Euskal Antigonak: Mitoa eta Ideologia (Ainhoa Güemes – naiz: 2014/04/18)

By • Jul 19th, 2014 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

Euskal preso politiko guztiei eta Eva Foresti dedikatzen diet izkribu hau

ANTIGONAREN EPITAFIOA
Etenerraz eta garden
indartsuena bera, kristala lez
pietatea izan zen bere arma bakarra. Adi izan!
Aquiles eta Odiseo,
Heracles eta Jason, jaungoiko ahaldunak
 Carlo Frabetti (Harena; Ainhoa Güemesek itzulia)

> Ur sakonetan sartuak

AntitxAtzotik (eta atzo diodanean historiaren lerro zuzena ez den denbora mitikoaz ari naiz, gure jatorrizko genealogia ontologikoaz mintzo naiz: hain zuzen, historian zehar konpartitu eta defendatu ditugun balore-estetikoen sintesiaz ari naiz…), beraz, atzotik juntatu gara hemen, Baiona ttipian, altxamendu handi bat probokatzeko nahiarekin: ‘Baionako Artilezko Altxamendua’.

 Euskal Herrian, independentzia eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen ari gara aspaldi, eta horretarako, komeni da pentsatzea gure burua eta gure komunitatea nola elikatu sinbolikoki eta materialki; eratzen gaituen diferentziatik nola zaindu, nola (bir)erreproduzitu amankomunean dugun altxorra. Elkarrekin ari gara deliberatzen hemen, euskal museoan, kultura-aniztasunetik, feminismotik, gure euskal estatu-nazio-herri-komunitatearen identitate berezitua zer-nolako irizpideetatik birsortu nahi dugun.

Nire aburuz, eta hau izango da egingo dizuedan aportazioa, derrigorrezko dugu herri honek duen funtzio etikoa finkatu, ez soilik eszena (makro)politikoan, baizik eta plano estetikoan. Estetika zientzia bat da: mitoen, ideien, sinboloen, erritoen, gure balore ezberdinen deskribapen sistematikoa. Beste modu batean esanda, euskal estetika litzateke mendeetan zehar gorde dugun indar-meta, sinbolo-gida, artelan-tresna,… hau dena sormen erreserbarik preziatuena izanik.

Sormenik eta arriskurik gabe zibilizazioak eta herriak hondoratu egiten dira, ametsak eta indar aktiboak agortu egiten dira ez bagara sartzen ur sakonetan.

Lan topologikoa eginez, magmatik kosmosera doan iturritik edatera goaz.

Gure nahia, esentziaz, aukera haragiztatu bat da, gorputzei eta lurrari, materialtasunari erabat atxikita.

anti-2-urbasaGuztiz posible eta erreala den mitoari, afirmatiboa den sorkuntza prozesuari loturik egon behar da herri borondatea. Mundua gure borondateak eraikitzen duela jakinda, beste era batzuetara eratu daitekeela badakigu ere. Guk mundu bat nahi dugu eta ez bestea. Hau dena ez da utopia antzemanezina. Eta eraldaketa honen lekukotasuna jasotzeko bildu gara hemen.

Sorkuntza-aurkikuntza prozesua biolentoa da, oso: latza eta gogorra, polemikoa eta gatazkatsua, gehiegizko ekintza bat da ezagutzaren eremura iristea. Are gehiago, gure nahiaren alde eta sistema zapaltzaileen borroka honetan, subjektuaren eta haren praktika epistemiko unibertsalizatzaileen deszentralizazioa biolentzia sinbolikoaz egin behar dugulakoan nago. Ondorio totalitarioak saihestu eta hizkera-teoria, baita praktika burujabe bat berriro asmatzea ez da bide erreza.

