Epikuro salbatzaile (eta II)

By • Nov 27th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

epikuro2d-Tetrafarmakon, botika laukoitza:

1-Jainkoak materialak dira, atomikoak, poz-pozik bizi dira meta-munduetan eta ez digute bat ere jaramonik egiten (Nietzscheren iruzkin jeniala Paseatzailea eta bere itzala 7-n)

2-Heriotza ez da beldurgarria; ez dago heriotzaren sentipenik: gu gaudenean ez dago heriotzarik eta heriotza datorkigunerako gu ez gaude

3-Sufrimendua eramaten erraza da; latzegia bada, hilko gaitu; bestela, sendatuko gara; eta hiltzen ez gaituen sufrimenduak jakintsuago egiten gaitu

4-Zoriona gure esku dago

epikuro2b-Bizimodu zoriontsua lortzeko ezinbestekoa da desirak mugatzea

-Desiren dietetika:

1-Desira natural beharrezkoak: jatea, edatea, lo egitea

2-Desira natural ez beharrezkoak: sexua (bereizi afrodisia eta eros)

3-Desira ez natural ez beharrezkoak: boterea, dirua, ospea

-Gizarte bizitzak desira eta helburu artifizialak sortzen ditu: aberastasunaren bilatze obsesiozkoa; ingurukoak manipulatu, kontrolatu eta menperatu nahia; apeta garestiak, ohoreak, fama (“loria eterno, hilen eguzki”)

-Tentelak dira desira eta helburu horiek, infinitu makur batek bultzatuak: lortu bitartean urduri gaude eta behin lortuz gero ez gaituzte asetzen, eta berehala asmatzen eta biderkatzen ditugu desira berriak; hurbil dute gerora “bekatu” eta “adikzio” deituko dena

Epikuro2c-Gozamen luze lasaia bilatzen du Epikurok, ez orgiastiko itsua; gozamen hedonistan ez da desira gure jabe, baizik gu desirena; filosofoak daki plazera harrapatzen, plazerak harrapatua izateke; merezi duen gozamenak kemena eskatzen du, ahulezia arbuiatzen du; nolabaiteko aszetismoa eta goi mailako gozamen fina elkarren beharrean dira

-Zoriona lortzeko aski da desira natural beharrezkoak asetzea

-Baina orduan zen da filosofatzeko desiraren eta adiskide-desiraren estatusa? Ez baitira ez naturalak ez beharrezkoak, baina bai ordea gutxienez garrantzitsuak zoriona erdiesteko orduan

-Epikurok zoriona gozamenarekin identifikatzen du, plazerarekin (grekeraz “hedoné”; hortik datoz “hedonista” eta “edonista”)

-Bereizi gozamen katastematikoak (geldiak, kontenplalariak) eta zinetikoak (orgasmoa, pozezko irrintzia, dantza); Aristipo eta Epikuro

-Plazera eta gozamena eragiten ez duen bertutea eta zintzotasuna, antzarrak ferratzera bidali (Platonen, Aristotelesen eta estoikoen aurka)

-Jakintsuak gozamenen kalkulu zuhur bat egiten du: jarduera batzuek dakarten gozamena laburragoa eta ahulagoa bada ondoriozko sufrimendua baino, hobe lehenbailehen baztertzea (mozkorra, ostea, alkoholismoa)

-Plazer tentelak zoritxarra handitu eta desiren biderkatze eta etengabeko itzulera itogarria elikatzen du

-Baztertu desira hutsalak, boterea eta ospea; bestek zer nahi duen ez dagokizu, ez egin pelikularik, zeu zara erdigunea; mugatu desira naturalak betetzera: berez loratuko da gozamena, bizitze hutsak dakarren benetako plazera: kezkarik ez, baretasuna, kemen alaia, zorion luzea

-Ergelkeria galanta, iraganari eta geroari kateaturik bizitza galtzea

-Ez deitoratu (eten iraganaren katea), ez beldurtu (eten geroaren katea), baizik eta maitatu (zaindu oraingo askatasuna)

-Urrutiratu irudimena gerta litekeenagatiko kezka beldurtitik (maite dudan jendeak sufri dezake, abandonatua izan naiteke, hil egingo gara) eta pentsa etorkizunak une perfektu ugari ekar diezazkizukeela

-Oroimena borondate kontua da: batetik, Montaignek aipatu “ahaztearen zientzia”; ahaztea ez da vis inertiae hutsa, baizik eta fakultate aktiboa (Moralaren genealogia); bestetik, zaindu oroitzapen atseginak atxikitzeko joera naturala

-Baztertu errua eta damua, dakizula oroimena zorion iturri

-Baztertu larridura eta izua, dakizula irudimena ere zorion iturri

epikuro2a-Ongi etorri oroitzapen atseginak eta itxaropen zuhurrak, gorputzeko oinazea zein arimako durduza sendatzen lagun baitiezagukete eta oraingo gozamena sendotzen eta edertzen

-J. Salem: “Arimak betegintzarrez biziriko oraina berez bezala zabaltzen da iraganera eta etorkizunera”

-(Dena den, ergela da orainaldi ederra galtzea gogoa etorkizunerako egitasmo eta ametsetan edukitzeagatik; orainak izan behar du aingura eta bihotza)

-Horazio poeta epikurozalearena da “carpe diem” esapide ospetsua: bakea ariman, harrapatu oraina, murgildu goitik behera arreta osoz oraingo une honetantxe, sagaratu oraingo bizipoz hau: azkenekoa bazenu bezala bizi oraingo une hau, lehenbizikoa bazenu bezala

-Jokatu beti Epikuro begira bazenu bezala

-Egun txarretan, oroitu: izan konfiantza bizitzan, ezustean beti dakartza egun perfektuak

-Hilak hogei dituen oro ospatu Epikuroren jaiotza besta lasai batez. Maisua bizirik zela ospatzen zuten eta ez gara ba katea orain eteteko bezain odolbakoak izango

epikuro2bottom

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.
Email this author | All posts by

Leave a Reply