Klasiko bat irakurri nahi? Ilustrazioaren Dialektika

By • Nov 5th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Ilustrazioaren Dialektika: Kritika negatiboaren eta formulazio positiboaren arteko talka.

Horkheimer eta AdornoIdatzi honen izenburuak hasiera hasieratik talka posible baten berri ematen digu. Talka horren inguruko hausnarketak osatuko du lanaren mamia. Talka hori modu ezberdinetan formulatu daiteke baina, erpinetako bat, teoria eta praktikaren arteko erlazioren auziak osatzen du.

Auzi hori testuinguru konkretuan aztertuko dugu: Frankfurteko Eskola eta Teoria Kritikoa.Abiapuntu gisa Frankfurteko lehen belaunaldiari erreparatuko zaio eta horren ezaugarri nabarmenenak azpimarratuko dira. Horretarako Ilustrazioaren Dialektika liburuari erreferentzia egingo zaio, sasoi intelektual horretako adibide nagusienetakoa denez. Agerian utzi nahi da historiaren filosofiari lotutako jarduera intelektual horrek zailtasunak dituela kritikatik haratagoko proposamen arautzaile bat plazaratzeko.

Ezintasun horretatik abiatuta, eta lehen belaunaldi horrekiko loturan, kontutan izango dira Eskola berean baina ondoren sortu diren pentsalari esanguratsuak, bigarren belaunaldiko Jürgen Habermas eta hirugarreneko Axel Honneth kasu. Ilustrazioaren Dialektika dela eta Habermasek arrazoimenaren erabateko kritikak arrazoimena bera baliogabetzen duela salatuko du. Axel Honnethek ikuspegi ezberdinak planteatuko ditu liburu horretara hurbiltzeko eta haren balioa aldarrikatuko du “kritika ebokatzaile” gisa. Lana amaitzeko gogoeta batzuk ekarriko ditugu Teoria Kritikoa eta filosofiaren arteko erlazioaz eta, era berean, hausnarketarako gaiak proposatuko dira egungo gizartean Teoria Kritikoak izan lezakeen baliagarritasuna pentsatze aldera.

 1. Historia apur bat1

frank1 Atal honek Frankfurteko Eskola eta Teoria Kritikoaren sorrera aurkeztu nahi ditu modu xume batean. Gaia hain zabala izanik, idatzi honen helburua betetze aldera, aspektu jakin batzuei soilik begiratuko zaie. Modu horretan Frankfurt Eskolako lehen belaunaldiaren testuinguru historiko zein intelektuala aintzat hartuko da eta Adorno eta Horkheimer-en Ilustrazioaren Dialektika liburuari lehen hurbilketa egingo zaio.

Frankfurteko Eskola izena ez dagokio instituzio edo pentsamendu jakin bati. Izen horrek Frankfurteko Gizarte Ikerkuntzaren Instituarekin lotura izan duten diziplinarteko hainbat pentsalari barnehartzen ditu. Hori horrela izanagatik kide horiek jarrera intelektual zein politiko ezberdinak, kontrakoak ere bai, izango dituzte. Institutu horren baitan gizartearen askapena helburu duen jarduera intelektualean aritzea litzateke euren arteko lotura. Institutua Carl Grünberg-ek fundatu zuen 1923an eta institutuaren jarduera garatzeko eraikina 1924an inauguratu zen. Inaugurazio horretarako prestatutako Grünbergen hitzaldian agerian geratzen da institutuaren jite marxista. Institutuaren zuzendaritza Horkheimerrek 1930an hartu aurreko marxismo klasiko hori marxismo ortodoxotzak joko da aurrerago. Marxismo ortodoxo horren ezaugarri ezaguna da bere determinismo ekonomikoa eta horri lotuta daude klase arteko borrokak, azpi-/gain-egitura bereizketa, Historiaren Filosofia jakin bat zeinak historia gizarte aske baterako langile klasearen martxa triunfal gisa erakusten duen etc. Orokorrean esan dezakegu baldintza materialak (azpiegitura) kontzientzia (gainegitura) moldatzen duela. Kulturak, adibidez, gainegituran kokatzen den heinean, ez du autonomiarik eta bigarren mailako garrantzia izango du marxismo klasikoaren ikuspegi horretan.

