Euskal bideaz

By • Sep 20th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak
Caminante, no hay camino,
se hace camino al andar.

Azken aldian, Katalunian egiten ari diren independentziarako bidea, ulertzekoa den moduan, eragina izaten ari da gurean. Batzuk, han egiten den guztia goitik behera kopiatzearen aldekoak dira, beste batzuk aldiz, Kataluniakoa eredu bat dela baieztatu arren, norberak bere independentziarako bidea asmatu behar duela diote. Azkenik, badaude, bide ezberdina egin behar izate hori aitzakia moduan eusbiderabiltzen dutenak  independentziaren kontrako norantzan doan bidea hartzeko. Azken hauetaz ez naiz arituko, oraindik orain ez baitaude euskal bide bat eraikitzearen alde.

 Niri zaila egiten zait, Katalunian egiten dituzten ekimenak, hemen imitatu behar ditugun kategorikoki baieztatzea edo ezeztatzea. Egia da leku batean funtzionatzen duenak beste batean ez duela zergatik emaitza onik eman behar. Baina kontrakoa ere gerta liteke: Diada egunean egindako giza katea herrialde Baltikoetan egindakoaren imitazioa baizen. Kontua hortaz, beste leku batzuetako ekimenak probetxugarriak gerta litezkeen aztertu eta horrela izanez gero erabiltzea da. Ez dadila ez kopiatzearena ezer ere ez egiteko aitzakia  bilakatu.

Baina ekintza konkretuez haratago, badaude bi irakasgai, gutxienez, beste prozesuetatik “kopiatu” beharko genituzkeenak: independentista berriak sortzea bata eta  independentismoaren aktibazioa bestea.

 Independentziarako estrategia eraginkor batek bi baldintza hauek gutxienez bete behar dituela iruditzen zait. Bete ezean, edozein estrategia ezinezko gertatzen baita, ezin da aurrera atera. Hortaz, subjektua zabaltzea eta aktibatzea estrategia independentistaren oinarri oinarrizko harriak dira. Baten batek ebidenteak diren baldintzak aipatzen ditudala esan lezake, eta hori esatea eta ezer ere ez esatea berdina dela baiezta lezake. Ez dut bat egiten baieztapen horrekin, iruditzen baitzait Euskal Herrian independentismoaren baitan dauden, diskurtso, korronte, joera… batzuk ez dituztela hain begi bistakoak omen diren baldintza hauek kontutan hartzen.

 Joera hauek, independentismoaren mugak, murru sendo eta mugiezinekin mugatzen dituztenak dira. Diskurtso hauek, independentista potentzialen multzoa aldez aurretik mugatzen dute; euskal hiztuna, historia, bertan jaiotakoa… izatearekin mugatuz. Baina zer gertatzen da aurretiaz mugatzen den jende multzo hori jendartearen erdia izatetik urruti badago? Aldez aurretik onartzen dugula gure borroka politikoaren ezintasuna, aurretiaz onartzen dugula independentziaren inposibilitatea. Euskal Herrian nagusiki hiru sentimendu nazional ditugu. Independentismoa euskal sentimendu nazionalera mugatu al daiteke soilik? Ez dut naziotasunaren mugen inguruko eztabaidan sartu nahi; eztabaida  antzua dela iruditzen baitzait. Antzua da, auto-mugaketa ariketa bat delako. Independentistoi ateak irekitzea dagokigu, saiatuko dira unionistak ate horiek isten.

 Hemen, ez dezagun ahaztu, independentismo eraginkor bat sortzeaz ari gara; hau da, jendartearen gehiengoak independentzia nahi izateaz eta bide horretan aktibatzeaz ari gara hain zuzen ere.  Ez “berezko” nazioa zein den  eta “benetako” nazio horretakoak izan beharko luketenen “desbideratzeak” hereje eta kolaborazionista salaketekin “konpontzen” saiatzeaz. Nik ez dut batere zalantzarik zein independentismo mota artikulatu daitekeen postura horiekin: murriztuz eta murriztuz desagertzera joko lukeen independentismoa. Estatu bat lortzeaz ari gara, ez erabilgarritasunik ez duten granitozko egiak bilatzeaz. Arrakasta izan nahi badugu, Euskal nazioa  eta subjektu independentista ezin dira berdindu.

