Euskal patologia (berria, 2014-10-12)

By • Oct 12th, 2014 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Unai Apaolaza Amenabar – Filosofian lizentziaduna

berria

ident

Identitateez aritzerakoan, komenigarria da identitate politikoaren eta antropologikoaren arteko bereizketa egitea. Lehenengoa borondateak determinatzen du; bigarrena, aldiz, ez. Identitate politikoa etorkizunerako dugun nahi kolektiboak emango digu; horrela, independentzia nahi izateak subjektu independentistakoa egiten gaitu, adibidez. Azpimarratzekoa da, era berean, identitate politikoa ez dela ezerezetik sortzen; bizitzea egokitu zaigun inguruak eragin zuzena du etorkizunera begira ditugun nahietan. Inguru horrek gure hautu politikoa (identitatea) baldintzatuko du, baina ez du determinatuko. Badugu askatasunerako tartea, beraz. Tarte hori da politikaren esparrua; independentista berriak sortzeko dagoen posibilitatea.

Baina zergatik pizten du Euskal Herrian antropologiak horrenbesteko interesa? Zaletasun horren zergatia abertzaletasunean legoke, Euskal nazionalismoak sarri identitate antropologikoa erabili baitu politikoa den identitatea artikulatzeko; eta horrek bere jiteak utzi ditu. Euskal identitatearen azterketak, interes antropologikoa baino gehiago, interes politikoa du gurean, ordea. Ondorioz, egin beharreko galderak ere politikaren esparrukoa beharko du izan: euskal identitateaz aritzeak indartu egiten al du independentziaren, feminismoaren, euskararen, sozialismoaren… aldekoen multzoa?

Identitateen definizio guztiek sortzen dituzte gutarren eta besteen taldeak. Diferentziaren logika darabilte. Identitate antropologikoaren kasuan, bien arteko muga mugiezina da. Identitate politikoaren kasuan, aldiz, bere formulazioak, eraginkorra bada, muga hori mugitu eta bere aldera ahalik eta pertsona gehien erakartzea ahalbidetu behar du. Euskal identitateari (antropologikoa) politikotasuna emateak independentismoari muga estuak jartzea dakar. Erresistentziaren logika jartzen du agerian, ez zabaltzearena. Euskaratik, euskal kulturatik… ez da diferentzia eraiki behar, berdintasuna baizik.

Identitaterik indartsuena aipatzen ez dena da. Patxi Lopezek, Gasteizeko parlamentuan bota zuen diskurtso sonatu batean, bere identitatea Koskojales kaleko pisu txiki batean hasi eta ez zela inon bukatzen baieztatu zuen. Patxi Lopez, noski,operazio hegemoniko bat egiten ari zen; bere unionismoa aipatu gabe identitate normala-ren estatusa ematen ari baitzitzaion. Bada, euskal identitatearen inguruko amaierarik gabeko eztabaida eta aipamenek, independentismoa, obsesio identitarioa bilakatzea dakarte, unionismoari normaltasuna-ren estatusa oparituz.

Identitateaz behin eta berriz aritzea patologia baten seinale da. Ez ote dugu diferenteak garela (hizkuntzarik zaharrena, Europako lehenengo biztanleak, borrokalarienak…) pentsatzearekin plazera sentitzen? Eta Imanol Galfarsorok askotan azpimarratu duen moduan, ez al diogu independentziari beldurra horrek gure berezitasun sentsazioaren desagertzea lekarkeelako? Batzuek nahiago dute diferente izan aske izan baino, eta horrelako patologietatik zaila egiten da estrategia politiko eraginkor bat egituratzen. Patologia honen adibidea da «Euskal Herria euskalduna, sozialista… ezean, ez dut independentziarik nahi»baieztapena. Euskal identitatearen inguruko matraka ematen duen independentismoa da unionismoari komeni zaiona, hortaz. Estatua lortzeko gai izango den naziotasun sentimendu diferenteak barnebiltzen dituen independentismoa eraiki nahi badugu, antropologia gutxiago eta politika gehiago egin beharko dugu.