Horkheimer marxismo klasiko horretatik aldenduz joango da, baita hegelianismo metafisikotik ere. Ikuspegi horiek dogmatikotzat jo eta errefusatu egingo ditu egia absolutua eskaintzeko duten moduagatik. Bere hitzetan metafisikoak gutxi arduratu izan omen dira gizakien zorigaitzez. Horkheimerrek marxista izaten jarraituko du baina bere marxismoak egia osoekin baino gizartea eraldatzeko nahiarekin zerikusi handiagoa izango du. Azken finean giza zientzia dialektiko baten aukera zuen buruan, sistema metafisikoak eta enpiriko hutsak alde batera utziko lituzkena2. Bilakaera horretan, kulturaren arloari begiratzen badiogu, kultura aztergai autonomo gisa garrantzia hartuz joango da.  Jada ez da azpiegitura ekonomiko baten isla hutsa izango baizik eta osotasun batean ikusiko da. Kultura bere produkzio zein kontsumo baldintzetan aztertuko da eta, masa kultura izanik, manipulazioari edo “ideologia”ri garrantzia emango zaio.

Faxismotik ihesi AEBko egonaldian zeudela 1940ko hamarkada inguruan nolabaiteko etena emango da Frankfurteko Eskolan. Lan hau planteatu dugun ildotik esan dezakegu haustura horrek teoria eta praxiaren arteko uztarketari ere eragiten diola. Aipatu dugu marxismo ortodoxotik aldentze bat eman zela baina, hala ere, teoria kritikoa eta praktika iraultzailea eutsi nahi izan zitzaion. Hamarkada horretatik aurrera Eskolak berak zalantza ugari izango ditu teoria eta praxiaren arteko lotura hori mantentzeko. Eskolaren lan teorikoari begiratzen badiogu bilakaera ere soma daiteke, Horkheimerrek beti ulertu baitzuen marxismoa gizarteko aldaketei moldatu beharreko teoria gisa, eta ez sistema itxia bailtz bezala. Horregatik,  faxismoaren porrotarekin gerratea amaitu ondoren, teoriaren berrikuntza behar zen gizarteko eraldaketak azaltzeko.  Gizarte horretan, behin Eskolak  SESBerekiko ilusioa galduta eta mendebaldeko langile klasearekiko itxaropenik gabe, marxismo ortodoxoak jada ez du lekurik. Aldi berean esan liteke, Eskolaren baitan, kritika teorikoaren erradikalizatzea (erroetara joan nahia) eman zen bitartean bere praktika politikoa lasaituz joan zela. Testuinguru historiko horretan idatzi zen Ilustrazioaren Dialektika.

2. Ilustrazioaren dialektika

Dialectic of Enlightenment by Horkheimer, Max; Theodor W. Adorno Ilustrazioaren Dialektika liburua gerra garain idatzi bazen ere 1947an argitaratu zen. Gorago aipatu dugu hamarkada horretan pentsakera aldaketa eman zela Eskolaren baitan eta liburu hori horren erakusgarri bikaina da, Adornoren Minima Moralia-rekin batera jakina. Atal honetan Ilustrazioaren Dialektika liburua bera azaltzeari baino garrantzi handiagoa emango diegu sasoi intelektual horretako ezaugarrie, baita Habermas edota Honneth bezalako ondorengo pentsalariek liburuari eta sasoi horri buruz aipatutakoei.

