banatu. Eta horrek probatzen du elkarrekin bizi nahi dutela. Nahia hemen hasten da Renanen teorian garrantzizkoa izaten. Nola erakusten dute eskualde diferente guztiok nazio frantsesa izan nahi dutela? Ezer ez eginez. Xuberoako artzainak, Bretainiako arrantzaleak, Okzitaniako laborariak, Pariseko burgesak, orain erregerik ez dago, eta hala ere isil-isilik euren eguneroko bizitza egiten jarraitzean, elkarrekin nazio frantsesa osatu nahi dutela adierazten omen dizute. Horixe duzu eguneroko plebiszitua. Xuberoako artzainak, gaztak eginez, Bretainiako arrantzalearekin solidaritasun nazionala adierazten ei du… Formula bat belarriaren limurgarria, inork garbi ulertzen ez duelakoxe txit egokia jendea engainatzeko, eta horregatik edozein diskurtsotarako aipu polit bat bilakatu eta sekulako arrakasta ukan duena.

8-Frantziar nazionalismoa gainerakoekin alderatuz gero, badu nabarmentzeko moduko berezitasunen bat?

-Historikoki nazionalismo frantsesa beste guztien maistra izan da, denek dute haren antzen bat. Berezitasunik egotekotan nazionalismo frantsesaren espezifikoa, esango nuke, Frantzian nazionalismorik zarratuena ere beti irekitasun espiritual eta kosmopolitismo itxuraren banderarekin agertzen dela eszenan. Beharbada horregatik Parisen rola nazionalismo frantsesean. Frantzia Paris da eta Paris munduaren argia. “Le centre même de l’humanité, la capital de la civilisation”, esango du Victor Hugok. Nazionalismo espainolak hantustekeria hori ere kopiatu gura izan du. Espainia “la unidad de destino en lo universal” dela, ikasten genuen guk. Ez unibertsalak euskal abertzaletasuna-eta ziren. Parisen tokia Gaztela inperial eta unibertsalak hartzen zuen. Ikustea dago Unamunoren Gaztelaren mistika — eta ni arras hunkitzen ninduen gaztetan! Orain batzuetan Madrili eta Real Madrili jokarazi gura izaten zaio rol hori. “Madrid es mi patria, corte digna de España, madre benigna del mundo”, Tirso de Molinak deklamatzen zuen jadagoneko.

9-Jon Sudupek diosku Voltairek arrazismotik askatu eta kosmopolitismora bideratu gaituela. Voltairek dio judua arraza higuingarri bat dela, esklabo izateko sortua, eta beltza berriz gutxiago dela zuria baino, ziminoa beltza baino gutxiago den bezala eta ostra ziminoa baino gutxiago. Zein da hemen ezkutatzen den arazoa?

-Mezua berez aspaldikoa eta sinplea da. Abertzaletasunaren estukeria eta euskaltasunaren arrazismoa laga eta mundu zabaleko kosmopolitak bihurtu behar dugula. Ilustratuak, alegia. Hasteko, bitartean irrazionala eta intelektualki desonesta iruditzen zait salaketa edo suposizio horiek beti, behin eta berriro, modu generikoan erabiltzea, estukeria eta arrazismo suposatu horren adibide konkretuak gaurko gizartean inoiz seinalatu gabe. Egongo dira arrazistak abertzaleen artean, esan bedi zein eta zein. Alabaina, hori mentalitate dogmatiko baten kaferrotatxoa baizik ez dela pentsarazten didana, kontraeredutzat Voltaire eta Renan bezalako ganadua goraipatzea da. Irakurri ote dituzte? Voltairek merezimendu asko eta handiak dauzka, baina justu horiexek ez. Kapaz da Berlinen urteak bizitzeko kultura eta literatura alemanaz axola izpirik gabe. Hizkuntza alemanaz hartaz burlatzeko haina bakarrik interesatu da — “soldaduen eta zaldien hizkuntza” barbaroa. Haren kosmopolitismoa beti eta edonon total frantsesa eta paristarra izatean datza.

