Zoru etikoa, XXI. mendeko inkisizioa

By • Feb 19th, 2014 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Cheryl Misak filosofo amerikarrak, duela gutxi idatzitako amerikar pragmatismoari buruzko liburu batean (The American Pragmatists, Oxford: 2013), gerra zibil amerikarra edo sezesio gerra famatua (1861-1865) ideien frakasotzat (beste elementu batzuen artean) interpretatu du. Hark dioenez, gerrak iparraldeko kultura intelektual guztia eraman zuen berarekin, eta gutxienez mende erdi bat behar izan zuen AEBk kultura horren ordezko beste bat bilatzeko, alegia, beste ideien multzo bat, beste pentsatzeko era bat, lurzoru berri bat, jendea bizitza modernoaren baldintzetara egokitzen lagunduko zuena. Ideia multzo hori pragmatismo amerikarrak ekarri zuen, noski. Izan ere, gerra zibilaren traumaren ondoren, lezio nagusia zera izan zen: “ziurtasunak biolentzia dakar”. Jendea jada ez zegoen filosofia absolutista berrien inolako gogoz, eta pragmatismoak ziurgabetasunean ibiltzen ikasteko makuluak eman zizkion herriari. Ziurtasun absolutuen gainean eraikitako gizarte hura gerrara kondenatua baitzegoen, nolabait.

Lezio hori, edonola ere, munduko edozein txokotan topa daiteke. Azken finean, gizakiaren arazo konstanteenetako baten aurrean gaude: ziurtasuna versus ziurgabetasuna, askatasuna versus lotura… Nolabait Nietzschek aipatutako tragikomedian, izpiritu apolineoaren eta dionisiarraren arteko borroka etengabean gaude. Eta Euskal Herrian, tamalez, historia behin eta berriz errepikatzen da parametro horietan, tragedia bezala lehen, fartsa gisa orain, Marxi jarraituz. Torkemada inkisidoreaz geroztik, continuum bat izan da gure historian inkisizioa: Erdi Aroan sutan erretzen zintuzten (sorginak eta abar), bestela konbertsioa (moriskoak, juduak), gero erbestea (karlistadak, gerra zibila…), eta azkenik, hiritar eskubidedun gisara ukazioa, bai morala, politikoa zein legala (euskaldun independentistak). Norbaitek historiaren lerro okerra egitea egotziko dit, historizismo sinpleegi bat: agian ez du arrazoirik faltako. Halere, konstante hori uler bedi ulertu behar den zentzuan: Espainia eliza bat da, zentzurik okerrenean, bat eta bakarra, disidentzia inoiz eta sekula santan onartzen ez duena eta onartuko ez duena. Metodoak aldatu dira, baina inkisizioaren forma berbera da, ordea.

Beraz, tragedia lehen, eta orain esku artean duguna fartsa eta komedia handi bat da, ezin hobeki antzeztua, egia esatera, eta Estatuak bere aparailu mediatiko indartsuenekin orkestratua: balio demokratikoak antzerkiaren eszenografia lirateke, eta Espainiako erregio euskalduneko sepâhi fidelak, berriz, txotxongilo apartak. Intelektual organikoek ideologia barreiatu, Estatuak eta Eusko Jaurlaritzak direkzioa eraman, eta sasi pazifista ilustratuek aktore lanak bikain egiten dituzte azken boladan.

Historia ezaguna da, baten bat oraindik enteratu ez bada ere: Espainia una, grande y libre, diktaduratik demokrazia formalera, haren zutabe absolutuak izenez aldatu eta voilá, estruktura totalitarioak zirenak demokratikoak izatera pasatu ziren (oinarri berberen gainean eraikita zeuden arren): tribunalak (TOP, gero Auzitegi nazionala), guardia zibila, prentsa (ABC, El Correo…), konstituzioa, estatu burua (lehen Franco, Juan Carlos orain)… Diktaduratik demokrazia formalera salto, izenak aldatu, eta lehen faxista zena orain demokrata. Eta, hain zuzen, trantsizio fartsa horretatik, de aquellos polvos, estos lodos… ETAren biolentzia kausalitatez ezin esplika daitekeela dioten horiek (besteen ideia “inmoralak” kausalitate azientifiko eta psikologia merkearekin esplikatzen duten bitartean, noski), ez dute onartu nahi esplikazio soziopolitiko hori berdin balio duela azken 200 urteetan gure herrian gertatu den biolentzia espresio oro esplikatzeko, berdin karlistadak edo ETA. Historia hemen errepikatu egiten baita: eszenografia eta aktoreak dira aldatzen diren bakarrak.

