BakalHau – Komunismo banatua

By • May 5th, 2014 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

bacalhau

 

Azken urtetik hona, lagun batzuekin, bizi ditugun garai berri haueninguruan eztabaida interesgarriak izan ditugu. Eztabaidetan askotan termino marxistak erabili izan ditugu eta kezka beti hor dago; nola uztartu gaurko gaiak eta marxismoaren ikuspuntua.

Argi dago teoria marxista jendartea aztertzeko tresna oso garrantzitsua izan dela. Marxen liburuak munduko liburutegi guztietan berriro ere modan jartzeak honen garrantzia azpimarratu besterik ez du egiten. Eraldaketa momentu batean bizi al gara? Zein dira alternatiba posibleak? Nola txerta daiteke Internet eta honek ekarritako deszentralizazioa pentsamendu marxistan? Nola eguneratu beharko litzateke?

Gai potoloak eta oso eztabaidagarriak dira aipatutakoak. Horregatik gure ekarpen txikia egin nahi dugu, gai horiek guztiak aztertu baino, ekoizpenmoduan eta egitura berrien inguruko hausnarketa eginez. Horretarako Komunismo banatuaren eztabaida abiatu dugu, eta gure ikuspuntua azaltzeko hiru blog mezu izan behar zirenak, forma handiagoa hartu dute orain. Hori bai, hasierako izpirituari eutsiz, egin nahi dituzuen ekarpenak, eztabaida irekita dago.

bakalogob1. atala

Krisi kapitalista hau, sistemaren krisi ziklo e tatik harago doa. Metaketa kapitalistak sortutako krisi ekonomikoari, krisi ekologikoa eta krisi soziala atxikitzen zaizkio. Zizek-ek dioen bezala munduaren akaberan bizi gara, baina horrek aukera berriak irekitzen ditu. Ez neoliberalek askotan errepikatutako “edozein krisi, aukera bat da” esaldi nazkagarri eta maltzurraren zentzuan, baizik eta egoerak aldatzeko gaitasunari dagokionez. Oraingo errealitateetatik abiatuta utopia berriak eraikitzeko aukera aurreikusten delako. Utopia, eraldaketa lortzeko premiatik ikusita, egoera jasanezinaren erantzun gisa.

Oraingoan, krisi ekonomikoa, krisi finantzario batetik eratorria da. Ez batzuek dioten moduan banku batzuek mozkina lortzearren egindako ekintza maltzurren eta gezurtien ondorioz; hori beti izan da horrela. Izan ere, atzean dagoen metaketa logikak bultzatuta, kapital finantzarioak inbertsioak egiteko eskala handiko proiektuak lortzeko zailtasunak daude krisiaren oinarrian.

Inbertsio horiek egiteko zailtasunen aurrean burbuilak sortzen dira eta burbuila horiek lehertzean krisi sakonak eragiten dituzte. Gainera arazoa larriagotzen ari da, zeren kapital akumulazio prozesu berriak sortzeko ezintasun gero eta handiagoek kapital hauek biziarentzat eta jendartearentzat biziraupenerako oinarrizkoak diren esparruetara eramaten ditu, ondorioz, eta beharrezkoa dutenez, sortutako krisiek jendarte osoaren biziraupena bera kolokan jarriko dute.

Mozkinak eta akumulazio prozesu berriak lortzeko ezintasun horren aurrean, klase dominatzaileak konturatu dira estatu demokratiko burgesa ere, beraiek sortua eta mantendua klaseen arteko arazo konponezinak baretzeko, oztopoa dela gaur egun kapitalarentzat espazio berriak bilatzeko. Kleptokraziarekin nahikoa ez eta estatuaren kontrol osoa lortu nahiko dute dute.

Ekonomiaren teknokratak nahi dituzte agintean eta horrekin estatu demokratiko burgesaren askatasunak abolitzea. Estatuen kontrol osoa, beharrezkoa diren produktuen kontrola eta espekulazioa, jabetza intelektuala arautzeko legeak, iraultza biogenetikoaren emaitzak kontrolatzeko grina… Egunero ikusten ditugun albiste eta erreformak horren aztarnak besterik ez dira.

Teknokratak? Teknokrazia bera konstrukto ideologiko bat da eta diskurtso ideologikoa erabiltzen dute, nahi dituzten helburuak lortu ahal izateko. Ez da zientzia bat, beraien helburuak lortzeko ideologia dominatzailea baizik.

Hala ere, esperantzarako garaiak ere badira. Sistemak berak erakusten duen dekadentzia argia da, jada ez du balio, oraingo forman bada. Marxek aurreikusi bezala, sistema berak bere buruaz beste egingo duela pentsatu daiteke. Ikusten diren zantzuak ez dira dekadentziarenak bakarrik, izan ere, sistemaren barnean ikusten den produkzio modu berri baten lehen printzek ere asko erakusten digute.

