Michael Hardt: «Komunaren ideiatik abiatuta, demokrazia berria konkistatu liteke» (Iker Tubia. Berria, 2013-10-18)

By • Oct 18th, 2013 • Category: Albistekaria

«Komunaren ideiatik abiatuta, demokrazia berria konkistatu liteke»

2011. urtetik munduan sortutako gizarte mugimenduei erreparatu die: Tahrir, M-15, ‘Occupy Wall Street’, Taksim plaza… Oinarri horrekin beste eredu politiko bat bultzatu daitekeela dio.

Iker Tubia Iruñea

/ XABIER MAEZTU / LA HORMIGA ATÓMICA LIBURUAK 

La Hormiga Atomica liburudendak antolatutako hitzaldi sortaren karietara, Iruñean izan da Michael Hardt (Washington, AEB, 1960) filosofoa. Haren ustez, botereak plazetan hasi behar du. Egungo demokrazia eredua irauli eta berri bat eskaintzeko bidean, besteak beste, Declaration (2012) liburua kaleratu zuen Antonio Negrirekin batera. Galdera ororen ondotik pentsatzeko tarte bat hartu du, erantzun zehatza emateko.

Iruñean emandako hitzaldiaren izenburua Botere osoa plazetan izan da. XXI. mendean botereak plazetan egon beharko luke?

Botereak plazetan hasi behar du. Berdin azken hiru urte hauetako borroka zikloetan, kanpalekuetan, okupazioetan… Egiptotik M-15ra, Occupy-tik Istanbulgo Taksim plazara. Botereak plazetan hasi behar du, baina garatu egin behar du, eta plazetan egiten den demokraziaren bilaketa gizarteratu. Hori da gaur egungo mugimendu sozial garrantzitsuenen erronka.

Kalera atera da jendea, mezuak zabaldu dituzte lau haizeetara. Baina, zein da hitz horien edukia?

Funtsezko hiru eduki daudela esanen nuke: lehenbizikoa, oso positiboa, kanpalekuetako jendearen politizazio handia. Ez ziren beterano militanteak; oro har, aspaldi politikan militatu ez duen jendea zen. Berpizte hori oso positiboa da. Bigarrena, demokrazia ideia berri bat aurkeztea, edo demokrazia ideia berri hori bilatzea. Hirugarrena konplexuagoa da: komunaren aldarria izan zen. Plaza txiki batean hiri bat egiteko proiektua. Ez espazio pribatu, ez publikoa ere, azken hori estatuak erabakimena duen nagusitasun publikoa izaki: espazio komuna, non sartzea librea den, eta hiriaren kudeaketan antolaketa demokratikoa ahalbidetzen duena. Kanpaleku guztietan, agian Turkian modu nabarmenagoan, tesi eta praktika horiek izan dira. Ideia eta desirak planteatu dira, ez dute konponbiderik eskaintzen. Desirak eta kontzeptuak planteatu behar dira, eta urratsez urrats etorkizunean konponbide errealak lortu.

Komuna aipatu duzu, Declaration liburuan aipatzen den kontzeptua.

Espazioaren gestio demokratikoa da komuna. Gaur egun, askotariko borroketan pentsatu genezake. Ura komun bihurtzeko borroka anitz daude. Neoliberalismoaren aurkako borrokak dira, baina ez dute soilik kudeaketa estatal bat nahi, baizik eta demokratikoa eta soziala. Ura ez da merkantzia, baina, era berean, gurea da. Beraz, komuna ez da ez merkatu ez estatu, ez jabetza pribatu ez publiko. Bizitzaren eta bizitzako gauza garrantzitsuen kudeaketa demokratikoa da. Beste adibide bat izan daiteke hilabete hauetan PAH Hipotekak Kalte Eginikoen Plataformak egin duen lana. Haren ekinbideak merkatuaren arrazionaltasunaren aurkakoak dira, sarri gelarik gabe uzten gaituelako. Ez da, aitzitik, gela horiek publiko egiteko proiektu bat, estatuak gelak kudeatzeko proiektua. Baizik eta, gelak hartu eta kudeaketa demokratikoa egiteko proiektua, gelak behar dituen jendeari horiek ematea. Proiektuaren zati bat, hori da, behinik behin.

Komuneroa ere aipatzen duzu, espazio komuna kudeatzen duena.

Beste figura batzuekin pentsa genezake. Enpresaria enpresa kudeatzen duena da. Komuneroak proiektuak kudeatzen ditu, baina ez du bakarrik egiten, baizik eta testuinguru jendetsuan. Beti kooperazio sareak sortzen ari da gainontzekoekin.

Komunismoa berriro definitzeaz ari gara?