Hala ere, kaosetik burmuinerako bidaia eginen dugu, gure pentsamenduari helduko diogu, ihes egin ez dezala, zeren ez dago ezer larriagorik bere baitatik ihes egiten duen pentsamendua baino. Saiatuko gara ere gure jendarteak garai jakin batean onartutako formuletatik geure burua garbitzen. Eta zailtasunez, baita plazerez ere, jakintzara, minaturiko egoera horretara heltzeko, arbasoek landutako mitoa ezagutzea ezinbestekoa delakoan nago.

Ikus dezagun beraz Antigonaren mito klasikoak erakusten diguna. Mito klasikoa gureganatu dugu, orainean, eta gure erara (bir)produzitu egingo dugu narrazio honetan.

Mitoa gure kapital sinbolikoa da.

> Genealogia baten narrazioa

Anti-3-azkorritik sorginetxera 040Nor izan zen Antigona? Zeren alde bizi izan zuen, zeren kontra errebelatu zen? Eratu zuen Antigonak disidentziatik diskurtso propiorik mitoaren muinean? Zer dela eta lurperatu zuten bizirik? Bestetik, nortzuk dira XXI. mendeko euskal Antigonak? Badute Euskal Herriko Antigona desobedienteek bi Estatu hegemonikoen arau zuzenetik urruntzen den genealogia politikoa eraikitzeko ahalmenik? Baina benetan existitzen dira orain eta hemen pertsonai tragiko hauek, gudari hauek? Bai, existitu existitzen dira, eta mito klasikoaren Antigona bezalaxe, gure herriko Antigonak jasan behar dute Estatu menderatzaileak ezarri dien zigorra: ziega ilunetan daude jarrera politiko disidente bat erakutsi dutelako.

‘Antigonaren garrasia’ titulua duen saiakeran (2001), Judith Butler filosofo estatubatuarrak galdetzen dio bere buruari, ea haien helburu politikoak lortzeko bidean, Estatuaren laguntza, babesa edota tutelajea bilatzen duten gaurko feministen kontra-figura ez ote den Antigona. Antigonaren adibideari erreparatzen badiogu, segidan ohartuko gara estatuaren kontrako joera argi azaltzen duela, estatu inposatzaileak sarritan bortizki erakusten duen autoritarismo joera dela, hain zuzen, Antigonak onartu ezin duena. Antigonak desobeditzen du, intsumitua da, estatuaren lege abstraktua, absurdoa bezain mingarria den lege hori kolokan jartzen du ozenki.

Oihana eta Itziar euskal preso politikoak, terrorismoa egotzita, Frantziako kartzela batean daude, hain mingarria den lege abstraktu eta absurdoa kolokan jartzeko ahaleginean, haiek, beste kideekin batera, protagonizatu duten altxamenduan sarritan adierazi dute Estatu menperatzaileen autoritarismo bortitza onartu gura ez dutela. Estatuek kriminalizatu dituzte Oihana eta Itziar, baina, nortzuk dira gudari hauek, zeren alde bizi dute, zeren eta noren kontra errebelatzen dira? Eratu dute emakume borrokalari hauek desobedientziatik diskurtso propiorik euskal komunitatearen muinean?

Antigona, greziar mitologian, Edipo Tebaseko erregearen eta Yocastaren alaba da. Bi neba ditu: Polinices eta Eteocles, horrez gain, beste arreba txiki bat dauka, Isemene izena duena. Antigona, leialtasunaren sinbolo gisa agertzen da Sofoklesek idatzitzako tragedian. Polinices eta Eteocles, bere anaiak, Tebas gobernatu nahian, bata bestearen kontrako borrokan hiltzen dira. Creonte erregeak Eteoclesi hildakoek merezi zituzten ohoreak eskaini zizkion. Bestalde, Polinicesen gorpua lurperatu gabe utzi zuen, piztiek jan zezaten, eta agindu hori betetzeko prest ez zegoen edonor heriotzarekin zigortuko zuela abisua eman zuen soberanoak.