Inperio erromatarra erortzean, inperioaren periferietan kontrolik gabe gelditu ziren asentamenduek jada ez zuten erromaren beharrik, eta produkzio modu propioak garatzen hasi ziren. Esklaboak askatu eta ekonomia autonomoak garatu zituzten. Feudalismoan ere jauntxo batzuek antzeko gauzak egin zituzten erregearen kontroletik at zeuden lurretan.

Ondoren etorriko ziren momentuko sistemen aurkako iraultza eta altxamenduak, baina jada produkzio modu berriak era oso primarioan hortxe zeuden.

Garai bakoitzean etorri behar zen produkzio modu berriaren aztarnak zeuden. Hauek, bere momentuko komunikazio tresnen ondorio ere baziren, baina orain ba al dago produkzio modu berri baten aztarnarik gurean? Goiz bada ere badirudi jabetza komunaren inguruan, komunen, herri-lurren (commonsaren) inguruan behintzat badagoela ezberdina den produkzio modu bat. Software libreak horixe erakusten du lanaren etika ezberdin bat bide, denontzako den jabetza bat osatuz eta birsortuz, gauzak sortzeko gaitasuna dagoela.

Produkzio modu berri hori, jada ez da softwarera mugatzen. Softwarearen kasua lehenetarikoa izango da, kapitalaren dependentzia handirik ez dagoelako ziurrenik, eta etengabeko berrikuntza beharra dagoelako. Esan daiteke produkzio modu berri honetan (baldin bada bere era enbrionario horretan) erabilera balioa, truke balioaren gainean lehenesten dela, hau da, teoria ekonomikoan Urrutiak definitzen duen errenten disipazioa ematen dela. Erabilpen balioa hobesten denez, sortzen den hori behin eta berriz erabili, berritu eta berrerabil daiteke, hobetuz. Horrek etengabeko berrikuntza bultzatzen du eta truke balio soilaz errenta artifizialak sortzeko ezintasuna.

Produkzio modu hori orain arte deskapitalizaturiko arloetara iritsi da batez ere, zeinetan ezagutza eta produkzio baliabideak langileen esku dauden. Baina orain horietatik kanpo ere p2p produkzio modua deituko diogun horren aztarnak ikusten ditugu.

Lehen baino kapitalizazio gutxiago behar duten arloak ikusten ditugu, horrek produkzio baliabideak lortzeko erraztasun handiagoak ematen ditu. Jakintza ere komunek osatzen duten ezagutza publiko biltegi horietatik dator. Gaur egun 3d inprimagailuak, hegazkin txikiak, lurra lantzeko behar diren tresneria mekanikoak, kotxeak… sortzeko behar den ezagutza sarean dago eta publikoa da.

Ez al dira hauek produkzio modu berri baten lehen aztarnak? Gaur egun, “bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera” esaldia errealitate bihurtzen duten ekimen, enpresa, elkarte… giza taldeak dira. Batzuek honetan kapitalismo aurreratu bat ikusiko dute, beste batzuek aldiz post kapitalismo bat, baina ez al da errealagoa esatea sozialismo mota berri baten aurrean gaudela?

Marxek kapitalismoari bere papera ematen zion komunismoaren bidean. Sozialismoa lehenengo eta ondoren komunismoa posible egin ahal izateko kapitalismoaren bidez azpiegitura eta baliabideak sortu beharko ziren. Horiek ziren etorkizuneko gizartea eraikitzeko lehen tresnak. Marxek berak kooperatibak sortzeko beharra ere behin baino gehiagotan aipatzen du bere testuetan. Kapitalismoaren barnean langileek sor dezaketen egituraketa modu bezala.

Oraindik ez dakigu ikusten diren aztarna guzti hauek produkzio modu berri oso baten hastapenak diren, baina arlo batzuetan gertatzen ari den bitartekarien desagerpena ere argia da. Ekoizle-erosle eredua eta bere balio katea hartuta, zenbat dira gaur egun tartean soberan dauden bitartekariak? Digitalizazioaren kasuan argia da, baina prozesua berdina ematen da beste hainbat kasutan ere. Internet eta komunikazio tresna berri eta banatuek bitartekarien beharra txikitu dute eta aldi berean produkzio baliabideak gero eta merkeagoak egin dituzte.

Marxismoak, bere garaiko beste mugimenduek bezala telegrafo eta sare deszentralizatuak ditu beren pentsamenduaren eraikuntzaren oinarrian. XXI. mende honetan sare banatuak eta p2p produkzio moduak oinarri izango badira, eredu banatuetan pentsatu beharko ditugu paradigma guztiak. Marxen teoriei balioa kendu baino, Newtonen ideiak Einsteinen begietatik ikustera behartuta gaude. Ideologia berri honi, utopia berri honi, komunismo banatua deituko diogu.

baka32. atala

Testuingurua ezagututa, produkzio modu berria eta komunak erdigunean kokatuta beste galdera pare bati erantzun beharra diogu. Klase borrokaren testuinguru historikoa kontutan hartuta, zein izango dira talka suposa dezaketen kontraesan nagusiak eta zein subjektua?

