New York – Martutene (Euskadi Saiakera Saria, 2014) Prentsa Oharra

By • Oct 30th, 2014 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Joseba Gabilondo Lapikokideak Euskadi saiakera saria irabazi du New York-Martutene lanagatik. Bertan, Ramon Saizarbitoriaren Martutene eleberria aztertzen du eta azterketa horretatik abiatuta oraingo Euskal Herria behatzeko klabeak ematen ditu. Hemengoa Euskadi saiakera sariaren aurkezpenean banatutako prentsa oharra da.

saiogintza

New York – Martutene: euskal postnazionalismoaren utopiaz eta globalizazio neoliberalaren krisiaz (edo nola desiratuko dugu orain?)

Uste dut ahantzia dugula, euskal literatura idatziaren (letratuaren*) bi genero nagusiak, historikoki, saioa eta erlijio eskuliburua izan direla. Jakina saioa, bere eraketarik zaharrenean, erdaraz idatzia izan da (gazteleraz, latinez, frantsesez) eta apología izena izan du, Martinez de Zaldibiarekin hasten baita, hark Hidalguía de los guipuzcoanos (1545-1552) eta Suma de las cosas cantabricas y guipuzcoanas (c. 1560) idatzi zituenean. Sasoian narratibak ipuin, istorio eta kondaira itxura zuen eta ahozko herri generoa zen, Lazarraga bezalakoak salbuespen baitziren. Baina zergatik erreferentzia zaharkitu hauek? XVI. menderaino jaitsi behar izan naiz, gaur egungo egoera zein desberdina den azaltzeko eta gaur egungo egoerak momentu hura gogoratzea zein beharrezko duen azpimarratzeko.

Izan ere, egungo saioari —euskaraz idatzitakoari— poesiari gertatu zaion bezala, narratibaren morroi edota bigarren mailako genero izatea suertatu zaio. Baina hain zuzen horregatik, euskaraz idatzitakoak narratibara jo duenean bakarrik izan du arrakasta, eta hala euskara afektibitatearen esparru esklusibora murriztu dugu. Euskal saioak, egun ere, erdararen esparruan du indarra, indarrik inoiz izan duenean, eta inoiz ere ez euskararenean. Joxe Azurmendiren Euskaldunak eta espainolak 1992an argitaratu zenetik, ez dut uste saio batek halako arrakastarik izan duenik, agian oroimenak traizionatzen banau ere. Eta Azurmendiren saiogintza ikusirik, harenean ere literaturak izan duen garrantzia ezin ukatu (Orixe, Mirande, Salaberry, Gandiaga). Neurea ere halaxe sortu da, literaturaren eta afektibitateren ondotik, Saizarbitoriaren Martutene-z idatziz, eta bidenabar, euskal XX. mende luzea (1898-2013) teorizatuz.

Goikoa ez da, dena den, saiogile baten negar nartzisista. Izan ere saioaren behar eta indar futuroa aldarrikatzera bainator. Neuk definitutako euskal XX. mende luzea 2013. urtean amaitzen bada, eta, beraz, euskal XXI. mendearen lehen urtean bagaude, bi arazo nagusi eta osagarri ditugu aurrean. Batetik, euskal abertzaletasuna, azken 40 urteetan, 60ko hamarkadan sortu zen pentsamendutik bizi izan dela, mailegu ideologiko luzeegi bati azken etekinak ateraz, eta beraz XXI. mendeko desafioa pentsamendu euskaldun berri bat sortzea dela, bertatik saioaren garrantzi paregabea. Bestetik, azken 30 urteetan, saioak Euskal Herrian eraberritzerik izan badu, gazteleraz ezagutu du, Jon Juaristiren El bucle melancólico mugimendu horren abanderatu izanik. Saio eraberritze hori, dena den, euskal abertzaletasunaren ukatze aktibo eta negartitik (teknikoki “histerikotik”**) elikatu da, eta hark ere bere elikaduraren iturria agorturik topatu du azken urteotan. Are, pentsamendu ukatzailea, eta beraz ezkorra, izan dela esango nuke, egiazki ezer berririk esatekorik izan ez duena. Beste nonbait esan dudan bezala, saio ezkor honi Euskal Herrian eman zaion erantzunik indartsuena, oraindik ere narratibatik etorri da, ez saiotik: Saizarbitoriaren Martutene horixe baita, beste zera askoren artean.***

