Lurrak kutxarilaz goldatzen (naiz: 2013/11/18)

By • Nov 18th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak
UNAI APAOLAZA
FILOSOFIA LIZENTZIADUNA

spoon1Zer sentituko genuke soro baten ondotik pasa eta laboraria kutxarila batekin soroan aztarrika dabilela ikustean? Jakin-mina seguruenik. Eta zertan ari den galdetzerakoan lurra goldatzen ari dela erantzungo baligu, zer pentsatuko genuke? Zoratu egin dela eta zentzugabekerietan dabilela. Bada, horrelako zerbait gertatzen da politikan sarri, baita Euskal Herrian ere.

Borroka politikoan dabilen edozein eragilerentzat helburuak eta bitartekoak bereizten jakitea ez da txantxetarako kontua. Helburuak, ekite politikoarekin lortu nahi diren egoerak dira, demagun independentzia eta sozialismoa. Bitartekoak, aldiz, helburu horietara iristeko erabiltzen diren, bide, estrategia… azken finean erremintak dira. Erreminta horiek, lanabes guztien moduan egoera historiko konkretura egokitu behar direnez, momentu batean balekoa izan den erreminta beste batean kamuts bilaka daiteke. Balekoa izateko, momentu horretan jendartean eragina izan dezakeen errelatoa eraikitzeko gaitasuna izan beharko du, era horretara izango baitu subjektu politikoa egokiro artikulatzeko gaitasuna, zabaltzekoa alegia. Horrela, subjektu politikoak eraiki eta egituratzerakoan gerta litekeen gauzarik kaltegarriena, artikulazioa egiteko ditugun bitarteko, lanabes edo sinboloak, helburu bilakatzea da. Bitartekoak helburu bilakatzen direnean, ezer ere eraikitzeko gai ez diren esperpentoak sor baitaitezke.

Erremintak modu absolutuan ulertzeak, bitartekoak diren erremintak helburu bilakatzea dakar, eta, ondorioz, eraginkortasun politikoa murriztea. Zergatik? Subjektu politikoa eraikitzeko bide bakarra dagoela aurresuposatzen baita, hau da, karta bakarrarekin jokatzera behartzen baikaitu. Bitartekoak bitarteko direla ulertzeak, erreminten erlatibizatzea aurresuposatzen du. Ondorioz, egoerara hobekien egokitzen diren lanabesak aukeratzeko gaitasuna areagotzen du, karta-sorta guztia gure esku jarriz. Askapen mugimendu batentzat garrantzitsua da, hortaz, helburu garbiak izatea eta kasuan kasu behar diren erremintak heltzeko eskuak libre izatea. Diskurtsoa berritzen dakiten askapen mugimenduek egingo dute aurrera hortaz. Ikuspegi hori kontutan harturik, eman diezaiogun begirada bat Euskal Herrian azken 150 urteotan gauzen egoera aldatu nahian artikulatu diren subjektu politiko nagusienei.

spoon2Foruzaletasunak karlismoa erabili zuen foruak mantendu nahi zituen subjektua egituratzeko, artikulatzeko. Helburua foruak mantentzea zen, karlismoa aldiz, foruen aldeko subjektua egituratzeko estrategia edo bitartekoa. Karlismoa artikulatzaile eraginkorra izan zen XIX. mendean zehar, baina azken karlistadaren ondoren boterea lortzeko aukera guztiak galdu zituenez, artikulatzaile egokia izateari utzi zion. Karlismoak jarraitu zuen, baina ordura arte bitartekoa zena helburu bilakatuz; hau da, karlista izateari helburutzat izan zuten foruen mantentzeari berari baino garrantzi gehiago emanez. Eta hori gertatzen denean gertatu ohi denez, esperpento bihurtu zen. Francoren aginduetara bukatzeaz gain, artikulazio eraginkorrik egiteko gaitasunik ez zuen txotxongilo bilakatu zen karlismoa.

Bitarteko edo erremintaren (karlismoaren) efikazia ezaz ohartuta, Sabino Aranak hil ala biziko jauzia egin zuen; foruzaletasuna independentziarekin berdindu eta artikulatzaile moduan karlismoa beharrean nazionalismoa aukeratu zuen. Hori izan zen abertzaletasunaren sorrera. XIX. mendeko jendartea egituratzeko beste diskurtso nagusia, liberalismoa alegia, garaile suertatu zen; ondorioz, liberalismoak ez zuen lanabes berrien beharrik izan, ez zuen abertzaletasunerako jauzia egiteko premiarik sumatu.