Ikusi dugun bezala finantzarizazioak eramanda ekonomia finantzarioaren munduan transatlantiko handiak dabiltza. Hauek estatua era batera edo bestera kontrolatzen saiatuko dira, begiko dituzten pertsona eta instituzioak erabiliz. Akumulazio prozesu horretan beren interesak defendatzeko demokrazia burgesa bera eta honek ekarritako askatasunak deuseztatu behar badira ere. Aitzakiak mila izango dira, beraientzako garestiak dira ez termino ekonomikoetan bakarrik baizik eta beraien mugimenduentzako oztopo direlako.

Hori lortzen badute ere transatlantiko horiek dirua metatzen jarraitu nahiko dute. Kasu horretan aukera batzuk irekitzen dira: finantza munduaren kolapsoa edo Islandiako kasua ematen bada finantza transatlantiko hauen desagerpena eta krisi aurreko antzeko egoeratara itzulera, burbuila berri baten (edo gerraren) bidez mozkin berri eta azkarrak lortzen saiatzea, arazoak larrituz, edo dirua ekonomia errealera eraman eta epe laburreko mozkinei (eta beharbada etorkizunekoei) uko egin.

Lehenengo aukera gertatzea zaila dirudi baina ez ezinezkoa. Horretara iritsi aurretik, ordea, bigarren aukera probatuko dute. Bigarrena aukera posibleen artean dago, dudarik ez izan egin dezaketela, basakeria ez zaie arrotza. Hirugarren aukera, aldiz, positiboena litzatekeena, lehen fasearekin bat etor daitekeena, oso zaila izango da inork horretara behartu ezean.

Edozein kasutan gaudela ere talka argia izango da. Herri-lurren defentsan oinarritutako ekonomia batean sinisten dutenen eta botere politikoekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak sustatu nahi dituztenen artean. Zer egingo dute bigarren hauek sortzen ari den produkzio modu baten aurka?

Argi dago eredua erasotu egingo dutela eta jada horren aztarnak ditugu.

Internetek ematen duen komunikaziorako ahalmena gure gizartean eraldaketa posibleago egiten duen tresna izaki etengabeko kontrol neurriak eta erasoak jasaten ari da. Neutraltasunaren amaitzeko saiakerak eta legediak etengabekoak dira. Horren aitzakia errenta artifizialak eta eskasian oinarritutako jabetza intelektualaren eredua erabiltzen delarik.

Kontrol neurri horiek jadanik Interneten ematen den oparotasunaren ekonomia kontrolatzea bilatzen dute. Jende guztiak ulertzen du, lehen ez bezala, abesti bat beste bati kopiatzen diodanean biok abesti bera entzun dezakegula.

Horren aurrean, sarean ere eraso horiei aurre egiteko bideak asmatu dituzte. Horien artean garrantzitsuena p2p fitxategi elkartrukea. p2p fitxategi elkartrukearen bidez ez da zerbitzaririk behar. Bakoitzak duen biltegiratze gaitasuna eta Internetek ematen duen komunikatzeko aukerari esker fitxategiak zuzenean elkartrukatzeko aukera dugu.

Eraso eta kontraeraso hauek teknologiaren alorrean eman badira ere, etorriko diren erasoen aztarnak dira. Klase kapitalista eta finantzarioa, ekonomia produktiboarekin harremanik ez duena eta errenta artifizialez elikatzen dena ez dago geldirik. Hala ere, sistemaren baitan erantzuteko aukera dago, beti ere sare banatuen filosofia horrek erakusten dizkigun aztarnetatik.

Honen aurrean ekonomiaren alorrean produkzio modu berri bat eraikitzen hasi behar dugu. Software libreak bere arloan frogatu duen bezala sistemaren barnetik ere eraikitzen has daitekeen eredua izan daiteke, hobea dela frogatzen badu. Horretarako herri-lurrak oinarrian jarrita etengabeko hobekuntza eta oparotasun logika batean oinarritu beharko den modeloa izango da. Hastapenetan sistemaren baitan dauden egiturak baliatuz (kooperatibak, adibidez) espazio ekonomiko bat eraikitzeko gai izan behar dugu. Erasoak egon daitezke, baina lehen fasean konfrontazio zuzenik ez da gertatutako baldin eta ereduak funtzionatzen badu.

