Wert, Fernandez eta beste, herrialde miragarrian (Berria – 2013-11-03)

By • Nov 4th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

EDUARDO APODAKA

SOZIOLOGOA ETA EHUKO IRAKASLEA

Aspaldian izan zen, Estrasburgo eta Arrasatetik notiziak etorri baino arinago, espioitza masiboen zurrunbiloa hasi baino lehenago, eta ez dakit zenbat kontu berrik orduko eztabaidak eta arrangurak putz batez ahaztarazi aurretik. Aspaldi hartan Eskolaz eta Hezkuntzaz ari ginen. Orduan lege-eskola1bortizkeria zen hizpide, baina beti dugu Eskola gure agendetan.

Eskolan sinesten dugu, egundokoa da hezkuntza formalean dugun fedea. Batzuek ezagutza eta gaitasunen kapitala bermatze aldera ahaleginak eta bi egiten dituzte eskola onek euren umeak jaso ditzaten eta horrela umeek eskola onak har ditzaten. Bestetzuek oraindik orain uste dute Eskolak salbatuko dituela zibilizazioak, nazioak, hizkuntzak, erlijioak edo arrazak. Eskolan sortuko bide dira biharko ekintzaile sutsuak, han salbatuko geroko fededun ogengabeak, han trebatuko lanbidedun arrakastatsuak, han heziko parekide zintzoak edota euskaldun zein espainiar jator betierekoak. Zeinek bereari eusten diola, Eskolarengan dugun fedea elkarri areagotzen diogu. Horretan gatoz bat: Eskolan egiten dugun inbertsioa balio segurua da. Are gehiago, etengabeko ikastearen gizartean bizi garela konbentziturik Eskola bihurtuko zaigu munduaren eredu.

Fededun saldoak, askotariko saldoa izaki, ezaugarri bat baino ez du komun: eskolak jende berriaekoizteko fabrika da. Ukitu morala begi bistakoa da, baina botere-teknologiaren aldetik aztertu beharko genuke eskola: botereek eta (kontra)botereek jendea nahikara ekoizteko nahi dute faktoria eskola2hura eta hala izanik, euren arteko gatazkak bertan suertatzen dira. Gerra-frontea da Eskola. Baina halakoa izanagatik ere, mirariak egiten dituen herrialde bat dela uste dugu.

Aspaldian nioen, joan den boladan esan nahi baita, albiste purrustada heldu zaigu fronte miragarritik. Hango tropak bildu zituen Fernandez bake-egileak Gizalegez izeneko itunaren inguruan. Testu labur bat, estetika ustez erakargarri batek itota betiko topiko zenbait. Besterik ez. Txintxo egin zuten zin sindikatuek ez beste hezkuntza-eragile guztiek. Bizikidetzaren urraketa prebenitzea omen dute helburu, eta horretarako hainbat esperientzia hezigarri (sic) proposatzen dituzte erantzun okerrak ekidin asmoz; diotenez, dogmatismoa, fatalismoa, manikeismoa eta sektarismoa dira erantzun horien kausa. Horien kontra, beraz, bake-kultura sustatu nahian, konjuratu omen dira hezitzaileak. Ez al zuten oker horien kontra egiten akordioa sinatu aitzin? Orduan zertarako berrespen publiko hori? Desenkusa? «Guk ez dugu fanatikorik hezten» iradoki gura? Batek daki. Alabaina kezkabide larriagotzat dut akordioaren letra azpian soma daiteken «mundua». Hitz gutxitan, Mundu Zuzenaren Hipotesia, kontserbadore guztien kredoa, formula batean bildurik honakoa dioena: bakea berdin oraingo mundua ken jarrera gaiztoak. Ez, ez dituzue akordioan botere, zapalkuntza, pobrezia, edota injustizia hitzak topatuko. Ez diote, nonbait, bizikidetzari eragiten. Edo agian, ideologi gantzak erre dituzten metodolatra etikoek uste dute ez dagokiola Eskolari halakoez jardutea, ez duela, esaterako, gogamen kritiko edo justizia sena landu behar. Edo bestela ere, pentsatu dute munduan diren okerrak eta bidegabekeriak jarrera kontuak direla eta gizalegez arituz gero, korapilo guztiak laxatu eta askatuko direla.

Horretan zuzenago eta gordinago jo du Wert legeak; izan ere, edukietatik girora Eskolaren barru-kanpoak aldatu nahi ditu lege hark. Gordin jo dute, jakin badakitelako Eskolak berez ezin duela gauza handirik egin, behar-beharrezkoa duela ikaslearen disposizioak aldatze aldera kanpo-dispositiboekin bat egitea, eta kanpo-dispositibo horiek gehienak euren esku dira, euren alde dituzte. Badakite ez dagoela jendea edukatzerik limurtu nahian mezu esplizituak igorriz, ezta jokamoldeak teorikoki irakatsiz, badakite Hezkuntzaren eragilea inguru soziala dela, jardueraz eta jokaeraz ehundutako edukazio-faktoria. Eskola oso eragile garrantzitsua da, baina ezin du bereiz jendea nahikara aldatu, ezinean ibiltzen da hedabideen, legeen, erakundeen edota familien eskola3irakaspen naturalek laguntzen ez badiote. Eta jakina, esleitu zaion lana betetzen ez duela ikusita, errudun bilakatu da Eskola. Gaurko oker eta bekatuak han dira sortzen eta bertan ere gure umeak gaitz guztiekin kutsatzen.

Wertzaleek, ordea, badakite, inguruko indarrak alde edukita, Eskolak euren neurrira antolatuz gero irabazi egingo dutela. Hori dela eta, konjuratu dira fronte horretan kontzientzia eta konpetentziak irabazteko. Hala, bada, identitatea ez omen duten espainiar identitario ultrak berriro ari dira abertzaleen dotrinamenduaren atzaparretatik ume «euskañolak» askatzen. Eskola publikoaren «ikastolizazioari» aurre egingo diotela esan digute, aukera zein den argitzen: ikastola ala Wert. Eta goia jo nahian edo, EAEko parlamentari merkeenak eman digu aditzera Sehaskan ito behar dela euskal kontzientzia. Egia esan eskola askok hartu dio aurrea Legeari, eta Santillana eta antzekoen liburu wertzaleak erabiltzen dituzte «ni espainiarra naiz» erreal aldaezina ikas dezaten «euskaraz hitz egin» entzun behar duten ume berberek. Eta erdaraz egingo dute, naturala denez, eta ingurukook egitez erakutsi eta irakatsi diegun legez.

Hortaz, gizalegez bainoago, esango nuke normalean wertlegez aritzen garela; halako legez non erdara dugun nagusi eta matxismoa eta homofobia eta arrazismoa eta elitismoa, non eta itsu eta sorgor garen justizia ezaren eta zapalkuntzaren eta esklabotzaren eta natur hondamendiaren eta, oro har, gizalegez ahaztu behar ditugun bidegabekeria guztien aurrean. Eta Eskolak ez digu miraririk eginez hori dena irauliko, ezta Bizikidetzaren edo Euskararen edo Parekidetzaren izenean oles egiten badiogu ere.

berria

Leave a Reply