Populismoa: Euskal abertzaletasunaren imajinazio politikoa populista al da? (Podemos eta Front National-i buruz)

By • Jun 5th, 2014 • Category: Azterketak eta Azalpenak

(Behekoak apunte azkar batzuk dira, seguruenik errebisio eta zuzenketa ugari eskatuko dituztenak, azken egunetako aldaketen presak diktatuak)

pop1Hara non gutxien espero genuen hitza eta eraketa politikoa bihurtu den egun Euskal Herri kontinentala eratzen duten bi estatuetan egoera politikoa esplikatzen duena. Marine Le Pen-en gorakada sinestezin eta eskuindar-fundamentalistaren ondoan, EHBildu, ERC eta Podemos-en garaipenak ditugu populismoaren espektro politikoaren isla simetriko ezkertiarrak.

EHan eta Lapikoan ere, “hegemonia eta ideologia” bikote gramsciarra oraintsu sartu dira, nahiz eta berauon berreskuratze anglosaxoia 80ko hamarkadan hasi zen, Althusserrengandik haratago egin nahiz, Laclau-Mouffe eta Subaltern Studies Group bezalako autore-taldeekin. Alabaina, Indian subalternitatearen ikerketak amaitzear badira ere, Laclau bezalako autoreek, jarauntsi gramsciarrari eutsi diote eta, “la deriva bolivariana”-ren indarrak eraginda, arazo politikoak Latinoameriketatik pentsatzen saiatu dira (izan ere nahiz eta Laclau Argentinan hasi, bere karrera intelektuala Ingalaterran eta Estatu Batuetan egin zuen bertako ingurune marxistetan). Oker egon naiteke, baina uste dut neuk sartu nuela bere pentsaera euskal munduan, 2001 edo 2002. urtean Renora gonbidatu nuenean. Handik urtebetera Bilbora ekarri zuten.

Eta birlekutze honetatik abiatuta, Laclauk bere proposamen lehenari (emazte Chantal Moufferekin idatzia) Hegemony and Socialist Strategy (1985), azken aldian jira bolivariar bat eman dio, On Populist Reason (2005) eta Fernandez de Kirschnerren bulegoetan agerraldi bat baino gehiago egin ditu, neoperonismoaren eta populismoaren loturak indartze aldera, antza.

Sasoi bateko Laclau eta Zizeken arteko eztabaidak zirela eta, bazirudien Laclau ahaztuxe eta zahartuxe zegoela, egun Negri, Ranciere, Zizek eta Badiouk apokalipsi politiko postmarxistaren zaldunak ematen baitute.

pop2Alabaina, badirudi, azken joera politikoak kontutan hartuta, lau zaldun hauen pentsaera agian mandarindarregia bihurtzen hasia dela eta on Laclauren teorietara itzuli beharko dugula (on Laclau diot, zeren inork aurrean ikusi badu, badaki Kant baten argitasun baina konplexutasun berarekin hitz egiten duela, erarik artikulatu eta arraziionalean, Zizeken inkoherentzia, txiste eta gorputz-hizkuntza ia nitzschearretik urrun, 180 graduko jiran).

Egia esan behar dut, On Populist Reason irakurri nuenean, betiko Laclau jada aspergarria iruditu zitzaidala. Alabaina, kontrakarrean, nire nahiaren aurka, testu hau, ia mamu baten antzera, itzuli zait gogora behin baino gehiagotan. Doktoradutzako mintegi batean erabili eta gero, erabat berrirakurri beharko dudala/dugula aitortu beharra daukat (mintegia hain zuzen frankismotik demokrazia neoliberalerako jarraitasun historikoaz zen, literatura eta zinea abiapuntu hartuta).

Are gehiago, Laclau bere buruaren kontra erabili beharko dugu, izan ere bere epistemologia postestrukturalista eta joera kuasi-kantiar ahistorizista gainditu beharra dago.

Ez dago hemen liburua osorik laburbiltzerik (nahiz eta berrirakurri eta gero mereziko lukeen egitea). Alabaina, bere tesi batzuk sinpleak bezain garrantzitsuak dira.