Teoria kritikoak marxismoa gainditu eta urrunago iritsi nahi du. Klase borroka eta halakoak alde batera utzi eta horien ordez gizakia eta naturaren arteko harremana ipintzen du zentruan. Alde batera utziko ez duena, ordea, Historiaren Filosofiatik jardutea da: gizakiak natura menderatzeko harreman hori historian aspalditik dator, kapitalismoa baino antzinagokoa da, eta gerora jarraituko duen zantzuak ageri dira. Ikuspegi berri horrekin ekingo diote Ilustrazioa aztertzeari. Azken finean Ilustrazioa, inoiz askapenerako prozesu bezala onartua, arrazoimen instrumentalaren beste adierazpen bat gisa salatua izango da orain. Modu horretan, Ilustrazioaren Dialektika-n adibidez, arrazoimena bere historia osoan zehar menperatzeko tresna bezala azalduko da, ilustrazioa bera mito berri batean bihurtua, eta hori azaltzeko berdin berdin erabiliko dira Odiseo, Sade, Kant edo Nietzsche3. Oinarrian gizakia eta naturaren artean gainditu ezinezko etena dago, azkenean, ilustraziotik pasata, XX. mendeko hondamendia ekarriko duena. Azalpen hori eraikitzeko darabilten  ikuspegi horrek, alde batetik, lehen belaunaldiko teoria kritikoaren nahi eta ezina adierazten du: kritika negatiboa da baliozko arrazoimen zilegi bakarra eta, ondorioz, ekintzarako baliagarria litzatekeen formulazio positiboren bat ezinezkoa bihurtzen da; eta bestetik, teoria kritikoa filosofiaren bati (Historiaren Filosofia, metafisika, etika etc.) lotzearen egokitasunaz gogoeta egiteko aukera ematen du.

Martin Jay-k azpimarratzen duenez4 Horkheimer eta Adorno etsita zeuden kristautasunaren, idealismo hegeliarraren edo materialismo historikoaren baikortasunaren aurrean. Walter Benjamin-ek jada garaipenetik garaipenerako historiaren bilakaera ordez garaituak ere kontutan hartzen zituen ikuspegi anbiguoa plazaratua zuen. Kontua da, marxismoa albo batera utzirik ere, Ilustrazioaren Dialektika berak ez ote duen historiaren filosofiatik asko, arrazoimenaren historiren itxurapean, ikuspegi triunfalik ageri ez bada ere.

2.1. Ilustrazioa mito bihurtua arrazoimenaren kritika erabatekoan

frank3 Habermasek, Modernitatearen diskurtso filosofikoa (1985) idatzian, Horkheimer eta Adornori atal bat eskaintzen die eta horri jarraituko diogu hemen. Bertan esaten duena hobeto ulertzeko kontutan izan behar dugu Habermasek jada Ekintza komunikatiboaren teoria bere lan nagusia argitaratua zuela hiru urte lehenago. Azken liburu horretan aurki ditzakegu bere pentsamenduaren ardatz nagusiak.

Arrazoimen komunikatiboaren teoria da Habermasen ekarpenik behinena. Teoria horrek, gizakiari ahalmen komunikatiboa onartzen dion heinean, gizakien arteko komunikazioak bere baitan duen egitura ipintzen du oinarrian. Esan dezakegu Habermesek mugarria bat ipintzen duela Teoria Kritikoaren baitan bere biraketa linguistikoarekin. Horren inguruan garatuko du bere ikuspegia, izan esfera publikoaz, moralaren unibertsaltasunaz, arrazoimen ezberdinen kategorizazioaz, natura/kultura edo mito/logos bereizketaz edota ilustrazioaren proiektu burutu gabeaz. Habermasek arrazoimenean uste osoa mantentzen duela esan dezakegu.