Trabak ere egongo dira. Ekonomia alternatibo bat eraikitzen hasten garen momentutik erasoak etengabekoak izango dira, sostengua ematen duten enpresa ereduen aurka, legedi babes-emaileen aurka, moneta ezberdina erabiliz gero horren aurka…

Gure tresna garrantzitsua beraien finantziarizazioa beharrezkoa ez izatean datza. Proiektu txikientzako nahikoa izan daitezke crowfunding (auzo laguntza) eta crowdlending (auzo finantziazioa). Bigarrenaren kasuan konfiantza arazoak egon daitezkeen kasuetan eta proiektu handietan beharrezko izango dira Banku publiko eta meta-komunitatearekin bat datozen Banku etikoen laguntza eta sostengua. Finantza eredu dominatzailetik at egotea eta meta-komunitatean ematen den sostengua dira giltzak.

Subjektu politikoaren eztabaida ere hor dago eta ez da erantzun erraza duen zerbait. Argi dago herri-lurren defentsan oinarritutako ekonomia batean sinisten dutenen eta botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak sustatu nahi dituztenen artean klase kontraesan argiak egongo direla. Bi talde hauen artean klase interes kontrajarriak egongo baitira.

Beraz, ikuspuntu marxistatik mugimendua nahita nahi ez interklasista izango da bere hastapenetan. Jendartearen sektore batzuek produkzio modu berria bereganatuko dute, beraz, klase ezberdinetako jendea egongo da transformazio fasean. Baina aurrera jo ahala, beste egoera askotan gertatu bezala, interes kontrajarriak baino bateraezinak diren beste batzuk ager daitezke. Horregatik hasieratik ezker-eskuin dikotomiarekin bat ez datozen elementuak izango dira. Ez batzuek pentsarazi nahi diguten moduan “ez dago jada ezker-eskuin”, baizik eta hastapenetan aurretik aipatutako klase zapaltzailea eta beste guztien arteko aldea handia delako.

Aurrerago interes kontrajarriak baino, bateraezinak dituzten bi talde sor litezke. Alde batetik lehen fasea amaitu baino lehen aurreko ereduari zenbait ukitu eginez herri-lurren inguruko diskurtso estetikoak, burutazioetan oinarritutako ekimenak, herri-lur faltsu batzuetan sinisten dutenak… agertuko dira. Horiek guztiek ez dute langileen produkzio baliabideen jabetzarik nahi, herri-lurrak oinarri dituen produkzio modu berri bat sustatu nahi. Horien helburua sistema berri baten aukerak murriztu eta eraberritutako sistema kapitalista batean errenta berriak kaptatzea izango da, aurreko mendeetan klase-ertainak egindakoa jarraituz.

Marxek izendatutako klaseekin korrelazio zuzena egin ezin bada ere, horrelako zerbait izango litzateke banaketa berria:

Klase zentralizatzailea: Lehenagoko botere politiko-ekonomikoa edo hauetatik eratorritako errenta artifizialak metatzen jarraitu nahi dutenak.

  • Botere banatuaren alde baino, botere zentralizatuen aldeko apustua egiten dute, horiek kaptatzeko erraztasun handiagoa eskaintzen dietelako.
  • Herri-lurren aldeko apustuaren aurrean jabetza intelektualaren kontrola ahalbidetzen duten neurrien aldekoak.
  • Neoliberalak, enpresari handiak, estatu aparatuetako politikariak…

Klase deszentralizatua: Lehenagoko botere egituretan zituzten eskubideak berreskuratzeko zenbait aldaketa bultzatu nahi dituztenak.

  • Botere deszentralizatuetan sinisten dute batez ere. Aurreko egitura demokratikoak eraldatzeko prest, baina beti ere ordezkaritzaren ikuspuntu hertsi batekin. Helburua, deszentralizatuagoak badira ere, beraiek gidatzea izango da.
  • Herri-lurren defentsa utilitarioa (herri-lurrak erabili), estetikoa (herrilurren defentsa estetikoa) edo faltsua (jende askori iristen zaion ezagutza sustatu, baina librea ez dena) egin dezakete.
  • Zenbait liberal, produkzio modu berrian sinisten ez duten enpresari ertain eta txikiak, produkzio modu berriaren bidean egindako aldaketekin nahiko dutela iruditzen zaien pertsonak (asko aurreko klase ertainetakoak izan daitezke).

 Klase banatua: Sistemaren eraldaketa osoa burutu nahi dutenak. Produkzio baliabideen jabetza eskuratu eta herri-lurren inguruan produkzio modu berria sustatu nahi dutenak.