10-Aberriaren fanatikoen satirista zorrotza izan zen…

Egia da, baina kasualitatez fanatiko erdeinatu hori abertzale poloniarra da eta tropa errusiar eta prusiarren okupazioaren aurka da fanatikoa. Voltairek Errusiako Katarina II.aren eta Prusiako Federiko II.aren Poloniaren okupazio eta partizioa ontzat eman du. Panfletista antipoloniar negargarria bihurtu da. Eta zer kasualitate, berriro, bi potentatuok Voltaireren ongile aberats eta mezenas eskuzabalenak ziren. Rousseauk erabat bestela jokatu du tragedia poloniarraren aitzinean. Voltaireren arrazoia okupazio militar eta partizioaren alde da, Errusia eta Prusia askoz progresistagoak zirela -“ilustratuagoak”- Polonia atzerakoia baino. Inperialismo europarrak progreso unibertsalaren argudio berarekin zuritu ditu bere lapurreta unibertsalak XIX. mendean. Renanek, Voltaire bezalakoxea baitzen arrazista eta “eznazionalista”, Frantziaren misio zibilizatzailearen arrazoiarekin bedeinkatu du inperialismo frantsesa Ipar Afrikako nazio arabiarren zanpaketan. Ni neu aspaldian Voltaireren irakurle eta mireslea naiz. Hala ere, haren zenbait iritzi eta jarrera barkagarri izan liteke apika XVIII. mendean; kapitulu hauetan eredugarritzat aurkezteak XX. edo XXI. mendean ez dirudi barkagarria. Piska bat geu ere ilustratu gara harrezkero.

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.
Email this author | All posts by

9 Responses »

  1. “Goethek esaten zuen, nolakoa izan bakoitza, halakoa izaten zuela Jainkoa”

    Norbaitek ezagutzen du zein den zita horren erreferentzia?

    Milesker.

  2. Kaixo Gorka,
    Joxe Azurmendik emailera bidali dit erantzuna. Hor duzu.

    “Wie einer ist, so ist sein Gott,

    Darum ward Gott so oft zu Spott”

    (Nolakoa den bat, halakoa da haren Jainkoa,

    horregatik izan da Jainkoa hain maiz irrigarri [irrigai, isekagai]).

    Jatorria: Poesiak, “Zahme Xenien”, 671.

  3. JOXE AZURMENDI. FILOSOFOA ETA IDAZLEA
    «Euskal abertzaletasuna dikotomien tranpan erorita dago oraindik»
    Trikimailu politikoa nabari du Joxe Azurmendik nazio etnikoaren eta zibikoaren arteko bereizketan. Gai hori aztertu du azken liburuan: ‘Historia, arraza, nazioa. Renan eta eta nazionalismoaren topiko batzuk’.

    2015-01-25 / Ainhoa Larrabe Arnaiz

    http://www.berria.eus/paperekoa/1934/032/001/2015-01-25/euskal_abertzaletasuna_dikotomien_tranpan_erorita_dago_oraindik.htm

    Ihesean ibili da Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria (Zegama, Gipuzkoa, 1941), ikasitakoak burutik atera nahian. Liburu bakoitzarekin irakaspen berriak jaso dituela dio. Desikasi du, berriz ere ikasteko. Eta gauza bera egin du bere azken lanean ere: nazio kontzeptu frantses zibikoaren eta aleman etnikoaren artean egiten den banaketa landu du Historia, arraza, nazioa. Renan eta nazionalismoaren inguruko topiko batzuk liburuan (Elkar). Oportunismo politikoa igartzen du egileak nazioaren kontzeptuen arteko bereizketan. Orokortua dagoen teoria da, ordea, eta horretan erortzen da euskal abertzaletasuna ere.

    Zibikoa edo etnikoa. Nazioen bi kategoria horiekin hautsi egiten duzu azken liburuan.

    Beti entzun dugu nazioaren bi kontzeptu daudela. Bat, estatuarekin identifikatzen da. Eta hori da, hain zuzen, zibikoa deitzen dena, nazioaren kontzeptu frantsesa, alegia. Nazio kulturalarekin identifikatzen da bestea, eta etnikoa deitzen zaio horri; hori da alemana. Gaizki-ulertuekin aritzen gara. Eskema hori nazionalismoari aplikatzen zaionean, ondorio hau ateratzen da: badago nazionalismo bat nazionalismoa ez dena, hau da, zibikoa, demokratikoa eta liberala. Eta badago beste nazionalismo mota bat etnikoa dena: arrazista, irrazionala eta erromantikoa. Nazioaren kontzeptu beltzaren eta zuriaren arteko bereizketa egiten da. Zuria da ona, eta beltza, aldiz, txarra. Alegia, estatuaren nazionalismoa da ona, eta hori kuestionatzen dutenak, aldiz, txarrak dira.

    Euskal Herrian ere egiten da bereizketa hori?