Aurrekoa gogoan izanda gatozen orain Habermasek Dialektikaren Ilustrazioa-ri buruz zer dioen aztertzera. Liburuari eskainitako atalaren lehen paragrafoan zera irakur daiteke:

“Los escritores sombríos de la burguesía como Maquiavelo, Hobbes, Madenville, habían embelesado siempre a un Horkheimer conquistado por Schopenhauer. Sin embargo, esos pensadores pensaban aún constructivamente, a partir de sus estridencias podían trazarse todavía líneas que conducían a la teoría marxista de la sociedad. Los escritores negros de la burguesía, sobre todo el marqués de Sade y Nietzsche, rompieron esas conexiones. De ellos parten Horkheimer y Adorno en la Dialéctica de la Ilustración, su libro más negro, para traer a concepto el proceso de autodestrucción de la Ilustración”5.

Hasiera hasieratik ikus dezakegu Habermasek ez duela gehiegi maite liburu hori. Horkheimer eta Adorno kritikatzeko aurrerago garatuko dituen auzi nagusiak paragrafo horretan jasoak daude: marxismoarekiko etena, Nietzscheren eredua eta, bereziki, ilustrazioaren baliogabetzea. Habermasek bere salaketan defendatzen duen ideia nagusia honakoa da: arrazoimenari erabateko kritika egiten bazaio arrazoimen kritikoa darabilen Teoria Kritikoa bera irtenbiderik gabe geratzen da.

Habermasen esanetan Horkheimer eta Adornok Ilustrazioaren Dialektika-n egiten duten hanka sartzea mitoa eta ilustrazioa berdintzean datza: mitoan ilustrazioaren zantzuak erakusten dituzte eta azkenean ilustrazioak mito izaten amaitzen du. Mitoa eta ilustrazioa ordea, Habermasi jarraitzen diogu orain, ezberdinak ez ezik aurkakoak ere badira. Mitoa tradizioz edo belaunaldiz belaunaldi norbanakoak talde baten baitan jasotako arau loteslea litzateke; ilustrazioa, aldiz, taldeko arau horien aurka norbanakoak bere gisa eskuratutako ideiak lirateke. Ikuspegi horrekin onar dezakegu mitoaren eskakizunetako bat jatorrirako itzulera izatea, naturarekin bat egitera nahi bada. Ilustrazioaren Dialektikan aipatzen den Odiseok zer egiten du besterik Itakara itzultzea baino? Horregatik bakarrik ordea ez dugu mito soiltzat hartuko, izan ere, jatorrira itzultzeak adinako garrantzia izango duelako itzultzeko moduak. Kontua da Odiseok, Itakarako itzuleran, hainbat amarruri aurre egin beharko diola eta hori errazago lotzen da ilustrazioaren ideiarekin mitoarekin baino. Ilustrazioak, beraz, norbanakoak bizirauteko, kanpoko natura menperatzea esan nahi du; baina ez hori bakarrik, barne natura erreprimitzea ere esan nahi du, Odiseok bezala. Hor jada, askatasunerako bidean, ilustrazioaren hutsegitea antzeman dezakegu: arrazoimen instrumentala besterik ez den ilustrazioa ez da askatzailea. Arrazoimen ilustratuaren historia askatu nahi eta ezinak betetzen du, mitotik mitorako ibilbidean ilustrazioa bera mito bihurtuta.

Behin arrazoimena bere osotasunean arrazoimen instrumental gisa identifikatuta zientzia, morala eta artea ere arrazoimen horri lotuta geratuko dira. Habermasek hor sinplifikazio handiegia ikusten du eta horren aurka protestatzen du arrazoimenaren ekarpenak nabarmenduz:

“Me refiero a la específica dinámica teorética que empuja una y otra vez a las ciencias […] por encima de la generación de saber técnicamente utilizable; me refiero también a los fundamentos universalistas del derecho y la moral que han encontrado también encarnación en las instituciones de los Estados constitucionales modernos […]; me refiero, en fin, a la productividad y fuerza explosiva de las experiencias estéticas básicas que en el comercio y trato consigo misma hace una subjetividad decentrada, emancipada de los imperativos de la actividad racional con arreglo a fines […]”6.