Batzuek uste dute, ziurtasun osoz uste ere, etika edo morala hor nonbait aratz eta garbi eskegita dagoen zerbait dela, zeina pentsamendu ilustratu baten zain dagoen haren balio objektiboak (ongia, gaizkia) noiz atzemango. Alegia, biolentziak biolentzia ekartzen du, venga de donde venga… eta halako baieztapen metafisikoak, historiaren joan-etorriarekin batere zerikusirik ez dutenak. Etikak, ordea, politikoz jantzitako apaiz batzuek onartu nahi ez duten arren, ez du oinarri absoluturik kulturaz kanpo. Izan ere, grekozko ethos­­-etik, eta morala latinezko mos-etik datorren hori, funtsean ohitura edo tradizioa esan nahi du. Gizartearen elkarbizitza (edo elkarbizitza eza) zimendatzen duten isilpeko premisen multzoa baino ez dira morala eta etika, ez besterik. Inkontzienteki eta esan gabe onartuak diren gizartearen oinarri absolutuak. Alegia, sinbolikoa dena baino (giza eskubideen gutuna, konstituzioko eskubideak eta abar), erreala den hori (tortura, jipoiak, kaleratzeak, ustelkeria…), Lacanen hizkuntzan. Horixe da morala.

torturaKultura batek isilpean onartzen duena da morala, beraz, kultura bilakatu duena urteen barne ekinez, inertzia bilakatu arte. Horrela da, gero, Estatu honen zoru etikoa biolentzia gordina izatea; estatuak praktikatu, komunikabideek ezkutatu, eta gizarte zibilaren zati handi batek onartzen duena. Isilpeko onarpen absolutu hori da morala dena, Arkaitz Bellonen heriotza eta gisakoak gertatzea ahalbidetu dutena behin eta berriz, komunikabideek eta hainbat alderdiek isilaraziari esker. Moralki eta kulturalki, beraz, biolentzia zilegi da, tradizioa da, morala da, gizartearen oinarri absolutu ikusezina da: gizartearen zoru etikoa biolentzia da. Batzuek, halere, errealitatearekin lotzen ez den etika absolutu batean, kultura honetatik kanpo eta are kultura hau ukatuz (edo baita ere kultura biolento hau babestuz, Estatuaren lotsak ezkutatu eta errudun bakarra bilatzen den heinean), ondorioztatzen dute biolentzia edozein egoeratan ere ez dela zilegi. Historikoki, ezinezkoa da halako posizio bat koherenteki arrazonatzea, giza eskubide guztiak, Estatu guztiak, Mandela, Malcolm X eta Che guztiak, absolutuki ezabatu eta kondenatu gabe. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren bake planak horixe ebazten du. Ez hori bakarrik: giza eskubideen aldeko borrokan biolentzia zilegi izan daitekeela pentsatu duenak erratua zegoela onartu behar duela deritzo, publikoki onartu behar ere. Aitorpen publikoa exijitzen da hortaz, eta pertsona edo talde multzo horrek bere iragana ukatu behar du, demokraten klubean sartu nahi badu lehenik, eta bigarrenik eta garrantzitsuago, hiritar eskubidedun osoa izan nahi badu. Horrek izen bakarra dauka: inkisizioa.

Gizartearen isilpeko oinarri diren balioak (morala) absolutuak diren bezala, erabakimenean oinarritzen den norberaren etika, aldiz, beti da erlatiboa. Alegia, pertsona batek espazio edo testuinguru erlatibo batean (kultura, testuinguru pertsonal eta kolektibo…) hartzen ditu erabakiak eta osatzen du bere balioespen propioa. Hortaz, argi ohartuko denez, gizabanakoari zuzendutako Eusko Jaurlaritzaren etika absolutua, Edu Apodakak ongi azpimarratzen duen bezala, “(…) oximoron bat da. Idatzi zuenak jakin beharko zuen: etika absolutua bada jokaera ez da etikoa izango, absolutuen arabera jokatzen duenak ez du erabaki etikorik, absolutuak erabaki du eta” (Datozen garai biolentoen zoru etikoak. Berria. 2014-01-05). Bake plana idatzi duenak jakin badaki tamalez hori, eta askoz gehiago ere.

