Feminismoaren diferentzia eta maitasuna (I) – Joera erotikoa, pornografia eta sexu-gudak

By • Jan 31st, 2014 • Category: Maitasuna Proiektoa

Ez da Arantzazuko Symposium Platonikoaren antolatzaileek ez zirelako ahalegindu baina piskat ankamotz bai geratu zen: hiru ponentzia maskulinoen parean (Michael Hardt, Slavoj Zizek, Alain Badiou) inolako kritika feministarik ez! Egia esanda, besteak beste, Teresa de Lauretis, bell hooks eta Judith Butler moduko ikerlari eta ekintzaile apartek eskertu egin zuten inbitatuak izateagatik. Hurbiltzeko biderik ez zutelako izan, baina, beraien lan kritikoen inguruko komunikazioak banatzeko baimena eman zuten. Laura Mintegik ondorengo hau banatu zuen, batez ere Teresea de Lauretis-en lanaren inguruan ardaztuta dagoena.

* * *

ero1Teresa de Lauretisen arabera, feminismoaren arazoari erantzuna aurkitzeko, munduko emakumeen mugimendu desberdinen toki eta historia berezietan arakatu behar da. Hemen eta han, halere, badago ezaugari amankomun bat  eta da feminismoaren jarduera kritikoa patriarkagoan errotzen den kanpoko testuinguru zabalaren aurka zuzendu dela orohar.

Feminismoaren kanpoko baldintzapen zapaltzaileen aurka zuzendutako eskakizun, aldarrikapen eta borroka desberdinen harira, zenbait talde nagusi eratzen direla, diosku Teresa de Lauretisek, nazioarteko emakumeen mugimendu globalean. Halanola feminismo liberala, erradikala, marxista edota sozialista, lesbianen mugimendua, kolorezko emakumen mugimendua etabar. Ondorioz, feminismo garaikidean ematen diren jarrera, ekite eta diskurtsoetan makinabat eztabaida, zatiketa eta baita polarizazio gotorrak ere sortu izan dira. Teresa de Lauretisen arabera, baina, kanpoko patriarkatuaren aurkako oposiziozko jarduerak direla medio, feminismoaren’barnean sortu diren eztabaida eta zatiketak izkutau beharrean arakatu eta aztertu egin behar dira.

Kanpoko testuinguru zabalaren aurka aritzerakoan, hau da, emakumeen aurkako giza-baldintza materialak (etxean, lanpostuan, gizrtean orohar) edota diskurtso zein errepresentazio nagusi eta dominatzaileak salatzeko orduan, feminismoak bere kritika eta estrategia politikoak aurreratu ditu. Historikoki, emakumeen berdintasunaren aldeko eskakizunak tradizio luze batean kokatzen dira eta feminismoaren egitarauak jarrera politiko eta kontzeptualizazio kontraesankorrez burutu dira.

Teresa de Lauretisek dioenez, ordea, nazioarteko emakume mugimendu globalaren diferentzia espezifikoa eta esentziala kontraesankortasun iraunkor honetan datza. Baina feminismoak osatzen duen diferentzia espezifiko eta esentzial honen ondorioa ez da apurketa konponezina. Alderantziz, emakume mugimenduaren barne-oposaketa eta zatiketa kontraesankorrak eusteko ahalbidea dakarte.

Teresa de Lauretisek iradokitzen duenez, hain zuzen ere, feminismoaren historia gertaberriaren pentsamenduak, eztabaidak, jarrerak eta ekiteak hurbiletik begiratuz gero, emakume mugimenduan ema(te)n diren zatiketa guziak bi joera nagusietan batu daitezke:

Lehen joera EROTIKOak, diferentzia, matxinada, ausarta izateko baliabideak, neurrigabetasuna, subertsioa, desleialtasuna, giza-eragiletasuna, eskubideak norberaren kabuz hartzeko ahalmenak, eta desira, atsegina zein arrisku gisa biziagotzen diren feminismoaren imajinak ekoiztu ditu. Joera honek, era berean, ezin-egina, biktimazioa, menperaketa, amore ematea, pasibotasuna eta konformismoa baztertu egin ditu.

