Corpus politikoa

By • Jan 21st, 2014 • Category: Azterketak eta Azalpenak

IKER ARRANZ OTAEGUI – FILOSOFOA

(Berria egunkarian 2014-koUztailaren 21ean argitaratutako artikuloaren bertsio originala)

corpus2Sinesgaitza zena gertatu da. Sinesgaitza, eta ez fede faltagatik, interesen antagonismoan galtzen ziren baldintzetan korapilaturik zegoen gizarte bat izan garelako urteetan baino. Eta gertaeraren bidegurutzean gorputzdura politiko bat aurkitzeko gai izan gara. Ez da izan manifestazio baten indarra propietate kuantitatiboen bitartez neurtzeko gai izan garelako. Ez behintzat oraingo honetan. Momentuen zerrendaketek ez diete kausalidade zehatzei jarraitzen normalean, inprobisazio batean murgiltzen direnak ere badaude. Baino badira momentuak ahatik hezurdura bat osatzen dutenak. Hezurdura hau gertaeraren ondorioetan bustitzen da, hezurretaraino busti ere. Bustiduraren analogiak balio digu manifestazio baten indarra eta sakontasuna neurtzeko. Udara partean itsasoan sartzeko erabakia normalean, dagoen berotasun itogarriak bultzatuta izan ohi da. Ez dugu gehiegi pentsatzen. Olatu artean jolasteko eta freskatzeko erabakia bapatean hartzen den bezela, manifestazio batera elkarrekin joateko erabakia modu berdintsuan hartua izan da. Gehiegi pentsatu gabe eta klima politikoaren berotasun itogarriarengatik kalean antolatzeko eta olatuak sortzeko erabaki garbia hartua izan da. Inprobisazioa ez da gutxietsi behar kasu hauetan. Eta inprobisazio tanta horrek bizitasuna besterik ez dio gehitu kalean ozenki deklaratu zaionari.

corpus1Imaginak, irudiak, argazkiak, bideoak eta audioak berriro ikusi eta adi entzun ondoren, konklusio ugari ateratzera garamatza. Eta hau ere bada gertatutakoaren sakontasuna neurtzeko tresna egoki bat. Zenbat eta aburuzko irakurketa eta interpretazio gehiago, are eta sakonagoa eta “egiazkoagoa” gertatuakoaren muina, dudarik ez. Ala ere, inprobisaziora bueltatuaz, badute indar berezi bat duten gertaerak, besteetan gertatu ez izanagatik, aspaldian ez ikusiagatik edo hurrunean soilik oihartzun moduan eratortzeagatik, gurera aurkeztu direnak manifestazio honekin. Deigarria da nola zegoen antolatua manifestazioa bere baitan, bere sabelean eta adimenean. Bazuelako konbinazio deigarri hau: este eta muinak bat batean zeuden kalean, arrazoia eta nahimena. Denak zeuden, geuden, inor ez zen falta, kasik. Baino bai, esan daiteke, errealitatearen zurruntasun guztiak biltzen zituela kalean entzun zen irudi hark. Ikus-entzunezko hark, mutu eta gor utzi bait gintuen. Manifestazio isila, isila izan bait zen: urteetan modu isilean herri eta plazetako espaloietan bildu izan direnen isiltasunaz hitz egin bait zen Bilboko kaleetan, ez ziren gomazko pilotakaden zaratarik entzun, hain ohizkoak izan direnak urteetan manifestazio ugarien “isiltasun kolektiboa” benetan hausten zutenak, ez zen ahots partikularrik entzun isiltasun kolektibo hura desegin zuenik, ahotsa beraren sakontasun hurbila eta indartsuak nolako soinua zuen entzun genuen. Ez dago inoiz betiereko, guztiz neutrala den, isiltasunik. Isiltasunak  badu bere ahotsa propioa, izkutukoa eta jasangaitza dena batzuetan, eta horixe da Bilboko kaleetan entzun izan genuen isiltasuna: presoen aldekoa, independentziaren aldekoa eta herri baten ahotsa kodifikatzeko kantaren soinuarena, manifestazioaren bukaeran bizi izan zen momentu unkigarri horretan. Hurrenez hurren, espetxeak erregulatzen dituzten legeen gainetik, herrien eskubideak kudeatzen dituzten erakundeen gainetik eta herri baten errealitatea mugatzen saiatzen diren alderdien gainetik, herri baten nahiamenari egin zitzaion lekua. Horrela adierazten dira herriak gorputz politiko bat osatzen dutenean: hau da herri baten ahots isila. Herri baten nahia isiltasunean plazaratzen bait da eta sistema ororen gainetik dago, Rousseau berak zuen bezela “subiranotasuna ez baita nahimen orokorraren obratzea baizik, sekula ezin aliena daitekeela, eta izaki kolektiboa baizik ez izanik, bere buruaz beste ordezkaririk ezin izan dezakeela; boterea besteri eman dakioke, ez, ordea, nahimena” (Rousseau 1993: 53), estatu edo demokrazien gainetik dabilen harria da.