Antigonak, Creonteren aginduaren kontra, bere nebari behar bezalako erritualak eskaini zizkion. Jatorrizko komunitatea eta bere linajearen desira jarraituz, nebak merezi zuen bezala lurperatzeari ekin zion. Erabaki horren ondorioz, Creontek Antigona lurperatu zuen bizirik, koba baten iluntasunean, gosez eta arnasik gabe hil zedin. Antigona soka batetik zintzilikatu egin zen, bere buruarekin beste eginez.

Creontek akatu zuen Antigona; diskurtsoaren bidez inposatzen ari zen gizon boteretsu batzuen estatugintzaren dialektika neurotikoak bizi-lege duinen kontra zuzen jo zuela esan dezakegu. Neurri handi batean, Antigonak arriskuan jartzen du bere burua bizitzaren eta bizidunen inmanentziarekin erabat loturik dauden erritoak zein baloreak estatu berriaren lege inposatua, traszendental eta abstraktu horren gainetik daudela sinesten duelako zinez. Antigona bere odola ematen du komunitatearen lege partikularren alde. Antigonak bere komunitatearen diskurtso hegemonikoaren defentsan ateratzen da. Baina diskurtso hori, estatu berriaren eraikuntzarekin hegemonia galtzen ari da. Diskurtso hegemoniko batetik hegemonikoa izango den beste diskurtso baterako tranzisioak markatzen du mito honek.

Izatez, badira unibertsaltasunetik artikulatu nahi diren arau batzuk, kultura edo pentsamolde ezberdinen mugak ezarri eta haien arteko ulertze edo ez ulertze-prozesua deliberatzen dutena. Antigonak defendatu zuen arau zaharra (bere neba lurperatzea ohore guztiekin) ez doa bat Creontek ezarri zuen joera eta pentsamolde berriarekin. Beraz, Creonte ausartu zen deslegitimatzen bere komunitatean mendeetan zutik iraundu zuen mandatu hura: alegia, pertsonak, senitarteak merezi duten bezala lurperatzearena, hain zuzen.

Anti-4-destino 4Duintasunez hiltzea izango zen guztiaren gainetik errespetatu behar den lege natural bat garai hartako giza talde horretarako, bizitzaren inmanentziari lotuta dagoen agindua, apika, edo talde honen jardun etiko-estetikoaren elementu eratzailetariko bat; Lacanek esango zuen lez, elementu eratzaile hau arau sinbolikoaren zutabe bat izango zen Antigonaren linajearenzat. Hegelentzat, aldiz, linaje baten elementu eratzailea arau sinbolikoa baino odolaren harremana litzateke. Irigarayrentzat, Hegelentzat ez bezala, odol-harremanak ez dira zentzu literal batean harturik, gorputzen zerbait oso grafikoa erakusten du odolaren aipua psikoanalista feministarentzat.

Unibertsaltasun printzipio abstraktuak baino sakratuagoa den zerbait esango genuke, Estatuaren legeak deuseztatu behar duen zerbait. Odola dario hori (zentzu sinboliko sakonean) estatuaren gerra makinaren poderioz xurgatu ezean, hau da, fluido substantzial hori (desira, potentzia, norbere eta talde oso baten bizi-borondate berezitua) Estatu modernoen hegemoniatik at geratzeko arriskua egon badagoelako. Estatua zutik mantentzeko, hain fisikoa eta fluidoa den subsistentzia hori kontrolpean mantendu behar da.

Horrela, maskulinitate hegemonikoa unibertsaltasun printzipioen Estatu berri horretan garaile atera dadila, femeninoa den oro (baita parekideen komunitatearen den elementu, esentzia, substantzia eta herentzia oro), ez bakarrik sinbolikoki baizik eta fisikoki ere, zainetatik, errotik, iturritik datorren fluido hori deuseztatu egingo da, solidoen estatua finkatuz. Behin subsistentzia hori itota, Estatuaren eta maskulinitate hegemonikoaren autoritate fisikoa eta sinbolikoa ezarri egingo da. Orduan, senitarte edo parekideen komunitatean adostutako bizi-legea bertan bera geratuko da, estatu patrialkalaren eta ez komunalaren mesedetan.