  • Botere banatuaren alde egiten dute batez ere, beste botere motei uko egin gabe (zentralizazioa eta deszentralizazioa kasu askotan baliagarriak izan daitezke). Filtro beharrezko ez izatea da hauen helburua. Filtro edo bitartekari izatekotan balio bat ematen dutelako edo meritukraziagatik izango da.
  • Herri-lurren defentsa etorkizunaren defentsa gisa ikusten dute. Beraien etorkizuna herri-lurrei lotzen diete, bakoitzak egiten dien ekarpena izanik beraien balore sisteman garrantzitsuena.
  • Produkzio modu berriaren parte diren edo izan nahi duten klase ertainetako langileak, soldatapeko langileak, langile kooperatibistak, enpresariak, langabetuak…

bakalogoa3. atala

Testuan zehar eredu berri baten aztarnak ikusten ditugu. Eredu berri honekin produkzio harreman berriak emango direla ere ondoriozta daiteke. Testu honetan, eman daitezkeen harreman horiek nolakoak izan daitezkeen eta horietan sortuko diren talkak aztertzen saiatuko gara. Horretarako bitartekarien papera aztertuko dugu batez ere. Horrekin batera jabetza mota ezberdinen arteko harremana ere aztertuko dugu. Eremu horretan jabetza pribatu, publiko eta komunaren arteko talkak aztertuz, baina batez ere fase honetan eman daitezken aliantzetan begia jarriz.

1. afera

Etorri beharko lukeen ereduak, egitura banatuago bat izan beharko luke. Internet eta horrek erakarritako sare banatuen antolamenduak posible egiten baitute eta horixe da  gure jendartea egituratzen duen komunikazio sistema nagusia. Hau da, sinpleki esan daiteke indar produktiboen garapena egokia dela hori gertatzeko. Egoera honetan zenbait arrisku eta aukeraazpimarratzea garrantzitsua da, batez ere trantsizio egoera batean, zenbait gauza argi izan gabe edozer gerta daitekeelako.

Aldaketen aztarnak badira jada gure inguruan. Globalizazioaren eskema ikononikoan edozein tokitara joan eta McDonalds batean eroso sentitzeko aukera zen proposatzen zitzaiguna. Aldiz, etorriko den ereduan edozein tokitan gaudela ere bertako senti gaitezke. Alde batetik testuinguru informazio gehiago lor dezakegulako eta beste alde batetik pertsonen arteko sareek lehen eskuratzen zaila zen konfiantza ematen digutelako. Labur esateko, lehen bidaiatzean ziur eta eroso egoteko maila bateko hotel bat bilatuko genuke, orain nahikoa zaigu Internet bidez gomendagarria den hotel, hostal edo etxe pertsonal bat topatzearekin.

Globalizazio neoliberalak harreman sozialak, harreman ekonomikoen bidez ordezkatzea proposatzen zuen. Ezer ezagutu gabe ere, konfiantza eskaintzen ziguten produktu eta zerbitzuak eskaintzen zizkigun diru baten truke. Orain aldiz jada konfiantza hori pertsonen arteko harremanen bidez lor dezakegu eta beharrezko informazio guztia eskuratzeko ere aukera badugu kasu askotan. Konfiantza, sinesgarritasuna, segurtasuna… bezalako baloreak aldatzen ari dira eta horrek gure jendarteko esparru txikienetik handienera eraldatu dezake. Banku eta finantza sistema, finean konfiantzan horretan dago oinarrituta, beraz kolokan jarri daitekeela esatera hel gaitezke. Ez gara hain urruti joango, baina zergatik ez?

Hemen eta orain p2p produkzio molde berri batek ekar ditzakeen harreman berrietan bitartekarien papera aztertzeak berebiziko garrantzia dauka. Bitartekariak egon egongo baitira, baina batzuek urrundu eta beste batzuk bakarrik hurbilduko gaituzte jendarte justuago helburu duen komunismo banatuaren bidera. Horiek aztertzeko hiru faktore hartuko ditugu kontuan: harreman batean arauak ezartzeko aukera, harreman horretatik jasotzen den onura eta harreman hori bukatzean aldeek irabazi edo galdu duten balioa. Hiru eredu nagusi bereiz daitezke:

Behartzaileak (p2[B2]p2): Harremana beraien bidez ezinbestez egitera behartzen duten bideratzaileak dira. Arauak beraiek ezartzeaz gain, onuradun nagusiak ere beraiek dira. Harremana amaituta p-k balio metatu gutxiago izan dezake.

  Arauak Onurak Balioak 
p2[B2]p2  B →p B > p B ↑ p ↓ 

 Batzaileak (p2B2p2): Harremana beraien bidez egiteko erreplikatzen zailak diren kondizioak bilatzen duten bideratzaileak dira. Arauak beraiek ezartzen dituzte, baina guztiz ezinbesteko ez direnez p-ren onespena behar dute. Onuradun nagusiak ere beraiek dira. Harremana amaituta p-k balio metatu berdina mantendu dezake. 

  Arauak Onurak Balioak 
p2B2p2  B →p B > p B ↑ p = 

 Bideratzaielak (p2b2p2): Harremana beraien bidez egiteko guztientzako en zerbait eskaintzen duten bideratzaileak dira. Arauak beraiek ezartzen badituzte ere, prozesua erreplikatu edo komunikazio zuzenerako aukera ere ematen dute. Harremana dagoenean onuradun nagusiak izaten jarraitu daitezke, baina p-k ere onurak jasotzen ditu. Harremana amaituta p-k balio metatu gehiago eduki dezake.