    Beltzean erortzen da gurea. Euskal abertzaletasunak beti ibili behar du bere burua defenditzen eta argudioak ematen: ez dela arrazista eta abar. Eta horrekin jarraitzen dugu oraindik ere. Zergatik gertatzen da hori? Dikotomien tranpan erorita gaudelako. Luze lantzen dut hori liburuan; Euskal Herriko autore gehienek eskema horrekin lan egiten dugu.

    Diskurtso etnikotik unibertsalera igaro beharra aipatzen da Euskal Herrian azkenaldian.

    Hurrengo ideia hau dago eskema horren azpian: etnikotasuna unibertsaltasunari kontrajartzen zaiola. Zentzugabea da ideia hori. Unibertsala izateko duzun era bakarra zu zeu izatea da. Ezin dira norbaiten nortasuna eta unibertsaltasuna kontrajarri. Eta gauza bera gertatzen da nazioekin ere. Ez dago pertsona bat, nazio bat edota diskurtso bat unibertsala dena partikularra izan gabe. Mundu honetan dauden errealitateak partikular bezala ematen dira, eta partikular gisa dira unibertsalak, bere baitan itxi egiten ez baldin badira, behintzat. Dikotomiaren tranpa horretan erortzen gara beti. Eta diskurtsoarena da horren adibideetako bat: ez dugu diskurtso etnikoa egin behar, baizik eta unibertsala. Ez. Egin behar dugu diskurtso etniko unibertsala; edo alderantzizkoa, diskurtso unibertsala, geure kasuari aplikatua.

    Ez bata eta ez bestea, hortaz?

    Ezer ezin da pentsatu modu dikotomiko batean. Dikotomiak erabil litezke pedagogiarako eta azalpenak emateko, eta errealitatean badaude egon. Zuria-beltza, handia-txikia… Baina hizkuntzaren tresna bat da, eta ez ezeren oinarria.

    Nazioaren definizioa bainoago, definizioak daudela diozu.

    Ez dago nazioaren definizio kimiko zehatz bat. Nazioaren kontzeptuaren hurbilketak daude. Euskal nazioaren ezaugarriak adibidez definiziozkoak dira, kasik: hizkuntza, historia propioa, arraza lehenago… Baina, esaterako, juduek ezin dute gauza bera aplikatu: denak dira nazio berekoak, baina hizkuntza, historia eta lurralde ezberdina dute. Nazio guztientzat ez dago definizio bera.

    Ernest Renan pentsalariaren Zer da nazioa? hitzaldia da bereizketaren abiapuntua?

    1870eko gerra franko-prusiarrean kokatu behar da Renanen hitzaldia. Eta Alsazia eta Lorrenaren jabegoa daude hor tartean. Prusiak guda irabazi ondoren Frantziak Alemaniari kendutako lurralde horiek berreskuratu nahi zituen. Baina Alsazia eta Lorrena guztiz integratuta zeuden Frantziako sistema politikoan, eta nahiago zuten harekin geratu, ekonomikoki onuragarriagoa zitzaielako. Arazo baten aurrean dago Renan, hortaz. Hizkuntzaz, kulturaz eta tradizioz, Alemaniaren parte zen Alsazia. Eta nazioaren kontzeptu tradizionala aplikatuz gero nazio bakoitzak estatu berean egon beharko balu, Prusiaren parte bihurtuko ziren.

    Horretarako lotzen ditu nazioa eta borondatea?

    Egoera horri erantzuteko egindako irakurketa interesatua da Renanek egindako hitzaldia. Nahimenean oinarritutako naziotasuna asmatzen du, gaur-gaurkoz zibiko esaten dioguna. Hau da: gizabanakoak, taldeak edo komunitateak egon behar du nahi duen estatuan. Nazio hitza estatuarekin nahasten du. Eta horrekin jokatzen du pentsalariak: Alsaziak frantsesa izaten jarraitzeko, hizkuntza eta kulturari garrantzia kendu eta nahimenari eta demokratismoari garrantzia ematen dio. Prusiak, ordea, ez du Alsazia nazioarekin aldarrikatzen. Argumentu estrategiko eta militarrak erabiltzen ditu lurraldeak berreskuratzeko.

    Interes politikoa dago atzean?

