Joseba Gabilondo: «Egun euskal literatura postnazionalaren triangeluaren ertzak Maialen Lujanbio, Toti Martinez de Lezea eta Ramon Saizarbitoria dira»

By • Feb 22nd, 2014 • Category: Atal Berezia, Azterketak eta Azalpenak

Joxean AGIRRE-ren elkarrizketa 

gabilitlogo

2014ko Otailaren 22a

Joseba Gabilondoren zerbait irakurtzen ari zarenean, neurria galtzen ote duen errezeloa duzu batzuetan, baina beti dira argigarriak esaten dituenak.

Joseba Gabilondoren zerbait irakurtzen ari zarenean, neurria galtzen ote duen errezeloa duzu batzuetan, baina beti dira argigarriak esaten dituenak.

Kritika liburu bat argitaratzen duen bakoitzean gauzak hankaz gora jartzea gustatzen zaio. Ume bihurri batek jolasean duen adinako laineza edo perbertsio puntua du ikerketan. Joseba Gabilondoren zerbait irakurtzen ari zarenean, neurria galtzen ote duen errezeloa duzu batzuetan, baina beti dira argigarriak esaten dituenak. Orain hamar hilabete “Martutene-New York” saiakera argitaratu zuen Saizarbitoriaren azken eleberriaren inguruan interpretazio guztiz iradokitzaileak eginez, eta datorren hilaren erdi aldera plazaratuko du “Before Babel: For a Cultural History of Basque Literatures” (ingelesez bakarrik oraingoz), euskal literatura ulertu ahal izateko eredu berri bat proposatzen duen liburua. Urretxun jaio zen orain 51 urte. Euskal Filologia ikasi zuen, baina hogei urte daramatza AEBetako unibertsitateetan lanean, Michigan State University-n azken urteotan.

Datorren hilean argitaratuko duzu ingelesez euskal literaturaren orain arteko historia egiteko moduari kritika egin eta alternatiba historikoago bat proposatzen duen liburu bat: «Before Babel: For a History of Basque Literatures». Zein da indarrean dagoen ereduari egiten diozun kritika eta zein zure proposamena?

Oraino eredua nazionalista izan da eta beti narratiba berari atxiki zaio: euskara gaizki hasten da eta orainaldia da momenturik emankorrena, beraz, progresuzko narratiba arazogabea da. Hala, euskal literatura bere hartan hazten den subjektu historiko imajinario eta faltsua bihurtzen da. Historian ez dago linborik. Euskal literaturaren historiaren erdian datzana biolentzia da, diglosia, egundaino hedatzen dena, sufritzen duguna. Historia traumatiko hau idazteko, euskaldunek erabili dituzten hizkuntza guztiak aztertu ditut, egun euskaldunak boterean (gehienak) oraindik ere erdaraz mintzatzen baitira eta hala izan baita XVI. mendetik, Lazarraga eta Milia Lasturkoa eta gero. Hots, nire proposamena postnazionala da, eta, besteren artean, euskararen zanpaketa nola hedatu den esplikatzen du. Egundaino, euskara klase subalternoen (baserritar/arrantzale) hizkuntza eta kultura (batik bat ahozkoa) izan da, eta hori ez dago “progresuzko narratiba lineal nazionalista” baten bidez mozorrotzerik. Hor “lehenengo eleberri euskalduna” z, y edo z izan den erabakitzea fantasia filologiko eta historiko bat da (onanismo filologikoa).

Egun euskal literatura postnazionalaren triangeluaren ertzak Maialen Lujanbio, Toti Martinez de Lezea eta Ramon Saizarbitoria dira.

Egun euskal literatura postnazionalaren triangeluaren ertzak Maialen Lujanbio, Toti Martinez de Lezea eta Ramon Saizarbitoria dira.