  Arauak Onurak Balioak 
p2b2p2  b →p b ≥ p b ↑ p ↑

Argi dago komunismo banatuaren ikuspuntutik begiratuz gero, azken mota dela p2p produkzio modutik gertuen dagoena. Hala ere, bitartekari horren egituraz gain, izaera ere kontutan hartu beharra dago. Horrek bigarren afera aztertzera eramaten gaitu.

 2. afera

Jabetza moten arteko eztabaidak bitartekarien izaera baldintzatzen du, baina hori baino gehiago jendarte baten izaera bera deskribatzen du. Alde batetik jabetza moten deskribapen labur bat egiten saiatuko gara eta horrekin batera komunismo banatua non kokatzen den definitzen saiatuko gara. Beste alde batetik hemen eta orain hori lortze bidean proposamen bat egiten ausartuko gara. Ausardia ez da faltako, baina eztabaida ireki moduan planteatu nahi dugu hemen agertutako guztia.

Hiru dira gure jendartean dauden jabetza mota nagusiak pribatua, publikoa eta komuna. Azken hau beti egon da bere forma primitiboenean, besteak aldiz historiaren ibilbidean gizakiak sortutakoak dira.

Sistema sozial bakoitzak jabetzarekiko duen harremanaz sailka daiteke. Taula baten bidez erakutsi nahi izan dugu jabetza mota ezberdinen eta hauen arteko erlazioek adierazten duten sistemarekiko harremana:

Pribatua Publikoa Komuna
Pribatua Liberalismoa Neoliberalismoa Sharing economy
Publikoa Neoliberalismoa Estatismoa Komunismo banatua
Komuna Sharing economy Komunismo banatua Komunismoa

Liberalismoa, estatismoa eta komunismoa besteen aurrean jabetza mota bakar batek gailentzea suposatuko luke. Ez du besteen desagerpen totala ekarri beharrik, baina bai nagusiarekiko azpiratze argia. Jabetza mota ezberdinen arteko harremana aztertzen ari garenez, gure azterketa kokatzeko soilik erabiliko ditugu, hauetan gehiegi sakondu gabe, nahiko aztertuta daude eta.

Neoliberalismoa, Sharing economy eta Komunismo banatua dira jabetza arteko bidegurutzeetan agertzen zaizkigun aukerak. Kurtsibaz jarri nahi izan ditugu azken biak, sortzen ari diren ereduak izaki, aldakorrak, beste batzuekin konfluente… izan daitezkeelako. Bi eremu horietan beste eredu proposamenak ere agertu daitezke eta horiekin lehiatu beharko dute.

Neoliberalismoa, bizi ditugun garaiek definitu izan dute. Jabetza pribatu eta publikoaren harreman estua eta kasu ezberdinak egon badaitezke pribatuaren gailentzea, baina publikoaren onespena edo babes beharrezkoarekin.

Sharing economy bezala definitu den horretan jabetza pribatuaren eta komunaren arteko harremana sustatzen da. Jabetza pribatuaren bidez, komunak diren edo komunaren antza handia duten zenbait ekimen aurrera eramaten ditu. Edota jabetza pribatutik komunarentzako onuragarriak izan daitezkeen praktikak eramaten dira aurrera. Beti ere jabetza pribatuaren existentzia jokoan jarri gabe.

Komunismo banatuan aldiz jabetza publikoaren eta komunaren arteko harremana ematen da. Publikoaren papera komunaren defentsa eta hedapena sustatzean datza. Aldi berean, komunak ez diren baliabide publikoak komunitarizatzen ditu ez jabetza bidez, baizik eta baliabide publiko horien atzipenaren bidez.

Hiru eredu hauek harreman zuzena dute aurretik definitu izan dugun momentuko balizko klase banaketarekin.

Definizio sinplista hauen bidez beraien arteko harremana aztertu nahi izan dugu. Hemen eta orain harreman mota bakoitza defendatzen dutenen artean sor daitezkeen aliantzak aztertzeko.

Argi dago oraingo egoeran Neoliberalismoak markatu izan dituela gure azken urteak. Halere, inperialismoaren produktu berritu honek bere ahuldadea ere erakutsi du azken urteetan. Ezin uka hala ere jabetza pribatuaren bultzatzaileen nagusigoa, bizi ditugun garai hauetan, behintzat arlo ekonomikoari begiratuz gero.

Gauzak horrela, ikusi dugu sistemak berak sortu dituela kondizioak aldaketa bat burutzeko. Gehiago ere esan daiteke, aldaketa hau beharrezkoa izango da era batean edo bestean bide berean sakontzeko edota bere eraldaketarako.