Aurrerago mitoa ulertzeko beste modu bati heltzen dio. Mitoak dena anabasean erakusten omen du, kontzeptualizaziorik gabe edo kontzeptuen arteko oinarrizko bereizketa egin gabe. Habermasek, beraz, beharrezkoa ikusten du natura eta kultura bereiztea. Ilustrazioaren Dialektia-ren beste akatsa horrekin lotua egongo litzateke: kulturatik naturara ihes egitea. Horkheimer eta Adornok marxismoa utzi dute eta, horrekin batera, ideologiaren kritika bezalako zeregin garrantzitsuak burutzen zituen arrazoimena.

Nietzscheren bidetik jo dela dirudi eta Ilustrazioaren Dialektika-k Moralaren geneaologia-ren ildori jarraitzen ote dion galdetzen du Habermasek. Hau da, itxuren munduan egiazkotasuna zalantzan ipintzen duten ikuspegia arbuiatzen du Habermasek. Ziur aski Nietzscheri errazago barkatzen dio Habermasek bekatu hori: Nietzschek berak onartzen du bere proposamena beste hainbaten arteko interpretazioa besterik ez dela, egiaren pretentsiorik gabe; arazo bakarra perspektiba hobeak edo txarragoak bereiztean datza. Horkheimer eta Adornok, ordea, arrazoimena baliogabetu ondoren ere, lan kritikoarekin jarraitu nahi dute baina eszeptizismoan jausten dira. Esan liteke Habermasek bere idatzian Horkheimer eta Adornoren tesia euren aurka bihurtzen duela: ilustrazioa mitoa izan beharrean, Ilustrazioaren Dialektika-k jokatzen du mito bezala bere azalpen totalizatzaile eta sinplearekin. Era berean, eta horrekin lotuta, ez da gai ekintzarako oinarri teoriko arautzaile bat osatzeko. Esan beharrik ez dago Habermasek bere arrazoimen komunikatiboarekin Teoria Kritikoa aporiatik salbatu izana uste duela.

2.2. Kritika ebokatzailea lagungarri

 frank4Atal honetan Axel Honneth7-i jarraituko diogu, Eskolako hirugarren belaunaldiaren ordezkari nagusia. Honnethek, Teoria Kritikoaren baitan, Habermasen ildoa sakontzen du baina honek ez bezala hark Ilustrazioaren Dialektika-ri balioren bat onartzen dio, balio hori zertan datzan zehaztu beharko badugu ere.

Honnethen ekarpenak errekonozimenduaren teoria deritzo. Teoria horrek subjektuen arteko erlazioa errekonozimendua lortzeko borroka bezala azaltzen du. Honnethek Habermasen ikuspegiari osagarri etikoa gehitzen dio eta errekonozimendua bezalako kategoria etikoa hobetsiko du, ekarpen sikologiko batekin, kategoria sozio-politiko hutsen gainetik. Ikuspegi horrekin giza patologiei gehiago begiratzen die gizarteko egiturei baino. Zentzu horretan Habermasen ikuspegia hobetu duela uste du, bere esanetan, justiziaren teoriara gehiegi mugatzean Habermas hankamotz geratzen delakoan.

Eskolako lehen belaunaldiari dagokionez, Honnethek ez du Ilustrazioaren Dialektika-ren azken irakurketa itxia egiten. Bere esanetan, liburu horretara modu ezberdinetan hurbildu izan da sasoian sasoiko jarrera intelektualaren arabera. Erantzun beharreko galdera honakoa litzateke: liburuan erabiltzen den tresneria teorikoa gaindituta badago, zergatik jarraitzen du hain liluragarria izaten? Galdera horri erantzuteko bi hurbilketa modu proposatzen ditu, hau da, liburua historiaren filosofiari lotutako teoria soziala da edota gehiegikeriaz baliatzen den kritika ebokatzailea da. Teoria sozial gisa, esaten duena zuzena (egiazkoa) ote den aztertu beharko litzateke baina bistan da teoria hobeagoak badaudela; kritika ebokatzaile gisa, esaten duena egokia (baliagarria) ote den zehaztu beharko litzateke. Ikus dezagun nola definitzen duen Honnethek kritika ebokatzailea:

“Crítica evocadora significa: exponer de un modo tan exagerado determinados mecanismos o relaciones sociales, que se logre hacer comprensible y plausible el que la tendencia de la realidad social conduce hacia una dirección determinada. Eso que se expone de una forma exagerada ha de ser, sin embargo, factible de ser recibido por el lector como una prolongación efectiva de las relaciones existentes”8.