 Berdintze hau da abertzaletasunaren gaur egungo krisiaren azalpena. Krisiak kontraesanak azaleratzea ere badakar, hauek inoiz baino argiago ikustaraziz. Krisiak bi aukera mahaigaineratzen ditu; bata krisian sakontzea da, bestea aldiz, krisitik indartuta ateratzea. Lehenengo aukera, erreminta berdinekin jarraitzearen ondorioa da, bigarren aukera aldiz, lanabes berriak aurkitu eta erabiltzearen eusbide2ondorioa da. Esanak esan, subjektu independentista egituratzeko abertzaletasunak ematen dituen lanabesekin jarraitzeak, krisian gero eta sakonago hondoratzea dakar.

Abertzaletasunak (ulertu nafarzaletasuna ere) Estatua euskal nazioa “salbatzeko” bide moduan planteatu du, eta honek euskal nazionalismoa paradoxa batera eraman du: Badaki, adibidez euskara eta euskal kulturak aurrera egin dezan Estatua behar duela, baina euskal naziokoak sentitzen direnekin bakarrik ezin egituratu dezake Estatua lortzeko gai izango den independentismorik. Euskal nazioarekiko abegikortasun berezirik ez duten pertsonak ere independentista bilakatu behar direla konturatzen hasi da abertzaletasuna, baina dituen lanabesekin (nazioa eratzearen estrategia) ez da arazo honi aurre egiteko gai.

 Independentismoa indartzeko esentzietara jo daiteke, baina horrek kontraesanak murrizteko balio lezakeen arren, subjektu independentista zabaltzea ekiditen du. Zeri eman nahi diogu garrantzia, independentista berriak sortzeari edo jada independentista garenok kontraesanik ez izateari?

 Kontraesanak kudeatzea zaila da, baina kontraesanak ibiltzearen seinale dira, praktikarik ez duenak ez du esaten duenaren eta egiten duenaren arteko alderik.  Botatako “egia” borobilak, praktikak karratu bihurtuko dituenaren beldurra dago guzti honen atzean. Kontraesanei beldur geldiarazlea diote askok. Eta ondorioz ez dira mugituko, ez dabiltza, eta pedalei eragiten ez diena erori egingo da, ez du helburu politikorik lortuko. Galtzaileen historian, kontraesanei beldurra zien mugimenduak dira protagonista. Non dago aterabidea? Bolibiako presidenteorde den Álvaro García Lineraren hitzetan, “kontraesana zamalkatzea” beste biderik ez dago. Kontraesanak geldiarazteko beharrean akuilatzeko erabiltzean dago gakoa hortaz.

 Gorago esan dugun moduan bi baldintza (gutxienez) dira betebeharrezkoak prozesu independentista eraginkor baterako. Baina bi baldintza hauek ez dira elkarrekiko autonomoak, ez da lehenik subjektu independentistaren zabaltzea eta gero aktibazioa. Elkar elikatzen duten bi erpin dira. Prozesu independentista egokiro aktibatzeak sortuko lukeen polarizazioaren areagotzeak, independentista berriak sortzeko gaitasuna izango luke, eta honek, aktibazioa eta polarizazioa areagotuko lituzke. Elkar elikatze hau piztuko duen txinparta sortzea dagokigu hortaz.

 Honetarako, aldebakartasunaren ideia independentziarantz begira erabiltzea(jartzea) ezinbestekoa dela iruditzen zait. Honekin ez dut esan nahi aldebakartasunetik Euskal Herriko jendartearen zati handi bat egiten ari den urratsak independentziarako bidean txertatzen ez direnik;ez, ikuspegi orokor batetik begiratuz gero, independentziaren (eta sozialismoaren) bidean eman diren urratsak direla baiteritzot. Baina oraingoz bederen, aldebakartasunez emandako urrats horiek ez dira independentziaren txinparta pizteko gai izan.