    Erabat. Interes oso nazionalista bati erantzuten dion irakurketa egiten du. Nazioaren oso kontzeptu nazionalista da Renanena; eta nazionalista, gainera, estatalista gisa ulertuta. Oso kuriosoa da: diskurtso txiki horretan bakarrik egiten du nahimenaren irakurketa. Aurretik eta ondoren egiten dituen hitzaldietan jarraitzen du normaltasunez nazionalismo klasikoaren argudiok erabiltzen. Oportunismo politikoaren arrazoiak erabiltzen dira: alemanek, arrazistak diren heinean, arraza eta hizkuntzagatik diote Alsazia alemana dela. Baina hori esaten duen autore alemanik ez dago. Frantsesak dira hori esan duten bakarrak. Ondorioa bakarra da: nazioaren kontzeptu frantsesa dago, zibikoa, interesatzen zaiolako eta interesatzen zaionean. Eta alemana dago, frantsesek aleman gisa asmatu dutelako. Aljeriakoa da horren adibidea: lurraldea konkistatu zuten frantsesek, bertakoei nahi zuten ala ez askorik galdetu gabe.

    Frantsesek osatutakoak dira nazioaren kontzeptu biak?

    Eman dezagun, hipotesi moduan, nazioaren bi kontzeptu daudela. Ados. Nork osatu du nazioaren kontzeptu frantsesa? Frantsesek. Eta nazioaren kontzeptu alemana? Frantsesek baita ere. Dikotomia egin eta beraiek definitu dute zer den nazio alemana. Hor ikusten da operazio politikoa dagoela banaketaren azpian, besterik ez.

    Historia ezabatzeari garrantzia ematen dio Renanek.

    Historiaren erabilerarekin tranpa egiten du. Alsazia germaniarra izan da historikoki, Frantziak konkistatu zuen arte. Eta, historia kenduta, nahia geratzen da soilik. Baina zein da arazoa? Frantziari historia kentzen baldin bazaio, Frantzia gabe geratzen zarela. Izan ere, Frantziak duen justifikazio bakarra da historiak egin duela den bezalakoa. Kasu horretan, beharrezkoa da historia berreskuratzea. Alsaziaren eta Lorrenaren kasuan garrantzia kendu behar zaio, baina Frantziaren kasuan, eman. Eta, era berean, Frantzia osatzeko egin diren krimen eta konkistak ere ahanzturara pasatu behar dira. Historia gogoratzea bezain garrantzitsua da ahaztea. Bat harritu egiten da nola hartu den intelektualki seriotzat horrela maniobratu duen tipo tranpati eta oportunista bat.

    Nola?

    Frantziako errepublikak idolo altxatu eta sinbolo nazionala bihurtu du, nahiz eta Renan monarkikoa eta antierrepublikanoa izan. Estatu frantsesak edo nazionalismo frantsesak bihurtu du Renan eta haren nazioaren kontzeptua hain garrantzitsu. Operazio politiko arrakastatsua izan da. Akademiak eskematismo hori barneratzea lortu dute, kritika egin dioten autoreak izan arren. Baina topiko nagusi bihurtzea lortu dute.

    Antisemitismoaren sortzaile gisa aurkezten duzu Renan.

    Izugarri arrazista zen Renan. Euskal Herrian aipatzen diren kanta zaharrak, elezahar edota euskaltasunaren originaltasunaren babes gisa aurkezten direnak Renani ikasiak eta kopiatuak dira. Renanek arraza zeltari buruz esaten zituen horiek guztiak. Erlijioen historialaria zen, eta arlo horretan egin zituen lan garrantzitsuenak. Monoteismoa arraza semiten inteligentzia faltari egotzi zion. Dio arraza tontoa dela semita, jaungoiko monoteista bat asmatu dutelako gehiago pentsatzeko gai ez direlako. Eta, gainera, ez dira gai beren hizkuntzan adierazteko. Unamunok euskarari buruz esandakoak Renanek semitekin esandakoak dira.

    Ironiaz bukatzen duzu liburua: «Frantzia ez da nazionalista».

    Renanena da ideia hori. Iraultzarekin Frantziak bere burua sakrifikatzen duela uste du. Harentzat, monarkia da estatu potentea izateko baldintza. Eta Frantzia, demokratikoa eta errepublika bihurtu denean, estatu edo nazio ahula bilakatu da. Ez da aski nazionalista, demokrata da, eta demokratak ez dira inoiz nazionalistak izaten. Demokrazia interes partikularretan oinarritua dagoenez, ezin da nazio indartsua izan. Eta hori da Frantziak duen arazoa: ez da aski nazionalista, baizik partikularista. Horra Renanen interpretazioa. Bada, nik ez dut nazionalistagoa den beste estaturik ezagutzen Europa osoan.

    Estatu eredu idilikotzat hartzen al da Frantzia?

