Lukrezio eta San Jeronimo

By • Dec 1st, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

San Jeronimo idazten – Valleta Caravaggio - 1606/7

San Jeronimo idazten – Valleta Caravaggio – 1606/7

Epikurok ezkutuan bizitzeko aholkatzen zuen, eta Lukrezio dizipuluak aintzat hartu zion: Lukreziori buruz ez dakigu ia ezer. Ez jaiotza eta heriotza lekurik edo data zehatzik (Kristo aurreko lehen mendean, hori bai, 90-50 gutxi gorabehera), ez jatorri geografikorik, non bizi izan zen, gizarte maila, itxura fisikoa, izaera, harremanak, heziketa intelektuala, maite kontuak, arbasoak, ondorengoak…

Hala ere, San Jeronimok ziurtatu zuen Lukrezio maitasun edabe baten ondorioz erotu zela, eta eromena desagertzen zitzaion tarte laburretan idatzi zuela Gauzen izaeraz. Gero, 44 urte inguru zeuzkala, bere burua hil omen zuen.

San Jeronimo hori dalmaziarra zen, eta Erroman bizi izan zen K.o. 4. eta 5. mendeetan. Gutun idazle ospetsua izan zen, Mateoren ebanjelioaren iruzkingilea, Biblian aditua (Biblia latindarraren itzultzaile eta zuzentzailea).

André Compte-Sponvillerentzat (Le miel et l’absinthe) edo Logre doktorearentzat (L’anxiété de Lucrèce) San Jeronimok dioena egiantzekoa da. Gauzen izaeraz-i omen darion doinu erori eta etsian oinarritzen dira.

Aldiz, Michel Onfrayk bere Filosofiaren Kontrahistoriako lehen liburukian dio Lukrezioren ospea belzteko grina horren azpian arrazoi ideologikoak daudela funtsean: Jeronimo izan baitzen kristautasuna sortu zuen eskribetako bat. Sakratutzat zuen Biblia, eta edozein bide zerabilen kristautasunak balia ez zitzakeen obren aurka. Horien artean nabarmenetakoa zen Gauzen izaeraz. Platonen eta estoikoen aurka ez zuen ezer, noski, espiritualistak baitira, bazka egokia kristauentzat. Epikurozaleak, eta zehazki Lukrezio, aitzitik, errotik dira materialistak, erlijioaren aurkako gorrotoa erakusten dute (fededuna menpeko eta beldurti bihurtzen baitu), apaizak gaitzesten dituzte eta beste munduak eta edonolako haraindiak ukatzen.

Jero2

San Jeronimoren tentazioa – Francisco de Zurbaran – 1639

Lukrezioren aurkako kalumnia horien arrazoia nagusia, Onfrayren esanetan, errotik antierlijiosoa den Lukrezioren pentsaera izan zen. Edozein erlijioren kontrakoa; eta, horrenbestez, baita antikristaua ere, garaia baino lehen (Lukrezio, esan bezala, Kristo aurreko lehen mendean bizi izan baitzen).

San Jeronimori difamazioaren bidea Lukrezioren liburu bakarrak berak erraztu zion, ospetsuak baitira pasiozko maitasuna kritikatzen duten bertsoak. Jeronimok hortik ondorioztatu bide zuen Lukrezio maitasunak erotu eta suntsitu zuela, andre batek irentsaraziriko edabe magiko baten erruz (kristauentzat, Evaz geroztik, emakumea beti baita erdi sorgina).

Hori gutxi balitz, Gauzen izaeraz-en materialismoak erakusten duenez, gauza, sentimendu, zurrunbilo, gertaera, arima, bertsolari, espiritu eta jainkoak atomoetara mugatu daitezke, atomoen konbinazioak dira. Mundua animatzen duten indarren deseraikitze razionala gauzatzen du Lukreziok, natur fenomenoak zientifikoki azaltzen ditu, ez adibidez Jainkoren baten mendeku gosearen adierazpen gisa. Lukrezio ez da kreazionista, ez du uste Jainkoak halako batean unibertsoa ezerezetik sortu zuenik: unibertso infinituak eta atomoak betidanikoak dira. Errematerako, munduen jarraikako desegiteak eta berregiteak ziklo mekanizista itsu baten arabera gertatzen dira; Lukreziorenean ez dago probidentzia jainkotiarrik.