Gainera, badakizu, euskal literatur historia guztiek era ghettozitzaile batean tratatu dituzte bertsolaritza bezalako arazoak: liburuaren hasieran, edo amaieran, baina beti eranskin bezala (ikus oraintsu atera den azken euskal literatur historia, ingelesez, Renotik). Niretzat ahozko literatura ez da ghetto bat errepublika letratuan, baizik eta zapalkuntza diglosiko / klasezko / generozko horren adierazlerik argienetakoa. Egun bertsolaritza euskal literaturan erdigune da, idatzizkoa baino gehiago, eta hori filologoen artean heterodoxia eta blasfemia gogorra da. Eskomunikatuko naute (inoiz ere jaunartu ez dudan eliza letratu batean, beraz, niri bost axola). Bestela esateko, egun euskal literatura postnazionalaren triangeluaren ertzak Maialen Lujanbio, Toti Martinez de Lezea (zeinak euskaratuta euskal idazleek baino gehiago saltzen duen) eta Ramon Saizarbitoria dira… et le reste c’est de la litterature. Agian haur literaturan ezarri beharko genuke kuadrilatero postnazionalaren laugarren ertza.

Bestalde, Euskal Herrian gutxiengo ugari izan dira, demagun, juduak, Erdi Aroan hebreeraz idatzi zutenak. Horrelakoak ere sorosi dituk nire historia ez-nazionalerako. Era berean, Ameriketako diasporak, batez ere gazteleraz eta ingelesez idazten dutenak, nire historiaren erdigunera ekarri ditut. Beti izan dugu joera diaspora, estatu moderno inperialista jatorrenak bezala, arazo marjinaltzat tratatzeko.

Zein da zuk proposatzen duzun ereduak maila akademikoan duen onespena? Euskal ikertzaileen artean ba al dago bide beretik lanean ari denik?

Iazko urtean Euskaltzaindiak antolatutako historiografia biltzarrean aurkeztu nuen eta guztiak ados zeudela esango nuke. Seduzitu nituen. Baina badakizu, jendea ez da gauetik goizera aldatzen; lehengo lepotik burua. «Bai» esan eta gero ere, guztiok itzultzen gara gure usadio zaharkituetara. Baina, era berean, aldaketaren aurka inertziaz jokatzen duten guztiek dute mamu bat: badakite sistema filologiko zaharrak ez duela funtzionatzen, eta, beraz, aldatu beharra dutela. Hori Jon Casenavek argi utzi du bere azken liburuan. Historiaren mamu hau dut nire proposamenaren aliatu nagusi.

Ba al duzu euskaraz argitaratzeko asmorik?

Bai, jakina. Eta boluntariorik badago itzultzeko, please do writejoseba@joseba.net. Oraindik ere nire “Nazionaren hondarrak” (2006) ingelesez itzultzen ari naiz. Liburua doan egongo da helbide honetan: http://www.joseba.net/bbabel.pdf. Gainera helbide horretan iruzkinak uzteko aukera izango dute, liburu hau haziz joango baita urteen buruan. Orain argitaratzen dudana proposamen bat baino ez da, 300 orrialde ingurukoa bada ere.

Atxaga izan da euskal literatura Espainiako sistema literarioaren mende ezarri duena […] Argi dago, egun euskal literatura inoiz literatura izango bada, literatura espainiarraren morroi izateari utzi beharko diola, eta Atxagak morrontza hori ezarri zigun.

Atxaga izan da euskal literatura Espainiako sistema literarioaren mende ezarri duena […] Argi dago, egun euskal literatura inoiz literatura izango bada, literatura espainiarraren morroi izateari utzi beharko diola, eta Atxagak morrontza hori ezarri zigun.

Orain hamar hilabete argitaratu zenuen «New York-Martutene», Saizarbitoriaren azken lanaren inguruko ikerketa. Bertan, beste hainbat gairekin batean, Atxagak eta Saizarbitoriak espainiar sistema literarioarekiko izan dituzten harremanak aztertzen zenituen. Atxagaren obrak euskal literaturaren autonomizazioari hasiera eman bazion ere, eragin negatiboak izan zituela zenioen: Euskal Herria «beste» exotiko eta ohiturazko agertoki ahistoriko bihurtu zuelako. «Atxaga izan da euskal literatura Espainiako sistema literarioaren mende ezarri duena», esaten zenuen.