Hortaz, ez da inolaz txantxetakoa esku artean duguna: mentalitate arazo larri baten aurrean gaude. Kultura espainol inkisitorialak hegemonizatutako garaileen eta garaituen etika baten aurrean gaude, inkisidoreen (in)kultura konstante baten aurrean. Horren laguntzaile fidel, euskaldun sasi-pazifista txintxoak, pausoz pauso inkisizioak markatutako lerro ideologiko oro jarraitu dutenak; haiek bihurtu dira Espainiaren batasunaren eta inkisizioaren betearazleak Euskal Herrian.

Badirudi, ordea, egun aktore politiko eta sozial gehienek esaten duten bezala, oso biolentoa den kultura bat gainditzeko asmotan gaudela orain, batzuk bederen horretan dabiltza, pauso efektibo eta errealak eginez, inori lezio etikoak eman gabe. Eta hainbeste tragedia ekarri duen kultura hori gainditzeko, bi bide besterik ez daudela dirudi. Bata, inkisizioarena: bakera bidean errudun bat bilatzea eta pentsamendu razional bat inmoraltzat jotzea. Alegia, “ETAren borroka armatua zilegi izan da”ren ustea debekatzea, hala pentsatu duenak barkamena publikoa eskatzea, eta berriz ere pentsamendu hori inoiz pentsatuko ez duela lege bihurtzea: Eusko Jaurlaritzaren planak egin nahi duena, alegia. Bestera esanda, kultura dominantea dena (biolentoa guztiz, estatuaren zimendu handienetik hasita azken polizia txepeleraino) ezkutatu eta estatuarena ez den biolentzia gaitzetsi behar izatea eskubide guztizko hiritar izateko. Bigarren irtenbidea, aldiz, orain eta hemen guztiok konpartitzen ditugun minimo batzuetatik abiatzea litzateke, inork inori baldintza absolutu bat ezarri gabe. Zentzu komuneko zerbait izan beharko litzatekeena; batzuentzat haizeak eramaten duen poesia baino ez da, ordea, gerra eta garaituak nahi baitituzte haiek, eta ez edonolakoak: garaituak ondo zapalduak, txakurraren kaka baino areago, gizarte berriaren zimendu bezala. Pazifista biolentoak, edonondik ere!

Kultura berri bat bada sortu behar dena, eta hala dirudi, ez dugu lan makala aurretik. Kultura berri bat eraikitzeko abiapuntua ezin da izan eragiketa arrazional baten debekua ezartzea. Biolentzia gure herrian inork zilegitzat berriz ez hartzea ez da abiapuntua, hortaz; izatekotan, helmuga izan behar du, helburua. Alegia, egin dezagun kultura bat non inork ez dezala motiborik izan biolentzia zilegitzat hartzeko. Hori ezin daiteke paper batean edo lege batean idatzi, lege bihurtu, kontrakoa pentsatzen duena argazkitik atera, eta akabo; baizik eta kultura bilakatu behar da, Estatuaren estruktura gorenetatik hasita, kalabozo, tribunal, eta abarretatik, Ertzaintzatik eta Guardia zibiletik eta azken poliziaraino, azkenik herritarrengana iristeko. Instituzioek eman behar baitute kultura horren etsenplua lehenik, aldez aurretik herritarrei borrekin pazifiko izateko “eskatu” ordez.