Feminismoaren bigarren joera nagusia joera ETIKOa da, izan ere, erkidetasunaren eta erantzukizunaren alde ari dena, munduko emakumeen elkarkidegoa osatu nahiz gain, ardura, aizpatasuna eta elkartasunaren zentzuan sakonduz.

Teresa de Lauretisen arabera, joera erotiko eta etiko bi hauen inguruan eraiki diren feminismoaren auto-errepresentazioek, emakume mugimenduaren kondizio historikoki esentziala eta intrinsekoa erakusten du. Esan bezala, feminismoa kontradikzioz eta polarizazioz betetako mugimendua dela, hain zuzen ere. Baina, modu berdinean, pentsamendu feministaren prozesu sortzaileak gorde izan duen berezitasun edo espezifikotasunak, Teresa de Lauretisek horrela definitzen duen diferentziaren etxe baten imajinatzeko edota asmatzeko baimena ematen du.

Bestela esanda, feminismoaren izaera tentsioen tentsioz eta ezezkotasun kritikoz eratuz doa, bai, baina, era berean, diferentziaren etxe horretan hitz fidagarriez osatutako eta amestutako elkar-hizkuntza propio baterako lekua dago; eta feminismoaren hizkuntza kritiko bateratu baten posibilitateak baikortasuna eragiten du giza-politika eraldatzaileak astintze aldera. Feminismoaren teorizatzeko modu anitzek eta kontraesankorrek giza-eraldakuntzaren eta giza-berrikuntzaren amesteko posibilitatea dakar.

Feminismoaren barneko sexu-gudak

Diferentziaren etxeko babestetik kanpo, Biharren Uhaineko feminismoaren errepaso historikoa eginez, joan zen mendeko 70. eta 80. hamarkadetan eztabaida gogorrik egon bazen, hau pornografiaren inguruan ardaztuko da. Feminismoaren baitan pornografiaren ‘alde’ko eta pornografiaren aurkako barne-borroka sexu/jenero kontzeptuen arteko bereziketa berritxuratuz gauzatuko dira. Feminismoaren barnean emandako jenero eta sexu kontzeptuen arteko bereizketa aztertze aldera, Mila Amurrio soziologoak zera zion:

“Jeneroaren hasierako erabilerak, sexuen arteko ezberdintasun biologikoen aurrean, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunen izaera soziala azpimarratzen zuen. Sexua natura zen eta jeneroa haziera. … Baina (…) sexu eta jenero kontzeptuen arteko harremana korapilotsuagoa da”. (1995: 91)

ero2Sexu-guda-tzat ezagutu ziren eztabaidei erreparatuz, Teresa de Lauretisek bere aldetik bietatik bat gertatu zela adierazten du: Batetik, sexua (biologikoa) eta jeneroa (sozio-kulturala) bateratu egin ziren, politikoki eta analitikoki bereizketarik erabili gabe; edo, bestetik, sexualitatea eta jeneroa banatu egin ziren bien arteko mugak gurutzatzen zituzten konbinapen guzien posibilitateak ahalmendu eta zilegi bihurtze aldera: transexualismoa, trabestismoa, bisexualismoa eta abar.

Sexualitatea eta jeneroaren arteko bereizketa azpimarratu gabe, mugimendu feministaren gehiengoa pornografiaren aurka kokatu zen. Eztabaida orokorraren mami eta edukiei buruz, pornonografiaren kontrako posizioak, oraindik ere nabarmena den nagusitasuna lortu zuen. Laura Kipnis (1992:373-4) bideogile eta kritikalariaren arabera, gainera, garaiko (eta esan genezake gaurregungo) feminismoaren zein orohar ezkerraren pornografiari buruzko jarrera eta diskurtsoen eduki eta erreferentziak guzitz ukazaleak dira.