Gure apustua zentzu honetan eremu publiko eta komunaren arteko aliantzaren aldekoa da. Batzuek trantsizio bat bezala ikusiko dute, beste batzuek, aldiz, azken geltoki moduan. Argi dagoena da hemen eta orain aliantza hori eman beharko dela benetako eraldaketa bat nahi bada.

Tentazioa egon daiteke eremu pribatuaren eta komunaren arteko aliantzaren aldeko apustua egiteko eta noski batzuek hori bakarrik burutu nahiko dute. Honek sistemaren aldeko beharrezko duen aldaketa ahalbidetzeko atea ireki ditzake.

Alderatuz gero, bigarren aliantza horretatik ateratako harremanak aurrekoak baino hobeak izan daitezke, baina beste era bateko harremanetarako pausoak ez badira akats larria litzateke horien alde egitea.

Etxebizitza adibide bezala har dezakegu. Demagun, behar erreal baten aurrean jendea bildu eta kooperatiba bat sortzen duela. Kooperatiba horrek, jendartean dauden. Oso ezberdina litzateke ondoren bakoitzak etxe hori jabetza pribatu moduan kudeatzea, hasierako izaera komunala baztertuz edota sostengu publiko baten bidez sortutako izaera komun hori mantentzen saiatzea.

Aldi berean, mezu kontraesankorrak ere entzun ditzakegu: “jabetza txiroen gauza izango da; jendeak gauzak erabili nahi izango ditu ez eduki”. Era honetako baieztapenek, jabetza pribatuaren arbuio bat badirudite ere, jabetza inplizitu bat dute.

Normalean, era honetako diskurtsoen atzean ezkutuan dagoen jabetza mota ez da publikoa edo komuna izaten. Erabiliko den horrek jabe bat izango baitu, pribatua askotan. Era honetako diskurtso faltsuen bidez orain arte herritarrok eskuratutako jabetza eta baliabide txikienak ere errentarako eremu bihurtu nahi izango dituzte.

Honek guztiak, eremu publikoaren aldaketa beharrezko bat ekarri beharko du. Argi dago oraingo egiturek ez dutela aliantza hau posible egiten. Nola, orain arte Neoliberalismoaren sostengatzaile izan direnak bidelagun izan? Hor ere bada zer egin eta berriro ere badira adibide txiki bezain interesgarriak gure inguruan ere. Botere publiko (kaleko hizkuntzan politikariak) guztiak ez baitira berdinak.

Estatu izaera berari ere begiratzen badiogu, proposamenak agertzen hasi dira, horietako bat Partner State delakoa adibidez. Gehiago ere agertuko dira, baina horiek guztiak oraindik asmatu beharreko lanaren parte dira, beraz alternatiba hauen sorreran parte aktibo izatea besterik ez zaigu gelditzen.

baka14. atala

Komunismo banatuaren teorizazioarekin hasi baino, txikitik handira joan gaitezke. Hiru fase bereiztea garrantzitsua ikusi dugu, ulermena errazteko, baina ez ditugu gehiegi definitu nahi izan.

Garrantzitsuena, faseak alde batera utziz, komunismo banatua prozesu bat bezala ikustea litzateke. Baina batez ere bere bere lehen fasea, orain eta hemen egin daitekeena. Definizio eza nagusi bada ere ere, lortzeko bide bat markatzea litzateke helburu nagusia.

Testuan helmuga izan behar duen komunismo banatuaren azken fasea bera oso difuminatua aurkezten dugu. Halere, helburuak, guretzat behintzat, ezin du beste izen bat hartu. Ez dugu inorekin komunismo hitzarengatik borrokatuko, baina nola deitu, bere lehen fasetik pertsonen arteko esplotazioarekin amaitu nahi duen prozesu bati?

Egiturari begiratuz gero sistema feudala, sistema zentralizatua zen; Industrializazio garaian, sistema zentralizatua izatetik, deszentralizatua izatera igaro zen; orain berriz sistema deszentralizatu batetik, sistema banatu batera igarotzeko aukera dagoela esan dezakegu.

Aukera diogu, orain arte globalizazioaren proiektuak ez baitu hori burutu eta proiektua bera apurtu dela ematen du gainera. Bere promesa gehienak alboratu ditu, enpresa-estatu handien kontrol zentralizatuagoa ahalbidetuz.

Aldiz, globalizazioa deitu izan zaion honetan, baliabide ekonomikoak dira baliabide garrantzitsuena. Kapitalistei oraindik esfortzu gutxiagorekin errentak lortu eta urruneko kontrol baten moduan errentak lortzeko aukera eman dio honek. Klasikoetan abisu moduan agertzen ziren beldurrak errealitate dira orain. Estatuak osoak, kontrolatzeko ahalmena eskuratu dute eta hauen bidez kontrol ia erabatekoa lortzeko bidea ireki da. Hori orain artekoa, baina zer gertatuko da hemendik aurrera? Zer egin dezakegu orain eta hemen?