Creonteren logika bera ez baldin bada, zein da Antigona disidenteak maneiatzen duen logika? Estatuen historiatik ez datorren beste genealogia baten logika da Antigonak ontzat hartzen duena? Historian, gizonezko boteretsu batzuek protagonizatu duten estatuaren eratze prozesua baino lehenagokoa akaso? Creonte Antigonaren osaba da, beraz, linaje berberekoak dira biak, orduan, zer arrazoiak bultzatzen du Creonte Antigonak defendatzen dituen baloreak ez errespetatzeko? Nondik datoz Antigonak defendatzen dituen baloreak? Existitu egiten da munduan komunitate edo etnia bakoitzeko nozio edo estruktura etiko zein kosmologiko ezberdin bat? Non dago sustraitua Antigonak gorpuzten duen sinesmena?

Ba, begi bistan, hain fisikoa den subsistentzia horretatik datoz bere sinesmenak, mendeetan zizelatua bere baitan, erabiltzen duen hizkuntzan grabatua, kultura baten efektuak gorputzetan irakurgai. Jatorriaren analisi bezala, genealogia gorputzaren eta historiaren artikulazioan dago. Hartara, gorputza agertzen da “historiaz erabat blai eginik, eta historia gorputza hondatuz (Foucault)”. Creonte urrundu da bere jatorrizko komunitatean denboran zehar konpartitu diren baloreetatik, sinesmenetatik. Beste balore batzuk, beste hitz batzuk zizelatzen eta tatuatzen hasia da bere burmuinean eta bere azalean. Bere aldetik, Antigonak ez dio uko egin nahi jasotako altxor sinboliko horri. Antigonaren borondatea eta Creonteren borondatea borrokan dihardute oraindik ere? Antigonak bere komunitatearen, bere linajearen elementu konstitutibo batzuen alde borrokatzen jarraitzen du…

Ikus dezagun Sofoklesen obra honetan, Antigonaren funtzio errepresentatiboa, itzaltzen ari den orden etiko baten azken ale, azken distira irudikatzen duena. Pentsa dezakegu trantsizio bat markatzen ari dela Antigona mitoan: senideen eta parekideen arteko botere-harreman komunitarioaren disoluziotik unibertsaltasun printzipioetan oinarritutako Estatu modernoen egiturara doan lerro zehatza, hain zuzen. Antigona, Creontek ezarri nahi duen Estatu berrian, bere jarduera etiko-politikoa aurrera ateratzean, kriminal bat bihurtuko da. Zeri eta nori izaten ari da leiala Antigona? Zeren eta noren konplizea? Horregatik kriminala? Horregatik errudun? Antigonak bere nebak merezi zituen ohoreak egin zizkion, bizitza duin batek heriotza duin bat dakarrelakoan.

Beraz, ikusten goaz giza-talde, komunitate, linaje edo familia berberaren kideek badutela amankomunean, edo denboran elkarrekin garatzen dutela, hobeto esanda, hainbat balore eta sinesmen. Elkar-bizitzarako, eta bizitza edota heriotza duinago baterako erabilgarriak diren nozio etiko-estetiko hauek arau bihurtzen doaz, komunitatearen sinbolo ezaugarriak izanik.

Itzul gaitezen gaur egungo euskal Antigonaren berezitasunera: nortzuk dira Estatu inposatzaileen paternalismotik, misoginiatik eta autoritarismo bortitzetik urruntzen saiatzen diren euskal Antigonak? Arrisku handietan ikasiak, ur sakonetan sartuak; erresistentzian beldurra, itsutasuna, amorrua eta desesperantza sentitu dutena, baina, aldi berean, haien burua indartzen duen borondateari esker, leialtasunaz, zuhurtasunaz eta grinaz jositako esperientzia bizi izan dutenak.