Zeuk azaldu duzu ondoen. Argi dago, egun euskal literatura inoiz literatura izango bada, literatura espainiarraren morroi izateari utzi beharko diola, eta Atxagak morrontza hori ezarri zigun –hau guztia Hur Apalategik ere maisukiro aztertu du–. Bertsolaritzak ez du morrontza hori eta nabari zaio. Kataluniarrak dabiltza independentziaren alde, baina literaturaren aldetik eta morrontza hori gainditzeko aukera bakarra dugu: independentzia. Independentzia lortzen ez dugun artean (eta orduan ere lanak izango ditugu) literatur espainiarraren morroi izaten segi beharko dugu eta beraz gure exotizismo/bestetasun nagusiaren papera jokatu beharko dugu: gu biolentoak, espainiar guztiak baino biolentoagoak garenak (eta jakina egun hori txiste bat da polizia espainiarraren jokaera ikusita, jendea etxeetatik botaz, eta abar). Ez dut uste Saizarbitoria diodan honen alde legokeenik. Baina Saizarbitoria, malgre-lui-meme, aukera honen Moises/Don Jone Bataiatzailea baino ez da. Beno, edo hori da nire irakurketa. Eta kasu hauetan, lagunek zeure burua zuk zeuk baino hobeto ezagutzen duten moduan, kritikook idazleek baino hobeto ezagutzen ditugu idazleen lanen zeruertz adierazkorrak.

Saizarbitoriak ez du bere lana Espainiako argitaldari multinazionalen makinaria konplexu eta neoliberalean sartu […] Euskal idazle gazteago eta subordinatuagoei egiazko lezio etiko eta politikoa eman die.

Saizarbitoriak ez du bere lana Espainiako argitaldari multinazionalen makinaria konplexu eta neoliberalean sartu […] Euskal idazle gazteago eta subordinatuagoei egiazko lezio etiko eta politikoa eman die.

Saizarbitoriak, aldiz, literatura sistema espainiarretik kanpo bere bidea egitea lortu duela diozu. Argituko al zeniguke nola lortu duen hori?

Ez “alfaguaratizatuta” (termino hau latinoamerikarrek asmatu dute eta Euskal Herrian Sarrionaindiak aipatu zuen lehenik). Hots, Saizarbitoriak ez du bere lana Espainiako argitaldari multi-nazionalen makinaria konplexu eta neoliberalean sartu. Hots, Prisan. Zentzu horretan, euskal idazle gazteago eta subordinatuagoei (beren imajina publikoaz etikaz edo politikaz baino arduratuagoei) egiazko lezio etiko eta politikoa eman die.

Liburu horretan orrialde bakoitzeko esaldi polemiko bat aurki daiteke. Aipa ditzagun batzuk: «Martutene» da euskal literaturaren historiako eleberririk onena (kalitatezkoena, nire bihotz historiografiazaleak, kalitatea historikoki ulertzen duenak, pribatuan «Peru Abarka»-ren alde egingo balu ere). Zer esan nahi zenuen?

Kazetari on bezala, galdera konplexu bat egin eta gero, oso motz eta labur erantzuteko eskatu didazu. Beraz, horretan utziko dut. Euskal literaturaren historian eta kritikan beti egon behar da momentu pedagogiko bat, esentzialista, inongo ezulerturi uko egingo diona, konplexutasuna esaldi batean laburbilduko duena, mezu politiko argi bat emango duena. Hori da nire esaldia. Ezin egotzi analisi konplexutan galtzen naizenik.

Erakunde ofizialen inguruan garatu den kritikari erreferentzia eginez, hitz fetitxe batzuk salatzen dituzu, «normalizazioa» eta «modernitatea», esate baterako. Argitu iezaguzu salaketa horren mamia zein den.

Ez garela normalak. Eta kalean hau irakurtzen duen edozein euskaldunek momentuan emango dit arrazoia. Normalak eta modernoak garela, hori politikoei eta instituzio politikoetako «kudeatzaileei» interesatzen zaien narratiba da. Normalizazioarena, lehenaldia atzean utzi dezakegun, ahantz dezakegun fantasia nazionalista proespainiarra da (ikusten, ez gara “biolentoak”, oso txintxoak gara, … eta horrela XVI. mendera goaz berriro, Trentoko kontseilura eta Inkisiziora, non “euskaldun fededun” bezala kastratu gintuzten).