Azken finean, gehiegikeriak egiantza izan behar du eta ez du aldendu behar geure buruaz eta munduaz dugun ulerkuntza razionaletik. Horregatik, kritika ebokatzailea den heinean soilik balio du Ilustrazioaren Dialektika-k. Balio hori aitortuagatik Honnethek bat egiten du Habermasekin, arrazoi ezberdinengatik bada ere, liburua edo, orohar, lehen belaunaldiko teorizazioa ekintza politikorako baliagarria ez dela esatean. Izan ere kritika ebokatzailea eremu publikoko diskurtso razionalaren aurrebaldintza izan daiteke baina ez politikarako zentzu hertsian. Eremu politikoan, gehienez ere, jendartearen formazio demokratikorako erabili daiteke.

3. Teoria Kritikoaren nondik norakoak eta gogoetarako bideak

 frank5Honneth da Frankfurteko Eskola deritzon tradizioan, bertako arlo instituzionalean nahi bada, ondorengo ezagunenetakoa. Tradizio horretan Habermasek biraketa linguistikoarekin hasitako ildoa gailendu da eta ondorengoek, Honnethek berak adibidez, hura “hobetu” besterik ez dutela egin esan izan da. Atal honetan Habermas eta Honnethen lanei buruzko balorazio ezeberdinak aztertuko ditugu. Asmoa, ondorio zehatzik atera gabe, Teoria Kritikoaren nondik norakoak ulertzen saiatzea da bai filosofiarekiko loturan bai praxiarekiko loturan.

Proposamen ezberdinak aurkeztu dira Teoria Kritikoaren izaeraz9 eta horrek filosofiarekin izan beharreko harremanaz. Hona soilik autore pare bat ekarriko ditugu adibide gisa balio dezaten. Dieter Freundlieb-ek, adibidez, subjektuaren metafisika sendo baten beharra ikusten du Teoria Kritiko baliagarria, hau da, aurauemailea, eraikitzeko baldintza gisa. Bere esanetan hori gabe Teoria Kritikoak ezingo du bere lan nagusia, modernitatearen patologiak antzematea, burutu:

“Critical Theory cannot be critical and claim to be able to identify social pathologies without a normative base. And a normative base cannot be established without a rich theory of subjectivity, that is to say a theory that opens up the possibility of self-descriptions and world-interpretations that allow subjects to see themselves as leading meaningful lives in meaningful world”10.

Esan dezagun lehenik autore hori ados dagoela Habermasek zabaldu eta Honnethek sakondutako ildoarekin, betiere subjektuaren metafisika onartzen badugu. Bere esanetan Habermas eta Honneth azaleko intersubjektibitatean geratu dira eta ezinbestekotzat du, aurrebaldintza gisa, subjektuaren filosofiari merezi duen arreta eskaintzea. Subjektuaren metafisika horrek, subjektuak bere buruarekiko duen erlazio epistemiko eta praktikotik, ahalbideratzen omen du agente autonomo eta arduratsua garatzeko oinarri arauemailea. Ondoren soilik aztertu liteke intersubjektibitatea, izan eragile komunikatiboen artekoa edota agente etikoen artekoa.