iker2Baino argi geratu behar dena manifestazio honen inguruan zera da, gorputz politiko baten plazaratzea izan dela, bere osotasunean. Ez da beste adierazpen askatasunaren ariketa bat izan, beste urteroko martxa bat, aspaldiko leloen errepikaten nekatu bat. Kontraesana eta antagonia present egon dira dimentsio ezberdinentan. Has gaitezen manifestazioaren leloa aztertzen. Konpondidea termino bezela, eskubideen eta bakearen erdian kokatu zen pankartan. Edozein ariketa dialektikok eskatzen du antagonismoen arteko dualizazio aske bat, sintesiaren bidera heltzeko. Bai eskubideek eta bakeak herri honetan historia antagonista bat izan dute, eta dute oraindik ere ez gaitezen ahaztu, eskubideen onarpen eta jazarpenen hartu emanean bakearen bertsio ezberdinak aldarrikatu bait dira etengabean azkenengo berrogeitamar urteetan. Ala ere, beti aldarrikatua izan da, gertatutako guztia eta egindako guztiak konponbide baterako bideak, pentsamenduak eta ekintzak izan zirela, alderdi guztiengatik. Manifestazio beraren jarraipenean, demasiako jendetzak pankarta derrigorrez tolesten zuen momentuan, eskubideak eta bakea parez pare geratzen ziren momentu berean, irakur zitekeen hitz bakarra orixe zen: konponbidea. Ariketa dialektikoa berezkoa izan dadin beharrezkoa da antagonistmoen arteko erlazio bat ezartzea, erlazionatu ezin daitezkeen bi ideien arteko erlazio bat pentsatzea, alegia. Konponbide oro, benetazkoa bada, modu hontako erlazioa erakutsi behar du: erlaziorik gabeko erlazio bat plazaraztea ideien artean. Ezin zaio askorik eskatu zentzu honetan Espainiako Gobernuari, intelektualki mugatuak bait dago eta oraingo honetan ere Joxe Azurmendiri (Azurmendi 1993) arrazoia eman behar zaio espainloak tontoak direla esaten duenean. Baino haratago joanda, ariketa dialektiko honen indarrak manifestazioaren ondorengo momentuak markatzeko duen ahalmena azpimarratu behar da. Ondorioak produzitzeko ahalmena duten ebentuen aurrean begiak zorrotz eduki behar ditugu. Beste antagonismoen momentu dialektikoa dimentsio politikoa bera ukitu zuen, EAJren eta Ezker Abertzalearen arteko erlaziorik gabeko erlazio bat ezartzeko kapazidadea erakutsi bait zuen. Ikusi besterik ez dago nola agurtzen ziren alde ezberdinetako zuzendariak, kasik lehenengo aldiz hitz eginten zuten amoranteen moduan, irrifar zintzo-zuhurren artean, baino guztiz berria den erlazio baten aurrean batek sentitzen duen bertigoaz ikuturik. Azkenik, hirugarren momentu dialektikoa, materiala izan zen guztiz eta manifestazioaren egitura fisikoan eman zen. Denak bertan fisikoki zeudela esango bagenu egiaren erdia besterik ez genuke esango. Bestetik, denak zeuden bertan. Zergatik? Falta zirenak ere antagonismo honen baitan agertzen bait ziren beren absentzian: iheslariak, diasporako biztanleak, Espaniako kartzeletan oraindik daudenak, etab. Plazara ateratzeko modu guztiak agertu ziren larunbatean Bilbon, falta denaren nahimenean agertzeko modu sakon hori barne. Itsasoaren ezaugarria da laku baten baretasuna ez edukitzea, konpartimentu estanku baten leuntasun gogaigarri hori. Itsaso orok ditu bere zurruntasunak, gora behera eta olatuak, txikiak, haundiak, tamaina ugari eta ezberdinekoak eta denak agertu zuten bere burua Bilbon larunbatean. Argazkiak ikustean multiplizidade honen konplexutasuna begietatik sartzen da, berehala imaginaren sakontasun ideologiko, sozial eta politikoa biluzten duelarik. Ez da gure identitatea eraikitzeko garaia, biluztekoa baizik.

