Maitasuna amore ez ematea da

By • Oct 7th, 2013 • Category: Maitasuna Proiektoa

maita1“Maitasunaren ukituaz denok bihurtzen gara poeta”, edo horrelako zerbait esan zuen behin Platonek. Jacques Lacan, bestalde, esaldi legendazko honen jabea da: “Maitasuna ez duzun zer edo zer da nahi ez duenari eskaini nahi diozuna!” Eta gero, hor dago kausa nagusi baten aldeko maitasun itsua, Jesukristok, Lukasen ebanjelio sainduaren arabera bederen (CAP XIIII.:26)  norberaren bizia ematera prest egoteko deia luzatzen duenean bezala:

*Baldin nehor enegana ethorten bada eta gaitzeſtē ezpaditu bere aita eta amá, eta emaztea eta haourrac, eta anayeac eta arrebác, eta-re guehiago bere arima-ere, ecin date ene diſcipulu.

Orain dela urte pare bat edo, maitasunaren gaiaz idazlanen bat edo borobiltzeko asmoarekin, hemendik eta handik ideiari buruz eritzien bila hasi nintzen. Kontua zera zen: ordurako nahikoa material nuen bilduta jada. Izan ere, hiruzpalau urte dela jardunaldia izan genuen Arantzazuko Basilikan eta gaia zera izan zen Maitasuna – Synposium Platonikoa.

Egun aparta izan zen. Hasteko han egon zen Eva Forest jardunaldiaren agurrak emateko eta aurkezpenak egiteko. Gero jardunaldia amaitzeko Joseba Sarrionandiak eguneko bildupen-laburpena eskaini zuen. Parte-harleen artean, besteak beste (Slavoj Zizek barne) Michael Hardt-ek Maitasuna kontzeptu politiko bezala  ulertzeko bideak zabaldu zituen eta Alain Badiou-k Maitasunaren sistoleak eta diastoleak izenburua zuen hitzaldia eman zuen.

Ni neu astolana egiten ibili nintzen egun osoz (badakizue: edariak eskaini, ordutegiaz erreparatu…) eta, beraz, ez nuen parte larregi hartu hitzaldi eta eztabaidetan. Antolakuntza zela eta, bestalde, arazoa izan zen Arantzazuko Frantsiskanoek ez zutela onartu inolako kamararik Symposium-aren imajinak grabatzeko. Zera baino estrikoak izan ziren eta mugikorrak ere kanpoan utzi izan behar genituen. Baina tira, Joxe Azurmendiren bitartez (eskerrik asko bidenabar) gutxienez lortu nuen den-dena grabagailuan kopiatzeko baimena eta jardunaldia amaitu ondoren, idaz-kopia prestatzeko behar nuen materiala hor nuen prest.

Gauzak horrela, pentsatu nuen transkripzioak argitaratzearekin nahikoa eta sobera izango zela eta hasi nintzen akta bat modukoa prestatzen. Gainera, ekitaldiaren grabazioak berriro entzun eta gero segituan konturatu nintzen bizpahiru gauzetaz: (i) hizlari nagusiek gai antzekoak jorratu zituzten,  (ii) bata bestearen lanak aipatzen ere zituzten, eta, gainera, (iii) galdera-erantzun saioetan eztabaidatu zena oso interesgarria eta aberatsa izan zen.

maita3Honek guztiak zeharo lasaitu ninduen ziur baitnengoen testuaren nolabaiteko batasuna segurtatzeko osagaiak banituela. Hitzaldien lehen zirriborro behin-behinekoaz barrena, hala ere, laister asko ohartu nintzen transkriptzio hutsarekin sortuko ziren arazoez, liburu moduko bat antolatze aldera behinik behin. Adibidez, koerentzia hor zegoen baina ez zitzaidan batere atsegin ahozko tankerak testu idatzian hartzen zuen itxura. Hori gutxi izanda, jardunaldian bertan izandako eztabaida, emozioa eta bariazioa ez zen agertzen bere bizitasunean. Ondorioz, azken emaitza idatziaren astuna izateko arriskua nabaria zen.