Goiko bi egoera horien aurka, nator esatera, aldarrikatzera, egun, sekula lehenago ez bezala, saioa indar berria hartzen hasi dela. Eta, polemikarako bidea zabaltzeko —polemikak baitirudi hitz egin-arazteko bide bakarra Euskal Herrian— derradan, egun saioa narratiba baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa dugula. Inondik ere ezin aldarrikatu saioa jada errotu denik Euskal Herrian, baina pentsatu nahi dut geroa berea dela, literaturaren eta pentsamenduaren geroa berea duela. Imanol Galfarsororekin hasi eta Belen Altunarekin amaitu, saioa hedatuz doa. Agian oraindik ere narrazioak izan duen erakarpena falta zaio, baina goian hasi dudan mikro-polemika honek ere erakarpen hori sortu nahiko luke. Dokumentalek eta reality show-ek azaltzen duten bezala, errealitate egarri bat dago airean, eleberriak jada erabat asetu ezin duena. Saioek, reality show-ek edo Belen Estebanek ez bezala, errealitate hori pentsa dezakegula prometatzen digute, eta neoliberalismoaren eta globalizazioaren krisiak eragin duen errealitate garratz honen aurrean, ideia erabilgarriak sor ditzakegula. Neurea behintzat intentzioa horrekin idatzi dut.

———-

*Angel Rama, La ciudad letrada. Montevideo: Arca, 1984.

** Ikus nire “Histéricos con casta: masculinidad y hegemonía nacional en la España de fin de siglo.  (Para una arqueología feminista, torcida, marxista, poscolonial y posnacional del noventayochismo).” Género y escritura: 1850-2000. Eds. Barbara Zecchi and Raquel Medina. Barcelona: Anthropos, 2002. 120-61. http://www.joseba.net/barbarian/unamuno.html.

*** “Saizarbitoria y el ángel de la historia vasca (o Martutene como crónica de una utopía postglobal anunciada).” Cuadernos de Alzate 46-47 (2013): 295-314.

(Urretxu, 1963). Michigan State University-n irakaslea da. Argitaratu dituen liburuen artean, besteak beste "Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006)" eta "Apokalipsia guztioi erakutsia" (2009, Erein), Erein argitaletxeko saria jasotakoa azpimarra daitezke.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Kaixo Joseba. Zerbait erantzungo dizut, nahas mahas, nire esperientziatik abiatuta.
    Ez dakit saio baten arrakasta zertan datzan baina iruditu zait salmenta hutsarekin lotu duzula. Adibide “Espainolak eta euskaldunak” ipini duzu. Niri amak oparitu zidan, liburu saltzaileak gomendatuko zion. Marketing ona izan zuen? Nolanahi ere etxera iritsi zen liburua baina sekula ez naiz gai izan, birritan eta gehiagotan hasita ere, osorik irakurtzeko. Hainbat urte ondoren kapitulu jakin bat gogoz eta asmoz irakurri dut. Baina nago Azurmendiren azkeneko saioek arrakasta handiagoa dutela edota izatekotan direla, demagun “Barkamena, kondena, tortura” edo “Historia, arraza, nazioa”, literaturarekin harreman berezirik izan gabe. Orixeri buruzko biak zenbatek irakurri ote dute?
    Narratiba eta saioaren arteko harremanaz diozunarekin lasaitu nauzu nire alferkerian, beti saioak irakurtzera soilik jo izan baitut eta sarri kezkatu izan bainau literatura beti albo batera utzi izanak. Inoiz ez da berandu eta agian orain hasiko naiz, hainbeste telepredikatzaile moralista EITBko pulpitutik meza ematen ikusteak Jon Mirande irakurtzen hasteko gogoa pizten dit-eta.
    Tira, agian nire esperientzia ez da orokorra eta ez du balio auzia behar bezala aztertzeko. Baina esan behar nuen. Ondo izan!

Leave a Reply