Gauzak horrela, pornografiaren posibilitate askatzaileak somatzen z/dituzten feministek pornografiaren aurkako mugimenduaren esanahi ukakor eta ezkor indartsuen aurka kokatuz buru dituzte beraien kritikak. Bestela esanda, ez dira inoiz, edo nekez izan dira egitarau propioak antolatzeko gauza: pornografiaren aldeko feministen eritziak, kritikak eta erreparuak oposatzen dituzten pornografiaren aurkako edukiei erantzuna emanez gauzatzen dira ohiz.

Pornografiaren aurkako argudioekin hasiz gero, hauen artean oso ikuspuntu desberdinak daude eta ez dira erraz bateragarriak. Halere, (ikus Andrew Ross, 1989), pornografiaren aurkako mugarri kritikoen muin filosofikoa, ondorengo printzipio edo arau nagusietan ardazten da: Batetik patriarkagoaren zapalkuntza sistematikoa eta barnekorra dela azpimarratu behar da. Honetaz gainera, patriarkagoa unibertsala eta transhistorikoa da. Beraz, pornografiaren aurka kokatu den emakume mugimenduaren gehiengoak, gizonek botereari unibertsalki eutsi diotela baieztatzen du. Are eta gehiago, botere hori oraindik ere arlo eta eremu  guzietan mantentzen dela azpimarratu behar da. Testuinguru horretan Andrea Dworkin (1981) feminista erradikal aintzindarienetarikoak ondo asko azladuko zituen pornografiaren aurkako argudio nagusiak:

Pornografiaren bitartez eta laguntzaekin adierazten den botere arra, besteen gaineko eta aurkako aginte fisikoa da, terrorearen boterea alegia, izendatzeko aukerak ematen duen boterea, jabetzaren boterea, diruaren boterea, eta sexuaren boterea. Botere arraren joera hauek intrisekoak dira hala pornografiaren substantziari nola produkzioari ere; eta pornografiaren eginkizun zein baliabideak botere arraren eginkizun eta baliabideak dira.

Pornografiaren kontrako posizioen arabera, botere arrak emakumeen autonomia erasotzen du zuzen-zuzenean. Botere maskulinotik elikatzen den pornografiak berezko eme-askatasunaren erresuma indarrez hartu eta usurpatzen du. Pornografiaren aurkako ikusmen nagusien arabera, hortaz, boterea, manipulazioa eta biktimazioa opari maskulinoak dira; babestu eta mantendu behar den askatasuna eremu femeninoan dago. Pornografia, ondorioz, ar-menperakuntzaren diskurtsotzat teorizatu eta definitzen da, guztiz. Pornografia jenero zapalkuntzaren adibide erabakitzaileena da. Pornografiaren atseginak, bestalde, jarduera arraren esparruan kokatzen dira soilik. Horrela, pornografiaren atsegin arrak, zuzenki misoginiarekin bateratuz gain, bortxaketa fisikoaren jatorri zuzentzat ulertzen dira sarri askotan: Pornografia da teoria, biolazioa praktika

Pornografiaren aurkako argudio nagusi hauek, halere, erantzun kritiko garrantzitsuak jasoko dituzte. Pornografiaren aurkako jarrerak salatzeko kritika nagusienak ondorego ildotik bideratu dira, besteak beste, feminismoaren barne-eztabaidetan: Hasteko, pornografiaren aurkako mugimenduaren lehen akatsa erraztasun unibertsalizatzaile batean erortzen dela litzateke; hau da, salaketa hemen pornografiaren aurkako feminismoak emakume guzien alde eta emakume guzien partez hitzegiten duela litzateke. Orduko eztabaidetan Pratibha Parmar (1988:119) irakasle feministaren ekarpena parafraseatuz:

  • pornografiari buruzko eztabaiden ezaugarri bat, botere arrari eta menderakuntza sexualari buruz orokorkeria edo generalizazio unibersalak egitea izan da. Ondorioz, pornografiaren kontrako feminismoren diferentzia sexualarekiko ikusbideak esentzialistak eta erreduktzionistak dira. Salaketa honen arabera, jeneroan oinarritutako aginte harremanak ez daude kausa-efektu kate zuzen eta aldaezin batean betirako finkatuak. Pornografiaren aurkako feministek besarkatzen duten patriarkagoaren logika ahistoriko erreza onartezina da.