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

3 Responses »

  1. Sentimendu gabeko independentziaz
    (Unairi erantzun berantiarra)
    Nazio identitate ezberdinak dituzten jendeak bilduko lituzkeen independentismoarekin amets egiten dugu euskal herritar batzuok. Azkenik, Unaik erabiltzen duen terminoa erabilita nazio antropologikoari bizkar eman eta nazio politiko huts berri bat eraikiko genuke. Azkenik, XVIII mendetik hona edozein iraultzailek nahi izan duen bilkura guztiz libre ez predeterminatuan non denok parekoak izango ginatekeen izango genuke: hitzarmen politiko librea. Hori bai estatu forman.
    Hartara, politika aurre-determinazio zahar eta maiz absurduetatik askatu eta politika-politika egiten hasi beharko dugu. Euskal errepublika, finean, euskal herrian kokaturik izanda ere, edozein txokotan sor litekeen jende berdinen bilkura izan liteke.
    Ideologia zaharra da hori dena. Ez berria. Hiritarren ideologia da. Eta nik asko maite dut. Estatua biztanleen elkarkidetza gisa irudikatzen dudalako, eta ordainik eskatzen ez duen elkarkidetza, bazkide kuota bakarra: hor bizitzea, hor egotea ezarri duen jendartearen erakundetzea. Estatu anarkista samarra, atea beti baitu irekirik.
    Ados, halako estatuk ezin du antropologi museotan dauden bildumetan oinarri izan. Jendeari beharren arabera erantzun behar dio, atxikimendua, berriz, askatasun eta duintasunaren izenean eta haien bermerako eskatu.
    Baina, politika hutsari eman baino lehenago, ez genuke soziologia apur bat egin behar. Euskal estatua, edo euskal hori gabe, oso zorrotz definitu gabeko “hemen” batean sor litekeen estatu berri hori noren asmoa da? Nor ari da estatu berri baten matraka ematen? Nork ezarri dio bere buruari estatu berri baten alde ororen atxikimendua lortu beharra? Euskal abertzaleek, ez bestek.
    Beraz, politika hutsaren estrategian, denon estatua izango litzatekeen hura eraikitzeko orduan, independentista ez-antropologikoak benetan ari den jendearen ezaugarri psikosozialei bizkarra ematen dio: taktika ona al da? Ezaugarri psikosozialak: gustua, nahia, asmoa, sinesmena, ohitura, jarrera… Horiek ez al dira independentziara bidean landu behar direnak? Benetan eraiki ahal da estatu berri bat estatu hura nahi duen jendeari matraka ez emateko esaten, edo beste matraka bat eman behar duela agintzen/iradokitzen?
    Bestalde, halako estatu planteamendua al da independentismo modu legitimo bakarra? Esan nahi dut, ez al da hori ere “nik estatu sozialista ez bada ez dut nahi” horren parekoa? Nik, independentismo zabala, identitate guztiak biltzen dituena ez bada… ez dut nahi.
    Parte bateko independentismoa izan dugu orain arte, aldatzeko ordua da. Ados. Espainiar naziokide sentitzen diren guztiei segurtatu behar diegu ez dutela hiritartasun gramo bat ere galduko, baina euskal errepublikak egitasmo jakin bat behar du izan. Bada garaia batetik egitasmo hori beldurrik gabe zertzeko, eta bestetik zer garen/zer sentitzen garen alde batera uzteko eta zein instituzio/estatu/botere-antolamendutan bizi nahi dugun galdetzen hasteko.
    Aldaketa hori, dena den, errez asko egin daiteke paper batean. Beste kontu bat da jendeari eragitea. Identitatea, galga edo motorra izanda ere, ez da antropologia klasikoaren kontua, soziologiarena da. Ondo jakin izan dute hori Katalunia batean, soziologoek lekutxo bat izan dute hango prozesuan eta jakin izan dute identitate (politiko) berri bat sortzen: kaltetutakoen identitatea.

  2. Kaixo Edu, oraintxe ikusi dut zure kritika. Datozen egunetan emango dizut erantzun egituratuago bat, baina orain eta poteprontoan bi apunte botako dizkizut. Iruditzen zait zure kritikari indarra emateko nik esan ez ditudanak erabili edo esandakoak muturreraino tenkatu dituzula. Nork esan du identitate antropologikoa independentismoa egituratzeko erabili behar ez denik? Nik dudan sentsazioa da, orain arte independentismoa artikulatzeko erabili diren bideak pisua galdu behar dutela esateak, bide horien kontrakoen bandoan sarzten zaituztela. Hau da, identitate antropologikoak independentismoa artikulatzeko orduan pisua galdu behar duela esateak ez du euskal identitate antropologikoaren kontra zaudenik esan nahi (seguruenik kontrakoa da, bide berriak proposaztea baita euskal identitate antropologikoari eman lekioken bultzadarik handiena). Euskal identitate antropologikoa independentismorako bide bat da, baina kontuz, ezin dugu bide bakarra edo nagusia izan behar denik “inposatu”. Hemen hegemoniaren kontuak argi izatea ere mesede egingo liguke.
    Beste kontu bat. Nire ustez, independentismoaren gaitz handienetako bat lanabesak helburu bilakatu ditugula da eta honek ez digu lanabesez aldatzen uzten, proposatze hutsak oraindik hereje bilakatzen zaitu. Hortxe gabiltza buelta eta buelata rotondatik ezin atera matraka berarekin.
    Bukatzeko, eztabaidaren parametroak soziologikoak ere badira noski, baina batez ere politikoak beharko lukete izan, hau da, estrategikoak; zein da estatua lortzeko biderik eraginkorrena?

  3. Edu, denborarik gabe nebilek eta erantzun zabalagoa idatzi bitartean eta nire posizioa hobeto ulertze aldera hemen daukak Enbata aldizkarirako idatzi niken kolaborazio bat. Sentimendu gabeko independentzia baino sentimendu anitzekoa da nik aldarrikazten diatena, noski “euskal” deitzen den identitate horrek kudeatutakoa. %80ko independentismo aktiboa sortzeko baldintzak dizkiagu, aprobetxa dezagun.

    http://eu.enbata.info/artikuluak/zer-da-abertzale-izatea-gaur-egun/

Leave a Reply