Demokraziarik ez Estaturik gabe (Berria, 2014-02-05)

By • Feb 5th, 2014 • Category: Azterketak eta Azalpenak, Uncategorized

JULE GOIKOETXEA – EHUKO IRAKASLEA

Floral Design - Gail Anderson

Floral Design – Gail Anderson

Demokrazia edukitzeko Estatua desegin behar da», edo bertsio eztitua, «demokraziak ez du behar Estaturik». Gure herriko kale, etxe eta tabernak zingiratzen diharduten ideiok ez dute ez oinarri analitikorik ez enpirikorik. Saihesten oso zaila omen den desio multzo erromantiko, tolesgabe eta ahistoriko batean oinarrituta daude, eta, ederra izan daitekeen arren pentsamendu hori (demokrazia aipatzean paradisua irudikatzen duten horientzat bederen), errealitatean funtzionala izango den demokrazia batek Estatua behar du.

Etorkizunean birikak ordezkatzeko gailua aurkitzen badugu ere, beti egongo da mekanismo multzo bat arnastea ahalbidetuko diguna, birikak edo e.neo.breath izenekoa. Izena gutxienekoa da kasu honetan, eta mekanismoren kontzeptua, aldiz, ezinbestekoa. Arnasa hartu eta gorputz osoan zehar oxigenoa banatzeko mekanismo multzo eta antolaketa zehatz bat behar du gorputzak. Eta giza taldeek aberastasuna eta ezagutza sortu eta (bir)banatzeko ere hori bera behar dute. Mekanismoak eta antolaketa erak alda daitezke, eta aldatzen dira, momentuko helburu eta baliabideen arabera. Sistema edo gizarte demokratiko bat lortzeko behar diren baliabideak eta, oro har, baldintzak, ez dira gizarte feudal batek behar dituenak. Azken mendean eman diren demokratizazio prozesu guztiek Estatuaren ahalmena indartuz eta zabalduz egin dira, ez Estatua murriztuz edo desagerraraziz. Estatua baita gaur egun demokratizazio prozesu oro denboran eta espazioan zehar mantentzeko mekanismorik eraginkorrena. Estatu modernoak direlako, ezagutzen ditugun antolaketa moduen artetik, baliabide, erakundetze eta birsortze ahalmenik handiena eskuratu duten erakunde multzoak (antolaketa moduak).

Dried Flowers - Keith Stanley

Dried Flowers – Keith Stanley

Estatua da sistema demokratikoek duten mekanismo nagusia berdintasun politikoa eta sozio-ekonomikoa egikaritzeko, hots, demokraziaren lehen baldintza materiala hezurmamitzeko. Euskal demosa ezin da eraiki ez birsortu erakunde publikorik gabe. Demos-a ez da populazioaren edo nazioaren sinonimo, demosa prozesu demokratizatzaileetan ageri den entitatea da, eta entitate horrek bi dimentsio ditu: objektiboa edo materiala eta subjektiboa (populazioaren pertzepzio eta sinesmenei dagokiona). Demosaren dimentsio objektiboak erakundeei, hortaz, egitura objektiboei egiten die erreferentzia, erakundetutako harreman eta entitate sozialei: ohiko estatu erakundeei (parlamentuak, gobernuak, segurtasun indarrak), zein hezkuntza, osasun eta produkzio sistemari, edo eta alderdi politiko, sindikatu eta enpresari elkarteei. Demosaren dimentsio objektibo hori ez da egitura objektiborik gabe existitzen.

Gauzak horrela, Euskal Demokrazia posible egingo luketen gutxieneko baldintzak hurrengo hauek dira. Euskal Estatu Erakundeek (EEE) euskal herritarrek sortzen duten aberastasuna eta ezagutza eskuratzeko eta kontrolatzeko ahalmen politiko nahikoa izatea bata, eta, bestea, EEEk euskal herritarren eskakizun eta lehentasunak gobernaketa prozesuan barneratu eta hezurmamitzeko ahalmen politikoa.

Gizarteak ahalmen politiko handia duten erakunde publikoak eduki ezean, ezingo du populazioak berak sortzen dituen aberastasun-produkzio eta ezagutza harreman asimetrikoetan esku-hartze sendorik eduki, eta, beraz, ezingo du kohesio sozio-ekonomikoa bermatu. Azken hori da, haatik, demokratizazio prozesu ororen ezinbesteko baldintza: kohesio sozio-ekonomikorik gabe ezinezkoa baita berdintasun politikoa eta materiala gizartea osatzen duten talde eta gizabanakoen artean.

Floral Design - Christine de Beer

Floral Design – Christine de Beer

Gizarte garaikideen itsasgarri nagusia errutinazko praktika komun erakundetuak dira, egitura objektibo komunek ahalbidetzen dituztenak (hots, heziketa, osasun eta zerga sistemek edo eta produkzio sistemek ahalbidetzen dituztenak). Egitura objektibo edo erakundeturik gabe ez dago demokratizaziorik, ez bederen gaur eta hemen. Egitura objektibo horiek eduki ezean, ez dago luzera euskal demosa bere dimentsio subjektiboan birsortzeko gai izango den mekanismorik, aurre egin ahal izango diona gainontzeko estatuek duten birsortze botereari.

Euskal Herriko zazpi lurraldeek argi eta garbi erakusten dute euskal herritarren birsortze zailtasuna proportzionala dela lurralde bakoitzean euskal herritarrek lortu duten ahalmen politiko erakundetuarekiko. Zergatik? Euskal herritarrek eurek sortzen duten aberastasuna eta ezagutza kontrolatu eta erakundetzeko ahalmenik ez badute, orduan herritarron eskaerak eta nahiak hezurmamitzeko ahalmenik ez dago. Dinamika hau eman ezean, ez da egongo Euskal demosaren birsortzerik.

Gaur egun, bere burua birsortzeko, alegia, espazioan eta denboran zehar mantentzeko ahalmen politiko handiena duten herriak Estatua dutenak dira. Eta ez da existitzen berezko sistema demokratikoa duen herririk berezko erakunde publikorik ez duena. Hemendik erraz erator daiteke desiratzen den errealitate politikoa erdiesteko, demagun Euskal Demokrazia, ezinbestekoa dela ahalmen politikorik handiena duten erakunde multzoa lortzea, Estatua.

berria

Leave a Reply