Birika absurdo horiek

By • Nov 10th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Aitaren eraginez, Camusen literatur eta saiakera lanetan behin eta berriz ageri da heriotza-zigorra. Aita ez zuen ezagutu, hamaika hilabete zeuzkan lehen mundu-gerran absurdoki hil ziotelarik. Heriotza-zigorraren aldekoa zen, baina behin batean kondenatu baten dekapitazioa zuzenean ikusi, etxera joan eta goitika eta goitika aritu zen; aurrerantzean, semeari kontatuko ziotenez, heriotza-zigorra ez dela zigor bat aplikatzea errepikatuko zuen, baizik gorputz bat birrintzea, horixe ikusi baitzuen, “lege” eta “justizia” kontzeptuak gorabehera. Semea ere ikusitakoaz fioko zen, inoiz ez gogoeta hutsaz: “Justizian sinesten dut -esan zuen-, baina justiziaren gainetik defendatuko nuke nire ama”.

camus2Hamazazpi urte zeuzkala tuberkulosia diagnostikatu zioten eta medikuei entzun zien ez zela luzaro biziko. Akidura, sukarra, itolarria, odol-karkaxak… biriketan zeramalako izango zuen beti herio hain presente. Aita hila, ama goibel analfabeto erdi gor-mutua, osaba atzeratua, amonaren jipoiak… Bizitza absurdoa da, erabaki zuen. Suizidatu ala ez, horixe izan zuen kezka nagusi; horixe zitzaion filosofiaren funtsezko galdera.

Ausardiagatik goraipatzen dute aspaldion Camus, bere lagunengan gailen zebiltzan ikuspuntuak salatzeagatik, jakin arren bazterkeria nozitu beharko zuela. Urte biz baino ez zuen iraun Aljeriako alderdi komunistan. Absurdoak iruditzen zitzaizkion Marxek bere ideiak zientifikotzat jotzeak zekartzan ondorioak. Ez zen alderdi zientifikoen diziplinara egokitzen, batez ere Moskuko ugazaben ankerkeriak estaltzeko zerabiltelarik. Antzeko zemaia zerien Sartreren eta Stalini fidel zitzaizkionen irainei Camusen aurka, eta Agustin Ibarrolak Juan San Martini botatakoei, sobietarrek Hungaria tankez itotzea kritikatzeagatik, ezkerra askotarikoa dela ulertu nahi ez eta “desbideratuak” txikitzeko ohitura hartu dutenen zemaia: edo nire alde zaude edo bestela objektiboki etsaiari laguntzen zabiltza, eta beraz kontuz ibili, ez baitago beste aukerarik.

Camusen erantzuna: “Ezkertiarra naiz, baina egia eskuinak adierazten badu, orduan eskuindar.” Libertarioa ez da ezinbestez liberalen sator. Gogotsu lagundu zien Espainiako errepublikazaleei eta bereziki CNT-ri. Mendebaldeko idazle bakarra izan zen Hiroshimakoa kondenatzen, artean gerra gori zela, bonba bota eta bi egunera. Eta lehenbizikoa dimititzen Unescok Espainia onartu zuelarik.

camus1Wikipediak dakar Camus Aljeria frantziarraren aldeko izan zela eta ez da egia: hori bai, ez zuen onartu kolono zuri gaiztoaren eta arabiar txiro txintxoaren pelikula manikeoa. Bere gurasoak eta bera zuri txiroak ziren eta makina bat arabiar aberats ezagutzen zuen. Errotik zen antikolonialista, eta gazte zela testu bikainak idatzi zituen Kabiliako hildura salatuz. Era berean, gerora ez zen isildu frantses inperialisten hilketa eta torturen aurrean. Baina ezta izugile independentisten sarraskien aurrean ere.

Sasoi hartan lastertasun bizia hartu zuen lehia bitxi horrek, ea nork lehenago eta hobeki kondenatu. Orain askok uste dute idaztea batik bat ondo kondenatzeko bide bat dela. Sartrek eta kideek zioten frantsesak Aljerian eta naziak Frantzian pareko zirela, eta FLN-koen astakeria oro zuritzen zuten Saint-Germain-des-Prés-eko beren bulego erosoetatik, zibilen masakreak barne. Aldiz, Camusentzat, erresistentzian zinez engaiatua, ezin ziren alderatu soldadu nazia eta Frantziako miseriatik ihesi Aljerian 1830az geroztik bizi zen etorkin-familia. Edozein terrorismoren aurka zegoen; zentzu honetan, Camus da ziur aski mendebaldeko idazleen artean koherentziarik tinkoena darakuskien idazlea. Etengabe saiatu zen camus3Aljerian meniak lortu eta odol-jarioa negoziazioetara bideratzen. 150 gestio pribatu egin zituen FLN-ko 150 kideri heriotza-zigorra barka ziezaieten. Ez zen Arjelia independentearen aldezle, baina are gutxiago Arjelia frantsesarena. Estatuaren aurkako, beste libertario asko bezala, ez zuen armada berririk nahi, ezta bandera eta muga berririk ere. Aljeriaren eta Frantziaren arteko konfederazio batean ikusten zuen irtenbidea. Aljeriatik heriotza desagerrarazteko lanetan ziharduela hil zen, auto-istripu absurdo batean.

Absurdoa da maitagarriena, zioen, bizitza bera, Sisiforen lana. Zoriontsu irudikatu behar dugu Sisifo bere arrokari bultzaka. Inoiz ez zion utzi futbolean jokatzeari, igeri egiteari, eguzkia hartzeari, dantzari, amodioari, jakinik herio biriketan zeramala. Haren obra ezizen-iturri bilakatu da: Caen-en bada Albert Camus deritzon salerosle bat, eta “La peste” jarri diote.

1963an jaio nintzen. Markos Zapiain naiz ia beti. Baina ez zidaten soldaduzka egiten utzi, nortasun bikoitza dela eta. Batzutan Pelipe pizten da ene baitan. Pozik ibiltzen da oro har Pelipe. Baina haserretzen denean, kontuz.
Email this author | All posts by

Leave a Reply

Printer  Print This Page