 ero3Beste salaketa nagusia moralismoarena da. Ondorioz, pornografiaren gaitzezpena sarriegi balio moralista hutsetan sustraitzen dela salatuko da. Baina balio zein printzipio moralizatzaileek ondorio politiko zuzenak dituzte. Inplizitoki besterik ezbada ere, zailtasunez irabazitako askatasun sexualen abrogazioa inplikatzen du; eta beraz, tazitua izanik ere, pornografiaren aurkako mugimenduaren eta indar moralista atzerakoien arteko aliantza bultzatzen da.

 Arazo politiko honek harira, oraindik gaur egun aipabeharrekoa den Gayle Rubin terorigile feministaren ikusbidea merezi du errepikatzea. Rubinen arabera pornografiaren aurkako mugimenduaren jarrera moralista, ekite atzerakoi eta diskurtso erreduktzionistak erabat erasogarriak dira. Rubinen lehen kezka eta ardura gutxiengo sexualen eskubideekin lorutik zegoen bereziki. Gutxiengo sexualak perbersutzat eta, sarritan, pornografia beraren osagai nagusitzat sailkatzen direla salatu zuen. Testuinguru horretan, pornografiaren aurka kokatzen diren taldeetatik proposatzen ziren erreformak, gutxiengo sexualen eskubideak erasotzen zituztela salatuko zuen.

 Argudio horretatik tiraka, Rubinek berak emango zuen hurrengo azterbidezko urratsa azkoz ere drastikoagoa izango zen. Pornografiaren aurkako erreferentziak oposatuz gain, feminismoaren baliogarritasun politikoa zalantzan ezarriko baitzuen. Feminismoa, orohar, jenero zapalkuntzaren politika eta diskurtso teorikoan oinarritzen da. Baina Rubinen arabera, honek ez du esan nahi feminismoa sexualitateari buruzko azterketa eta pentsamolde oproposena denik; marxismoak, halaber, giza-klasetan oinarrituta ez dauden desberdintasunei buruzko azalpen baliagarriak askotan eman ezin dituen bezala.

 Klasearen nozioa dela eta, bestalde, edonolako giza-ikusbide eta gai-zerrenda edo egitarau politiko aurrerakoietan bere tokia aurkitu beharko luke. Baina Rubinen arabera, feminismoak, orohar, eta, bereziki, pornografiaren aurkako mugimenduak, klase-teoriak baztertu egiten dituzte. Bai, egia da pornografiaren industrian lan egiten dutenen klase estratifikazioak eta errentabilitate ekonomikoaren nolakotasun azalezkoak alde guztietatik deskribatu izan oi direla. Deskribapen horiek, ordea, klase sozialen teorian sakontzeko baino misoginiaren teoria totalizatzaileak nabarmaentzeko asmoarekin burutuko dira gehienbat.

 Misoginiaren gaiari atxekiz, bestalde, Rubinekin batera jada aipatu Laura Kipnisen kritika ere zorrotza da. Kipnisen  arabera, hain zuzen ere, pornografiaren kontrako feminismoak proportzioak galdu egiten ditu misoginiari buruz aritzerakoan; misoginiaren presentzia horren baita monumentala non tragikoa den moduan arrunta eta hutsala bilakatzen dela eguneroko omnipresentzian. Horregatik, hain zuzen ere, misoginia eta pornografia zuzenean batera jartzeko ahaleginak ez du zentzu handirik. Pornografiaren munduak sustatzen duen gehiegizko fantasia, atsegin eta proiekzioen azalean misoginia nabariago eta nabarmenago agertzen dela baieztatzea zilegia da agian. Baina honek misoginiaren itxurapen lokalizatu, txiki eta hutsal baten kontua ematen du bakarrik.