Egun batean transkrikpzio hutsaren ideia baztertu eta goiz osoa beste formato baten bila ibili ondoren (zergaitk ez elkarrizketa moduan antolatu? edo antzerkia balitz bezala?…) otu zitzaidan facebook  sare sozialeko lagunen artean, inkesta gisa edo, galdera batzuk botatzea eta zera idatzi nuen: “Maitasunaz gora eta behera nabil eta blokeatuta nago. Zer iruditzen zaizue: maitasuna pentsa al daiteke kontzeptu politiko bezala? Egiaren oinarri ote da maitasuna? Zoriona  al da? Gaiztoa?… Beste kafe baten beharrean nago. Erantzun mesedez. Gero arte.”

Kafea hartzetik berriro ordenagailura itzuli nintzenan han nituen bi erantzun jada. Hasteko Laura Mintegik  (zeinak bestalde, eta  besteak beste, Arantzazuko jardunaldiko galdera-erantzun saioetan parte zuzena hartu baitzuen), zera erantzun zuen facebook-eko solasaldian:

“maitasuna kontzeptu politikoa da, noski. Maitasuna desira da, indarra, apostua, mugatik atera, hesia hautsi, ertzean ibili… merezi duen edozein proiektu politiko bezala”.

Gero, bigarrenik, Lorea Agirre ondorengo goxokiarekin etorri zen:

“maitasuna amore ez ematea da”.

Maitasuna amore ez ematea da. Maitasuna ez da amodioa ematea. Edo, behintzat, maitasuna ez da soilik eta bakarrik jarrera erromantikora laburtzen, edota sexuzko transakzio erotiko hutsera, kultura herrikoian ohiz erakusten zaigun bezala. Maitasuna eros da noski, baina maitasuna agape sanpaulotarra da era berean eta baita Aristotelesen philia ere. Maitasuna, hortaz, beti ere aurrera jotzea da: maite zaituztegu! eta Pirritx eta Porrotxen erara, maitasuna babesa, konpromisoa, elkartasuna eta duintasunarekin batera doa: bihotza, burua, eskua: sentitu, pentsatu, ekin, denok elkarrekin. Bai, Eva Forestek Symposiumaren aurkezpenean Che Guevara bi bider aipatuz esan zuen bezala:

“Utz nazazue esaten, erridukulua izateko arriskua nire gain hartuz, benetako iraultzailea maitasunaren sentimendu handiaz gidatzen dela”.

“Gogorra izan beharko al zara, baina ez galdu zure laztantasuna. Lorak ebaki beharko al dituzu, baina ez du horrek Udaberria geldituko.”

Maitasuna amore ez ematea da irakurri eta berehala ondorengo promesa egin nion Loreari: “Esaldi cheguevaratar hori liburura doa, zuzen-zuzenean! Merci.” Baina noski, liburuaren formatoa baztertu ondoren,  maitasunaren gaiari buruz hala Arantzazuko Symposiumean nola beste hainbat lekutan jasotakoak eta bildutakoak aurkeztuko ditugu orain … eta oraindik jasotzeko eta biltzeko daudenak ere aurkeztuko ditugu poliki-poliki.

Ps- Bai, egia esanda edota berriro esateko, egun aparta izan zen Symposium Platoniko hura eta oraintxe bertan gogora datorkit Arantzazun bertan Joseba Sarrionandiak gogora ekarri zidan kontua, hor nonbait idatzita zuena jada. Kontuak zioenez, behin batean herrementari bat zegoen sutegi ondoko ingudean burdin puzketa bat mailuka jo eta ke. Bertatik pasatu zen gizon batek ea zer egiten ari zen galdetu zion. “Ez dakit” erantzun zion herrementariak, “zuzen maita2ateratzen bada iltzea izango da eta okertuta ateratzen bada gakoa izango da”.

Maitasuna ardatz, proiektu honetan aterako direnak berdin izango dira batzuk iltze eta beste batzuk gako. Proiektua bera irekia denez,  bestalde, zure ekarpenak  ongietorriak dira  eta maitasunaren gaiak berak ardatz malgu baten gisan funtzionatzen duen heinean, formaz eta edukiz,  gaia eta formatua aukeratzeko libre zaude: 200-400 hitzeko snipeta 700-800 hitzeko eritzi artikulua  2000-4000 hitzeko saioa Lacanen  liburu iruzkina zein film irunskina Diana pelikulari buruz, bideo-klipen aurkezpena… Bakoitza berea idazteko libre dagoen neurrian, bestalde,  erantzun edo ‘responses’ delako saila ez da erabiliko ‘honekin edo harekin ados nago-ez nago ados’ adieraztako. Aldiz, , informazioa emateko erabiliko dugu: bibliografia, estekak, erakusketak, han-hemengo eztabaidak… Ea ba! 