Beste proposamen bat Stephen K. White-k dakarkigu. Aurrekoak bezala Habermas aintzat hartzen du baina, aurrekoak ez bezala, metafisika orohartzaileak albo batera utzi nahi ditu. Proposamen berri honi biraketa pragmatista dei geniezaioke. Whitek biraketa linguistikoaren eta pragmatismoaren arteko erlazioan garatu nahi du bere proposamena, giza zientzia kritiko baterantz. Pragmatismoaren ekarpen gisa aipatzen ditu: ikusmoldeen aniztasuna, ikerketen izaera soziala eta ikerlarien eta jendartearen arteko harremana gizartearen baitan11. Whitek Habermasen ontologia unibertsalista, eta ondorioz arau unibertsal gogorra, ekidin nahi du. Horixe ikusten baitu Habermasek hizkuntzaren helburua ulerkuntza dela esaten duenean, horri lotutako ahalmen komunikatiboarekin batera:

“The ontology of critical theory should be rooted finally not in any strong foundational claim about language per se, but in assumptions of the modern world that cause actions to occur that are otherwise not explicable. this, ultimately, is the heart of the wager, normatively and empirically, of a defensible critical theory”12

Idatzi hau amaitzeko teoria eta praxiaren arteko harremanaz arduratuko gara. Teoria Kritikoa filosofiaren batekin (historiaren filosofia, metafisika, etika, pragmatismoa…) harremanetan jarri edo ez, zaila da teoriaren eta praxiaren arteko erlazioa pentsatzea. Hemen, mugatzearren, praxia ekintza politikoaren ikuspegitik ulertuko dugu batez ere. Orokorrean esan dezakegu Teoria Kritikoak berezkoa izan duela izaera arauemailea, egoera nolakoa den eta nolakoa beharko lukeen aztertu nahi izan du. Hala ere deskripzioaren eta preskipzioaren arteko lotura ez da oso argia. Adibidez erreferentzia gisa erabili dugun Ilustrazioaren Dialektika ekintza politikorako uzkur agertu zaigu. Ekintza politikoa baztertzeko arrazoi nagusia, ikusi dugunez,  teoria ezkorregia edukitzean datza. Horkheimerrek esan zuenez teoria, benetakoa, kritikoa da (negatiboa) eta ez positiboa. Habermas ikusi dugu lehen belaunaldia gainditzen duen proposamen positibo gisa. Hemen interesgarria eta, batez ere, eztabaidagarria izan liteke Honnethek ezkerreko intelektualen eta intelektual demokratikoen artean egiten duen bereizketa:

“En primer lugar, tenemos el rol del intelectual que, con su toma de posición, contribuye a la revitalización del discurso político democrático. Así pueden ser entendidos los escritos políticos de Habermas: como propuestas a la opinión pública para que puedan ser considerados de manera distinta a como se hace en el presente determinados desarrollos o contenidos políticos. El criterio de validez de estas propuestas es sólo el de su aceptación a través de una opinión pública que se orienta discursivamente. Muy distante de este primer modelo, tenemos en segundo lugar, el rol del intelectual en el marco de un concepto estratégico de la política. Esta segunda perspectiva se corresponde con el rol tradicional del intelectual de izquierdas. Es la visión del intelectual de Lukács en los textos sobre táctica y ética y respecto al partido, en Historia y conciencia de clase. La idea de base es que el intelectual crítico es partidista y contribuye a la acción estratégica del partido. Hoy en día, claro, no debe tratarse solo del partido sino que también del movimiento social. Bajo esta visión el destinatario del discurso crítico no es ya la totalidad del público democrático, sino un partido en disputa estratégica. Bajo esta definición, el rol del intelectual resulta más restringido que el de aquel que orienta su acción a la opinión pública democrática. Otra diferencioa que me parece importante es que este último rol supone un discurso comprensible para todos; el intelectual debe hablar un lenguaje lo más universal posible e incluir en sus declaraciones sólo las premisas valorativas que sean estrictamente necesarias. Distante de esto, el intelectual de partido puede presuponer premisas que están ya aceptadas en el propio movimiento e incluso que constituyen la propia base de él. Sartre fue un intelectual de izquierdas, Habermas un intelectual democrático”13

Demokrazia, ezkerra, diskurtsoarekin zuzendutako jendartea, estrategia, hizkera unibertsala, premisa baloratiboak… Honnethek lan ederra utzi digu hor eztabaidatzeko. Agian hasieratik hasi beharko genuke Ilustrazioaren Dialektika irakurriz, beti erne egoteko aldarria den heinean.