 Hala ere, aldebakartasunak badu, nire ustez, oraindik sakondu ez den beste alde bat; desobedientziarena. Aldebakartasunak momenturen batean indarrean dagoen legea ez du errespetatu behar. Noiz egin hori? Nola? Hau da eztabaida nagusienetakoa. Baina galdera hauek sortu dezaketen ziurtasun eza inolaz ere ezin da jarduera ezaren justifikazio bilakatu. Martxan ez jartzeak heriotza dakar. Antonio Machadoren “caminante, no hay camino, se hace camino al andar”  leloa oso egokia da kasu honetarako.

 Krisiak, sinboloen inposaketek, etxegabetzeek, … nahikoa erregai ematen dute txinparta hori piztu eta zabaltzeko. Desobedientzia herritar/instituzionala izan daiteke hortaz giltzetako bat, baina beti ere eusbide3independentziaren oskol edo testuingurupean. Hau da, desobedientziak, independentzia eza agerian jartzeko gaitasuna beharko du izan.

 Laburbilduz, euskal bide eraginkor batek, independentista berriak sortu eta aktibatzeko gaitasuna izan behar du. Zabaltzeko, orain arte subjektu independentista eratzeko erabili ditugun eta abertzaletasunak eman dizkigun eskema asko alde batera uzteko gaitasuna izan beharko dugu eta aktibazioa lortzeko, konfrontazioa (inteligentea) sortzea ezinbestekoa zaigu. Egoki bideratutako prozesu independentistak hortaz, diskurtso integratzailea eta ekintza apurtzaileak erabili beharko ditu.

 Independentzia, Euskal Herriko jendarteari egin behar zaion eskaintza da. Ez da abertzaleei bakarrik egin behar zaien proposamena. Euskal Herrian bizi den oro hobeto bizitzeko posibilitatea da. Perspektiba honen garrantziaz konturatzen ez garen bitartean jai dugula iruditzen zait. Hobeto bizitze hori norberak identifika dezala nahi duenarekin (euskal herria euskalduna, jendarte justua, pentsioak kobratzea, ustelkeria eza, kalitatezko hezkuntza, lanpostu duinak…).

 Gehiengoak independentzia jendarteko zati baten onerako bakarrik dela sinesten baldin badu, orduan ez da independentzia  sekula etorriko.  Hau da gainera unionismoak behin eta berriz independentistoi aurpegiratzen diguna eta unionismoak bere eraso ideologikoa egiteko behar duen erregaia. Unionismoa desiratzen dago independentzia partikularren defentsarekin justifikatu dezagun. Horrela bakarrik eutsi baitezake jendea bere lerroetan; independentzia jendarteko zati baten kontra proposatzen dugula esanez, alegia. Justifikatu dezagun hortaz unibertsalekin,hortxe baitago independentismoak zentraltasuna eskuratzeko giltza; hegemonia lortzekoa alegia. Independentiston bete beharra da independentismo erakargarri bat aurkeztea eta egia esan, Espainiaren deskonposizio egoera dela eta lana erraztu egin zaigu. Ez dezagun ikaragarri erraztu zaiguna gure akatsekin ikaragarri zaildu.

Filosofian lizentziatua.
Email this author | All posts by

2 Responses »

  1. […] (Jatorrizkoa Unai Apaolazak idatzi du, Lapiko Kritikoan) […]

  2. Ez dakit kasualitatea den gai bera jorratzen duten bi artikuluak Machadoren poesia bateko lerro berdinekin astea eta horrela bada zerbait esan nahi duen horrek… Baina hau alde batera utzita, Euskal Bideari buruzko beste artikulu bat idaztea positiboa dela iruditzen zait; jendartean gogo bat dagoenaren seinalea da. Gauza batzuekin ados nago beste batzuekin ez horrenbeste baina modu eraikitzailean egindako kritikak direla iruditzen zait eta hori ezinbesteko baldintza da Euskal Bide eraginkor batean ibiltzen hasteko.

    http://www.naiz.info/eu/iritzia/articulos/euskal-bidea

Leave a Reply

Printer  Print This Page