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

6 Responses »

  1. Benetako “Sinposioa”ri buruz ikusMarkos Zapiain-en idazlan ederra: Sokrates, maitasuna bezain bitartekari: http://basque.criticalstew.org/?p=7533

  2. Angel Erro Maitasunez 9Zirtak, Argia, 2408. alea 2014-03-23)
    http://www.argia.com/argia-astekaria/2408/maitasunez

    “Amodioa ez da existitzen, baina bere ondorioak bai”, aurkitu dut paperezko musuzapi batean nire letraz idatzita. Maitasunaz tarteka idaztea da, poetek idazten dakiten eta taberna batean beste zeregin hoberik ez duen gainerako jende guztiarekin partekatzen duten idatzizko mania gutxienetakoa.

    * * *
    Orain gutxi Iñigo Astiz eta Baita hondakinak ere bere poema liburuko hainbat irakurle bildu ziren, lan horixe hizpide. Partaideetako batek Astizi liburuak (edo akaso berak) erromantikotik gutxi izatea leporatu zion. Poetak maitasunari buruz zuen kontzepzioa bikainki azaldu zuen. Alegatu zituenetatik gogoan dut esan zuela edozein giza harreman prekarioa dela eta maitasunezkoa ere bai, eta haren gainean eraiki den berbontzikeria guztitik aske ibili nahi zuela berak –gaizki aipatzen ari naiz Astiz, nire azalpenak ez duelako, bereak bezala, distirarik–. Amodioa ez da existitzen, baina bai bere hondakinak.

    * * *
    Amodioa gaizkiulertu askoren metaketa da. Azokan ibili eta jaka bat eta Lukrezioren liburu bat (Patxik lerrakeen modura) feriatu ondoren, garagardo pare bat hartzera eseri gara. Orduantxe sentitu dudan zorionaldia nahasten badut eta izen handios bat paratzen badiot errua nirea baino ez da.

    * * *
    Maiteminduta gaudenean –dio kontuaz xehekien idatzi duen idazleak, zeinaren izena aipatzea merezi ez baitu–, amodioa hain da handia non ez zaigun barruan sartzen: maite dugun pertsonarenganantz irradiatzen du, bertan bidea mozten dion superfizie bat topatzen du, abiapuntura itzularazita; eta talkak bihurtzen digun samurtasun hori, geure samurtasuna bera dena, besteren sentimendutzat jotzen dugu, eta gogokoagoa dugu gure maitasuna itzultzean joatean baino, ez baitugu nabaritzen geuregandik datorrela.

    * * *
    Terrazan eserita, maitale batek besteari galdetu dio, erretorikoki (nahi nuke pentsatu), ea nola maitatzen ahal duen hainbeste, “how can I love you so much?”. Erantzuna zinikotzat har liteke, baina poetikotzat hartu du: “Zu eta zure maitasunaren artean suertatu naiz”.

    * * *
    Amodioa (gutxienez) biren arteko gezur partekatua da. Amodioa hitzen bidezkoa da. Begietatik desiratzen dugu. Hizkuntzatik maitemintzen gara. Horregatik da amodioa poeten eraikuntza eta horregatik behar lukete poetek deseraiki eta desberbatu, gorputzera itzuli.

    * * *
    Maitaleek elkarri etengabe elkar maite ote duten galdetzeak erakusten du zer osagai badaezpadakoez egina dagoen. Maitale bat gezurra esatera behartuta dago, jolasean jarraitu nahi izanez gero, edo –bera ohartu gabe– maitatzera behartuta dago.

    * * *
    Lukrezioren De rerum naturatik aipu bat baino ez dut ezagutzen, sexu harremanaren deskripzio ederra, Sarrionandiaren itzulpenean maiz irakurria. Liburuaren gaztelaniazko itzulpenean bilatu dut, aurkibidean ere, eta neke zait pasartea aurkitzea. Editoreak “El amor” epigrafepean paratu du latinez De rebus veneriis dena (Venusen kontuak), modu adierazkorrean haziaren nondik norakoekin hasten dena.