Sabinoz geroztik nazioa izan da independentismoa artikulatzeko erabili izan den erreminta. Nazionalismo guztietan gertatzen den bezala, nazioak justifikatu du Estatua. 1936ko gerraren ondoren, abertzaletasuna (nazioa eratzearen estrategia), independentismo zabal eta indartsu bat egituratzeko gai ez zenez, krisian sartu zen. Frankismoak ez zuen lan hori erraztu, jakina, baina, batez ere, esentzietara erabat loturiko nazio ikuskera izan zen Euskal Herrira lanera etorritako jende multzo zabala askapen mugimenduan artikulatzea oztopatu zuena.

Krisitik ateratzeko marxismoak eman zizkion beharrezko lanabesak independentismoari. ETAk egindako klase borroka eta nazioa eratzearen estrategiaren uztarketak, dimentsio unibertsala eman zion askapen mugimenduari, eta diskurtso iraultzaile, koherente eta indartsu bat eraikitzeko gaitasuna eskuratu zuen. Horren ondorioak, euskal independentismoa, beste leku askotan ez bezala, nagusiki ezkertiarra bilakatzea eta beronen zabaltze izugarria izan ziren.
Alabaina, azken 40-45 urteotan berrikuntza nabarmenik ez dela eman dirudi, eta, ondorioz, ur geldotan gertatzen den moduan, usteltze sintomak agertzen hasi dira. Usteltze sintomak eraginkortasunari baino «benetako» subjektua «babesteari» garrantzi gehiago ematen zaionean agertzen dira. Artikulazio eraginkorra egiteko, etengabeko errebisio eta bilaketa egin beharrean, lanabes konkretu batzuk nahitaezkoak direla baieztatzen hasi gara. Garrantzi gehiago ematen hasi gatzaio erremintari helburuari baino, independentzia lanabesak «salbatzeko» dela esateraino. Lurra kutxarilaz goldatzen hasi gara, eta gainera, kasu batzuetan, helburua ez dela lurra goldatzea esatera ere iritsi gara. Ahaztu egiten zaigu maiz, lurra goldatzeko lanabes egokiak topatu ezean, lur horrek ez duela uztarik emango. Kontua ez baita nazio eta klase kontzeptuak «salbatzea», independentzia eta sozialismoa erdiestea baizik.

spoon5Esan dugu aurrerago, herria helburu politiko baten inguruan artikulatzeko, bide ezberdinak erabil daitezkeela, edo, beste era batera esanda, sinbolo konpartitu batzuk edukiz lor daitekeela. Sinbolo horiek hortaz, herria egituratzeko erremintak dira. Nazioa eta klasea hori dira, independentzia eta sozialismoaren bidean erabili diren sinboloak, erremintak. Eta lanabes diren heinean, galdera bat egin behar diogu etengabe gure buruari: independentzia eta sozialismoaren alde dagoen subjektua sortu eta modu eraginkor batean egituratzeko baliagarriak izaten jarraitzen al dute?

Euskal Herria, XIX. mende bukaeran eta XX. mende erdialdean egon zen moduan, bidegurutzean dago. Orain arteko estrategiek/erremintek ez digute bide egokia aukeratzeko baliabiderik ematen. Hala ere, gabezi horren gero eta kontzientzia handiagoa izateak, bide egoki bat aukeratzeko posibilitatea handitu egiten du. Krisi garaian gaude hortaz, eta horrek trantsizio garaian gaudela esan nahi du, aldaketa garaian, metamorfosi garaian. Orain arteko jendartea artikulatzeko diskurtsoek jada ez dute nahi bezainbeste artikulatzen eta egituratzeko modu eraginkorrak oraindik ez ditugu aurkitu; erreminta zaharrekin zerbait berria egitea zaila da.
Askapen mugimenduak, lehenago egin izan duen moduan, mugarri edo paradigma berri bat eraiki behar du. Horrek, Euskal Herriko jendartearen zatirik handiena artikulatzeko balioko duten lanabesak bilatu eta erabili beharko ditugula esan nahi du; hori baita Espainia eta Frantziara lotzen gaituzten kateak apurtuz, justua izango den Estatu bat eraikitzeko bide bakarra. Dena den, aurretik egindako saiakerek egoera paregabean utzi gaituzte horretarako.

 Bitartekoak ondo aukeratzeko garaia da hortaz. Ezer egituratzeko gai ez diren sektarismo eta garbizalekeriak alde batera utzi eta pentsatzen duguna baino gertuago ditugun helburuetara hurreratzeko behar ditugun palankak eskuratu behar ditugu. Independentzia eta sozialismoaren bidean artikulazio eraginkorra egiteko gai izango diren eta Euskal Herriko jendartearen gehiengoak partekatuko dituen sinbolo, mito eta erremintak bilatu/sortu eta erabiltzea dagokigu askapen mugimenduak aurrera egin dezan. Akatsa litzateke garai batean erabilgarriak suertatu ziren mailu, igitai, sega eta aitzurrak beste lanabes berri batzuk eskuratzen utziko ez diguten eskuburdina bilakatzea.

naiz:

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

Leave a Reply