Nolanahi ere, argi dagoena da bakoitzak baduela lana bere etxeko alfonbra azpiko zikinak atontzen, eta oraindik alfonbra haizeztatzera ere atera ez duten horiek are gehiago (Jaurlaritza eta Estatuaz ari naiz, noski). Eta zaila da, nola gainera, bere lotsak ezkutatu eta lezio etikoak ematen dabilenaren jarrera manikeoa ulertzea. Berdin herri batean politiko lapur batzuei zarata egin zaielako edo pareta batean pintada bat agertu delako, sasi-pazifistak beti aurkituko du aitzakia besteei lezio etikoak emateko: kondena bat hemen, gaitzespen bat han. Antzerki biolento hutsa. Eta egunero egiten dute, hain lasai, burua konkortuta dutela, demokraziaren eta bakearen izenean. Dispertsioa diseinatu, tortura sistema efektibo bat eraiki eta praktikan jarri, bestetzuek are talde armatu bat sortu eta herritarrak erail eta abar egin duten horiek, norbaiti lezio etikoak emateko posizioan daudela pentsatzea ere absurdoa da. Dagoeneko konstatazio bat egina egon beharko litzateke, beraz; lezio edo baldintza etikoak inork ezin ditzakeela hemen eman inori, ezta neuk ere, justu-justu euli bat akabatu duen honek. Are gutxiago, hortaz, giza eskubideen izenean haiek urratu dituzten horiek.

Honen aurrean argi eta garbi mintzatu behar da, eta are ozenago oihukatu: ez dugu inkisiziorik nahi! Pentsamendua debekatzera eta gure kontzientziak inbaditzera datorrena pazifistaz mozorrotutako XXI. mendeko Torkemada berria baino ez da. Badakigu jakin, ordea, esandakoak belarri batetik sartu eta bestetik ateratzen zaizkiola boterean lasai egiaren jabe absolutu denari, are ziur aski gehiengo baten babesa duenari. Hark nahi duena sinplea da eta horretan jarraituko du: Euskal Herriko azken 50 urteetako erruduna behin seinalatuta, errudunak bere akatsak onartu, publikoki aitortu, eta sakon-sakonean sentitu behar du pentsatzen ez duen hori. Hori al da bakerako abiapuntua edo zimendua? Horrek izen bat dauka: inkisizioa. Kontzientziaren bortxa (ikus Joxe Azurmendiren Barkamena, kondena, tortura liburua).

Gure seme-alabei ezin diegu herentzian akats berberen gainean eraikitako kultura biolento bat laga. Gure betebeharra da, hiritar kritiko bezala, XXI. mendeko inkisidoreei bideak ixtea. Orain galtzen dugun borroka bakoitzeko hurrengo belaunaldiaren sufrimendua bikoitza izango baita bestela.

(Berriz, 1984) Filosofian lizentziatua. Jon Jimenez-ekin batera "Modernitatearen auziaz" (Jakin, 2009) idatzi du. UEUko Filosofia Sailburua 2 urtez izandakoa. Doktoradutza ikasketak bukatzen EHUrekin. Gara egunkarian iritzi saileko kolaboratzailea izan da. hAUSnART aldizkariko zuzendaria.
Email this author | All posts by

2 Responses »

  1. Ziurtasunak errebisatzen:

    -Ziurtzat hartzen bada frankismoak lampedusarena egin zuela, nola azaldu EAJ eta ezker abertzalearen (Gipuzkoa) gaurko hegemonia instituzionala?

    -Ziur biolentziaren zilegitasuna abstraktoki eztabaidatzea ezer argitzeko balio duela?. Aldiz, ETAk eragindako bortzakeriaren konkrezio historikoa hausnartzeko prest? (Yoyes, Lopez de Lacalle, herriko zinegotziak, biktimeen %95a Franko jadanik hilda…)

    -Ziur ETA eta sustatu dutenak kritikatzen ditugun euskaldun gehienok dispertsioa disenatu eta tortura sistema eraiki dugula?

    -Ziur gure seme-alabentzat herentzia positiboa izango dela aurkarien erahilketa praktikatu dutenak omentzen den aberria ustea? (Txeroki edo Amedori)

    -“Zihurtasunak biolentzia dakar” argudiatzea ETA-ren ibilbidea justifikatzeko eta beraren kontrako kritikak deskalifikatzeko ez al du kontraesan erraldoi baten itxura?

  2. Ea ondo ulertu dizudan, ZIUR. Andonik “ETA-ren ibilbidea justifikatzeko eta beraren kontrako kritikak deskalifikatzeko” ekarri du bere artikuluan aipamenera “Ziurtasunak biolentzia dakar” argudioa. Hori baldin bada diozuna, nondik atera duzu horrelakorik?
    Eta ez bada hori diozuna, zertara dator zure azken galdera hori?

Leave a Reply