    * * *
    Amodioa ez da (hitz bakar batean) existitzen eta horren beharrik ez genuela sinetsita nengoen. Kontzeptu absolutuen artean gutxien kuestionatua da eta eraistea lan handiena eman lezakeena. Hala ere, bitxia egiten zait bizitzen ari den berpizkundea. Bada maitasuna aldarrika ari den queer filosoforik, eta queer izan gabe euskal filosoforik ere bai. Beude. Nik lehenagotik daukat hementxe aipatu ditudan eta aipatu ez ditudan egile guztiek maitasunaz (sic) zer idatzi duten.

  3. […] Arantzazuko Symposium Platonikoan Alain Badiouk bere hitzaldiari ekin dio Lacanen esaldi famatu bat aipatuz eta esanahia azalduz: ez dago harreman sexualik. Gero maitasunak sexuaren egia ekoizten duela eta ez alderantziz azpimarratu du. Honek esan nahi du sexoa ez dela berez maitasunaren egia. Honetaz gainera maitasunaren ebento edo gertakariaren muina azaldu digu Badiouk: maitasuna kasualidadez sortzen da eta ez kausalidadez. Maitasuna 1+1=2 gehiketa baino gehiago da 2 horri, hain zuzen ere, 1 gehi 1 berdin 2 baino gehiago den exceso osagarri bat eransten zaiolako. […]

  4. […] Arantzazuko Symposium Platonikoan goizeko saioetan Michael Hardt eta Slavoj Zizek izan ziren hizlari. Bazkal ostean Laura Mintegiri tokatu zitzaion Alain Badiou-ren hitzaldia aurkeztea. Esan zigun Badiou pentsalari trebatua izanez gain, matematiken arloan aditua eta eleberri eta antzerkien idazlea ere badela. Gero aipatu zuen, entzulegoaren artean banatutako papera ikusita ez zela ausartzen esatera Badiouk zehazki zertaz hitzegin behar zuen, eta besterik gabe ongietorria eman ondoren horrela ekin zion Badiouk “Maitasunaren sistoleak eta diastoleak” izenburuko hitzaldiari […]

  5. […] Arantzazuko Symposium Platonikoan Alain Badiouk eman zuen hitzaldiaren transkripziora gatoz berriro. Oraingoz zati bat besterik ez dugu aurkeztu. Bertan Badiouk Lacan-en ez dago harreman sexualik esaldiaren esanahiari buruz hitzegiten du. Gero maitasunak sexuaren egia ekoizten duela azpimarratzen du eta ez alderantziz, hau da sexoa ez da maiatasunaren egia; eta honetaz gainera maitasunaren ebentoan, kasualidadez sortzen dena eta ez kausalidadez, 1+1=2 gehiketa baino gehiago dela dio, 2 horri exceso osagarri bat eransten zaiolako. Hemendik aurrera ez dago harreman sexualik esaldian nabaritzen den lotura-ezaren edo konexio-ez horren zenbait moduez arituko da Badiou, Sexuazioaren Axiomatzak deskribatzen dituenak.  Hemen 4 identifikatzen dituen 4 modu aipatuko dira: konexio-ezarena (nihilismo sexuala) termino amankomunarena (humanismoa) atomizitatearena  eta totalitate-ezarena. Aipatzen dituen paperetan idatzita zer dagoen ikusteko sakatu hitzaldiaren I. zatira eramaten zaituen esteka hemen! […]

  6. […] Arantzazuko Symposium Platonikoan Michael Hardt-ek eman zuen hitzaldiaren hiru zati aurkeztu/transkribatu dira jada. Lehen zatian  hitzaldiaren sarrera dago. Bertsan Hardtekek hitzaldi osoaren antolaketa aurkeztzen du bost kategoria nagusi identifikatuz maitasuna kontzeptu politiko gisa nola hondatzen eta berritzen den erakusteko, modu dialektikoan. Hitzaldiaren bigarren ekarpenean maitasunaren lehenengo bi kategoriak aurkeztu ditu. Lehenean maitasuna identitatearekin (bikotea, familia…) lotuta agertzen da eta bigarrrenean maitasunaren alde pertsonala eta politikoa parekatzen ditun (eros eta agape alegia). Hirugarenean Michael Hardtek maiatsuna desberdintasunarekin eta diferentziarekin lotzen du eta oraingoan, laugarren eta bostgarren kategoriak erakusten dizkigu, non karitatea eta pobreen arteko harremana aztertzen den lehenik eta gero maitasuna ekimen emankor gisa ulertzen den>>> […]

Leave a Reply