S Zizek: Maitatu errukirik gabe -II- Hegel ezkontzaz

By • Mar 14th, 2014 • Category: Maitasuna Proiektoa

hegel1Arantzazuko Symposium Platonikoan Slavoj Zizek-ek burutu zuen emanaldiaren sarrera aurkeztu zenean, Europako maitasun-zinema kanonikoari buruz, hain zuzen, aipatu zen, halaber, bere hitzaldiaren muina Hegel eta ezkontzari buruz izango zela – bidenabar Mozzart-en Così fan tutte operaz, Rousseau-ren Julia edo Heloisa Berria eleberriaz eta bikote komunistaz ere hitzegingo zuela aurreratuz. Hona hemen, hasteko, Hegelek ezkontzaz zer dion. Hasieran astuntxoa-edo iruditzen bazaizue ez amore eman, arren, eta jarraitu irakurtzen, irakurri ahala Hegelen pentsamenduaren muina gai honetaz ulergarri(egi)a bilakatzen da-eta.

 * * *

Giza bizitzari berezko oinarria eskaini beharrean, gizakiak naturatik deskonektatzeko lekunea da sexualitatea: perbertsio sexualaren ideia, edo sexu-grina hilgarriarena, animalien unibertsotik erabat kanpo dago. Gai honetan, Hegelen porrota nabaria da, filosofo gisa duen berezko mailarekin konparatuta. Hegelek zera du gai eta arazotzat hartzen  bakarrik, alegia: sexualitatearen substantzia nola den landatzen, mantentzen eta bitartekotzen kulturaren prozesuan, hau da: gizakiok ez dugu maitasuna egiten umegintza (edo prokreazioa) suspertzeko; aldiz, sedukzio eta ezkontza-prozesu konplexu batean murgiltzen gara, eta horregatik  sexualitatea bera ere gizona eta emakumearen arteko lotura espiritualaren adierazpen bihurtzen da.

Hegel, baina, ez da honetaz ohartzen: behin gizatasunaren baitan edo giza-baldintzapenen barnean gaudenean sexualitatea ez dela soilik eraldatzen edota zibilizatzen; honetaz gainera, modu askoz ere errotikoagoan eta goitik behera bere substantzian bertan aldatzen da. Zapuzten dena ez da bakarrik ugaltzeko edo erreproduzitzeko joran instintozkoa; honetaz gainera, helburu naturala bera (hau da, ugalketa edo erreproduzioa) grina edo pasio metafisiko benetan infinito batean lehertzen da. Sexualitatearen kultural-bilakatzea ez da beraz naturaren kultura-bilakatzea. Aldiz, sexual grina metafisikoaren gehiegikeria benetan ez-naturala domestikatzeko saiakera da.

hegel2Izan ere hori bera da substantziaren benetako gain-azpiraketa (edo alderantziketa) dialektikoaren momentua. Momentu hori ez da bakarrik berehalako abiapuntu funtsezkoa edo substantziala (abiapuntu ‘naturala” alegia) – landatzeko zein  bitarkari izateko eta eragin zein eraldatzeko momentua dena, hain zuzen. Era berean, momentu hori bere sunstantzian aldatzen da: Gure eraginak ez du bakarrik natura eraldatzen; keinu atzera-eraginezko edo alderanzketa erretroaktibo baten bidez naturak berak errotik eta goitik behera aldatzen du bere “natura” – Modu homologo batean, behin legezko gizarte zibilaren domeinuan sartzen garenean, ohore eta mendekuan oinarritutako aurreko ordena tribalari bere noblezia kenduko zaio eta kriminalitate arrunt gisa agertuko da.

Horregatik gizakiari sexua ugaltzeko egiten denean dagokiola bakarrik eta, alderantziz, sexu-jote lizun-haragikoia animaliena dela bakarrik azpimarratzen duten katolikoek erabat daude erratuta; azken finean, ospatzen dutena gizakien animalitatea baita.