Lehen esandakoaren haritik, liburuan hauxe diozu: «Madril eta Bartzelonako argitaletxeak saiatuko dira eleberri hau (“Martutene”) ‘alfaguaratizatzen’, baina hain zuzen ere eleberriko Euskal Herria hain da europarra, burgesa, dekadentea, hain ‘normala’, non bere anormaltasun handiena euskalduna izatea den. Beraz, zaila izango da eleberri hau ‘alfaguaratizatzen’, exotizatzen».

Eta zein da galdera? Ez diote sari nazionala eman, Madrileko argitaletxe eta agenteek ez diote lobbying-a egin Werti. Jaungoikoari esker, eleberria gurea dugu oraindik ere. Ez da «novela maestra del arrepentimiento de los violentos vascos o de la connivencia de los no-violentos con los violentos».

Saizarbitoriak Jon Juaristiren “nuestros padres nos mintieron” histerikoari erantzuten dio: “Martutene” “El bucle melancólico” lanari euskal literaturak eman dion erantzuna da.

Saizarbitoriak Jon Juaristiren “nuestros padres nos mintieron” histerikoari erantzuten dio: “Martutene” “El bucle melancólico” lanari euskal literaturak eman dion erantzuna da.

Aurreraxeago diozu: «Euskal terrorismoa eta estatu terrorea, borroka armatua, Gatazka, ez da gai zentrala ‘Martutene’-n. Presente dagoen arren, ez du ‘pornografiarik’ egiten eta ez du espektakulua egiteko aukerarik ematen. Estatu espainiarrean ezagutzen dudan beste kasu bakarra Xosé Luis Mendez Ferrin da. Hark uko egin dio urte askoan bere lanak gaztelerara itzultzeari». Zein da Saizarbitoriak euskal gatazkari ematen dion trataera eleberrian?

Gerra Zibilarekin lotu du, eta “biolentziaren pornografia” eman beharrean, gogoeta historiko eta afektibo luzeago eta konplexuagoa eman digu. Hain zuzen Jon Juaristiren “nuestros padres nos mintieron” histerikoari erantzuten diona (“Martutene” Juaristiren “El bucle melancólico” lanari euskal literaturak eman dion erantzuna da). Eta hein batean denok ezagutzen duguna, ez historikoki bere xehetasun historiko guztiekin, baizik eta afektiboki, azalpean daramaguna, oso aspalditik datorkigun arazo bezala.

Gainera, eta hau ez dut liburuan esaten, uste dut momentu honetan Espainia guztia bihurtzen ari dela ETA. Hots, «el aborto tiene algo que ver con ETA» dioen ministro baten ondoan, escrache bat edota manifa bat Madrilen egitearren Estatuak atxilotu eta jo dituen hiritar espainiar demokratiko horiek Estatuaren etsai bihurtu dira, terrorista bilakatu dira. Hots, aspaldidanik euskal esperientzia zena orokortu eta espainiartu egin da. Katalan indepentziazaleak dira terroristak, Andaluzian supermerkatuetan gosearen aurka “lapurtzen” dutenak dira terroristak… Beraz, ironikoki, orain espainiar guztiak bihurtu dira euskaldun. Eta orain badakite, Saizarbitoriak azaltzen duen bezala, “terrorismoarena” historia oso luzea eta mingarria dela, XX. mende hasieraraino hedatzen dena, kasurik onenean. “Guztiok gara terrorista”-ren narratibaren eleberri zentrala da “Martutene” eta ironikoki eleberri espainiar maisua, espainiar guztiak euskaldun bihurtu diren heinean –hots Espainia Euskal Herriaren probintzia bihurtu den heinean, ez alderantziz–. Guztiok gara Asociación de Victimas del Terrorismo elkarteko bazkide zintzo eta akzidentalak. Terrorista bakarra, jakina, estatu neoliberala da, eta etxeetatik bota eta suizidatzen direnak terrorismo horren sintoma.

Euskal literaturak euskal gatazkari eman dion lekuaz edo trataeraz orrialde interesgarriak daude liburu horretan. Eman al dezakezu auzi honi buruzko zure ikuspegia?

