Datozen garai biolentoen zoru etikoak (Berria. 2014-01-05)

By • Jan 5th, 2014 • Category: Azterketak eta Azalpenak

zoru1Zoru Etikoari buruzko ezbaia pil-pilean zutela sabai estetikoa jausi zen legebiltzarkideen buru gainera Cabacasen hilketa aztertzeari uko egin eta segituan Aldekoa izendatu zutenean. Inor ez zen ohartu: Deustuko Unibertsitateko Gizarte Barometroaren arabera, EAEn hamarretik batek ezagutzen du Jaurlaritzaren Bake Plana. Eta Zoru Etikoa zenbatek? Nork daki nolako zorua den? Gogorra al da? Asfaltozkoa? Edo harlauza dotorez osatua? Zorua lurra estaltzeko izan ohi da, eraiki nahi duenak, bideak eta autopistak eraiki nahi dituenean ere, indusketa egiten hasten du lana, alegia, estali baino arinago, lurrak irauli eta erraiak agerian jartzen ditu: zimenduak irmo zutitzeko edo… Metaforaren makurrari tiraka, bururatu zait gerra osteko guztietan bezala, gaizto ofizial bakarra izendatuta, lotsak estali behar direla. Geroago etorriko dira arkeologoak zoru azpiko lurrean zer eta nor ote datzan ikertzera. Metafora txarra nire ustetan, baina zer dio Zoru hark?

Engainu gutxi du testuak. Ez dio, esaterako, «inor ez da gose izango», «inor ez da zapaldua izango» edo halakorik. Kontu horiek erruki apolitikoarentzat erreserbatu dira. Zorua, bistan da, ETAren hilobi gaineko hormigoizko harlauza izateko atondu zuten. Pitzatu ez dadin, horrela dio: arrazoi politiko bat bera ere ezin da etikaren eta giza eskubideen errespetuaren oinarrizko printzipioen gainetik jarri. Giza eskubideak edozein arrazoiren gainetik dagoen absolutu etiko bat dira. Absolutua, alajaina. Gehiengo sinplez ebatzitako absolutu etikoa! Jaun Done Mandela demokrata guztien aita zaindaria ere kondenatuko zuen Absolutua…

zoru2Etika absolutua oximoron bat da. Idatzi zuenak jakin beharko zuen: etika absolutua bada jokaera ez da etikoa izango, absolutuen arabera jokatzen duenak ez du erabaki etikorik, absolutuak erabaki du eta. Ondorioen etikek ere asmoa behar dute oinarri, etikotasuna ez dago inoiz pertsonetatik kanpo. Baina, jakina, jendeen harremanak eta egoerak, balioak eta beharrak, ez dira inoiz alde biko kausa-ondorio harreman sinpleetan gertatzen. Dogmatismo manikeoan izan ezik. Baina absolutu etikoa kontraesankorra bada, giza eskubideena gezurra da: batetik, giza eskubideak arrazoi politikoengatik zabaldu direlako munduan, are gehiago, arrazoi politikoaren bukaera-puntuko ideologia dira (non plus ultra ideologikoa), eta bestetik, giza eskubideak absolutuak izan daitezen, de facto bete behar direlako. Giza eskubideak absolutu etiko bat direlako horrek eskubide horiek definitzeko, negoziatzeko, zabaltzeko edota gauzatzeko bidea ixten du. Aski salatu da totalitarismo hori.

Dena dela, argi dago testuak ez duela helburu etikaz eztabaidatzea. Bake Plana eta Zoru Etikoa operatibo politikoak dira, berariaz eginak ETA deslegitimatzeko. Alde horretatik, zoru etikoaren ideia legitimazio frontean kokatzen da, eta ez soilik hemengo kontuetan. Etika, orduan, aginteak boterea ostentzeko darabilen tresna bilakatzen da. Lehengo kredoen ordezko.

zoru3Kontuan hartu behar da boterea dela, autoritatea galduz gero, aginteari geratzen zaion azken ahalmena eta beti izaten da zentzugabea. Nahiz eta aurrean «kontra» paratxokea jarri. ETArena da segur aski, hurbil ditugun kontra-botereetan kasurik argiena: ETAk ez zuen inongo legitimitaterik jende askorentzat. Eta hala izanik, ETA gordin-gordinean agertzen zitzaion: ETA botere hutsa zen, biolentzia hutsa. Kontrara, ez gutxik uste zuten ETAk bazuela zentzurik, bazuela botereaz gain hala-moduzko autoritatea, haiek onartzen ziotena gutxienez. ETAren historia, ostera, legitimitate-kapitalaren etengabeko galeraren historia izan da. Estatuak irabazten zuen ETAk galdu ahala. Ez du den-dena galdu, nonbait. Bake Planak kendu nahi diona aitortzen dio. Edozelan ere, legitimitate inbertsio berri bat egon da. «Inbertsio» hitzak dituen adiera guztiei erreparatuta bistan da inbertsioaren helburua ezin dela izan ETA legitimatzea (legez ezin da, inbertsioaren errentagarritasunari begira ere ez). Helburua helburuak dira. Inbertsioak herri-mugimenduei ekarri beharko die autoritate-kapitala. Tantaz tanta lortuko omen da.

Baina esan bezala, hemengo auziaz landa ere, aginteen zentzugabetzea orokorra da. Autoritatea lehengai garesti eta eskas samarra bihurtu da. Jendearen begi lausoak krisiak eta gehiegikeriak garbitu ahala, agintearen boterea biluzik agertzen da. Eta bere burua larrugorritan ikusten duen aginteak bortxari eusten dio, lege-bortxari lehenik. Horrela, legea estutu dute Espainia aldean jende erreboltari eta sosegu-gabea baketzeko. Garai biolentoak omen datoz. Sistemaren biolentzia agerian geratzen den guztietan, xumearen eta mendekoaren biolentziari jartzen diote fokua botereek. Tartak, argazkiak, pegatinak, mus partidak eta bertsoak lehergailu bilakatuko dira. Ekintza sinbolikoen biolentzia erreala erakutsiko digute biolentzia sinboliko eta estrukturala irreala dela sinets dezagun. Iritzia eta botoa ere debekatuko dira, Koartangon edo Katalunian, kasurako. Beharrik, zorua hautsi baitezakete.

Zoru etiko asko ezarri beharko dira, boterearen lotsariak ostenduko badira, eta ez dira gutxi izango botereari boterez erasotzea erabakiko dutenak, legitimitatea jendearengandik lortu beharreko atxikimendu barik, Kausak ematen duen kapitala delakoan eta etika subjektu-arteko eraikuntza prekarioa barik, Helburuak emandako jokatze-gida absolutua delakoan. Datozen garai biolentoetan, nonahi agertuko da boterearen tentazioa. Bitartean, zoru metaforikoak arrakalatuko dituzte ur tanta geldoek, batek daki arrakaletan justiziarik loratuko ote den.

berria

Leave a Reply