Anti-5-chania 59Euskal Antigonek, borrokalari feminista abertzaleok, gure lur honetan, gure komunitatean sortu nahi dugun obraren kokapen zehatza markatu dute dagoeneko. Erresistentzia, askapen eta jabekuntza prozesu luze honetan, feminista abertzaleok, bai subjektu sortzaile bai subjektu politiko gisa baiezko borondateari, erabat bizizale, duin eta afirmatiboa den herri borondate-zutabean guztiz finkatuta gaude. Mendeetan jasandako ukazio orori aurre egi diogu, batzuetan galtzaile atera gara, beste batzuetan irabazle.

Sofoklesen obran irudikatzen den Antigonaren antzera, gu ere, neba-arrebarekiko eta komunitatearekiko, gure herriarekiko leialtasuna erakusten dugu. Eta gure buruari galdetzen diogu: non daude, nortzuk dira gure neba-arreba ideologikoak? Nortzuk dira gurekin batera euskal komunitatearen jatorrizko elementuak erreproduzitu, aberastu eta birsortu nahi dutenak?

> Ziegatik aterako gara

Beraz, ziegatik aterako gaituen zirrikitua topatu nahi baldin badugu, funtzio etiko-estetikoa birplanteatu behar dugu, herri heterotopiari ateak zabaltzen ari gara orain, izan ginenetik izango garenera. Orainak badu bere baitan etorkizunaren erronka. Ate batzuk zabaldu, eta beste batzuk itxi beharko ditugulakoan nago. (Bir)produzitu bakarrik positiboki baloratzen dugun hori, soilik gure izaera diferentziala indartuko duen hura.

Museo baten barruan gaude, sorkuntza mitologiko zaharretik euskal postmodernitatera gertatu denaren artxibo orokorra kritika postestrukuralista eta feministatik idazten. Heterotopiak, Foucaulten esanetan, erlazionatuta daude denbora heterokronikoarekin.

Eta zer ikusirik du guzti honek planteatzen ari den euskal funtzio etiko-estetikoarekin?

Are gehiago, zer ikusirik du honek Euskal Estatu sozialista eta feminista eratzeko grinarekin?

Euskal Herrian, postmodernitate (trans)feminista bat irudikatzea da gure helburu, eta hau ez da utopia bat, heterotopia bat baizik: Estatu kapitalista eta patriarkalen arau suntsitzaileari aurre egingo diogu arteak, orokorrean sormen lanak eta gorpuzten gaituen desirak mamitzen duen norbere eta herri borondate indartsuari esker. Eta hori da, hain zuzen ere, sorkuntza genealogikoak, arkelogikoak eta mitologikoak argi erakusten diguna. Herri-nahia edozein Estatuaren lege abstraktu eta instantzia itxien gainetik kokatzen baita.

Anti-6Ihes egin gaitezen orain zabaltzen ari diren zirrikituetatik. Ziegatik aterako gara, seguru; gure kideak kartzelatik aterako ditugu. Bitartean, kanpoan eta barruan, preso mantentzen gaituzten kateak dinamitatu behar ditugu.

Ez dago heterotopia bat ere unibertsala denik. Ez dago munduan unibertsala den funtzio etiko-estetikorik. Egia esan, ez dago elementu unibertsalik baizik eta hegemonikoak izan nahi duten indar aktibo eta erreaktiboen etengabeko guda odoltsua: bihotzean taupada eta sabelean eztanda egiten duten indarrak.

Erabiltzen ari garen indarrak aktiboak eta positiboak baldin badira, hau da, gure nahia eta herri-borondatearen aldekoak baldin badira, bizipoza ematen digutena, gure desira elikatzen dutena, segi dezagun aurrera.

Bizi garen espazio-denbora mitikoa zein errealetik harago ez baitago beste ezer. Bizitza duinaren aldeko guda hau, hemen eta orain, jokatzen ari da.

Ainhoa Güemes. Baionako Artilezko Altxamendua, UEU, 2014

naiz:

libre, tropikala eta feminista bloga – AINHOA GÜEMES ETA ZALOA BASABE

 

 

Leave a Reply