 * * *

 Feminismoaren pentsamendu, izate eta historia eraginkorrari buruz aritzerakoan, feminismoa bera eztabaida eta ikuspuntu desberdinen arabera eta bitartez eratu da. Hemen feminismoaren barneko ‘sexu-guden’ inguruan emandako eztabaiden zenbait eduki garrantzitsu aurkeztu eta laburtu dira. Pornografiaren aurka hedatu ziren jarrera eta arrazoia nagusiak hobeki somatzeko, beharbada, eztabaida hauen momentu gorenekoa bere koordinatu historikoan kokatzea merezi du, berriz ere.

 Emakume mugimenduaren gehiengoak (batez ere 70. eta 80. hamarkaden zehar) pornografiaren aurka kokatu zen; hau da, feminismoaren batasun zentzua inoiz baino gehiago zalantzan zegoenean gertatu zen. Patriarkagoaren kritika abstraktuak guztiz bazterturik gabe, pornografiaren natura nabariak axola eta borroka desberdin askoren konbergentziarako puntu ikusgarria ekarri zuen. Pornografia gizonezkoek definitutako sexualitatetzat ikusi zen. Emakumeen degradazio, esplotazio eta kontrola segurtatzeko orduan, edo bestela esanda, gizonek emakumeen aurkako boterea mantentzerakoan, pornografiak zeregin nagusia jokatzen zuen. Beste edozein gauza baino gehiago, pornografia zen emakumeen ‘objetibizazioa’ eta ‘ukazioa’ zekarrena, emakumeekiko gorrotoa adierazten zuena, emakumeen zapalkuntza legitimatzen zuena, eta emakumeen aurkako biolentzia iraunarazten zuena.

 Laburtuz, pornografia emakumeen aurka erabilitako ar-boterearen baliabidetzat eta indarkeriaren normalizapenerako lehenbiziko tokitzat antzeman zen. Era berean, industria pornografikoaren gorakada feminismoaren oinarrizko eta funtsezko eskakizunen zein aldarrikapenen aurkako erreakzio zuzentzat ulertu zen. Arrazoi eta egoera horiegatik, pornografiarena arazo nagusitzat isolatu zen feminismoaren ekite-modu batuak antolatzeko orduan, eta ahots bateratu berri baten mobilizapena astintzeko aukera ekarri zuen emakumeen mugimenduaren barnean.

 Teresa de Lauretisnen joera etiko eta erotikoen arteko bereizketa gogora ekarriz berriro, batasun hori, noski, zalantzakorra zen/da. Bai, nazioarteko emakume mugimendu globalean feminismoaren ikuspegi nagusi bat egituratzen da. Izan ere, feminismo nagusi honetan joera etiko zuzena definitzeko klase ertaineko emakume zurien esperientziak aipagabeko edo aitorgabeko erreferentzia bakartzat antzematen dira. Baina nazioarteko emakume mugimendu globalaren erreferentzia nagusi hau ez da bakarrik feminismoaren joera erotikoa baztertzen saituko, pornografiaren inguruko eztabaidetan antzeman den bezala; modu berdinean beste emakumeen esperientzia kultural eta etiko-politiko konplexuak (emakume post-kolonialaak, subalternoak…), baztertzeko joera ere nagusituko da…

ERREFERENTZIAK

Teresa de Lauretis dela-eta bere bibliografia luzea da baina badaude bi liburu gomendagarri, non makina bat artikulu ezin interesgarriago batzen diren, Bat da Figures of Resistance – Essays in Feminist Theory (University of Ilinois Press, 2007) eta bestea The Practice of Love. Lesbian Sexuality and Perverse Desire (1994, Indiana University Press).

* * *

Amurrio, M. (1995) “Jenero kontzeptuaren inguruko hausnarketak”in Uztaro, Giza eta gizarte-zientzien aldizkaria, 14. zka., 89-98, Bilbo:Udako Euskal Unibertsitatea.

de Lauretis, T. (1987) Technologies of Gender: Essays on Theory, Film and Fiction, Bloomington, Ind: Indiana University Press.

Dworkin, A. (1981) Pornography: Men Possesing Women, Londres: The Women Press.