Ez, ezin dut. Hau da momentu seduzitzailea, irakurle guztiei nire liburua eros dezatela eskatzen diedan unea. Eta jakin-mina areagotzeko esan dezadan “orrialde interesgarri” horien premisa kilikatzailea: ez dagoela borroka armatuari buruzko eleberri maisurik idazterik. Ezin da ETAren eleberri maisua idatzi. Beraz idazle gazteok, saiatu ere ez. Zergatik? Liburua irakurri (pirateatuta bada ere).

Liburuan honakoa diozu: «Euskara garbia eta jatorra izango da Euskaltzaindiak eta ondorioz itzultzaile eta zuzentzaileek erabiltzen dutena, baina euskara hori intelektualki erabat pobrea da eta ez du inoiz eredu kultural aberats eta plural bat bideratzeko balioko».

Azken hogei urteotan, Ibon Sarasolak argitaratu zuen “Euskara batuaren ajeak” lanaz gero eta liburuak Alberdania bezalako argitaletxeetan izan zuen eraginaren ondorioz, euskara kastizo eta garbizale bat bihurtu da euskal literaturaren eta idazketaren super-ego ekidinezina (itzultzaileak, zuzentzaileak, irakasleak…). Hemendik AEBetatik begiratuta, eguneroko bizitzan ingelesa erabiltzen dudan egunerokotasun honetatik, joera garbizale-jator-kastizo hori suizida bezala ikusten dut. Egun ezin da euskaraz ezer konplexurik idatzi, Europako tradizio intelektualarekin irmoki lotzen dena, garbizalekeriaren super-egoak geure buruak errudun edo psikotiko bihurtu gabe. Antza Sarasolak azken aldian aldatu omen du bere iritzia (“Txapa eman” ontzat emanez), eta bejondeiola. Orain hogei urte aldatu behar zuen, egin duen kaltea aurreztuz. Diodan, bidenabar, Sarasola dugula euskal hiztegigintzaren/lexikografiaren aita, ama, eta pantokratorra. Bere lana maisua da. Bere iritzi politiko-linguistikoak kaltegarriak –eta garbizalekeriaren super-egoari muin egin diogun/dioten guztiak errudun–.

Unamunoren urtea den honetan, esan dezadan lehen-lehen “Unamunoa” Jimenez de Rada (1170-1247) izan zela, eta, beraz, gaztelauak baino espainiarragoak diren euskaldunen tradizioa zaharra da

Unamunoren urtea den honetan, esan dezadan lehen-lehen “Unamunoa” Jimenez de Rada (1170-1247) izan zela, eta, beraz, gaztelauak baino espainiarragoak diren euskaldunen tradizioa zaharra da

Zure «Apokalipsia guztioi erakutsia» narratiba lanak 2009ko Erein saria jaso zuen. Jarraitzen al duzu narratiba idazten?

Bai, jakina. Badut proiektu oso interesgarri bat, eleberri luze bat idazteko, irakurleak utzi ezingo duena (s/he won’t be able to put it down, esango genuke hemen). Hots narratiba erabat utziezina, esku batean negarrarentzat painelua eskatuko duena eta bestean konputagailua/tableta Wikipedian zabalduta izatea eleberriaren konplexutasun intelektuala ulertzeko. Baina urteak beharko ditut. Oraingoz literaturaren, kulturaren eta politikaren diskurtsoan nabil. Nire hurrengo liburua euskal Erdi Aroaz eta Errenazimentuaz izango da, filosofia judua eta latinoamerikarrarekin lotuko dudana (Spinoza, Poma de Ayala). Lan horren aurrerapena “Euskal Herriko Pentsamenduaren Gida”-n azaldu dut. Unamunoren urtea den honetan, esan dezadan lehen-lehen “Unamunoa” Jimenez de Rada (1170-1247) izan zela, eta, beraz, gaztelauak baino espainiarragoak diren euskaldunen tradizioa zaharra dela. Liburu hau, gainera, historia nazionalista espainiar eta euskaldunaren, bien, kritika bat da.

Leave a Reply