1- Populismoa dela egun logika politikorik garrantzitsuena.

2- Populismoa beti errealitate politiko heterogeneo eta zatikatu bat eratu-artikulatu nahi izatetik abiatzen dela eta horregatik diskurtso politiko arrazional eta egituratu batek (marxismoa) ez duela garrantzirik eremu politikoa eratzeko eta mobilizatzeko orduan. Lider/buruzagiaren populurarekiko karisma eta afektibitate-erlazioak askozaz dira garrantzitsuagoak.

3- Antagonismoa dela oraindik ere eraketa politikoaren abiapuntua (Pablo Iglesiasek hain ondo eratu duen “la casta’-ren diskurtsua: etsaia la casta da; Marine Le Penentzat Europa neoliberala eta etorkinak dira).

4- Antagonismoaren aurkako populuaren behar eta nahiak oraindik ere ekibalentzia ardatz batean berregituratu behar direla (alegia etsaiarekiko oposizioak bateratu behar duela populua beronen eskakizun heterogeneoei koherentzia emanez liderraren karismarren bidez).

pop3Alabaina, Laclau bera da txarrena lider / buruzagiaren karisma eta afektibitatea esplikatzen. Laclau da txarrena eskakizun horien izaera historikoa kontutan hartzen. Laclau da txarrena populismo batzuk zergatik diren “onak” eta beste batzuk “txarrak” esplikatzen (sozialismoa / faszismoa). Beraz Laclauk berak ez ditu esplikazio onak ematen populismoaren mugak non dauden aztertzeko: Pablo Iglesias eta Marine Le Penek logika politiko berari erantzuten badiote, elkar-truka al daitezke? Iglesiasek ezkerraldeko faszismoan amai al dezake? Nola desberdindu Negriren multitudea eta Laclauren populua? Oker ez banago, Andoni Olariaga kexu zen Podemosek dagoeneko konstituzio espainiarren erreferendum eskaeran ez zuela euskal independentzia kontutan hartzen:  “Podemos quiere que en Euskal Herria y los Paisos Catalans tengamos derecho a decidir pero sobre todas las cuestiones,  pero luego para España SOLO un referendum sobre monarquia y republica (o sea,  no se puede elegir en que republica -la vasca,  la espanola- queremos vivir)  Nada nuevo con la izquierda española,  consejos vendo pero para mi no los tengo”. Baina, populismoaren historia, Laclauk esplikatzen ez duena, historia (espainiarrean) erroturik badago, ez genuke espero behar abertzaletasun espainiarra izango litzatekeela populismo espainiar (frantsesaren) muga absolutua eta beraz hor ez dagoela gerorik? Eta azkenik… EHBildu (edo/eta EAJ) ere subjektu-erakunde populista bat al da? Zein izango lirateke baieztapen honen ondorioak? Euskal abertzaletasunaren imajinazio politikoa beraz populista al da?

Hemen esteka bi gazteleraz, arrazoi populistaren arazoaz, bere historikotasuna eta aukera futuroak ulertzeko:

Deriba bolivariarra: http://www.pagina12.com.ar/diario/contratapa/13-247436-2014-05-31.html

Euskal Herrirarekiko erlazioak; http://www.naiz.info/eu/hemeroteca/gara/editions/gara_2014-05-27-07-00/hemeroteca_articles/tendremos-la-mano-tendida-hacia-el-dialogo-por-un-futuro-de-paz

(Urretxu, 1963). Michigan State University-n irakaslea da. Argitaratu dituen liburuen artean, besteak beste "Nazioaren hondarrak: Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak (2006)" eta "Apokalipsia guztioi erakutsia" (2009, Erein), Erein argitaletxeko saria jasotakoa azpimarra daitezke.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. […] ez dela transizioarekin haustura baizik eta transizioaren azken bilakaera logikoa.. Izan ere Lapiko Kritikoan esan dudanez politika espainiar moderno (XX) hegemonikoaren oinarria populismoan dago (Laclau) eta Podemos […]

Leave a Reply