Epikuro salbatzaile (I)

By • Nov 27th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

epikuro1a-Grezia klasikoan filosofia-segida nagusia idealista da, Parmenides > Platon > Aristoteles > estoikoak, oroz lehen estoikoak; jende gehienak filosofia estoizismoarekin identifikatzen zuen (eta du); aldiz, sofistak, zinikoak, Epikuro eta Pirron bazterrekoak ziren, herrian ez zuten ezarpen handirik (gero Erroman bai, epikurozale ospetsu franko: Lukrezio, Julio Zesar, Horazio, Virgilio…)

-Zinikoen antzerki probokatzaileetatik eta estoikoen bertute solemne sarritan exhibizionistatik urruti, Epikurok ezkutuan bizitzeko aholkatzen du; besteak beste, ekitaldi jendetsuak eta politika baztertzeko

-Platonek Akademian ez zituen onartzen gazte aberats agintarigaiak baizik; aitzitik, Epikuroren Lorategian denetarik zebilen: hetairak, esklaboak, bikote ezkonduak, etorkinak… ; Lorategiak, bestalde, ez zuen platonikoen, aristotelikoen edo estoikoen kutsu intelektualik, toxikotzat jotzen baitzuen Epikurok erudizioa

-Gizakia ez da berez gizartekoi, zoon politikon; aitzitik, hobeki babesten da ataraxia polisetik berex poliseko zurrunbiloan baino

epikuro1b-Sokrates, Platon eta Aristotelesen polisa estoikoek kosmos osora zabaltzen dute, Epikurok Lorategira murrizten du

-Gizartean lehia, fanatismoa, ergelkeria da nagusi: hiriko kontuetan nahasteak zoritxarra dakar eta alferrik da gizartea hobetzen ahalegintzea; Epikurok erretiroa aldarrikatzen du Lorategiko lagunartera

-Fisika eta Kanonika etikaren zerbitzura; etika da epikureismoaren muina

-Atomismoaren eskandaluzko baieztapenak: dena da atomo eta huts; arima ere atomikoa da, gorputz; espazioa infinitua da eta munduak kontagaitzak, gurea ez da mundu infinituetako bat baino; gure mundua desagertuko da; heriotza betirako loaldi baten antzekoa da

-Ondorioz, idealisten herra eta liburu materialisten desagerraraztea; idealisten garaipena bi mila urtez

-Demokritoren determinismoa eta Epikuroren (edo Lukrezioren) klinamena, aurreikusi ezineko ondorioak dakartzaten atomoen mugimendu estrainioak, askatasunaren berme; askatasuna eta azarea atomoen goitik beherako erortze eterno beti berdinean txertatzen dira; era berean, zorionak jakintsuaren gorputzean beharko du txertatu (Mattéi)

-Epikuroren abstentzio politikoa klinamenaren hiritartze bat da, elkarren metafora dira (Marx): hiria jendarteak behar lukeenaren parodia izaten da, eta adiskide taldea bertatik desbideratu egiten da, atomoa bezala inertziazko erortze-lerro nagusitik

epikuro1c-Simulakroak gauzen mamu bikiak dira, atomo leunez eratuak, gauzetatik desitsatsi eta espazioa ziztu bizian zeharkatzen dutenak, begi batekin topo egin arte: orduan begiak gauza ikusten du; halatan, Epikurorentzat ezagutza zentzumenetan oinarritzen da, eta egiazkotzat ez du zentzumenek hautemanikoa baino; paradoxaz, ordea, zentzumenek hauteman ezin dezaketen atomoa du errealitatearen bermetzat (atomoaren existentzia abstrakzioz da ondorioztatua; zentzu horretan, izaki ideal bat da)

-Jakintsuaren helburu, oinaze fisikoa uxatzea (aponia) eta arimako kezka eta ezinegon urduria baretzea (ataraxia)

-Filosofoa arimaren medikua da, psikoterapeuta, filosofiak ez du ezertarako balio ez badu bihotzeko oinazea sendatzen

-Epikuroren filosofiatik iritsi zaiguna aholkua da, exhortazioa, bizimodua aldatzeko deia; ez teoria luzea baizik eta gogoan etengabe erabiltzeko esapideak (dogmak), arima zorionbidean jartzeko

-Orain bertan ekin filosofatzeari, indar guztiak une oro gozamen zoriontsura bideratzeari, hauxe baituzu egunik zoragarriena, hauxe unerik zoragarriena; ez ahaztu hilkorra zarela eta berehala hil zaitezkeela

-Inoiz ez zapuztu poza, esaldi mingarririk ez, zaindu inguruko alaitasuna

-Irriz behar da filosofatu

-Behar bezalako pertsonak jakinduria eta laguntasuna bilatzen ditu beste edozeren gainetik

-Laguntasuna ez du ekonomia edo etnia antzekotasunak erabakitzen, ezta ideologiak edo politikak ere; askatasuna du oinarri

epikuro1d-Adiskidetasuna ondo dator zorionari eusteko eta zoritxarretatik babesteko; hala ere, abiapuntu utilitarioa duen arren, berez da desiragarri, bizimodu filosofikoaren gailurra baita, eta zinezko laguna prest da bizia lagunaren alde emateko

-Adiskideaz ez errukitu aienez eta deitorez, baizik ekintza zehatzen bidez lagundu; laguntasuna fabore eta opari errealetan mamitzen da, ez ideien munduan edo fantasian

-Adiskideen laguntza baino beharrezkoagoa dugu konfiantza laguntza horretan

-Deus ez zaigu alaigarriago lagunari mesede egitea baino

-Adiskidetasuna da bizitza zoriontsua lortzeko jakinduriak eskuratzen dituen ondasunen artean garrantzitsuena; Lorategiko kideak laguntasun goxo eskuzabal batek biltzen ditu

-Adiskidetasuna dantzan dabil Lurraren gainean eta zorion jainkotiar batez bizi gaitezkeela iragartzen digu

-Lorategikoa, bestelako bizimodu bat; mundu osora heda liteke patxadaz Lorategi-sarea; Epikuroren Lorategiaren eragina kristauen zenobioetan

epikuro1bottom

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.
Email this author | All posts by

Leave a Reply