Hegelen sexualitate-kontzeptuaren muga argi somatzen da bere ezkontza-teorian, hemendik aurrera aipatuko den Eskubidearen Filosofian agertzen dena, baina irakurketa hurbila merezi duena, dena den, ezkontzaren ohiko nozio burges- azalaren azpian  inplikazio kezkagarri asko baitabil zelatan: Subjektu bat borondatez ezkontzen denean, bere autonomia pertsonala ukatuz familiaren funtsezko batasunean  murgiltzen da. Hori egiten duelarik, familiak pertsona horren kanpo gisa funtzionatzen du. Baina familiaren funtzioa, izan, funtsezko batasun horren kontra aritzea da, zehatz-mehatz; alegia: familia baten barnean jaiotzen direnei (gurasoen) familia hori uztera bultzatuko zaie eta gero bakoitzak bere bidea bakarrik jarraitu beharko du.

Ezkontzaren lehen ikasgaia, beraz, zera da: funtsezko batasun etiko ororen azken helburua batasun hori desegitea da, familiaren batasun horrek gizabanakoak sortzen baititu, gero autonomia osoa aldarrikatuko dituztenak, hortaz, erditu zituen  familiako funtsezko batasunaren aurka arituz. Banakotasun edo indibidualitate autonomoaren aldeko joera hau dela-eta, Hegel ezkontza kontratu gisa ulertu eta azpimarratzen dutenen kontra (Kant barne, besteak beste)arituko da:

Ezkontza kontratuarekin hasten bada ere, izan kontratu bat da zeinaren helburua kontratuaren beraren izaera gainditzea baita. Izaera horretatik abiatuta pertsonak beren banakotasunean antzematen dira autonahikotasun-batasun gisa.  Baina etikotasunaen eremua zenbait pertsona desberdinen bateratzearen ondorioz dator, izan ere familia pertsonalitate bat bihurtzen denean eta familiaren kideak honen akzidenteak (nahiz eta esentzian substantzia akzidente hauekin harremanfuta egon).

Hemen argi dago ezkontza zein zentzutan den Hegelentzat  “kontratu bat zeinaren helburua kontratuaren beraren izaera gainditzea baita”. Kontratua bi pertsona autonomo edo gehiagoren artean tratua edo akordioa da, non bakoitzak bere askatasun abstraktua mantentzen duen (merkantzien elkar-trukea eredu, demagun). Ezkontza, berriz, kontratu bitxia da, zeinaren bitartez bi alderdiek beraien burua behartzen dute zer eta prezezki beraien askatasun abstratua eta autonomia bertan behera uztera batasun etiko-organiko handiago baten menpera subordinatzeko.

hegel3Hegelen ezkontzaren teoria bi aurkarien kontra formulatzen da. Horrela, aipatu ezkontzaren kontratu-teoriaren kritika lotuta dago ezkontzaren nozio Erromantikoaren kritikarekin, bikotearen maitasun-lotura grinatsu eta sutsu gisa ulertzen duena, muinean. Beraz, ezkontza, izan, bi alderdiren arteko loturaren kanpo-erregistratze hustsa besterik ez da, onenean, eta txarrenean benetazko maitasuna lortzeko oztopo da. Ezkontzaren bi modu hauek osagarriak direla ikus daiteke: benetako ezkontzaren muina barne-maitasun sutsua baldin bada, jakina, ezkontza bera kanpoko kontratu bat besterik ez dela! Hegelen ustez, aitzitik, kanpoko ekitaldia edo ezkontza-zeremonia ez da, izan, horren kanpokoa, ezkontzaren muina etikoa hor bertan, ezkontza zeremonian, bizi baita:

Ezkontza baten benetako burutze-momentuan, hau da, ezteigunean bertan da loturaren esentzia eta funtsa adierazten zerbait etiko gisa, inolako zalantzatik haratago sentipenen kontingentzia zein joera pribatuen gain altxatzen dena. Ezkontzaren burutze-ekitaldia kanpoko tramite hutsa balitz bezala edo hala deituriko “betebehar zibil” gisa soilik antzematen bada, egiaztatze eta testifikatzeko helburuaz aparte, bere esanahi guztia galtzen du … Horrela balitz, ezkontzaren benetako natura edo izaerarekin zer ikusirik ez duen zerbait bezala agertuz gain eztei-zeremonia bera ezkontzarekiko arrotza litzateke –  legeak zeremonia formalari berari soilik balioa eranstera mugatuko luke bihotza. Zeremonia, horrela, ezkongaiek aurretik burutu behar duten bata bestearekiko errenditze osoaren baldintza betetzea besterik ez litzateke izango. Ondorioz, ezkontzaren helbura lotura baino banaketa litzateke, arrotz sarkoi baten gisan batasunaren beraren barnekotasuna ostopatzea, bikotearen xede maitekorra haintzat hartu gabe. Doktrina horretan askatasunaren kontzepzio gorengoa aldarrikatzen da handiguraz – barnekotasuna, eta maitasunaren perfekzioa, hain zuzen ere; baina zerbait izatekotan maitasunaren izaera etikoaren parodia da, izaera gorengo honek bultzada sentsuala hutsa besterik ez dena baztertu egiten baitu, edo atzeko planoan jartzen … Hain zuzen ere, arestian kritikatu ikuspegiak zehatz-mehatz baztertzen du ezkontzaren izaera etikoa, ondorengoa dena: ezkongaien kontzientzia, substatiboa denez,  bere modu fisiko eta subjektibotik atera eta pentsamenduaren eremura igoten da; gorputz-desiraren nahikeriara eta kontingentziara erreserbatua egon beharrean, ezkontzaren loturak kapritxo horretatik atera eta, substantiboaren (edo funtsezko) eremura entregatzen du.

 Ildo horretatik jarraituz, Hegelek Schlegel eta bere lagunen ikuspegi Erromantikoa errefusatzen du, zeren eta hauen arabera:

 [E]zkontza-zeremonia azalekoa den tramite baztergarria baita. Hauen arrazoia da maitasuna, horrela diote bederen,  ezkontzaren substantzia dela eta honen ospakizunak, beraz, maitasunaren berezko balioa ukatzen duela.  Hortaz, sentsual bultzadara errenditzea beharrezkotzat irudikatzen dute, maitasunaren askatasuna eta barnekotasuna frogatze aldera.”

Baina ikusbide Erromantiko honek ez du ikusten::

 [M]aitasun etiko-legalak (rechtlich sittliche) ezkonduen bizian ematen diren maitasunaren alderdi pasakorrak, hutsalak, eta guztiz subjektiboak ezabatzen ditu(ela).

Paradoxikoa hemen zera da, alegia ezkontzan:

[S]exu-batasun naturala (batasun guztiz barruranzkoa edo esplizitoa dena, eta horrexegatik guztiz kanpokotzat balitz bezala existititzen dena) adimenaren mailako batasuna bilakatzen dela, maitasun auto-kontzientea bihurtzen dela, hain zuzen.

Horrela, lotura naturalen espiritualizazioa ez da soilik bere barneraketa, besterik gabe; aitzitik alderantzizkoaren edo opositoaren gisan gauzatzen da, zeremonia sinbolikoaren kanporatzean, hain zuzen:

Ezkontzaren lotura etikoan sartzeko ezkongaien baimena adierazpen solemne baten bidez ematen da, eta beraien familia zein komunitatetik dagokion aitorpena eta baieztapenarekin ezkontzaren burutze eta ospatze formala osatzen da. Bakarrik zeremonia honen ostean da ezkontzaren korapiloa lotzen eta etikoa bilakatzen. Ondorioz zeinuen erabileraren bitartez, hau da, hizkuntzaren bitartez (gogoaren materializatze gorengoa dena), ezkontza baten funtsezko izaera (substantziala) guztiz gauzatzen da.

hegel4Hegel hemen ezkontza ekitaldiaren funtzio performatiboa-ri buruz ari da. Ezkongaiei ezteiak zeremonia gisa formalismo burokratiko hutsa dela iruditzen bazaie ere, ezteiegunean gauzatzen dena sexual loturaren inskripzioa da Beste Handia-ren eremuan – parte interesatuen, hau da, ezkongaien posizio subjektiboa errotik aldatzen duen inskripzioa dena, halaber. Honek jakina den zer edo zer erakusten du, alegia ezkonduek nork bere bikotekidearekin uste baino lotuago daudela (izan ere, nork bere buruarekin baino gehiago!) Gizon batek afera sekretuak izatea du, emaztea uzteko ametsak izan ditzazke etabar, baina antsietateak hori egitera eragozten dio aukera bera sortzen denean. Labur esanda, gure ezkonkidea engainatzera prest gaude baina bakarrik Beste Handiak ez dakien (edo erregistratzen ez duen) neurrian. Hemen arestiko aipamenaren azken esaldia sobera argigarria da:

Bakarrik zeremonia honen ostean da ezkontzaren korapiloa lotzen eta etikoa bilakatzen. Ondorioz zeinuen erabileraren bitartez, hau da, hizkuntzaren bitartez (gogoaren materializatze gorengoa dena), ezkontza baten funtsezko izaera (substantziala) guztiz gauzatzen da.

Natural-loturatik espiritual-autokontzientziara igarotze bideak zer ikusi gutxi du baten “barne-ezaguera”-rekin eta zer ikusi asko, aldiz, kanpoko tramite “burokratiko”-arekin – erritual bat dena, zeinaren benetako eragina bertan parte hartzen dutenengan ere ezjakina izan baitaiteke, kanpo-formalitate huts bat besterik performatzen ari direla pentsatuz. Baina ezkontzaren ezaugarri nagusia ez da sexual lotura baizik eta:

  [P]ertsonen arteko baimen librea … (familiak osatzen duen) pertsonalitate bat eta bakarra bilakatzeko, bakoitzak bere nortasun natural eta indibidualari uko egitea dakar bata bestearekiko batasunaren alde. Ikuspuntu honetatik, euren arteko batasuna auto-murrizketa da baina modu berdinean askatasuna ere bada, bertan euren funtsezko auto-kontzientzia (substantziala) lortzen dutelako.

 Laburtuz, benetako askatasuna nahikeriak eta kontingentziak determinatzen dituzten lotura patologikoetatik askapena da. Baina Hegel muturreraino doa hemen, hau da, beharra kontingentzia bilakatzen duen gainazpiraketa dialektikoraino doa. Kontingentzia gainditzea ez du esan nahi ezkontza baten antolaketa ezkongaiaren kualitate fisiko eta mentalen azterketa sakon batean oinarritu behar denik (Platon-ek dion bezala); aitzitik, ezkontzan  bikotekidea bera da kontingentea, eta kontingentzia hau beharrezkotzat, edo nezesitate gisa, hartu behar da norberaren gain. Beraz Hegelek bi ezkontza moduez ari denean, aurretik apainduak daudenak eta erakarpenaren zein maitasunaren ondorio direnak, maila etikoan lehen aukera nahiago du:

Mutur batean, ezkontza guraso bihozleunen laguntzarekin antolatzen da; bikotekideen helburu onartua elkarrenganako maitasunaren batasuna da; fatuak bateratutako bikotea izanik, bion arteko ezkontzeko jarrera bata bestearen ezagutzetik hazten da. Beste muturrean, bikotekideen nahia dator lehenik, eta hauek bi pertsona infinituki partikularizatuen gisan agertzen dira. Ezkontzarako bide etikoena lehenengo muturra dela esan daiteke, edo edozein modu non ezkontzeko erabakia lehenik datorren eta jarraian gero joera edo inklinazioa, hainbat non ezkontza egunean bertan erabakia eta joera biak ala biak bat baitatoz.

Azken esaldia merezi du berrirakurtzea:

 Ezkontzarako bide etikoena lehenengo muturra dela esan daiteke, edo edozein modu non ezkontzeko erabakia lehenik datorren eta jarraian gero joera edo inklinazioa, hainbat non ezkontza egunean bertan erabakia eta joera biak ala biak bat baitatoz