Gure hiztegi politikoan kontzeptu ia guztiak ustelak dira. Ez dute deus esan nahi, eta zaila da horiek erabiltzea. Zer da askatasuna? Gaur egun, merkatuaren ekinbidea esan nahi du. Demokrazia? Lau urtean behin hauteskundeak kapital handiek hautatutako politikariekin. Komunismoarekin gauza bera gertatzen da. Zer da? Ekonomia eta gizartea erabat Estatuaren menpe izatea. Hori ez da, nire aburuz, egiazko definizioa urte askotako praktika kontuan izanda. Komunismo ideia berri bat sortu baino gehiago, hobe da komunaren perspektibatik tradizioa birpentsatzea eta tradizio komunistako ideia sendoen praktikarekin jarraitzea.

Diozuenez, Declaration liburua ez da manifestu bat, panfleto bat baizik. Liderrak sobera daude?
A

zken urteetako mugimendu handienak liderrik gabekoak dira. Tahrir plazan, M-15ean, Occupy-n eta Taksim plazan ez zen lider indibidualik, baina badago lidergoa modu kolektiboan birpentsatzeko proiektu bat. Liderraren funtzio tradizionalak —antolaketa, motibazioa…—— beharrezkoak dira, baina modu kolektiboan ulertuak.

Ezkerra krisian omen dago. Ezker berri bat eraikitzeko beharra dago?

Plazetako mugimenduen joera,  batez ere, ezkerraren jarduera tradizional batzuk baztertzea izan da. Argentinarrek diotenez, prozesu ez-konstituziogilea da, ezkerrean alderdi politiko tradizionalen eta zentralizazio jardueraren menpekotasunarekin hausteko. M-15ean badira «ez gara ez ezker ez eskuin» diotenak. Ez dut uste hori egia denik. Ideia batzuekin hautsi behar da, baina ezkerreko tradizio sendo batzuk berreskuratuz: parte hartzea, egiazko demokrazia, askatasun soziala…

Zer da egiazko demokrazia bat?

M-15eko lema inozoa da hori, baina zentzu onean. Azken urteetan ezkerrean oso zaila da demokrazia hitza erabiltzea, dagoeneko ez duelako deus esan nahi, edo esan nahi duena nahi ez dugun hori delako. Orain dugun demokraziaren ideia ez dela benetakoa, eta, badela beste demokraziarik planteatzeko, asmakizun inozo baten eta udaberri arabiarreko mugimenduen demokrazia eskarien beharra izan dugu.

Lau subjektibitate aipatzen dituzue: pertsona zorpetua, baldintzatua, segurtatua eta ordezkatua. Gizarte mugimenduetan kontzeptu horiek barneraturik daude?

Ideia horiek denok ditugu: segurtasunaren erregimenaren, hedabideen, zorraren eta hauteskundeetako ordezkatze sistemaren menpekoak gara, eta sistema sozial horiek hautsi eta irauli behar ditugu figura aktiboak izateko. Espainian eta AEBetan krisiak eta zorrak subjektibitate berriak sortu ditu, menpeko subjektibitateak. Zorrak bakartu, eta errudun bihurtzen ditu pertsonak. Gainontzekoekin bezala, zorraren aurkako borroka batean subjektibitatea aldatu daiteke erruduna ez zarela ikusiz.
Bestalde, komunikabideekiko pasiboak eta menpekoak gara. Beraz, nola izan gintezke aktiboak sare informatikoekin, baliabide digitalekin?

Egoera ikusirik, esan genezake ongizate estatua hil egin dela, Herbehereetan esan zuten bezala ?

Espainian ongizate estatua hil da, eta estatu zorduna da. Hau da, ongizatearen estatuak eman beharko lituzkeen gauzak —etxeak, hezkuntza, osasuna…— gaur egun soilik zorren bitartez lortu daitezke. Agerikoa da borroka egin behar dela. Baina, oinarrizko galdera hau da: zer egin nahi dugu, ongizate estatua modu sozialistan birkonkistatu, edo zerbait berriaren ideia planteatu? Komuna denaren ideiatik abiatuta, badago aukera demokrazia berri bat konkistatzeko, bestelako ongizatea eskaini dezakeena.

Helburu horiek lortzeko bidean, zer espero dezakegu Europako gizarte mugimenduetatik?

Boterea Europakoa da egun; beraz, maila bereko mugimenduak sortu behar dira. Soilik Espainian, Italian, Grezian, Alemanian… borrokatuz ez dago boterea eraldatzerik. Zaila da, baina hori da bide bakarra. Ezin daiteke aurreikusi zer pasatuko den gizarte mugimenduekin. Egoera erabat aldatzen duten gertaerak daude, Europan itxaropen aro batean gaude, europar jendetza berpizteko gertakari baten zain.

Leave a Reply