«I AM BASQUE» (naiz: 2013/12/14)

By • Dec 15th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak
UNAI APAOLAZA AMENABAR
FILOSOFIAN LIZENTZIADUNA
Alderdi jeltzalearen «I am Basque» leloari erantzuteko bidea ez da euskalduntasun handiagoa aldarrikatzea, Euskal Herrian bizi den jende guztiari hobeto bizitzeko egiten zaion proposamena independentzia dela ikusaraztea baizik
* * *

bas2Independentziaren bila dabiltzan herrien ezaugarriak ez dira berdinak. Batzuetan nazio sentimendu bakarra da nagusi, beste batzuetan, aldiz, bat baino gehiago. Eskozia dugu lehenengo taldeko adibide, bertako gehiengoa eskoziar sentitzen baita: batzuek, independentistek, Estatu propioa nahi duten bitartean, besteek, unionistek, Britainia Handian segitu nahi dute, baina guztiek dute euren burua eskoziar. Nazionalismoaren bidea, hortaz, eraginkorra izan daiteke Eskoziarako, nazioari erreferentzia egitean eskoziarren gehiengoa hartzen delako kontuan. Hori dela eta, nazioa eta independentismoa bateratzea estrategia baliagarria da eskoziar independentismoarentzat eta baita Eskozian bezala nagusiki nazio sentimendu bakarra dagoen herrientzat ere.

Baina zer gertatzen da, Euskal Herrian bezala, nazio sentimendu bat baino gehiago dagoen herrietan? Independentismoa zabaltzeko nazionalismoarekin ez dela nahikoa, eta beste bide batzuk erabiltzea ezinbesteko egiten dela. Norbaitek esan lezake nazio sentimendua zabaltzea bide aproposagoa dela, baina hau egitea, independentzia bera zabaltzea baino askoz ere lan zailagoa dela iruditzen zait. Nazio sentimendua, kultura batekin, hizkuntza batekin… txikitatik pertsonok hartzen ditugun balio batzuekin estuki lotua baitago. Gainera, Eskoziako kasuak argi uzten duen moduan, nazio sentimendu bat izateak ez dakar bere baitan independentista izatea. Honek guztiak jartzen digu begi bistan abertzaletasunaren nahi eta ezina. Abertzaletasunak marrazten duen bidetik harago, nazio sentimendu diferenteak barnebiltzeko gai den independentismoa artikulatzea da irtenbidea. Baina nola lortu hau?

bas3Abertzaletasunak, Estatua helburutzat eduki duten beste nazionalismo askok bezala, partikularrak (kultura, hizkuntza…) babesteko bide moduan planteatu izan du independentzia. Horrela, partikularrak nazio konkretu bati lotuak daudenez, ez die beste nazio sentimendudunei independentismora gerturatzeko aterik ireki. Espainiar unionismoak, horren guztiaren jakitun, hauspotu egin du diskurtso independentista partikularzalea, honela, eta soilik honela, eutsi baitzezakeen jendea bere lerroetan. Azken hamarkadetan, hortaz, abertzaletasunetik sortutako independentismoak izugarrizko laguntza eman dio espainiar unionismoari bere arma ideologikorik garrantzitsuena eraikitzen eta erabiltzen.

Euskal herritarren gehiengoa independentismora gerturatu nahi badugu, independentismo partikularzaletik unibertsalzalera egin behar dugu jauzia. Independentziak, partikular batzuen aldeko borroka izatetik, askatasuna, demokrazia eta justiziaren, hau da unibertsalen aldeko borroka sinbolizatzera pasatu behar du. Euskal Estatua unibertsalak gauzatzeko garantia dela sentitu behar du euskal jendartearen gehiengoak. Hori litzateke independentismoak hegemonia lortzea; hegemonia hori baita, helburu politiko partikular batek (Euskal Estatuak) unibertsalak sinbolizatzea jendartearen gehiengoaren begietara. Eta honen guztiaren onura zein da? Klasea, nazioa… eta jendartea sailkatzen duen beste edozein klasifikazioren gainetik jendea independentismora gerturatzea.

bas4Independentismoa aldaketa honen beharraz gero eta kontzienteagoa dela iruditzen zait eta, gutxika bada ere, pauso hori ematen hasi garela uste dut. Horregatik, harrigarria eta, era berean argigarria iruditzen zait, independentismoa metamorfosian dagoen honetan, EAJ, betiko akatsak errepikatuz zabaltzen ari den diskurtsoa. Ia hiru hilabete pasatu diren arren, burutik ezin kenduta nabil Iñigo Urkulluk Alderdi Egunean bota zuen hitzaldia. Behin eta berriro errepikatu zuen «I am Basque» leloa, sentimendu handiz. Injustua den lege bat apurtzen ariko balitz bezala ateratzen zen «I am Basque» hori Urkulluren eztarritik. Zer dela eta hainbesteko pasioa? Zergatik dimentsio politikoa erabat galduta duen baieztapen bati hainbesteko garrantzia?