hegel5Bestela esanda, aurretik apaindua dagoen ezkontza etikoagoa da, baina ez senide zahar bihozleunek gazteak baino gehiago dakitelako eta grinaz itsututako gazteak baino hobe ikusteko egoera egokiagoan aurkitzen direlako. Ezkontza apaindua ez da etikoagoa, beraz, bikote gazteak elkarbizitza zoriontsua burutzeko beharrezko ezaugarriak dituzten ala ez epaitze aldera adineko senideak gehiago dakitelako. Aldiz, ezkontza aurretik apaindua etikoagoa bilakatzen duena da bikotekidearen kontingentzia modu zuzenean eta irekian, argi eta garbi, hartzen dela norberaren gain. Hau da, bikotekide gisa gurasoengandik esan gabe doan informazio hau ematen zait nirengandik zera espero dutela ulertuaraziz: bizitza osorako beste batzuk (senitartekoak) bikotekidetzat inposatu didaten pertsona ezezagun hori nik neuk libreki aukeratu behar dut; beharrezkoa den hori, edo nezesitate hori aukeratzean askatasuna espiritualagoa da, hain zuzen ere, maitasun fisikoa eta lotura emozionala bigarren mailakotzat antzematen direlako; hauek ezkontzeko erabaki sakonaren ostean datoz.

Paradoxa honekin bi ondorio sortzen dira: ezkontzan askatasun abstraktuari eskaintzen zaion errendizioak ez du bakarrik adierazten errenditzeko modu bikoitza: familiaren batasunean murgiltzera onartzeko ez dut bakarrik askatasun abstraktua sakrifikatzen; askatasun abstraktuaren amore emate hau berau formalki da librea soilik, nire askatasun abstraktuaz jabetzen den bikotea bera de facto baita beste batzuen aukera. Honetaz gainera, nire askatasun abstraktuaren errendizioa ez da ezkontzarekin burutzen den errendizio bakarra – saia gaitezen datorren pasartea arretaz antzematen:

Zera da ezkontza eta ohaidetasunaren arteko bereizketa, ohelagunen asmoa desira naturala betetzea dela bereziki, ezkonkideengan asebetetze horren premia bigarren mailakoa den bitartean … Ezkontzaren alde etikoa burutzeko bikotearen funtsezko helburua batasun-kontzientzian datza, hau da,  gizabanako gisa norberaren maitasuna, konfiantza, eta existentzia osoa partekatze amankomunean oinarritzen da. Bikotekideko partaideak gogoaren egoera hau partekatzen dutenean eta beraien batasuna benetakoa denean, grina fisikoa une fisikoaren mailara jeisten da eta are gehiago desagertu egiten da gero, mometuko satisfakzioaren ondoren. Batasunaren lotura espiritualak funtsezko ezkontzarekin ziurtatzen ditu bere eskubideak eta, berez banatuezina izanik, beraz, grinaren kontingentzia eta iraunik gabeko nahikeriak gainditzen ditu.

Beraz, konkubinatoarekin gertatzen ez den bezla, zeri diogu amore ematen ezkontzarekin? Ezkontzan atrakzio patologikoa eta lizunkeria lotura sinboliko batean sublatuak  (asimilatuak) eta, hortaz, espirituari subordinatuak dauden neurrian, ondorioa bikotekidearen de-sublimazio modukoa-edo da: Ezkontza estandarraren ideologian presuposizio inplizitoa (edo hobe esanda agindua) zera da, ezkontzan bertan, izan ere, ez legokeela zertan maitasunik izan behar. Ondorioz, Pascalen benetako ezkontzaren formula ez da:

 Ez duzu zure bikotekidea maitatzen? Bada orduan ezkondu berarekin, burutu berarekin bizitza partekatuaren errituala eta maitasuna berez sortuko da.

Formula zera da aitzitik:

Maiteminduegia zaude norbaitekin? Bada orduan ezkondu zaitez, zure maitasun-harremana erritualizatu ezazu horrela zeure burua gehiegizko lotura sutsuaren eraginatik sendatzeko, eguneroko ohitura azpergarriekin ordezkatuz – eta grinaren, edo pasioaren tentazioa ezin baduzu gainditu, bada orduan izan ezkontzaz kanpoko aferak…

Bestela esanda, ezkontzan sakrifikatzen dena objektua da. Ezkontzaren ikasgaia zera da, (desiraren) objektua, izan, ordezkagarria dela, Mozart-ek Così fan tutte-n erakusten digun bezala…

* * *

*

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

Leave a Reply