4. Oharrak

1Atal hau osatzeko Jay (1973) eta Galfarsoro (2012) erabili ditut batez ere. Martin Jay-ren liburuak Frankfurteko Eskolako lehen belaunaldia modu sakonean lantzen du. Lan honetan nahikoa izango dugu ezaugarri garrantzitsuenak gogoratzearekin. Galfarsororen artikulua egokia da marxismoaren bilakaera historikoari buruz ikuspegi orokorra antzemateko. Horretarako kontutan hartzen du kultura nola aztertu den bai marxismoan eta bai post-marxismoan. Artikulu berean, gainera, Galfarsorok POST-marxismoaren eta post-MARXISMOAREN arteko sintesi interesgarria proposatzen digu, Badiou eta Zizeken ildo berriak aurkezteaz batera.

2Jay 1973: 91 eta hurr. Horkheimerren kezka horrek badu bere garrantzia eta gerora hausnarketarako gai bihurtuko da. Eskola bereko hurrengo belaunaldiek aurrekoen lana epaitu zuten bezala gaur egun, oraindik ere, Teoria Kritikoaren izaeraz eta baliagarritasunaz eztabaidatzen jarraitzen da.

3Ib., 425 eta hurr.

4Ib., 429. Jay-k Ilustrazioaren Dialektika-n historiaren filosofiri eskainitako aforismoa aipatzen du. “Crítica de la filosofía de la historia” ik. Adorno 1947: 239-242

5Habermas 1985: 135

6Ib., 143

7Honneth 2005: 107-127

8Ib., 112

9Frankfurteko Eskolari lotutako Teoria Kritikoaren inguruan azken boladan garatzen ari diren azterketa eta proposamenen bilduma interesgarria ik. Fred Rush (arg.) 2004: The Cambridge companion to Critical Theory, Cambridge: Cambridge University Press.

10Freundlieb 2000: 96

11White 2004: 314

12Ib., 327

13Honneth 2005: 116-117

5. Bibliografia

 Adorno,Th.W. & Horkheimer, M. 1947 [2007]: Dialéctica de la Ilustración, Madrid: Akal.

 Freundlieb, D. 2000: Rethinking Critical Theory: Weaknesses and New Direction, Constellations Volume 7, Number 1: 80-99.

 Galfarsoro, I. 2012: “(Post)Marxismoa, kultura eta eragiletasuna: ibilbide historiko labur bat”, in Alaitz Aizpuru (koord.), Euskal Herriko pentsamenduaren gida, Bilbo: UEU.

 Habermas, J. 1985 [1991]: El discurso filosófico de la modernidad, Madrid: Taurus.

 Honneth, A. 2005: Entrevista con Axel Honneth. La herencia de la Dialéctica de la Ilustración, Revista internacional de filosofía política, 26: 107-127.

 Jay, M. 1973 [1989]: La imaginación dialéctica, Madrid: Taurus.

 White, S.K. 2004: “The very idea of a critical social science: a pragmatist turn”, in Fred Rush (arg.), The Cambridge companion to Critical Theory, Cambridge: Cambridge University Press.

(Hernani, 1975). Filosofian Lizentziatua. Zinemazalea ere banaiz, nahiz eta sarri barrurakoan baino aldarte ilunagoarekin atera ohi naizen zinema aretotik. Freud-en "Egonezina kulturan" (Gaiak, 2009) liburuaren itzulpenak dituen gabezien erruduna ere ni naiz.
Email this author | All posts by

Leave a Reply