Frankismoan euskalduntasuna subertsiboa izan zen. Helburu politiko askatzaileak argi adierazteko ezintasunak, euskal kultura jarri zuen esan ezin ziren helburu politiko horien sinbolotzat. Euskal kulturak, askatasuna, demokrazia eta justizia adierazten zituen, eta eskari unibertsal horiek independentziaren partikularrarekin gauzatzen ziren neurri handi batean. Garai hartan, euskalduntasunak bazuen independentismo unibertsalista bat sinbolizatzeko nolabaiteko gaitasuna. Gaur egun, aldiz, helburu politikoak adierazteko arazo handiegirik ez dagoenez (gauzatzea beste kontu bat da), euskalduntasunaren afirmazioa aldarrikapen politiko moduan erabiltzeak ez du ez hanka eta ez bururik independentismoa artikulatzeko garaian. Eraginkortasun politikoari dagokionez, euskalduntasunak ez du unionismo espainiarra igatzen eta, ondorioz, ez ditu independentista berriak sortzen. Alderantziz, unionismoaren posizioak indartzera ere iritsi da. Zergatik? Gorago aipatu dudan moduan, Euskal Herrian bizi baina euskal naziokoa sentitzen ez den pertsonengana independentismoa zabaltzea ezinezko egiten baitu. Orduan, zergatik tematzen da EAJ bide horrekin?

bas5Alderdi Eguneko EAJren leloak eta Urkulluren sermoiak segida izan zuten Sabino Aranaren heriotzaren 110. urteurrena zela-eta Andoni Ortuzarrek emaniko hitzaldian. Bertan, «nazio gehiago» edo «Euskadi Europako nazioa» terminologia nazionalista erabili eta gero, ez zutela «Euskadi kañi»-rik ez eta «sobietiko»-rik nahi argi utzi zuten. Deigarria egin zitzaidan independentzia eta independentismoa terminoak ekiditeko egin zuten nazionalismoaren erabilera. Deigarria, era berean, nazioa eta alderdia berdinduz «kañiak» eta «sobietikoak» alde batera uzteko erakutsi zuten nahia. EAJko buruzagiak abertzaletasun antzu batera lotu dira, baina ez da akats estrategiko bat izan, independentziara ez garamatzan bidea nahita aukeratu baitute.

Alderdi jeltzalearen zuzendaritzako euskalduntasunak ez duela dimentsio politikorik esan dugu.     «I am Basque» diote independentziaren alde daudela esan beharrean edo «Euskadi nazio europarra» eta «nazio gehiago», «independentzia nahi dugu» eta «estatu propioaren bila goaz» esan beharrean. Abertzaletasunaren eskemak erabiltzen dituzte helburu konkretu batekin: independentismoa geldiaraztea. Eta hau «barrutik» egiten denez, unionismo espainiarrak erabiltzen duen estrategia baino eraginkorragoa da independentismoa neutralizatzeko orduan, zeren unionismoak, aspaldi honetan, galdua du limurtzeko gaitasuna eta kontrako efektua areagotzen ari zaio, independentistak sortzen baititu. EAJren estrategiak, aldiz, jada independentista izan daitezkeenak despistatu ditzake, eta larriago dena, abertzaletasun klasikoenaren eskemak erabiliz, independentista berriak sortzea eragozten du. Independentismoa indargabetzea da helburu nagusia alderdi jeltzalearentzat hortaz; izan ere, balizko Euskal Estatu batek, autonomismoak elite bati ematen dizkion irabaziak jarriko bailituzke kolokan. EAJko zuzendaritzaren sasi garbikeriaren atzean independentismoa ez zabaltzeko nahia dago, gauzen egoera mantentzeko behar larria, diru-iturri errazak ez agortzeko nahia azken finean. Horregatik bilakatu da EAJ gauzen egoera indartzen duen agenterik eraginkorrena Euskal Herrian.

bas7Alderdi jeltzalearen «I am Basque»-ari erantzuteko bidea ez da euskalduntasun handiagoa aldarrikatzea, edo beraiek «benetako» euskaldunak ez direla baieztatzea; hori eginez gero, antzua den bide bera indartu besterik ez genuke egingo, hau da, independentismoa soilik euskal naziora mugatu beharko litzatekeela esaten ariko ginateke, Euskal Herrian bizi den jende askorengana iristeko bideak itxiz. Bide antzu horren alternatiba, Euskal Herrian bizi den jende guztiari hobeto bizitzeko egiten zaion proposamena independentzia dela ikusaraztea da, eta noski, estrategia independentista eraginkorra, hau guztia kontutan edukiz ekitea.

Oraindik jendea despistatu dezakete, inongo helburu askatzailerik ez duen euskalduntasun aldarrikapen horiekin. Baina independentismoa egituratzeko abertzaletasunak dituen mugak inork baino ageriago jartzen dituenez EAJk, ertzak estutzen ari zaizkio. Nahiz eta Urkullu eta Ortuzarri ez gustatu, independentismoa «kañi» eta «sobietiko» horiei esker indartuko da eta, noski, independentziaren alde dauden «basque» horiei esker ere bai. Baina iruditzen zait Urkulu eta Ortuzarri gutxien gustatuko zaiena ez dela «komunista» eta «hezurbeltzak» independentismoko parte izatea. Gustatuko ez zaiena independentismoa bera indartzea izango da, horrek beraien helburu politiko nagusia zapuztu baitezake, diru publikoa poltsikoratzeko estalpea ematen dien autonomia espainiarra alegia.

* * *

jatorrizko artikulua: naiz:

argazkiak: Asanblaiak – Harm van den Dorpel / @disssociations

 

 

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. Aberriberritik, Imanolen “zorigabe izateko eskubideaz” artikuluari eta hemen goian dagoenari erantzun bat edo: http://aberriberri.com/2014/01/09/aberririk-gabeko-independentzia-kani-sobietarra/

Leave a Reply