Parmar, P. (1988) “Rage and desire:confronting pornography” in Cheste, G., Dickey J.,(eds) Feminism and Censorship, Londres: Prim Press, 119-132.

Ross, A. (1989) “The popularity of pornography” in A. Ross, No Respect: Intellectuals and Popular Culture, Londres: Routledge, 171-208.

Rubin, G. (1984) “Thinking sex: notes for a radical theory of the politics of sexuality, Carole s. Vance (ed), Plesure and Danger: Exploring Female Sexuality, London: Routledge eta Keagan Paul, 267-319.

*

*

 

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. PostPornoa – Maddi Ane Txoperena Iribarren
    2014 Otsailak 27

    http://topatu.info/postpornoa/

    Maite ez ditugun gauzen aitzinean, bi jarrera izan ditzakegu. Lehenengoa, maite ez dugun horri uko egitea. Bigarren aukera, zergatik ez dugun maite identifikatu, eta guk nahi bezala eraldatzea, guretzako gustagarri izateko moduan jarriz.

    Horixe da Postpornoaren bultzatzaileek egindako gogoeta. Bigarren aukera horretatik sortu zen, finean, postpornoa. Ez dugula maite gaur egun indarrean dagoen pornografia ? Bada, egin dezagun gurea !

    Zerorrek egin ezazu

    Ni neu erabat astindu ninduen ideia izan zen esan berri dudana. Izan ere, txikitatik pornografia zerbait zikina eta txarra zela erakutsi zidaten. Geroago, pentsatzen nuen tresna erabat sexista zela.

    Eta bai, egia da, gaur egun oraindik hegemonikoa den pornografia hori ez dela batere iraultzailea. Gizon heterosexualentzako dago egina, eta bertan erakusten diren gorputzek, praktikek, koloreek … sexualitate eredu jakin bat inposatzen dute (neska ile-hori fina, gizon hiper-gihartsua, biak zuriak, koitoa, etab.). Hortaz, batere pornografiarik ez ikustera ohitu nintzen azkenean.

    Postpornoa deskubritu nuen arte.

    Baina zer da postpornoa ? Hanka sartzerik egin gabe azaltzen saiatuko naiz, nire esperientzia apaletik, eta bestela zuek zuzendu lasai. Bada, postpornoa, ikuspegi feminista batetik egindako pornografia da. Askotariko filma eta azpiatal daude, baina adibidez, postpornoan arautik kanpo egon ohi diren zenbait praktika sexual ager daitezke, sadomasokismoa adibidez. Bestalde, ageri diren gorputzak benetazkoagoak izan ohi dira. Bertan agertzen diren kideak ere, ez dira beti neska bat eta mutil bat izaten, ez dira ere beti bi izaten, eta botere harremanak ezberdinak dira. Sexualitatea bera ere, genitaletatik haratago dagoela erakusten digute.

    Azkenik, ikusi izan ditudan aleengatik, esan dezaket sorkuntzarako askatasun eta aniztasun handiagoa dagoela orokorrean postpornoan. Ikusi izan ditut batere zerikusirik ez duten bideoak, zuzenagoak ala lausoagoak, gustatzen zaizkidanak eta gustatzen ez zaizkidanak, baina gehienak interesgarriak.

    “Nire sexualitatea sorkuntza artistikoa da”

    Zuek zer diozue ? Ikusi al duzue inoiz Postpornorik ? Gustatzen zaizue ? Eta zein iritzi duzue honen inguruan ?

    Bukatzeko, hona hemen, hainbat lotura interesgarri. Hauetako bakoitzean ere beste hamaika lotura aurkituko duzue, beraz, kuxkuxeatu beldurrik gabe !
    – LLOPIS, Maria. El postporno era eso, Melusina, 2010.
    http://www.mariallopis.com
    – Suediako postporno proiektu bat : http://www.dirtydiaries.com
    – J.TORRES, Diana. Pornoterrorismo, Txalaparta, 2010.
    http://www.pornoterrorismo.com
    -PostOp proiektua : http://postop-postporno.tumblr.com/

Leave a Reply