    Espainiak kopiatu nahi izan du Frantziaren eredua, baina ez du lortu. Eta geuk ere, superprobintziano gisa, jarraitzen dugu kopiaren kopiak egiten. Baina ez Alemaniak, ez Amerikak, ez Ingalaterrak ez diote jarraitu eredu horri. Estatuaren batasuna lortu dute Frantziaren uniformetasun hori lortu gabe. Pluralistagoak izan dira, eta beste modu batean elkartu dituzte estatua eta nazioa. Estatua beti da boterea, eta boterearen joera bada uniformetasuna sortzea. Batasuna bultzatu da gainontzeko estatuetan ere, baina ez du izan Frantzian edota Espainian izan duen karga ideologikoa, kasik erlijiosoa.

    Batasun eredu hori hartu du Euskal Herriko abertzaletasunak ere?

    Txikiak gara gu, eta ez dugu sekula batasunik izan. Eta, funtzionatu ahal izateko, duguna baino batasun handiagoa beharko genuke, hizkuntzan edo ekonomian adibidez. Baina ez genuke uniformetasunaren gai horretan erori behar. Izugarri espainolizatutako kultura baten produktua gara. Atzera begiratzen dudanean, inpresioa dut egin ditudan lan guztietan buruan sartutakoa desikasi eta berrikasten aritu izan naizela. Eta hori da euskaldunok dugun lana: ikasi, desikasi, berriz ikasi, eta ea lortzen dugun gure ikasketa propioak egitea. Menpekotasun intelektualak ikaragarriak dira, eta zaila da horrekin apurtzea inguruan bestelako pentsamenduak ez badituzu. Berrikasketa bat egin du nire belaunaldiak, eta beste bat egin beharko dute atzetik datozenek.

  4. Unibertsa/Partikular arestiko eztabaidari buruz Andoni Olariaga, Joseba Gabilondo eta nire ekarpenak facebook-en:

    Joseba Gabilondo:
    erabat asmatu du… Erabat ados nago… Imanol Galfarsoro-rengandik Unai Apaolaza Amenabar-gana arte, euskal abertzaletasuna unibertsaldu eta hustu beharraren poderioz unibertsaltasun zibiko/konstituzionalean (habermas) amaitu dute.. Kartesianismoan… Azurmendirekin ados… Baina bere hizkuntzak ez fio sintoma eta desira analizatzen uzten … Hots, ez du nazionalismoaren izate irrazional/libidinal/afektiboa politikoki zilegitzeko hizkuntzarik… Horretan Galfarsoro eta biok ados gaude: bidea lacan eta Zizek da.

    Joseba Gabilondo:
    Amaitu dut irakurtzen. Alemaniari buruz diona nahiko itsua da; nabari zaio germanofilia petoa. Fichterekin hasi eta Hegelekin amaitu hizkuntza-nazioa berdinketa onartuta dago Alemanian, Renan baino askozaz lehenago. Eta antisemitismoa Renanekin hasten dela esatea ia astakeria da.

    Imanol Galfarsoro:
    E ni ere ados nago prezisamente via Zizek/hegelen haritik ez dagoela unibertsalik partikularrean errotua ez dagoenik. Esaten dudan gauza bakarra (via Lacan-en R/S/l hirukotea) da behin nazioaren izate erReala partikularrean errotua dagoela jakinda gero unibertsaltasunaren Imajinarioa ez dela utzi behar besteen eskuetan, guk ere unibertsaltasunaren ‘fantasia’ mobilizatu egin behar dugula nondik nire joku Sinbolikoak (diskurtsiboak) enfasia partikularraren unibertsalizatze aldera, zeina bestalde politikoki nahikoa osasungarria den berezitasunaren nartzizismo kulturalean ez erortzeko (gaixotasun historizista-kulturalista nahikoa hedatua gure inguruan;)

    Joseba Gabilondo
    erabat ados…. lehenengo aldia arazoa hain ondo azaltzen duala… hire azken liburuan ez diat gogoratzen hik hori horrela defendatzen huenik… baina agian berrirakurri egin beharko diat. beste gauza Bat, Joxeren germanofiliaz : egungo Renan Habermas da eta bere patriotismo konstituzionala hots, egun alemanak frantsesak bezain nazionalistak dira

    Imanol Galfarsoro
    Ez, liburuan ez dago horrela azalduta, ez bada oso modu intuitiboan- work in progress;)