1. fasea

Komunitarismoa eta demokrazia ekonomikoa: Fase honetan komunitate ekonomiko berriak (enpresa kooperatiboak gehien bat) sortzen has gaitezke. Beraien inguruan biltzen den komunitatearentzat sostengua izango direnak. Jada sortuta dauden beste batzuekin sare egituraketa bat egiten joan beharko litzateke aldi berean. Komunitate horiek izango dira barne aldera komunismoaren lehen aztarnak erakusten lehenak.

Bitartean eta paraleloan tamaina handiko enpresa kapitalistak beste eredu posible batzuk lantzen joan beharko dira. Langileak beraien etorkizunaren jabe eta pertsonak erdigunean kokatuko dituztenak. Enpresa horiek aurretik ohiko enpresa kapitalistak edota kooperatiba forma hartzen badute ere bere eskalan egokiak ez direnak izan daitezke. Aplika daitezkeen konponbideak jada gure jendartean aurki ditzakegu.

Bi hauek, beren komunitateen batura suposatzen duen metakomunitatearekin batera demokrazia ekonomikoa oinarri duen itun bat egin beharko dute. Jendarte hobea lortzeko bidean beraien proiektuak metakomunitate horren guztiaren sostengu izan behar duela eta metakomunitate horren parte ahalik eta jende gehien egon behar dela jakitun.

Hori posible egin ahal izateko p2p produkzio modua sustatzeko eta herrilurrak zabaltzeko ekimenak aurrera eraman beharko dira arlo guztietan. Azpiegitura publiko partekatuak, kontsumo kooperatibak, etxebizitza kooperatiba publikoak… Komunitate eta meta-komunitate horiek sostengatuko dituzten ekimenak hain zuzen ere.

Meta-komunitateari gertuko Instituzioek hori posible egiteko bideak ireki eta lortutakoari eusteko mekanismoak izan beharko lukete. Egituraketa juridikoa deszentralizatzen hasi beharko lukete udalek, udal sareak, mankomunitateak eta hauen arteko federazioak sortuz ez dauden tokietan.

Hau gaur eta hemen egiten has gaitezken zerbait da. Ideia hauek jende askoren “burutazio” moduan agertzen badira ere, koherentzia eman eta etorkizun posibleetako baten hasiera izan daiteke.

2. fasea

Sozialismo banatua: Fase honetan egitura ekonomiko berrien arteko sarea osatuta dago eta konpetentzian oinarritutako eredu baten baitan bada ere herri-lurrak handitzeko eta horiekin gauza berriak eraikitzeko fasean gaude.

Enpresa handiek (kooperatiba edo ez), kooperatiba eta barnera zein kanpora begira demokrazia ekonomikoa errespetatzen dute.

Aurreko faseetan komunitateetan barne komunismoa kanpora ere hedatzen hasi da eta meta-komunitatean komunitate horiek esperimentatutako forma ekonomiko berrien aztarnak ikusten hasten dira.

Meta-komunitateak sustatutako ekimenak berari eta jendarte osoari ekarpenak egiteko moduan daude. Jendartea bere osotasunean metakomunitatetik harago ekarpenak egiteko moduan eta hori helburu.

Instituzioek fase honetan era banatuagoak hartzen dituzte, aurrekoak zalantzan jarriz. Errepresentatibismotik harago, demokrazia partehartzailea eta zuzena egon daiteke jendartearen oinarri bakoitzaren esparruan. Zenbait kasutan eta egitura zaharrek horrela eskatuta erreprensentatibismoaren zantzuak oraindik egongo badira ere.

3. fasea

Komunismo banatua: Fase honetan komunitateek esperimentatutako komunismo forma hoberenak meta-komunitatean arrakastaz txertatu dira. Etengabeko berrikuntza batean forma berri horiek zabaltzen eta berritzen joango dira. Jendartearen gehiengoa meta-komunitateen parte da eta hortik kanpo daudenek ere sostengatuak sentitzeko arrazoiak dituzte.

Ondorioak

Eztabaida dokumentu bat da hau eta horren ondorioz eztabaidara irekia. Horregatik ondorioak eztabaida baten ostean idaztea erabaki dugu. Horretarako udaberrian zehar Iruñean egingo dugun eztabaidarako gonbitea egin nahi dizugu. Data oraindik ez dugu definitu, baina bakalhau.info bidez eta Internet bidez emango dugu horren berri.

(Iruña 1986). Biolinean eta Itzulpengintzan lizentziaduna. "Suzko Lilia" (Susa 2008) poema liburua eta "Ihes Ederra" (Alain Urrutiarekin batera, Alberdania 2009) irudi-eleberria argitaratu ditu. Zergak kendu ostean 684 eurokoa da bere hileko soldata.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Eta gurasoen soldata, zenbatekoa da?

Leave a Reply

Printer  Print This Page