Independentzia? Bai, eskerrik asko

By • Sep 17th, 2013 • Category: Azterketak eta Azalpenak

Martin Luther King-ek esan zuen bezala: “Itxaron” hitzak “Inoiz ez” nahi du esan. Politika posiblearen artetzat ulertuz, makina bat politikari eta plazagizon pragmatiko egon da beti independentzia lortzeko edo hartzeko momentu egokia ez dela heldu adierazten, lasterregi dela, are erokeria hutsa (eta hutsala). Zernahi dela  – horrela darraio argudioak- independentzia aldarrikatzeak bi akats nagusi aurpegiratu behar ditu: batetik, globalizazioaren garaiari dagokion kapitalismoaren dimenstsio ekonomikoak nazioen independentzia politikoa (estatua) baliogabetu egiten du; bestetik, Euskal Herriko kasuan, bereziki, independentzia aldarrikatzea beti izan da sasoiz-kanpokoa, izan ere ematen baitu herritarrak inoiz ez daudela helduta independentziarako. Bestela esanda: independentziaren momentura heltzeko baldintzapenak poliki-poliki zoritu behar dira, independentzia agudoegi lortu edo hartu aurretik.

indetxBi argudio ezagun hauekin, arazo nagusiak hauek dira: egia da, orokorrean, inguruko mundu ekonomiaren testuinguruan,  gaur egungo estatu nazionalek ez dute iraganeko eragina muga nazionalen barruko merkatuen autonomiari eusteko. Munduko geopolitika berrian, halere, arazoa ez da soilik ekonomikoa, gehienbat politikoa eta sinbolikoa baizik. Hau da, gaur egun, mundu-ekonomiaren gorabeherak eta fluxuak nekez kontrolatu ditzake estatuak, noski. Halere, alde batetik, ohiko estatu historikoek estatuek historikoki ohiko izan duten betebehar ‘sozial’ nagusiari uko egin die (ongizate-estatuak lur jotzen ari da, aspaldi denik); beste aldera, ohiko estatu historikoak salbuespen estatuak bihurtzen ari dira, edo bestela esanda: estatuaren aparatuak (izan ere, errepresiboak ideologikoak baino gehiago) indartzen ari dira orohar.

Estatu historiko ‘handi’ hauek (Mendebalean XVIII.-XIX mendean eratutakoak) berrantolatzen ari diren momentu berean, baina, ondorengo intuizio edota susmoa baieztatzen ari da era berean: alegia, nazio txikiek ez dute zertan globalizazioaren beldur egon behar, nazio txikien bideragarritasun ekonomikoa, hain zuzen ere,  ez baitago, orohar, zalantzan ezartzerik. Ondorioz, ekonomikoki bideragarriak izanda, independentziaren aldeko nahikoa herritarren  atxekimendu politikoa lortze aldera arazo nagusia sinbolikoa da. Hizkuntzalaritzatik abiatuta metaforizatuz, edo zehazkiago morfologia eta fonologiatik abiatuta, arazoa zera litzateke: nola konbentzitu herritargoa fonema izatetik (hau da, esanahi gramatikal edo semantikorik ez duten ‘erregio’ kakofonikoak inde1izatetik)  morfemak edo, hobe inkluso, lexemak izatera (hau da, munduko nazioen perpausan balio gramatikal eta semantiko propioa duten unitate zentzudunak, hau da, estatuak izatera) heldu behar dugula?

Zentzu honetan, ematen du azken aldian baikortasuna areagotzen ari dela nabariki, eta  gaur egungo koiuntura orokorra (globalizazioa, ohiko estatu-nazio post-Westfaliarren zalantzak, garai hurbil bateko Ekieuropako nazioen independentzia prozesuak gehi hauen   integrazio  politikoarenen arrakasta Europan…) independentziarako aproposagoa dela… Modu berean, ideia nazionalaren inguruan nahikoa atxikimendu demokratikoa lortzea gero eta posibleagotzat antzematen da; independentziaren aldeko gehiengo demokratikoak lortzea, alegia.

Etorkizunarekin datorrena datorrela, halere, praxi politikoaren eta ulermen historikoaren ikuspuntututik atzemanda  ezin dira, edo ez dira ahaztu behar independentziaren alde iraganean burutu izan diren saialdiak.

Noski, atzera begiratuta, saialdi horiek halabeharrez izan dira sasoiz kanpokoak edo, zehazkiago, sasoiz aurrekoak eta hortaz: porrotak! Baina gaur egun horren hurbil sumatzen den heldutasunera edo momentu egokira heltzeko bidean, independentzia lortze edo hartze aldera burutu izan diren ahalegin goiztiar horiek guztiak bide-zabaltzaileak izan dira. Zentzu honetan, argudio nagusia hemen zera da: ez dago momentu egokiaren zain egoterik saialdi arrakastatsuak gauzatzeko. Momentu egokiaren zain egonez inde2gero ez baita inoiz  gauzatuko. Ondorioz, urteen eta hamarkaden zehar independentzia lasterregi lortzeko edo hartzeko kontra egon direnak, independentzia bera lortze eta hartzearen kontra egon dira, eta daude betiere.

Bestela esanda: ohiko posiblearen arte ‘pragmatiko’ak (posibilismoak) finkatu izan duen eta oraindik ere finkatzen duen egitasmoa independentziarik gabeko independentziarena da. Posiblearen arte pragmatikoan oinarritzen den independentziaren “aldeko” diskurtso objektibo eta distantziaduna oinarri-oinarrian independentziaren kontrakoa da (independendentzia inposiblearen eremuan jartzen baitute inoiz momentu egokia ez dela esa(te)n dutenen heinean).

Gaur, atzo edo bihar, independentzia lortzeko edo hartzeko prozesuan, garrantzitsuena metahizkuntza politiko-objektibo baten ezintasuna da. Independentziaren subjektuak, independentzian sinesten duenak ez du prozesua bideratzen distantzia objektibo baten bitartez. Independentziaren prozesuak berak eratu eta gauzatzen du independentziaren subjektua. Independentziaren momentua subjektibitatearen medio gauzatzen delako, beraz, ezinezko da independentzia garaiz edo sasoiz lortzeko edo hartzeko une egokia zein (izango) den erabakitzea.

#Independentzia-ra #EuskalBidea irekita mantentzeko  independentziaren prozesua errepikatu, errepikatu eta errepikatu egin behar da.

* * *

Artikikulu hau testuinguru zabalago batean argitaratua izan da. Ikus: Unai Apaolaza, Imanol Galfarsoro, Andoni Olariaga (2012) “Estatu europarra Euskal Herrian: herriaren antolaketa eta esatuaren beharrezkotasunaz” in Euskal Estatuari Bidea zabaltzen – herrigintza eta erakundeak (Ipar Hegoa Fundazioa- Udako Euskal Unibertsitatea, orri 18-19.

Bere ikasketak eta irakaslanak Frantzian, Londresen eta Renon burutu ondoren orain Leeds-eko uniberstitatean ari da Komunikabide eta Soziologia sailen artean multikulturalismoari buruz lanak egiten. Kultura eta identitate erbesteratuak (Nomadologua subalternoak) (Pamiela, 2005) eta Subordinazioaren Kontra (Pamiela, 2008) liburuen egile, Zizek Ikasketak-Nazioarteko Aldizkaria elkektronikoan (IJZS) itzulpen eta edizio lanetan dihardu, Ikasketa Subalterno kolektibotik sortutako Critical Stew proiektoaren kide da eta Lapiko Kritiko euskarazko sailaren suztatzaile.
Email this author | All posts by

Leave a Reply