    Andoni Olariaga
    Nik uste dut bi hizkuntza desberdinetaz ari garela, bi tradizio, bat modernoagoa, Joxerena, eta bestea postmodernoa, galfarsororena. Bi borroka desberdin daude atzean, hala nola, “oinarri teoriko” guztiz desberdinak: eta hortik datoz agian talkak eta gaizki-ulertuak. Joxeren kritika nik ulertzen dut, eta arrazoi du bere oinarri teorikotik abiatuta. Arazoa da, hemen inork ez duela etnikotasuna unibertsaltasunetik bereizten; baizik eta hainbat borroka unibertsalen aldarrikapenak ze partikularrek beteko du(t)en da eztabaida, ia unibertsaltasuna lortzeko maila batzuetan pixka bat edo “erabat” ustu egin behar den abertzaletasuna (puztuegi egon delako), eta abar. Beraz, imanolen proposamena ez da eskema dikotomiko horren gainean altxatzen, baizik eta politikarako hegemonia lortzeko ezinbesteko hausnarketa bilakatzen da. Azken finean, hemen fondoan ados gaude, Joxek berdina baitio: “Egin behar dugu diskurtso etniko unibertsala; edo alderantzizkoa, diskurtso unibertsala, geure kasuari aplikatua.”

    Joseba Gabilondo
    badu alderdi de kolonial bat: Atzera begiratzen dudanean, inpresioa dut egin ditudan lan guztietan buruan sartutakoa desikasi eta berrikasten aritu izan naizela. Eta hori da euskaldunok dugun lana: ikasi, desikasi, berriz ikasi, eta ea lortzen dugun gure ikasketa propioak egitea. Menpekotasun intelektualak ikaragarriak dira, eta zaila da horrekin apurtzea inguruan bestelako pentsamenduak ez badituzu. Berrikasketa bat egin du nire belaunaldiak, eta beste bat egin beharko dute atzetik datozenek

  5. Interesgarria unibertsal/partikular ardatzaren inguruan darabilzuen eztabaida. Ez nuke desbideratu nahi baina ñabardura batzuk sartu nahiko nituzke Josebak dionaren inguruan.

    1) “Fichterekin hasi eta Hegelekin amaitu hizkuntza-nazioa berdinketa onartuta dago Alemanian, Renan baino askozaz lehenago”
    Ziuraski bai, baina agian kontua da zein naziorekin identifikatzen den Fichtetik-Hegelera ipintzen duzun segida horretan. Azurmendiren germanofilia gora-behera badago zer aztertu. Liburua aspalditxo irakurri nuen eta barkatu okerrak, baina zerbait iradoki nahiko nuke. Beste modu batera esanda, Herderrek hizkuntza-nazioa berdinketa egina zuen baina nazio hori ez da inongo egitura politikoa. Renan Hegelen jarraitzaile baino Herderren jarraitzaile gisa ulertu dut liburuan, justu nazioaren ezaugarritze horretan ezik (Renanengan bai politikoa, Herderrengan ez). Alemanian jada nazioa germanikoa (hizkuntza gisa ) bazegoen eta hainbat estatu (egitura politikoak). Frantzian Estatua lehenik (errepublika esatea nahiago dute, horrek ere zerbait esan nahiko du…) eta gero dator nazioa (uniformizazioa, frantses hizkuntza). Fichtek eta Hegelek naziotik politikarako jauzia egina izango zuten Herderrek ez bezala baina nik ez nuke horrengatik Renan “zurituko” aurretik gauza bera egin zutelakoan, kasu frantsesa eta alemana berdinduz.

    2) “Eta antisemitismoa Renanekin hasten dela esatea ia astakeria da.” Baina hori esaten du? Ez ote da elkarrizketa egin duenaren ustea? Erantzunean ez du baiesten eta nik liburuan ez dut oroitzen. Liburuan Renanen razismoa tradizio frantses klasikoan txertatzen da argi(Gobineau, Voltaire…tarteko). Gaizki oroitzen ez badut Renanen “ekarpena” arrazismoan (antisemitismoa, baina ez bakarrik) nolabaiteko oinarri “zientifikoa” erabili izana da.