San Jeronimoren tentazioa - Maximilian Pirner (1854 – 1924)

San Jeronimoren tentazioa – Maximilian Pirner (1854 – 1924)

Lukrezioren aurkako gorrotoa puztu zuen beste zergatiko bat izan zen desliluratzeko orduan haren metodoa hain eragingarria izatea: Lukreziok Siriusen hastapenari jarraitzen baitio, hots, mundua oso urrutitik eta oso goitik aztertzen ahalegintzen da. Ondorioz, bere txikitasunean ageri zaizkio gizarteen oinarri diren ilusioak: monogamiaren aurreiritzia, kasu; baita erlijioa ere. Ohiko jainkoen inexistentzia defendatzen du, eta erlijioak irentzaile eta beldurgarri direla ia beti. Oro har, ez du autoritate printzipioa onartzen, ez ditu bere egiten apaizek eta elizek, printzeek eta agintariek eta beren Estatuek darabiltzaten uste komunak. Eta jendartean nagusi diren adostasunen aurkako egiak aldarrikatzeak ez ohi ditu lagunak erakartzen. San Jeronimoren tankerakoak ez bederen.

Onfrayk tragikotzat jotzen du Lukrezioren aukera: Ongiaz eta Gaizkiaz haraindi idazten du (ez darabil Ongi eta Gaizki terminorik), ez da preskribatzailea, normatiboa, arau emailea. Tragikoa ez da ez baikorra ez ezkorra: errealitatea bere horretan ikusi nahi luke, den legez. Spinozaren hitzetan: ez du egiten ez barre, Demokritok bezala, ez negar, Heraklitoren gisan; aitzitik, dagoena baretasunez ulertzen ahalegintzen da Lukrezio.

Jeronimok Lukreziori materialismo xarmatua erabiltzea egotzi zion, liluraz eta sorginkeriaz mukuru. Onfrayk hemen alderantzikatze psikologikoaren legea dakus: besteri leporatu beharra norberaren buruan sumatu ez arren beste edonorentzat nabarmena dena. Alegia, santu kristau batek, ama baten birjintasunean sinesten duena, amodioa egiten duen espiritu santuan, ura ardo bilakatzean, filosofo materialista bati lilurakeria leporatzen dio, nahiz Lukreziok, arrazoia eta atomismoa lagun, dagoena ahal den neurrian ulergarri eta zentzuzko egiten ahalegintzera mugatzen den, antsiaren ahultzea eta bizipoza xede.

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.
Email this author | All posts by

One Response »

  1. GAUZEN IZAERAZ IRAKURTZEKO BIDE BAT

    -Lukrezio, erromatar epikurozalea (Epikuroren laudorioa, III, 1-30)

    -San Jeronimok Lukrezioz dioena, eztabaidagai

    -Liburu bakar bat idatzi zuen, “Gauzen izaeraz”, latinezko bertsotan; guztiaz dihardu (bertsoaren eztiaz, IV, 1-25)

    -Latindar hizkuntzaren urritasunaz kexu, ideia grekoen berri behar bezala emateko orduan (I, 135-145)

    -Atomoak eta hizkiak, munduak eta liburuak (I, 814-829)

    -Jaio berriaren negarra: igartzen du zein gogorra den bizitza (V, 222-227)

    -Beldurra (I, 1.204-1.235)

    -Heriotza (III, 1.046-1094)

    -Atenasko izurritea (VI,1.137-1.287)

    -Heriotzari beldurra (III, 59-82)

    -Erlijioa gorrotagarri: Ifigenia edo Ifianassaren sakrifizioa (I, 62-101)

    -Benetako pietatea, jendailarena ez bezalakoa (I, 1.198-1.203)

    -Epikuroren doktrina heriotzaren beldurraz (III, 870-977)

    -Suave mari magno (II, 1-61): Kontuz: jakintsuaren gozamena ez du naufragioak berak pizten, baizik berak naufragioari ihes egin izanak

    -Simulakroak (IV, 35-52)

    -Maitasuna, semen-gainezkaldiaren ondorio: haluzinazio; kezka eta zoritxar iturri (IV, 1.030-1.191)

    -Sexu plazera, gizonak eta emakumeak konpartitua (IV, 1.192-1.207)

    -Herentzia, antzutasuna (IV, 1.208-1.277)

    -Bikote ataraxikoaren laudorioa (IV, 1.278-1.287) (Onfrayren interpretazioa)

    -Babes erregua Venusi, plazeraren eta alaitasunaren gorazarre (I, 1-40)

Leave a Reply