Lukrezio eta amodio atomikoa

By • Nov 28th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak
Lucretius Re-Reading 'On the Nature of Things' Sculpture (6'x 2'x2' - Plaster, Glass Wood and Plastic) by Peter G Pereira - 1988

Lucretius Re-Reading ‘On the Nature of Things’
Sculpture (6’x 2’x2′ – Plaster, Glass Wood and Plastic) by Peter G Pereira – 1988 – klik

Unibertso infinituan atomoak elkartuz mundu kontagaitzak nola, halaxe sortzen dira zenbait hizki konbinatuz ezin zenbatuzko liburuak. “Gauzen izaeraz” Lukrezioren liburu bakarrak mundu horietako baten mapetako bat erakusten du, aski osoa. “Funtsezko guztiaz” izenburua ere ez letorkioke txarto. Bere sei ataletan fisika, epistemologia, psikologia, antropologia, historia, kosmologia, meteorologia eta eskatologia biltzen ditu poema zientifiko inspiratu honek. Berau hau duzu epikureismoaren adierazpenik behinena, gaurkotasun handiko dotrina inondik ere.

Bizipoza du xede Lukreziok. Oinaze fisikoa berezkoa du bizitzak, baina egia ezagutzeak (adore handia eskatzen du) alferreko zenbait kezka uxatzen lagun dezake. Hauen artean goibelenek erlijioa dute iturri, alegia, gauzen izaera latzari, batik bat munduaren arroztasun esentzialari eta heriotzari, aurrez aurre begiratu ezina. Heriotzari beldurrak bultzatzen gaitu erlijioaren pareko diren ospea, dirua eta agintea bilatzera.

Lukreziok Venus gozoari laudorio bakezale batekin ekiten dio bere poemari, baina Atenaseko izurrite garratzarekin amaituko du, zoragarria bezain izugarria baita gure mundu arrano hau. Zehatzago: mundua ez zen guretzat egin. Behi esnea dopinga da. Lehenagokoa da belarria, entzumena baino. Ilunabar baten ederra Jainkoari eskertzea belearen elea da, Hari sudurraren existentzia eskertzea legetxe, betaurrekoak eraman ahal izateko bezain praktiko sortzeagatik.

Gizaki erlijiosoaren izaera gogaikarria, heriotzari ikaraz eta ilusio teleologikoaz gain, grina kontrolagaitzek eta osteko damu proselitistek erabakitzen dute. Gezurrezko infinituek bilakatzen diote bizialdia infernu: besteak beste, hil osteko zigor infinituek.

Ordea, infinitu txarrak baztertu eta egokiak aintzat hartzeak dakar egia, eta heriotzaren onarpena. Infinituak dira, eta eternalak, gauzen lehenkiak -gorputzen lehen haziak, atomoak; orobat lehenkiok harat-honat dabiltzan hutsunea. (Atomoen joan-etorriak eta talkak hutsean: gela ilun batean eguzki izpiak ikusarazten duen hautsaren dantzak irudikatzen du egokiro.) Unibertsoak ez du muturrik, ez dago erdigunerik, oinaztua espazioan barrena mendeetan zehar ibilita ere ez litzateke inongo mugara hurbilduko. Unibertsoaren baitako mundu kalkulaezinak, bestalde, etengabe osatu eta desegiten dira.

Stephen Greenblatt: Lucretius and the pursuit of pleasure

Stephen Greenblatt: Lucretius and the pursuit of pleasure – klik

Arimak bezal-bezalaxe. Ez dago gorputza hil osteko arimarik, gorputza eta arima batera sortzen, hazten eta hiltzen baitira: arima ere lehenki materialez osaturik dago. Ezer ez da hutsetik sortzen, ezta guztiz desagertzen ere. Hortaz, atomo konbinazio aldakor bat gara gu; hiltzean, osatzen gaituzten atomoak disolbatu egingo dira, gero, beste batzuekin nahasturik, bestelako gorputzak eratzeko. Ni naizelarik, ez da heriotzarik; heriotza datorrenerako, ni ez naiz izango: ez dugu zertan larritu.

Baretasun alaia helburu, kontuan hartzekoa da halaber simulakroen gaineko Lukrezioren teoria ederra. Gauzen gainazaletik etengabe hegaldatzen dira beren mamu bikiak, eta ziztu ezin biziagoan zeharkatzen dute espazioa norabide guztietarantz. Zenbaitetan, begi batekin topo egiten dute; orduan, begi horren jabeak gauza “ikusi” egiten du. Zoriona lortzekotan, mamuokin ondo konpontzen ikasi beharra dago.

Maitemina eragiten dutenak dira arriskutsuenetakoak. Lukreziok dioenez, haziaren gainezkaldiak pizten du maitasuna. Nerabeari, gorputz tentagarri bat ikustean, mukuruka duen semena, maskulinoa zein femeninoa, urduritu, bildu eta gorputz horretarantz jalgitzen ahalegintzen zaio; ametsetan, halako gorputzen irudiek parrastan botarazten diote isurkia. Maitemintzea hain zuzen itsutzea da, norberaren hazia soilik gorputz jakin bati dagokiola uste izateraino. Ahal bezain sarri saiatzen da amorostua zoramen atsegin hori eragin dionaren irudia berpizten, gauez ohean bakarrik kasu. Halatan, gero eta maitearen menpekoago bizi da. Maitearen irribarreek besteren bati lasaitasuna zapuzten diote. Gainera, ezin du maitemindurik ez denak adina goza: sentimenduak zurrundurik, ezin baitio plazerari merezi duen arreta opa.

Amodioak, orobat, barregarriki distortsionatzen du gure pertzepzioa: maite kankailua “maiestatez betea” ikusarazten digu, kontakatilu gaiztoa “nortasun handiko”, mutu anorexikoa “apal”, eta abar.

Amodioa egitea beraz ez da txarra, bai aitzitik maitemintzea. Maitemina datorkigula sentitzen dugularik, horrenbestez, semena lehenbailehen hustea aholkatzen digu Lukreziok, bakarka, ordainduta edo ahal bezala.

Emma Woolerton on Lucretius - The Guardian - Klik

Emma Woolerton on Lucretius – The Guardian – Klik

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.
Email this author | All posts by

Leave a Reply

Printer  Print This Page