  6. Ez dakit Euskal Herrian nork esaten duen unibertsaltasuna partikukarretik ez denik eraikitzen. Nik ez behintzat. Unibertsaltasuna beti egongo da partikular batez (bereizgarri etniko) nagusiki “kutsatua” (Mouffe, Butler, Zizek, Laclau…). Sartreren hitzetan, “unibertsal abstraktua” ezinezkoa da, unibertsala beti da konkretua da.”Horregatik harritu egin nau Joxek EHn partikularrak albo batera uzten dituen unibertsaltasunaren aldeko posturarik dagoenik iradokitzea. Hemen estrategia kontu bat dago.
    Azken aldi honetan gehiegi zabaltzen ari den uste baten arabera, partikularren defentsan oinarritutako diskurtsotik unibertsalen defentsan oinarrituriko diskurtsorako jauzia egiteak euskal partikularren (etnikoak?) alboratzea esan nahi omen du. Ba ez, inondik inora. Kontua da, orain arte, partikular horien aldeko borroka esentzien logikatik eraiki dela eta orain proposatzen hasi dena eta beti ere eraginkortasunaren izenean, hegemoniaren logika erabiltzen hastea da. Etsigarria eta kezkagarria egiten zait lanabes berriak erabiltzeko ditugun zailtasunak.
    Independentismoak euskal partikularrekin anormaltasuna (diferentzia) eraiki beharrean, partikular horietatik, normaltasuna (unibertsala, hegemonia) eraiki beharko luke. Helburu bera (edo antzekoa) duten bi bide dira.
    Ta bukatzeko, garrantzitsua iruditzen zait azpimarratzea, kontua ez dela Josebak esan duen moduan abertzaletasuna unibertsalizatzea, afera independentismoaren diskurtsoa unibertsalizatzea da. Orain arte independentismoaren diskurtsoa abertzaletasunaren izan da. Hori da aldatu beharrekoa, abertzaletasunetik aparte beste diskurtso bat eraikitzea. Zergatik? Abertzaletasunaren diskurtsoa unibertsalizatzea nire ustez ia ia ezinezkoa delako. Honek zer esan nahi du abertzaletasuna independentismotik aparte utzi behar dela? Ez, inondik ionora. Esan nahi duena da, ez litzatekeela independentismoa artikulatzeko erraminta bakarra izango, ez eta nagusia ere.

  7. Joxek bidali didana emailera hemen jartzeko.
    “Partikularismo eta unibertsalismoaren kontua ez da neure kezka handiena, baina kazetariak horixe planteatzen badit, eta nazio kontzeptuko dikotomien testuinguruan planteatzen badit hain zuzen, nire iritzia ematen diot. Zizek, Laclau, etab., aipatzea ongi dago, horiek ez dira problema. Baina horien pentsaera eta berbaera ote da Euskal Herrian nagusi dabilena eta zin-zinetan problema duguna aspaldian?

    Errepublikan, Kataluniako eta Euskadiko estatutuen debateetan sinonimotzat erabili dira regionalismo/nacionalismo eta particularismo berbak, edo biak batera beti elkarri lotu-loturik: Azañak, etab. (ik. Léxico y política de la Segunda República, 1980). PSOErentzat Foruak “los viejos particularismos” ziren eta Arana Goiriren abertzaletasuna partikularismo zaharraren jarraipen berria. Alderdi Komunistak PSOEren diskurtsoa bereganatu zuen puntu honetan, bestelako politika hobetsi bazuen ere; gerraosteko Arragoa komunisten aldizkarian bertan terminologia horrekin jarraitu da. “Nacionalismo particularista” Ortega y Gasseten formula klasikoa da katalan eta euskaldunen aspirazio politikoen arbuiorako («se trata de un sentimiento que se apodera de un pueblo o colectividad y le hace desear ardientemente vivir aparte de los demás pueblos o colectividades»). Espainia “se desmorona victima del particularismo”; “secesionismo vasco-catalan… mero caso especifico de un particularismo mas general existente en España” (España invertebrada). “Nacionalismo particularista” esaera ortegatarra beretu dute José Antonio Primo de Riverak eta Falangek. Gero frankismo guztiak. Francoren ondoko demokrazian oraintxe berton partikularismoaren akusua arrunt erabiltzen da (barianteekin: “excluyente”, etab.). Kataluniako auzia dela-eta, L. Bouza-Brey Bartzelonako Unibertsitatean Zientzia Politikoetako profesoreak “la esquizofrenia paranoide, aipatu du, que impregna la cultura política de Cataluña, infundiendo en sus representantes culturales y políticos, y en sus instituciones, un etnicismo particularista que los separa del conjunto de España”. Beste leku batean: “los nacionalismos periféricos han revestido rasgos de particularismo provinciano, de rechazo a la percepción de un interés común español”. Et ita porro. Bide batez: partikularismoa adieraz daiteke beste ele batzuekin ere (beti negatiboki). Errepublika baino askoz lehenagotik erdeinatu dute Euskadiko sozialistek euskal abertzaletasuna “filosofía de campanario” bezala, “espíritu rural y reaccionario”. Orainagoko zenbait neofalangistak, keru falangista zaharra arduratsu ekiditeko, ideia bera beste esamolde batzuekin errepikatzen du. Euskal Herrian ez dago oso urruti joan beharrik, partikularismoa (besteona) eta unibertsaltasuna (berea) kontrajartzen duen jendea topatzeko.