bodypoliticsAtera beharreko ondorioak garrantzizkoak dira, ezinbestean ebentuaren esanahia berehala desagertu ala prozesu berri baten lehen arnasa izango den ondorioek determinatuko bait dute. Eskubideen eta legeen gainetik herri baten ahots isila gainentzen denean soilik aurkitu dezakegu gutxiengoen demokraziaren benetazko esanahia, gehiengoen demokraziaren traketskeriaren adibidea Madrilen dugula gaur egun ezin bait du inork ukatu. Gutxiengoen berdintasun hau ez da alderdien programetan azaltzeagatik gertatzen; kalean, publikoki eta ozenki deklaratzen denean baizik. Alain Badiou eta Jacques Ranciére (Badiou 2012) filosofo frantsesek tesi hau konpartitzen dute, alegia, deklarazioak egiten gaituela berdin besteekiko, gure antagonien itsasoen murgiltzen den diferentzia ugarien tanten antzera, ez bait dira ezberdintasunen geldileku baizik eta berdintasunaren mugikortasunaren lekuko bizi, kaleetan gertatzen diren deklarazio hauek. Subjektua, bere hizkuntza propioaren baitan, egiaren eta ezagutzaren arteko intersekzioan kokatzen dela dio Badiouk. Honekin zera esan nahi da, bere hizkuntza eta esamolde propioak eraikitzearekin batera, kaleetan egiten diren komunikazioen hizkuntzaren moduan, subjektuak ezagutzen denaren eta etortzeke dagoenaren arteko distantzia markatzen duela. Intersekzioan egoteak, jakina denaren eta jakinezina den egiaren artean, ariketa dialektikoaren muinera garamatza berriro. Kontraesankorrak diren posizioak baliatu dute manifestazio honen bira dialektikoa, zentzu politiko eta sozialean. Etsaiari ez zaio barkamena eskatu behar, etsai den bitartean nahieraren kontra jardutea bait da. Etsai politikoak izateaz ez da bat kikildu behar, eritzien mundu erlatibotik burua ateratzeko bitarteko zuzen bat bait da. Konponbidea gorputz baten bitartez artikulatzerik badago, manifestazioan azaleratu ziren posizio antagonisten eskutik eratorritako bide bat izango da, baieztapenaren dialektika baten baitan emango dena, alegia

 berria

*

*

*

Filosofian lizentziatua, egun Reno-ko Center for Basque Studies-en doktoretza egiten.
Email this author | All posts by

Leave a Reply