    Ni neu harritzen nauena da, eta kosta egiten zait sinestea, Unai Apaolazak ez omen duela inor aurkitu Euskal Herrian abertzaletasunari globalizazioa, internazionalismoa, kosmopolitismoa, h. d. unibertsala, kontrajartzen diona.

    Edo beharbada gertatu da berak, niri behintzat burutik pasa ere ez eta nire erantzunean inon ez zeuden alusio edo erreferentziak susmatuz ez dakit zein estrategiari buruz, nik esan ez dudan zerbait ulertu uste duela. Estrategiaren gorabeherak aparte lagata (beste kapitulu bat da hori), partikularra eta unibertsala elkarren uko bezala baliatzea, gaur egungo eztabaida politiko-filosofikoetako argumentarioan mila modutan dago presente: nazioaren kontzeptu alemana versus frantsesaren ipuinean batikbat (Gabilondok ere antza sinesten duena — gauza ezaguna baita edozein immigrante afrikarrek nazionalitate frantsesa duela berak nahi duen orduko, eta kontzeptu alemanak “Alemania capital Zurich!” aldarrikatu duela betidanik); frantsesek literatura etnikoak deritzenak edo regionalak versus nazionalak, edo Sarrionandiaren liburuko literatura txikiak eta literatura handiak; nazionalismo oro (partikularista) versus demokrazia (unibertsala), biok elkartezinak omen baitira gure demokrata batzuen juzguan; edo hiritarra versus nazioa, giza eskubide indibidualak versus eskubide nazional kolektiboak (batere ez omen daudenak), komunitarismoa versus liberalismoa, etab., irakurleak aisa irakur ditzakeenak euskaraz Jon Suduperen edo gaztelaniaz Aurelio Artetaren edozein testutan, adibidez.”

  8. Kaixo Joxe, seguruenik gaizki espresatu nintzen. Nire asmoa ez zen zure ahotan zuk esan ez dituzunak jartzea, gero eta gehiago entzuten den eztabaida bateri heltzea baizik (kazetariaren galdera eztabaida horren existentziaren seinale garbia da). Mindu bazaitut barkatu.
    Bestalde, ez dakit nondik atera duzun baieztapen hau: “Ni neu harritzen nauena da, eta kosta egiten zait sinestea, Unai Apaolazak ez omen duela inor aurkitu Euskal Herrian abertzaletasunari globalizazioa, internazionalismoa, kosmopolitismoa, h. d. unibertsala, kontrajartzen diona.” Nik dakidala beti azpimarratu dut kontrajartze hori egiten dela. Kontrajartze horrek jartzen gaituen desabantailazko egoeratik ateratzeko hausnarketa egitea da nire “obesesio” nagusienetako bat hain justu.
    Beraz, zure elkarrizketatik haratago, facebooken sortu zen eztabaidari heltzea zen nire asmoa: Partikulara/unibertsala, estrategia abertzalea, independentismoa, hegemonia…

  9. Joxek emailetik bidali dit hemen jartzeko:

    “Nire harridura nondik atera nuen? Hire lehenengo frasetik: “Ez dakit Euskal Herrian nork esaten duen unibertsaltasuna partikukarretik ez denik eraikitzen”. Alegia, Euskal Herrian hik eta nik askotxo entzun dizkiagulako globalizazioa, internazionalismoa, kosmopolitismoa, etab., partikular(ismo) abertzaleari kontrajarriak, ez handik hara eraikiak, suposatzen dituzten diskurtsoak.

    Mindu ez nauk egin. Ez duk lehenbiziko aldia, seguru asko ezta azkenekoa ere, gertatzen zaidala galdera edo baieztapen bat oker ulertzea testuinguruko erreferentziak atzematen ez nituelako (niretzat ezkutuak). Sukaldeko saltsan ez nagoelako? Belaunaldien arteko erreferentzia nagusien diferentziagatik?

    Barka, teknologia berriekin oso txarra nauk, facebook ez nian (diat) ezagutzen.”

Leave a Reply

Printer  Print This Page